Sareak

☉ Zaratamo

[Hauteskundeak – M24] Zaratamoko emaitzak

|

zaratamo hauteskundeak emaitzak grafikoa 2015

Zaratamoko Udala 3 alderdi ezberdinek osatuko dute: Gure Herria plataformak 5 zinegotzia lortu ditu eta EH Bilduk eta EAJk bina zinegotzia izango dituzte.

 

2015 UDAL HAUTESKUNDEAK – EMAITZAK

zaratamo hauteskundeak emaitzak grafikoa 2015PIGH

Botoak: 364 (%42,03)

Zinegotziak: 5

EH BILDU

Botoak: 214 (%24,71)

Zinegotziak: 2

EAJ-PNV

Botoak: 212 (%24,48)

Zinegotziak: 2

 

Parte hartzea: 900 boto (%68,65)

Abstentzioa: 411 boto (%31,35)

 


2011 UDAL HAUTESKUNDEAK 

zaratamo hauteskundeak emaitzak grafikoa 2011

 

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa irabazi du 23 urtetik beherakoetan

Zaratamarraren hurrengo helburua Cadiz da, bertan jokatuko baitu Espainiako Txapelketa

|

Mikel Atxa, Gipuzkoan egindako Euskadiko Txapelketan // Utzitakoa

Mikel Atxak (Zaratamo, 2003) joan den ekainaren 8an Pasaian (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du Sub23 kategorian: “Poz-pozik nago joan den asteburuan Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazteagatik”, azaldu du Zaratamokoak.

Arrantza gunea Pasaiatik Turulla lurmuturrerainokoa izan zen, Jaizkibeletik igaroz. Guztira 14 lehiakidek hartu zuten parte txapelketan 09:00etatik 12:00ak arte. “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”, azaldu dio GEURIAri Zaratamokoak.

Mikelek aitortu du lehiaketa honetan parte hartu baino lehen “urduri” zegoela: “Aurreko aste ia osoa lo egin barik igaro nuen”. Kirol probaren hasieratik ondo ikusi zuen bere burua eta amaierarako bazekien irabazteko aukera handia zuela: “Lehiaketako lehen orduan arrain ugari arrantzatu nituen: lau korrokoi, alpaka bi, muturdun muxar handi bat, muxar handi arrunt bat, … gero arrantzaleak bertatik igaro eta han zeuden arrainak uxatu zituzten”, izan dira Atxaren berbak. “Harrapatu beharreko korrokoien kopurua lortu nuen”.

Mikel Atxa: “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”

Portura heltzean arrainen pisatze lanak egin zituzten eta Atxa Txapelketako irabazle izendatu zuten: “Eta ez hori bakarrik, zozketa bat egin zuten ekitaldiaren amaieran eta fusil bat tokatu zitzaidan!”, azaldu du poz-pozik.

Mikel Atxa, txapelketaren amaieran // Utzitakoa

Hurrengo helmuga: Cadiz

Hurrengo helmuga udan jokatuko den Espainiako Txapelketa da Mikelentzat. Hitzordua Cadizen izango da, uztailaren 6an eta GEURIAri azaldu lez, gazteak bertan “ezer lortzeko” aukera izango duela uste du.

Mikel Atxak, urpeko arrantzaz gainera mendiko motorrak gustuko ditu eta horen haritik elkarrizketa egin genion GEURIAn, iazko irailean.

Mikel Atxa, motorrarekin, Zaratamon // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

42 txakurrek eta jabek parte hartuko dute Zaratamoko bigarren ODU txapelketan

Ekainaren 15ean antolatu dute ODU txapelketa Zaratamoko Gurutzaldeko futbol zelai ohian. Euskal Herriko eta Estatu mailako jende asko hurbilduko da herrira

|

ODU txapelketa, iaz // Geuria

Ekainaren 15ean bigarren ODU Txapelketa antolatu du 100% Orekan Txakur Elkarteak Zaratamoko Gurutzalde futbol zelai ohian. Aurten 42 binomiok (txakur eta jabe) hartuko dute kirol proban eta gai nagusi bat ezarri dute: “Etorri gure zirkura”.

“Gure bigarren txapelketa izango da ekainaren 15ekoa”, azaldu dute 100% Orekan Txakur Elkartetik. “Zaratamoko klubetik 5 bikotek parte hartuko dute. Euskal Herriko eta Estatu mailako leku askotatako parte-hartzaileak hurbilduko dira Zaratamora: Arabatik, Nafarroatik Gipuzkoatik, Alikantetik, Guadalajaratik, Katalunatik, Valladolidetik, Madridetik, Salamankatik… Egun osoa iraungo du txapelketak”. Jardueraren bukaeran, 18:00ak aldera, Anne Etchegoyen eta laguna batzuk etorriko dira iparraldetik.

Lehiaketako aurkezlea Simón García Consuegra izango da eta lehiaketaz gainera txosna, bokatak eta zozketa bat egingo dute ekitaldian, Guraso Elkartearen laguntzarekin.

Zaratamoko ODU Txapelketa, iaz // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Argazkiak / Paella Lehiaketaren bueltan batu dira arkotxatarrak auzoko jaietan

|

Lagun taldea egindako paella goxoa dastatzen // Geuria

Janaria beti aitzakia ona da lagunekin, kuadrillarekin edo auzotarrekin batzeko, eta hori bera egin dute arkotxatarrek Paella Lehiaketa probestuz. GEURIA bertan izan da, eta hauek dira egin ditugun argazkiak:

 

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ametzak, lizarrak eta astigarrak landatuko dituzte Zaratamoko Ametzetan, auzolanaren bidez

Zaratamoko Udalak lizitazioa aterako du Upoko unadan espezie autoktonoz osatutako birlandaketa bat egiteko, Herriko Erabilera Publikoko Mendi Antolaketa Planari jarraituz. Landaketa neguan egingo dute

|

Upo mendia // Geuria

Ametzak landatuko dituzte neguan Ametzetan, Zaratamoko Erabilera Publikoko Mendi Antolaketa Planari jarraituz. “Upoko unadan birlandaketa bat egiteko lizitazioa aterako dugu laster, Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren behin betiko onarpena faltan”, azaldu dute udal ordezkariek.

Azken 100 urteetan, mendi horien erabilerak gorabeherak izan ditu abeltzaintza-, baso- eta meatze-erabileren artean. Hala ere, baso-jarduera izan da urteetan zehar hedaduraz nagusitu dena, planaren arabera. Gaur egun, koniferez inguratutako zonaldea da Ametzeta eta birlandatzeko prest dago.

Asmoa espezie autoktonoen landaketa egitea da bertan: “konifero eta hostozabal espezieen nahasketa bat egitea da, konifero eta hostozabalen ilarak alternatuz. Hostozabalen ilaran ametza izango litzateke espezie nagusia, urkiarekin alternatuta, baina errekastoaren inguruan bestelako espezieak sar daitezke (lizarrak eta astigarrak, kasu). Koniferoen ilaran, zedroa landa daiteke, Pagasarrin antzeko lurretan emaitza onak izan dituztelako bertako landaketek. Koniferoak arinago hazten direnez hostozabalentzako alboko babesa eta itzal erdia bermatuko lukete, hostozabalak zuzen haztera behartuz”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Eduardo Jiménez: “Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu”

Lan Arloko Epaitegiak langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du “enpresaren zigorra” izateagatik eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea

|

Ugaotik Zeberiora egindako martxa, 2021ean // Geuria

Iazko irailean, Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak ELA sindikatuan afiliatutako eta greban parte hartutako zortzi langile kaleratu zituen: “ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata”, azaldu dute sindikatutik.

GEURIAk enpresa eta langileen arteko gatazkaren jarraipena egin du arazoa azaleratu zen lehen momentutik eta Eduardo Jiménez langilearekin harremanetan izan da: “Erabaki honek bizitzen ari garen egoera azalerazi du berriro”, izan dira langilearen berbak.

“Langileon aurkako eraso indiskriminatua da honako hau: lehenik eta behin bake eta greba amaieraren hitzarmena sinatu genituen. Gero Aldi baterako lan erregulazioko espedientea ezarri ziguten eta EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen eta gero greban parte hartutako eta ELAn afiliatutako zortzi langile kaleratu zituzten modu automatikoan”.

Lehen langile kaleratuaren epaiketaren emaitza kaleratze nulo bezala kalifikatu zuen epaileak, eta enpresari 20.000 euroko kalte ordainak eskatu zizkion. Orain beste lankide baten epaiketa izan da, baina ez da azkena izango: “Maiatzean beste epaiketa bi ditugu eta ekainean beste bi”, esan du Jimenezek. “Azken bolada epaitegietan ematen ari gara”.

Vulcanizados Zuloaga enpresako sarrera, Zaratamon // Geuria

“Enpresaren jokabidea ez da batere ona. Egia esateko ez dakit zein helburu ezkutatzen duen baina epaileek arrazoia langileei ematen ari dira behin eta berriro. Grebarekin bat egin izanagatik eskubideak urratu direla ikusten ari gara. Atzo lan-arloko epaitegian izan ginen lehen kaleratuaren kautelazko epaia eskatzen, langilea urtarriletik kobratu gabe zegoelako”, kexatu da Jiménez.

Eduardo Jimenez: “Enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”

Sententziaren arabera, langilea lanean hasi eta soldata jasotzen hasi behar zen: “Epaileak enpresa zuzendaritzako abokatuari atentzioa eman zion, langilea oraindik ez duelako dirurik ikusi, baina hori ez da dena: enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du langilea etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”.

Vulcanizados Zuloagako langileak, grebaren 200. egunean, Zaratamoko lantegian // Geuria

Gainontzeko langileen inguruan galdetzean, Eduardok dio egoerak pertsona guztiei “laster edo berandu” eragingo diela: “Nire ustez Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu, greban parte hartzeagatik. Enpresako ordezkarien arabera langileak dira egoera honen errudunak, baina horrek ez du bat egiten epailearen erabakiarekin”. Eduardok langileen negoziatzeko borondatea gogorarazi du gatazkari irtenbidea emateko eta kaleratutako langileak berriro kontratatzeko: “Enpresaburuak ez ditu langile horiek berriro ikusi nahi. Horrela gaude”.

GEURIAn aipatu lez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean Vulcanizados Zuloaga planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, epaiaren arabera “ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela”. Ondorio modura, Lan arloko epaitegiak 25.000 euroko kalte ordaina ezarri dio Zaratamoko enpresari

Osorik irakurri