Sareak

☉ Zaratamo

#M28 / Arkotxako Kultur Etxearen diseinua eta alokairu sozialerako etxebizitzak nahi ditu Zaratamoko Gure Herriak

Jon Ibon Izaguirre alkategai, zazpi ildo biltzen dituen proposamena burutu nahi dute Zaratamoko plataforma independentetik

|

Arkotxa auzoa // Geuria

Gure Herria plataformak puntuz puntuko hauteskunde-programa prestatu du datorren legegintzaldirako. Jon Ibon Izaguirre alkategai, zazpi ildo biltzen dituen proposamena burutu nahi dute Zaratamon: auzoetan birgaitzeak egitea, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea eta gazteei eta herritar zaurgarrienei etxebizitzarako aukerak erraztea dira jarduketetako batzuk. Hemen, programa laburtua:

AUZOAK
Arkotxa

  • Trenbideko zubia eta sarrerako aldapa handitzea eta Eliza eta Santa Barbara birgaitzea
  • Erdigunea birgaitzea: irisgarri egitea eta peatonalizazio lanak (Santa Barbaratik okindengira)
  • Ibaizabalen areatzan, parkea eta Olaganeko parkea estaltzea eta instalazioak hobetzea
  • Arkotxako frontoiko aldagelak
  • Kultur Etxearen diseinurako prozesu parte hartzailea
  • Bilbondora oinezkoentzako bidea

Elexalde

  • Elexoste plaza birgaitzea, erdi peatonalizatzea hiri-altzariak jartzea eta elizako etxebizitzetatik Arkotxako errepidera bidea
  • Udaletxe osteko parkea estaltzea eta Gurutzalden makina bio osasungarriak eta aparkalekuetako zorua berritzea

Moiordin

  • Makina bio osasungarriak eta umeentzako jolasak berritu eta kalearen erdiguneko zorua aldatu
  • Liburutegia astean baten zabaldu

Burbustu

  • Auzoa birgaitzeko plan integrala

Mendieta

  • Oinezkoen ibilbidearen bigarren fasea

Ur hornidurako sarea berritzea gainontzeko auzoetan eta saneamenduaren arazoa konpontzea

BERDINTASUNA ETA ONGIZATEA

  • Baliabide ekonomiko eta materialez hornitzea: etxeko laguntza, gizarte larrialdietarako laguntzak, Zaratamoko Elikagaien Bankua
  • Adineko pertsonei laguntzeko programak: Zainduz programa, adibidez
  • Umeei arreta emateko programak
  • Kulturen Arteko Bizikidetza Plana

UDAL TXOKOAK

  • Elexalde eta Moiordin txokoetako afarien ordutegiak berreskuratu
  • Omenaldi-monumentuak: baserritarren omenezko eskultura, Elexoste plazan eta industria-langilearen omenezko eskultura, Olagane parkean

ETXEBIZITZA

  • 15 etxebizitza alokairu sozialean jartzea, herriko gazteentzat: eraikuntza berria Gurutzalden. 150-350 euro arteko errentarekin, diru-sarreren arabera
  • 35 udal etxebizitza tasatu: eraikuntza berria, Gurutzalden. Lehentasun osoa izango dute herrian jaio edo bizi direnek

INGURUMENA

  • Udal instalazioetako energia iturri berriztagarriak berritzea, kanpoko argiteria publikoa LED argiengatik ordezkatzea, elektrolinerak Arkotxan eta Elexalden eta auzoetan bizikleten aparkalekuak
  • Etxerre eta Garai urmaelak (Arkotxa): parkea sortzea
  • Korridore berdea: Iragorri-Urdinbide basoa baso publiko bihurtzeko gestioa eta Makatza baserria jarduerak egiteko zentro gisa egokitzea
  • Iturriak lehengoratzea
  • Ingurumeneko udal ordenantza onestea

KULTUR ETXEAK

  • Ludoteka: Kultur Etxeetan espazio bat egokitzea
  • Liburutegiak: umeentzako urteko programazioa
  • Fardel-aldagailuak
  • Zaratamoko ondare historiko, kultural eta erlijiosoari balioa ematea
  • Kultur agenda: lauhileko programazioa. Zineman, Zaratalabur film laburren saioak sortzea

HEZKUNTZA ETA KULTURA

  • Jolasguneak irizpide osasungarrien arabera egokitzea: eskolako sarbideak irisgarritasun parametroetara egokitzea eta jolas gunearen zati bat Haur Hezkuntzarako egokitzea
  • Haurreskolako jolastokia estaltzea
  • Aparkalekua txukuntzea eta oinezkoentzako bidea egokitzea: Elexaldeko plazatik eskolara
  • Umeentzako eta gazteentzako udalekua eta egonaldiak atzerrian (ingelesa hobetzeko, 16-18 urte bitartekoentzako, diruz laguntzea)
  • Guraso Eskola sustatzea

☉ Zaratamo

Elexalde eta Iragorri auzo zaratamarrak lotzen dituen foru errepidea konpontzen hasi dira

Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotuko dute. Lanak martxan daude

|

Iragorri auzoaren hasiera adierazten duen seinalea // Geuria

Zaratamoko Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen BI-3702 foru errepidea konpontzeko lanak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide sailak. Iaz Iragorri Goikoa eta 2 kilometro puntuen arteko (PK 13:350 eta PK 13:780 zatian) lanak egin zituen Foru Aldundiak eta oraingo honetan Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko neurketa-lanei ekin diete (PK14:920 eta PK 15:490).

Udal ordezkariek azaldu dute asfaltatze lanak eta galtzada bera zabalduko dutela. Gainera, errepidea margotuko dute.

Iazko irailean konpondutako errepide zatia, Iragorri auzoan // Geuria

Autoak eta oinezkoak

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Foru errepidetik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Iazko irailean, lehen zatiaren lanak hasi zituztenean, udal ordezkariek eskaera bidali zuten Foru Aldundira, “Iragorri eta Elexaldeko plaza lotzen duen berriztatze proiektuan oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna kontuan izateko”.

Erantzun modura, Foru Aldundiak BI-3702 errepidea “errepide moduan” konponduko zuela izan zen, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez. “Oinezkoak kontuan hartzeko modu bakarra errepidea udal jabetzakoa izatea litzateke eta proiektua Irisgarritasun Plan batean jaso beharko litzateke”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen hitzak.

Azken zatiaren lanak hasi dituzte beraz, eta Foru Aldundiaren asmoa auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotzea da.

Konpondu beharreko errepide zati bat // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak astebete aurreratu dituzte Europako hauteskundeak direla eta

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra izango dira aurtengo dira aurtengo jaiak eta Arkotxako Jai Batzordetik azaldu dute programa berdin-berdin mantenduko dutela

|

zaratamo arkotxako jaiak 2018 ander arrieta 0
Arkotxako jaiak, 2018an // Geuria

Aurtengo Aurkotxako jaiak maiatzaren 31tik ekainaren 2ra ospatuko dituzte, salbuespen modura, Europar Parlamenturako Hauteskundeak direla eta.

“Aukera guztiak aztertu genituen baina ez genuen gure jaiak Europar Hauteskundeekin kointziditzea”, izan dira Xabi Garcia Arkotxako Jai Batzordeko kidearen berbak.

Garciak azaldu du astebeteko aurrerapena egin duten arren jaietako programa mantenduko dutela eta momentu hauetan jaietako kontzertuak eskainiko dituzten taldeen baieztapenen zain daudela. Momentura arteko programa helarazi dio Jai Batzordeak GEURIAri, behin betiko ordutegiak faltan.

Zaratamoko Ealain taldea // Geuria

Programa | Arkotxako jaiak 2024

Maiatzak 31, barikua

⁠Talo txiki
⁠⁠Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak
Rumbas Akais
Muxutruk Erromeria
⁠⁠Dj Dreyky

Ekainak 1, zapatua

⁠Txori kantarien erakustaldia
Presagana txistu taldearen kalejira + Txistorrada Txoko Tabernan
Xaibor diskofesta
Paella txapelketa
⁠⁠Frontenis txapelketa herrikoia
Txitxarrilloa eta luncha nagusientzat
⁠⁠Kontzertuak: Ealain + ⁠⁠Akerbeltz Erromeria + Dj Oihan Vega

Ekainak 2, domeka

Umeentzako tailerrak eta jolasak Gaztek Abiren eskutik
⁠⁠Tortilla eta sukalki txapelketa
Fanfarrea
⁠⁠Bazkari popularra
Herri Kirolak, Jasoka Herri Kirol taldearen eskutik
Sari banaketa eta jaien amaiera

Tortilla lehiaketa // Geuria

Joan den otsailaren amaieran GEURIAn aurreratu moduan, Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzoko jaietara eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Diru gutxiago

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamok luiziek hondatutako errepide zatiak konpondu ditu Madariaga eta Arkotxan

31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko

|

Amaitutako hormak, Madariaga auzoan // Geuria

Zaratamoko Udalak 31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko. Izan ere, 2023an gertatu ziren euriteen ondorioz luiziak egon ziren. Mendiko lurra, urak bultzatuta, errepide gainera erori zen, eta kalte materialik sortu ez bazuten ere, kontentzio-lanak egin behar izan ditu Udalak arazoa errepika ez dadin.

31.725 euro horietatik 22.094 euro Bizkaiko Foru Aldundiko aurreikusi gabeko diru-laguntzetakoak dira eta aurrekontu horrekin porlanezko hormak eraiki dituzte lurra eta errepideak babesteko bai Madariaga, bai Arkotxako Santa Barbara auzoetan. Lanak berez bukatuta daude.

Porlanezko hormak, Madariagan // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#A21 / Emaitzak / Zaratamo / EH Bildurekiko alde estuagoarekin irabazi ditu EAJk hauteskundeak

#A21 / Zaratamo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Lizitazioa atera dute herriko txakurren eta katu kolonien kudeaketarako

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta “oso lagunkorra” dela azaldu dute dal ordezkariek

|

Martin // Zaratamoko Udala

Zaratamoko Udala herriko txakur abandonatuak eta katu koloniak kudeatuko dituen enpresa baten bila dabil. “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Txakur bat topatzen denean, animalia kaletik jaso eta txiparen bidez identifikatzen dute. Txipik ez badu, animalia txakurtegi batera eramaten dute, inork adopzio prozesua hasi arte. Zaratamok Zaunk enpresarekin lan egin du orain arte, txakurtegia 2023an itxi arte.

Zaratamoko Udala: “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta Sopelako La Casa del Perron topa daiteke. “Sopelako txakurtegitik azaldu digute Martinek aukera bat behar duela eta txakur oso lagunkorra dela”, azaldu dute Zaratamoko udal ordezkariek. Udalak txakurtegi aldaketa egin zuenetik Zaratamon aurkitutako lau txakur zeudela azaldu dute ordezkariek (Martin barne) eta horietako hiruri ostatu eman dietelela esan dute.

Osorik irakurri