→Zaratamo

Herria mugitzen hasteko kontingentzia plana eta inbertsioak abian ditu Zaratamok

Gastu orokorrean dirua aurrezten saiatzen ari da Udala. Elkarteen diru-laguntzak mantendu ditu. Moiordin eta Elexalde lotzeko bidegorri baten plana diseinatuko du

Moiordin eta Elexalde auzoak lotzen dituen errepidea / Geuria

Osasun krisiak herriak eta herritarrak tupustean gelditu ditu. Itxialdian hamaika izan dira antolatutako ekintzak gizartea bizirik mantentzeko eta orain herria, nola edo hala, mugiarazteko unea heldu da. Horretarako kontingentzia plana prestatu du Zaratamoko Udalak. Udal zerbitzuak noiz eta nola emango diren zehazten dituen dokumentua da: aurrez aurreko prozedurak murrizteko aukerak, udaletxeko eraikinean dauden zerbitzuak eta hauek nola emango diren edota garbiketa txostena, besteak beste.

Horiekin batera, herri guztien modura, urteko aurrekontua egungo egoerara moldatu du Zaratamok. Murrizketarik handiena kultur jardueratan eman da, %40 ingurukoa, horietako asko ezin izan baitira egin. Hala ere, herriko eragileei diru laguntzak mantentzeko asmoa agertu dute udal ordezkariek: “Denok egokitu behar dugu egungo egoerara, herriko eragileek ere bai. Ahal den neurrian diru-laguntzak mantenduko ditu, elkarteak baitira herriari bizia emateko baliabideetako bat”. Bien bitartean, krisiaren eragin ekonomikoa leuntzeko dirua aurrezteko batetik eta bestetik estutzen ari direla diote.

HIRU INBERTSIOAK. Hiru inbertsio proiektu sartu eta mantendu dituzte Zaratamon. Lehena -eta dagoeneko diru-laguntza jaso du Udalak-, Moiordinetik Elexaldera irisgarritasun planaren diseinua, bi guneak oinezkoentzako bidegorri batekin lotuz. Bigarrena, Txarrotako presa inguratzen duen eremua zaintzeko lanekin jarraitzea. Dagoeneko bigarren fasean dagoen proiektua da hau, eta laster ingurunea garbitzeko, bideak markatzeko, eta agian lurzoruren bat erosteko zehaztasunak jasoko dituen proposamena jasoko du Udalak, proiektuan lanean ari den enpresaren partetik. Hirugarrena, eta azkena, Olagane eta Santa Barbara lotzeko pasarela. Aurreko urteetatik datorren proiektua da hau. Erakunde ezberdinen laguntzarekin egingo litzateke. Aurten, 80.000 euro jaso dituzte aurrekontuan, Aldundiak ere diru-laguntza baten bidez parte hartuko duela adieraz dio Udalari. Era berean, behin proiektua Irisgarritasun planean txertatuta, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea ere eskatzeko aukera zabalduko luke Udalak. Aurtengo eta datorren urteko aurrekontuekin aurrera ateratzeko proiektua litzateke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak