Udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal-ordenantza onartu du Zaratamoko Udalak. “Orain arte Zaratamon ez da egon etxebizitza publikoak egiteko Plan Orokorrik, baina ekainean Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartu egin zen. Beraz, hemendik aurrera udal-etxebizitzak egiteko aukera izango dugu Zaratamon”, dio Jon Ajuria alkateak.
“Aspalditik daukagu buruan Gurutzalden etxebizitza tasatuak egiteko proiektua, baina orain arte ezin izan dugu aurrera eraman Plana onartuta ez zegoelako”, dio Ajuriak: “Horiek horrela, ahalik eta lasterren saiatuko gara proiektu hau berriro ere bideratzen”.
Belaunaldi oso bat zain
Hamar urte dira Zaratamon etxebizitzarik eraikitzen ez dela: “Olaganeko etxebizitzak orain dela 10 bat urte eraiki ziren eta ordutik hona ez da horrelakorik eraiki”, dio Jon Ajuria alkateak: “Etxebizitza indibildualak eraiki dira urte hauetan zehar, baina pisurik ez”.
Ajuriak dioenez, herritar asko dago Zaratamon etxebizitza publikoak eraikitzearen esperoan. Izan ere, azken etxebizitzak eraiki zirenetik, belaunaldi oso bat dago orain arte aukerarik izan ez duena etxebizitza propio bat edukitzeko.
Lonjatik etxebizitzara
Gaur egun, inguruko hainbat herrietan bezalaxe, Zaratamoko hirigintzaren alderdi esanguratsu nagusienetako bat da beheko solairuko lokal ugari hutsik eta jarduerarik gabe daudela, “bereziki, Moiordin, Arkotxa eta Gurutzalde auzoetan”, zehaztu du Ajuriak. Arazo horri aurre egiteko asmoz, beste udal-ordenantza bat onartu du Udalak egoitzazko eraikinetako lokaletan eta solairuarteetan etxebizitzak eraikitzeko. “Etxebizitzarako sarbidea erraztu nahi dugu udal-ordenantza honekin, batik bat, bizitegia eskuratzeko zailtasun nabarmenenak dituzten gizarte-sektoreei. Adibidez, pertsona nagusiei”, dio Ajuriak.
Etxebizitza horien prezioak Udalak arautuko ditu. “Inolako espekulaziorik gerta ez dadin, lokal hutsetan eta solairuarteetan etxebizitzak eraikitzekotan, horien jabeek ezingo dute edozein prezio jarri. Hau da, Udalak araututako prezioen barruan merkaturatuko dira”, dio Ajuriak.
