☉ Zaratamo
Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano: “Zaratamon futbol zelaia badaukagu, baina inork ez du erabiltzen”
Lagun minak eta urteetan batera entrenatzen aritutakoak dira. Buruz buruko txapelduna da ‘Urruti’ eta lau eta erdiko txapelketa jokatzen ari da. Elezkano II txapelketatik kanporatu du Aritz Lasak, final hamaseirenetan.
Lau hilabete igaro dira Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, 1989) Eskuz banakako txapela irabazi zuenetik. Nahiz eta finalerako txartela zuzenean ez lortu, erreferente bihurtu da zenbait pilotazalerentzat, baita Danel Elezkano (Zaratamo, 1994) herrikidearentzat ere. Bi pilotariak maila profesionalean aritzen dira eta Zaratamo pilota munduaren gailurrera eraman dute.
Hogeita hemezortzi urteren ondoren, bizkaitar bat Buruz buruko pilota txapelduna.
Mikel Urrutikoetxea: Zoritxarrez, urte asko pasatu dira bizkaitar batek azkenekoz txapela jantzi zuenetik, eta espero dugu hemendik aurrera bat baino gehiago etortzea. Ez banaiz ni, Danelek edo beste bizkaitar batek eskura dezala, noski.
Final batera heltzeko zein da prestaketa egokia?
M.U.: Gaur egun dagoen mailarekin zaila da final batera heltzea, izan ere pilotari asko gaude eta oso onak. Hala ere, nahiz eta pilotari ona izan, askotan zortea ere behar izaten da. Azken finean, prestaketa antzekoa da final baterako zein beste partiduetarako. Asmoa irabaztera ateratzea da.
Zuk, Danel, orain beste erreferente bizkaitar bat izango duzu pilotan.
Danel Elezkano: Argi dago. Ordu asko pasatu ditugu elkarrekin frontoian eta Zaratamo bezalako herri batentzat txapela ekartzea ikaragarria izan da. Gainera, final oso ona jokatu zuen eta hori mirestekoa da.
Maiz entrenatu izan al duzue elkarrekin Zaratamon?
D.E.: Gaur egun asko entrenatzen dugu batera, baina ez Zaratamon. Txikitan sarri jokatu izan dugu Elexaldeko frontoi honetan. Mikel ni baina nagusiagoa da, baina beti oso harreman handia izan dugu.
M.U.: Enpresa berean gaude biok eta askotan batera entrenatzen dugu. Normalean Asegarceko pilotariak Tolosan elkartzen gaituzte eta elkarrekin entrenatzen dugu. Hala ere, Asegarcen bizkaitar asko gaudenez, azkenaldi honetan Iurretan ere entrenatzen dugu.
Maila profesionalera heltzeko asko entrenatu behar omen da…
M.U.: Hori argi dago. Zaila da maila profesionalera heltzea aurretik asko entrenatu ez baduzu. Seriotasunez jokatu behar da eta, gainera, zorte ona ere izan behar duzu. Bestetik, txikitatik pilotaz disfrutatu behar duzu eta ilusioa izan behar duzu etorkizunera begira.
D.E.: Hori da. Esku pilota gustatu behar zaizun kirola da: ordu asko sartu behar dira entrenatzen eta hortik aparte, Mikelek esan duen bezala, zorte ona ere eduki behar duzu maila profesionalera iristeko.
Teknika ere garrantzitsua izango da.
D.E.: Duda barik. Fisikoak ere gero eta garrantzi handiagoa du. Prestakuntza fisiko barik ez dago zereginik, baina esku pilota kirol teknikoa da. Oraindik ere, nahiz eta arlo fisikoak gora egin, teknika askoz garrantzitsuagoa da.
M.U.: Hala da. Teknika asko landu behar da eta horretarako asko entrenatu behar da. Entrenatzaileek ere horretan zeresanik badute, eurak baitira gure irakasle.
Asegarce eta Aspe bezalako enpresek nola fitxatzen dituzte pilotariak?
D.E.: Asegarce eta Aspe dira gaur egun pilota munduan dauden bi enpresa nagusienak. Normalean pilotari bat interesatzen zaienean -afizionatuetan oso ondo dabilelako edota aurrerapen handia daukala ikusten dutelako- berarekin jartzen dira kontaktuan.
M.U.: Bai. Ondoren, entrenamendu batzuk egiten dira berarekin, bai pilotari profesionalekin bai beste afizionatu batzuekin, eta azkenean hautaketa egiten dute.
D.E.: Lehen aipatu dugun bezala, zorte kontua ere bada. Zorte faltagatik afizionatuetatik profesionaletara pasatu ez den pilotari asko dago; beste batzuek, zorte on hori eduki dugu.
Gaur egun futbola kiroletan erregea da. Horri aurre egin ahal dakioke?
D.E.: Ez dakit egunen batean futbolari aurre egin ahal izango zaionik. Nire ustez, futbola jende guztiak jarraitzen du, baita guk ere. Gainera, Bizkaian Athletic daukagu, jende asko mugitzen duena. Hala ere, pilotak afizioa badauka eta polita da frontoi batera sartu eta jendez beterik ikustea.
Dena den, Hego Uriben esku pilota zaletasun handia dago.
D.E.: Bai, duda barik. Gure eskualdean ez ezik, Bizkaian zaletasun handia dago. Pilotak jarraitzale asko ditu, baina lehen esan bezala, futbola beste maila batean dago.
M.U.: Nire ustez, pilota gurea den kirola da, Euskal Herrikoa, eta zale asko mugitzen ditu, batez ere jende nagusia. Gainera, asko laguntzen du inguruko ezagun bat profesionaletan aritzeak.
Zaratamo, bereziki, oso pilotazalea da. Zergatik izango ote da?
M.U.: Zaratamon frontoiaz aparte ez geneukan ezer eta egunero bertan ematen genituen ordu asko, gaur egungo umeek bezala. Herri arteko txapelketak jokatzen genituenean frontoia beterik aurkitzen genuen. Nik uste herri gutxi dagoela Zaratamon adina zalerekin.
D.E.: Txikitatik datorkigu pilota zaletasuna. Zaratamo herri txikia da, denok elkar ezagutzen dugu eta frontoian elkartzen gara adin guztietakoak. Futbol zelaia badaukagu, baina ez dugu erabiltzen. Gainera, palista eta pilotari profesional asko atera dira hemendik eta horrek zaletasuna piztu egiten du.
Beraz, Zaratamo Bizkaiko esku pilota harrobia dela esango dugu?
M.U.: Bai, zergatik ez? Gure aurretik hiru profesional egon ziren: Urkiza, Elorza eta Luke. Orain gu biok gaude. Gainera, afizionatuetan ere zaratamoztar dexentek jokatzen dute.
D.E.: Nire ustez, harrobi moduan ezin daiteke Zaratamo bakarrik hartu kontutan. Gaur egun, zortea izan da profesionaletan bi zaratamoztar aurkitzea. Pilota herri txikietan mugitzen da asko eta normala da horietatik profesional asko ateratzea.
Hego Uribeko ume pilotarientzako aholkurik?
D.E.: Aholkurik onena pilotaz disfrutatzea da. Azken finean, zorte handia behar da gora iristeko eta lan egiten duenak, eta batez ere disfrutatzen duenak, lortuko du.
M.U.: Txikia nintzenean nire ilusioa profesionaletara iristea zen. Nik uste dut kirolari baten helmuga beti izan behar dela maila gorenera heltzea, nahiz eta gero ez lortu. Horregatik, momentuaz gozatzea da garrantzitsuena.
☉ Zaratamo
Zaratamok bilerak egingo ditu auzo ezberdinetan prozesu parte-hartzailea herritarrei hurbiltzeko
Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan
Zaratamoko Udalak aurrez aurreko bilera informatiboak antolatu ditu aste honetan 2025eko aurrekontu parte-hartzaileko proposamenak jasotzeko. Saioak Arkotxan, Elexalden eta Moiordinen egingo dituzte: “Bilera horietan herritarren proposamenak aurkeztuko dira”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Horiek herritarren artean bozkatu eta proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditugu”. Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan.
Aurrekontua azaroko udalbatzan onartzeko asmoa dute udal ordezkariek. Joan den urriaren 1ean proposamenak egiteko azken eguna izan zen: “Proposamenak etxetik egitea oso zaila da eta parte-hartzea baxua izan da, baina horretarako zabaldu dugu interneten bidezko sistema, eta orain, aurrez aurreko bilerena, parte-hartzea bermatzeko”.
Prozesu parte-harrtzailea | Bilerak herritarrekin
Urriak 7, astelehena
19:00 Arkotxako eliza
Urriak 9, asteazkena
20:00 Elexaldeko Kultur Etxea
Urriak 10, osteguna
19:00 Moiordineko liburutegia
☉ Zaratamo
Haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da Zaratamo Arkotxako Olagane parkea
Zaratamoko Udalak robinia-enborren pasabide bat eta robinia-zurezko motzondo-ilara bat integratu ditu eraberritzen ari den parkean
Zaratamoko Udalaren azken obren artean Arkotxako Olagane haurrentzako parkearen eraberritzea ageri da, 2000 urtetik berritu gabe zegoelako. Denborak eta eguraldiak eragin nabarmena izan dute haurrentzako egitura honetan eta Udala, Arkotxako zelaiaren parean kokatutako jolastokia eraberritzeaz harago bertako elementuak haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da. Guztira 24.900 euro bideratu dituzte eraberritze lan hauetarako.
Udaleko datuen arabera, 0 eta 12 urte bitarteko 89 ume bizi dira Arkotxa auzoan gaur egun eta horiei Santa Barbara auzoko Galdakaoko aldekoak gehitu beharko litzaieke. Haur horiek dira Olagane parkeko erabiltzaile nagusiak eta joan den maiatzean hasi zituzten eraberritze lanak baino lehen zazpi elementuz osatutako jolas eremua zeukaten parkean: joko anitzeko gunea, haur birentzako kulunka bat, zabu bikoitz bat, malguki bat, txirrista bat, lauzak moteltzeko zoladura eta alboko kirol-pistarako porteriak.
Berritasun handiena elementu berrien jartzea izan da robinia-enborren pasabidea eta robinia-zurezko motzondo-ilara baten ezarpenarekin. Robinia-enborren pasabideak inguruko pasealekua eta jolas anitzeko gunea, bi plazako kulunka eta banako kaia kokatuko liratekeen parkeko eremuetako bat lotzen ditu. Parkearen beste aldea komunikatzeko, motzondo ilara bat jarri dute, robinia-zurezko sigi-saga ibilbidearekin. Joan den ekainaren amaieratik erabilgarri badago ere, azken ukituak eman behar dizkiote parkeari, zirkuitoa zehazteko pintatze-lanak falta dira eta.
“Jolas parke honek ibilbide bat planteatzen die Zaratamoko haurrei”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Jolas parkeen ereduak aldatzen ari dira eta lehengoak zaharkituta geratu dira: Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita, besteak beste”. Europako gaur egungo eredura hurbildu egiten den adibide bat Zaratamon bertan dago, eskolako ‘Gure Ametsetako Jolastokia’.
Alberto Ugarriza: “Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita”
“Auzotarrek eskabidea egin zioten Udalari eta proiektuari ekin genion”, azaldu du Zaratamoko alkateak eta eskaera hau Moiordin eta Elexalde bezalako auzoetan egin dituztela jakinarazi du. “Hori dela eta, urtean behin auzo bateko parke bat eraberritzeari ekiten diogu: Elexalden hasi ginen, udaletxe atzeko parkea eraberritzen. Moiordinekoa ere konpondu genuen eta Olaganekoa bukatu ostean Arkotxako frontoi parean dagoenarekin hasiko gara. Datorren urteko aurrekontuan aurreikusita daukagu zan ere”.
Bestelako eraberritze-lanak
Jolas parkea eraberritzeko hiru jarduketa egin ditu Udalak: hasteko, zaharkituta edo hondatuta zeuden joko elementuak ordezkatu dituzte (haur birentzako kulunka, zabu bikoitza eta malgukia).
Aldaketa aipagarriena zoruaren aldaketa integrala izan da, udal ordezkarien arabera: gaur egun arte lauza zaharrez osatutako zoladura zeukan parkeak. Udal ordezkarien arabera, zoru honekin erabiltzaileek estropezu egiteko arriskua zuten, pieza bakoitzaren artean dauden tarte handiengatik eta inpaktua xurgatzeko gaitasun faltagatik. Horregatik SBR beltzeko geruza batez eta kolorezko EPDM puruko azken geruza batez osatutako zoladura jarraitu batez ordezkatu dute zoladura zaharra.
Bestalde, joko elementuak berreskuratu dituzte, eta adibide argiena dorre biz eta txirristaz osatutako joko anitzeko gunearena da. Egitura egurrezkoa zen eta elementu batzuk ustelduta zeuden. Txirristaren kasuan, panel batzuen kolorea galduta zegoen eta pintadak egin zituzten bertan.
Hego Uribe eskualdean badira haur parkeak eraberritzen ari diren beste Udalak. Horren adibide dira azken hilabeteetan Basaurin, Arrigorriagan eta Zeberion egin dituzten eraberritze lanak, besteak beste, herritarrek hala eskatuta.
☉ Zaratamo
Jesus Muñiz historiagile zaratamarrak San Migel irudiaren aurkezpena egingo du Orozkon
Aurkezpena urriaren 6an, 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Jesusekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da
Datorren urriaren 6an Miguel Deuna irudiaren aurkezpena egingo du Jesus Muñiz Petralanda historiagile galdakoztar-zaratamarrak. Miguel Deuna irudia Orozkoko Muruetako San Migel Ermitan kokatuta dago eta tailla berreskuratu ahal izan dute. Aurkezpen egunean, Muñizekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da.
Izan ere, Muñiz eta Gonzalez, San Migel irudiaren taillaren eta bere berreskurapen prozesuaz arituko dira. Aurkezpena 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Patxi Malo apaizaren bedeinkapena izango du.
Berreskuratze lanetan lagundu nahi duten interesdunentzako 630 750 333 telefono zenbakia ahalbidetu dute BIZUMak egiteko. Laguntza egiteko ZER jartzen duen lekuan ‘REST SMDM’ idatzi behar da.
San Migel baseliza
Orozkoko San Migel baselizak 9,58 x 6 metroko azalera du. Harlangaitzezko hormak ditu eta bi isurkiko estalkia bi zertxaren gainean. Ez du kanpai-hormarik eta oinean erdi-puntuko arkua duen atea dauka.
Ateburu zuzeneko leihoa dauka Epistolaren aldean, burdinazko barrotez babestuta. Harrizko lauzen zoladura.
San Migelgo jaiak irailaren 29an ospatu ohi ziren baseliza honetan baina duela 20 urte bertan ez dituztela jairik ospatzen bertan.
☉ Zaratamo
Aurrekontu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratu ditu Zaratamoko Udalak
Joan den irailaren 16an hasi zuen Zaratamoko Udalak 2025eko aurrekontuan sartuko duten aurrekontu parte-hartzailearen prozesua
Zaratamoko Udalak irailaren 16an hasi du 2025eko aurrekontuaren prozesua. Aurreko urteetan bezala, prozesu horrek atal bi izango ditu, eta lehenengoan prozesu parte-hartzailea antolatu dute: “Irailaren 16an bertan proposamenak egiteko eskuorria banatu genuen herriko etxe guztietan eta hori ere iragarri genuen”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamo alkateak.
Iaz proposamen libreak egin zituzten zaratamarrek esparru ezberdinetan eta Udala bera zen proposamen horietako zein sartzen zen aurrekontu orokorrean. Aurten, aldiz, aldaketa bat izango du prozesu parte-hartzailearen sistemak. Berritasun modura, proiektu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratuko ditu guztira Udalak eta herritarrek 15 egun izango dituzte hilaren 16tik hasita proposamen zehatzak egiteko: “Herritarrek egindako proposamen guztiak aztertuko dira, Herri Batzarretan aurkeztuko ditugu, auzoetan, eta gero herritarren ekarpen horiek bozkatuko dira”, azaldu du Zaratamoko alkateak.
Baldintza modura, Zaratamoko Udaletik iragarri dute proposamenaren kostua ezin dela 15.000 euro baino handiagoa izan. Halaber, Udalaren eskumenekoa izango da eta honako alderdi hauen gainekoa:
– Gizarte ongizatea, Berdintasuna eta osasuna
– Hiri-ingurunea, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena
– Kultura, hezkuntza, euskara eta kirola
– Zaintza arloa, adineko pertsonak, gazteria eta umeak
– Sustapen ekonomikoa (merkataritza, turismoa, enplegua…)
Proposamenak, gainera, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan behar dira, zehatzak eta kuantifikagarriak, interes publikokoak eta legezkoak. Proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditu Udalak. “Gure helburua azaroko udalbatzan 2025eko aurrekontua onartzea da”, erantsi du Ugarrizak.
Inprimakia eta proposamen orria Zaratamoko Udalaren webgunean topa daitezke PDF formatuan deskargatzeko.
☉ Zaratamo
Emakumeentzako mendi orientazioa eta Twerk ikastaro feministak eskainiko ditu Zaratamok
Lehen aldia da Udalak emakumeei zuzendutako ikastaro bi hauek antolatzen dituela udalerrian. Izena emateko epeak irailaren 9an zabalduko dituzte
Zaratamoko Udalak ikasturte berriko kirol jardueretan parte hartzeko epea zabalduko du irailaren 9tik 20ra. Horien artean Emakumeentzako Mendi Orientazioa eta Boterea, Ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko ikastaroak abiaraziko ditu Berdintasun Batzordeak.
Patri Espinar usansolotarrak Mendi Orientazioa Emakumeentzat izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 13an, 14an, 21ean eta 22an. Irailaren 13an klase teorikoa emango du Zaratamoko eskola zaharrean 17:00etatik 20:30ak arte. Hilaren 14an, 21ean eta 22an saio praktikoak prestatu dituzte 09:30etik 13:30ak arte. Izena emateko 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Boterea, ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko saioak irailaren 21ean eta 28an antolatu dituzte Elexaldeko kultur etxean, 10:00etatik 13:00ak arte, Ines Lasagabasterren eskutik. Izena emateko ere 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek 08:30etik 14:30ak arte.
Aipatutako ikastaroez gainera, Zaratamoko Udalak urtero antolatzen dituen kirol jarduerak iragarri ditu: Zumba, ibilbide osasungarriak, Pilates, Yoga, dantza latinoak, Total Fitness, Entrenamendu funtzionala eta arte eszenikoak (zirkua), besteak beste. Informazio guztia Zaratamoko Udalaren webgunean topa dezakezu. Udalak 946 710 052 telefono zenbakia ahalbidetu du kirol jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat.