Sareak

☉ Zaratamo

‘Labedun’ film laburrak eskainiko ditu Zaratalaburrek martxoaren 25etik 27ra

|

Zaratamoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailarekin lankidetzan azkenaldian egin diren laburmetrai onenenen aukeraketa bat eskainiko du otsailaren 25etik 27ra bitartean Elexalde Kultur Etxean.

Horrez gain, “Zinemari buruzko komikiak” erakusketa egongo da ikusgai Elexaldeko eskola zaharretan eta Javier Chueca eta Asier Garcia komikigileek parte hartuko dute.

ZARATALABUR 2016 – EGITARAUA

Otsailak 25, osteguna
19:00 “Zinemari buruzko komikiak” erakusketaren inaugurazioa. Elexaldeko eskola zaharrak

Otsailak 26, ostirala
17:30-19:00 Erakusketa
19:00 Jaialdi desberdinetan saritutako laburmetraiak. Elexalde Kultur Etxea

Otsailak 27, larunbata
12:00-13:30 / 17:30-19:00 Erakusketa
19:00 “Labeldun” laburmetraiak. Elexaldeko Kultur Etxea

Deskargatu: ‘Zaratalabur’ programazio liburuxka

☉ Zaratamo

Lizitazioa atera dute herriko txakurren eta katu kolonien kudeaketarako

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta “oso lagunkorra” dela azaldu dute dal ordezkariek

|

Martin // Zaratamoko Udala

Zaratamoko Udala herriko txakur abandonatuak eta katu koloniak kudeatuko dituen enpresa baten bila dabil. “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Txakur bat topatzen denean, animalia kaletik jaso eta txiparen bidez identifikatzen dute. Txipik ez badu, animalia txakurtegi batera eramaten dute, inork adopzio prozesua hasi arte. Zaratamok Zaunk enpresarekin lan egin du orain arte, txakurtegia 2023an itxi arte.

Zaratamoko Udala: “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta Sopelako La Casa del Perron topa daiteke. “Sopelako txakurtegitik azaldu digute Martinek aukera bat behar duela eta txakur oso lagunkorra dela”, azaldu dute Zaratamoko udal ordezkariek. Udalak txakurtegi aldaketa egin zuenetik Zaratamon aurkitutako lau txakur zeudela azaldu dute ordezkariek (Martin barne) eta horietako hiruri ostatu eman dietelela esan dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ealain: «Hunkitu egiten gaitu Arkotxan jotzeak, taldekide batzuen auzoa izan delako»

2022an hasi ziren kontzertuak ematen, eta geroztik 20 zuzeneko baino gehiago eskaini dituzte. Egun hauetan bigarren diskoa prestatzen ari dira estudioan

|

Hainbat kontzertu eskaini ditu inguruko herrietan Ealain taldeak / Geuria

Folk-metala hitz potoloak iruditu arren, benetan interesgarria izan da Ealain talde zaratamarrak ezkutatzen duen proiektua lehen pertsonan ezagutzea. “Metal” hitzak eta musika estiloak askotan hoztasuna edo zurruntasuna transmititu diezazkioke lehen aldiz entzungo duen pertsonari, baina Ealaineko sei kideek guztiz kontrakoa erakutsi digute Arkotxan izandako hitzorduan: atseginak, hurbilekoak eta irekiak dira, irribarrea galdu barik.

Jarrera berberarekin ipini zuten martxan beren musika proiektua pandemia garaian; ordutik 20 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte eta bigarren diskoa prestatzen ari dira egun hauetan. Ekainaren hasieran Arkotxako jaietan joko dute berriz eta taldearen asmoa gertutik ezagutu nahi izan dugu.

Arkotxako jaietan izango zarete aurten. Nolako erronka da zuentzat bertako eszenatokira berriro igotzea?
2022an hasi ginen kontzertuak ematen, eta geroztik 20 zuzeneko baino gehiago eskaini ditugu. Kontzertu bakoitzak bere erronka bereziak aurkezten ditu, eta Arkotxako jaietan agertokira igotzea ez da salbuespena izango. Jende asko egongo dela jakinda, erronka are handiagoa izango da guretzat. Erronka horri aurre egiteko eta gure musika publikoarekin partekatzeko irrikaz gaude. Hunkitu egiten gaitu Arkotxan jotzeko aukerak, taldeko kide batzuek haurtzaroa igaro baitute bertan. Gauza ezagun bat bezala sentitzen dugu, etxean jotzea bezala da.

Nolako giroa espero duzue egun horretan?
Urtero bezala giro ona izango dela uste dugu Arkotxan. Gainera, herriko jaietan parte hartuko dugun lehenengo folk-metal taldea izango ote garen ziur ez gaude, baina badakigu ikuskizun ona emango dugula. Gure helburua giro dibertigarria sortzea da, non jendeak ezin dion aurre egin dantza egiteari eta ahalik eta gehien gozatzeari. Eskerrak eman nahi ditugu ekitaldi honetan parte hartzeagatik eta egun hori esperientzia gogoangarria izan dadin laguntzeagatik.

Lehen entsegua 2021eko otsailean egin zenuten. Nola gogoratzen duzue egun hura eta nolako garapena izan du taldeak hiru urte hauetan?
Nostalgia handiz gogoratzen ditugu gure lehen entseguak. Taldea guztiok ezagutzen dugun pandemia famatu horren erdian jaio zen 2021ean, Josean, Diego eta Aitorren aldetik. Pandemian, murrizketa gutxiago zeudenean, hirurok geratu ginen eta banda bat sortzea pentsatu genuen. Hortik aurrera, Ivan eta Maria ezagutu genituen, eta Ealain martxan jarri zen. Hainbat bateria-jotzaile probatu ondoren, azkenean Ivan ezagutu genuen.

“Atzera begiratu eta orain arte eskainitako kontzertuak ametsak izan dira: Arrigorriaga, Zaratamo, Basauri…

Folk-metala da zuen esparrua. Nolako erreferentziak dituzue?
Taldean ditugun gauza on guztien artean, horietako bat da gutako bakoitzak erreferente musikal desberdinak ditugula da, eta horri esker lortu dugu guztion gustuko musika estilo pertsonal bat. Iron Maiden, Metallica, Judas Priest klasikoen artean. Alestorm, Mägo de Oz, Eluveitie musika metal-folkienak. Sorotan Bele, Liher, Su ta Gar, Enkore, etxekoak. Gwendal, Luar Na Lubre, tradizionalak… Barietatea da espezia, diote. Gainera, Ealainen sartu aurretik folk-metalarekin bereziki gozatzen ez zuten taldeko kideak ere badaude, baina gurekin jotzen probatu ondoren gustura sentitu ziren eta hor daude, folk-metalarekin disfrutatzen! Horixe bera gertatzen zaigu publikoarekin. Batzuk aitortzen hasi dira folk-metala ez zitzaiela gustatzen baina kontzertuetan gurekin gozatu dutela. Egia esanda, gure kontzertuak oso kementsuak diren arren, Diegok ikusleei transmititzen dien umorearekin ere oso ondo pasatzen dugu. Edozein taldek eduki nahiko lukeen frontman-a da, eta zortea dugu bera gurekin dagoelako.

 

Zein lekutan jo duzue taldea jaio zenetik?
Taldea osatu genuenetik hainbat agertokitan jotzeko aukera izan dugu, orain arte hogei toki ezberdin inguru batuz. Gehienbat Bizkaian eman ditugu kontzertuak, baina Arabara, Errioxara eta Nafarroara ere eraman dugu gure musika. Askotariko guneak izan ditugu: taberna intimoak eta gaztetxeak, kontzertu-areto formalagoak eta herrietako jaiak, eta jaialdi xume batean parte hartzeko esperientzia aberasgarria ere izan genuen. Ingurune bakoitzak bere berezitasunak ditu; adibidez, tabernetan soinuaren kalitatea agian ez da optimoa, baina beti baloratzen dugu ikusleen berotasuna eta harmena, eta horrek gaualdi gogoangarria bermatzen digu. Biziki eskertzen dugu gure musika partekatzeko aurkezten zaigun aukera bakoitza. Jakina, etorkizun hurbilean munta handiagoko jaialdien karteletan parte hartzea gustatuko litzaiguke.

Sei pertsona zarete. Elkar ezagutzen zenuten taldea sortu aurretik eta nola gogoratzen duzue lehen kontzertua?
Aitor eta Josean dira taldean folk gehien entzuten dutenak, eta txikitatik elkar ezagutzen dutenak. Beraien asmoa beti izan da Irlandako musika tradizionala rock musikarekin nahastea eta horrela talde bat osatzea. Gure lehen kontzertua Drumgorri tabernan izan zen, eta hilabete bi geroago ‘Corazón de mar’ diskoa kaleratu genuen. Kontzertu oso berezia izan zen guretzat, bertara gure inguruko jende guztia hurbildu zelako gu animatzera eta elkarrekin gozatzera. Kontzertu hartan Mikel izeneko gure lagun bat eman zuen bateriara, garai hartan oraindik ez geneukalako bateria iraunkorrik. Gau bikaina izan zen.

Lehen diskoa, Corazón de Mar, 2022an kaleratu zenuten. Nolako esperientzia izan zen eta zer kontatu zenuten lehen lan hartan?
Gure lehen diskoa errealitate fisikora eramateko prozesua esperimentatzea oso zirraragarria izan zen guztiontzat. Hilabeteetako lan neketsuaren ondoren (abestiak konposatu eta estudioan grabatzetik diskoaren azala diseinatu eta libretoan letrekin batera agertzen den istorioa idaztera) azkenean diskoa gure eskuetan edukitzea esperientzia eta ahalegin horiek guztiak biltzea bezala izan zen. Diskoaren liburuxka berezia da guretzat, abestien hitzak aurkezteaz gain, abesti guztiak batzen dituen istorio bat ere baduelako. Istorio hau eleberri txiki bat bezala deskriba liteke, non eszena bakoitza abestietako batekin elkartzen den, entzumenaren esperientzia osatuz.

Istorioan, Sir Francis Drakeren bilobaren abenturei jarraituko diegu. Gazteak aitona mitikoaren mezu misteriotsua jasoko du. Mezu honek fantasiazko bidaia batean murgiltzera bultzatzen du, piratak, lurralde ezezagunak eta bere aitonak inoiz aurkitu ezin izan zuen hiri galdu mitikoaren bila. Entzuten gaituztenen irudimena eta emozioa piztea espero dugu narratiba horrekin.

2023ko biran leku askotan aurkeztu zenuten zuen lehen diskoa. Arrigorriagako plazan zein Gaztetxean, Zaratamoko jaietan, Basauriko San Isidro jaietan, Arkotxan bertan… baita Araban, Nafarroan eta Errioxan ere.
2023ko biraren esperientzia pozgarria eta aberasgarria izan zen guretzat. Atzera begiratu eta orain arte eman ditugun kontzertuetan pentsatzea gutako bakoitzak haurtzaroan izan zuen ametsa betetzea bezala da. Arrigorriaga, Zaratamo, Basauri, Arkotxa… leku ezagunak dira guretzat; publiko gisa askotan gozatu ditugun eszenatoki horietan jotzeak urduritasuna eta, aldi berean, hurbiltasun sentimendua sortzen dizkigu. Bizkaitik irteteak eta etxetik urrun jotzeak ere hunkitzen gaitu. Autoa zein ordutan hartu planifikatzea, etxetik kanpo lo egingo dugun pentsatzea, hiri horiek jo aurretik bisitatu ahal izatea…

Gure musika publiko berriekin partekatzetik harago doazen esperientziak dira; gauzak ondo egiten ari garela sentiarazten digute. Egindako kilometro bakoitza musikari eta pertsona gisa hazteko aukera bat da, gure historiarekin bat egiten duten leku eta aurpegi berriak ezagutzeko aukera. Eskertuta sentitzen gara agertokian eta eszenatokitik kanpo bizitako une bakoitzagatik, eta irrikaz itxaroten dugu gure ametsetan bakarrik imajinatzen genituen lekuetara eraman gaituen abentura musikal honekin jarraitzea.

Aurtengo kontzertuei begira, Zaratamoko jaiez gainera, Burbustun izango zarete maiatzaren 11n eta Elexaldeko jaietan, abuztuaren 8an. Baina eskualdetik kanpora ere salto egingo duzue: maiatzaren 25ean Bilboko Mython egongo zarete Fear Crowd eta Khymairarekin eta Bartzelonan, urrian. Nolako urtea aurreikusi duzue? Egia esanda, oso pozik gaude agertokia gurea baino talde handiagoekin partekatu ahal izateaz. Mytho aretoko eta Bartzelonako Sala Bovedako kontzertuek artista gisa ikasteko eta hazteko aukera ematen digute. Aurten, alde batetik, beste talde batzuekin harremanak lantzen ari gara eta etxetik urrunago kontzertuaren bat antolatzen. Bestalde, proiektu berrietan sartuta gaude, estilo landuagoko eta garatuagoko bigarren diskoa grabatzen eta taldearen merchandising-a ateratzen.

Martxoan bigarren diskoa grabatzen hasi zarete Chromacity Studiosekin. Aurrerapenik egin dezakezue? Bigarren disko hau ‘Corazón de Mar’-ekiko oso desberdina izango da. Soinu astunagoa landu dugu; abestien enborrak indartsuagoak izango dira; bateriak indar handiagoa izango du; ‘core’ generoko elementu gehiago gehitu ditugu, baita ‘breakdown’en presentzia handiagoa ere. Hala ere, aldaketa horiek gorabehera, folkak gure esentziaren erdigunea izaten jarraitzen du. Aitorren txirulak eta orkestrazioak elementu garrantzitsuak izaten jarraituko dute, eta Diegoren ahots dramatiko eta melodikoak bere leku nagusiari eutsiko dio, nahiz eta gutural gehiago esploratzera ausartu garen. ‘Corazón de Mar’ alaia dela esan daitekeen arren, gure disko berria metaleroagoa eta ilunagoa izango da. ‘Corazón de Mar’ salto egiteko egina dago; disko berria burua mugitzeko da gehiago.

Letrei dagokienez, oraingoan narratiba jarraitu batetik aldenduko gara, baina gaien kohesioari eutsiko diogu. Disko honek mitologia aztertuko du, hainbat kultura eta pertsonaia klasikori erreferentzia eginez, euskal mitologiako figuraren bati ere bai, eta horrek berezi eta pertsonal egingo du gure proposamen musikala.

Bestalde, oso pozik gaude Chromacity Studios-en dugun esperientziarekin; espero dugu azken emaitza bikaina izango dela eta entzuten gaituztenak txundituta geratuko direla. Gure musikaren kapitulu berri hau gure publikoarekin partekatzeko irrikaz gaude. Oraingoz, diskoko lehen abestia apirilaren 17an entzun ahal izango duzuela iragarri dezakegu, bideolyric bat argitaratuko baitugu. Bideoklip bat ere lantzen ari gara, erakusteko gogo handia daukagu eta.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Hamar saltokiz osatutako azoka antolatu dute Zaratamoko Elexalden, San Isidroetan

Azoka maiatzaren 19an ospatuko dute Zaratamoko Elexalde auzoko plazan eta adin guztietako herritarrei zuzenduta egongo da

|

Haurrak, zurezko jolasekin // Geuria

Urtero bezala, maiatzaren 15ean San Isidro eguna izango da eta hilaren 19an ospatuko dute Zaratamoko Elexalde auzoko plazan. Bertan, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez, BBKko 10 saltokiz osatutako azoka antolatuko dute eguerdira arte: bertara hurbilduko direnek patea, gildak, ogia, txakolina, pastak, txokolatea, gazta, eztia eta txerrikiak erosteko aukera izango dute eta tabernetakoek taloak salduko dituzte ere.

“Gainera, inguruko artisauen lanak ikusteko aukera egongo da ere”, azaldu dute antolakuntzatik. Umeentzako zurezko jolasen gunea ere egongo dela gehitu dute, baita herri kirolen saioa ere. Eguna girotzeko Presaganako txistulari zaratamarrak egongo dira bertan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gutioloko ur-hornidura konpondu du Zaratamok herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko

Proiektuaren aurrekontua 75​.000 eurokoa da (BEZa barne) eta FEADER funtsetako 34.200 eurorekin eta Eusko Jaurlaritzaren 8.500ekin egin dute

|

Iturri bat // Geuria

Zaratamoko Udalak bukatutzat eman ditu Gutiolo auzoko ur-hornidurak zituen “akatsak”. Udal ordezkarien arabera, auzoko hornidura-sarea berrezartzeko obrak “akats handiak” zituen. “Ur hornidura zerbitzua behar bezala ematea eragozten zuen horrek, eta une batzuetan etengabeko zerbitzua ematea ezinezkoa zen”, azaldu dute Udaletik. “Sarearen ezaugarriengatik gertatzen ziren hausturen ondorioz.”

Bermeosolo SA enpresak ur hornikuntza sarea berritu du ur biltegitik Gutiolo auzoraino, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako proiektuaren jarraibideei so eginez. Lizitazio-iragarkia 2022ko abenduaren 28an argitaratu zen kontratatzailearen profilean, eta eskaintzak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 19an amaitu zen. Epe horretan hiru enpresak aurkeztu zuen eskaintza. Proiektuaren aurrekontua 75​.020,00 eurokoa da (BEZa barne), eta FEADER funtsetako finantzazioarekin (34.209,12 euro) eta Eusko Jaurlaritzakoarekin (8.552,28 euro) egin dute.

Jarduketa honen berri eman zuen GEURIAk iazko ekainean eta esku hartze hori azpiegitura ordezkatu, birgaitu edo egokitzeko Udalerriaren Lehengoratze Planean zegoela azaldu zuen Zaratamoko Udalak, “inguruko etxebizitzei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Pasio Bizia martxoaren 28 eta 29an antolatu dute

Hilaren 28an Azken Afaria antzeztuko dute eta hurrengo egunean, Gurutze-bidea

|

Pasio Bizia, 2022an // Geuria

Gaztek-Abi elkarte zaratamarra Aste Santuko Pasio Biziaren 56. edizioaren azken ukituak egiten ari da. Martxoaren 28an eta 29an egingo dute Arkotxako aurtengo ikuskizuna “Aste santua bizi dezagun, gainontzekoek hala bizi dezaten” lelopean.

Hilaren 28an, Ostegun Santuan, Azken Afaria taularatuko dute Arkotxako San Bizenti elizan, 19:00etan. Hurrengo egunean, martxoaren 29an, Gurutze-bidearen antzezpena egingo dute.

Gaztek-Abitik eskerrak eman nahi izan dizkie beste urte batez Aste Santuko Zaratamoko Pasio Bizia antolatzen laguntza eman duten pertsona zein instituzioei.

Osorik irakurri