☉ Zaratamo
Arimen Gauak ipuin kontakizunak, gynkana beldurgarria eta diskofesta ekarriko du Zaratamora
Jarduerak arrasti honetan bertan prestatu dituzte 18:00etatik aurrera, Elexaldeko eskola zaharretan
Gaur arrastirako plan beldurgarria prestatu du Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak. Arimen gaua izanik hiru jarduera prestatu dizkiete herriko txikienei, Elexalde auzoan, eskola zaharretan.
18:00etan ipuin kontalaria egongo da plazan; 19:00etan gynkana beldurgarria prestatu dute eta 20:00etan diskofesta, musika beldurgarriarekin gaua alaitzeko.
Hego Uribe eskualdean badira Arimen Gaua edo Gau Beltzaren inguruan jarduera bereziak antolatu dituzten udalerriak asteburu luze honi begira: Arrigorriaga, Zeberio eta Ugao horren adibide dira.
☉ Zaratamo
Udalak zabor tasaren kostua murriztera deitu ditu zaratamarrak hondakin organikoa birziklatuz
Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua “modu nabarmenean” murriztuko lukeela azaldu dute Udaletik
Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan. Zaratamoren kasuan, Udalak bereizketa egin du zabor bilketaren zerbitzuaren arabera: astean bitan zaborra bilduz, zaborren tasak % 32ko igoera izango luke. Bilketa astean hirutan eginez gero % 34ekoa lizateke igoera.
“Horri % 10eko hobariak gehituko genizkieke hondakin organikoen kasuan”, azaldu dute udal ordezkariek. Zaratamon, zabor tasekin batera hobari batzuk ipini ditu Udalak: “Helburua ez da zerbitzuaren kostua bakarrik betetzea”, zehaztu du Alberto Ugarrizak. “Koste hori murriztu daiteke: beste sistema bat ezarriz gero kostea bestelakoa izan daiteke. Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua modu nabarmenean murrizten du”. Ondorio modura, gaur egun errefusaren edukiontzira botatzen den alde handi bat edukiontzi marroira botako litzateke eta errefusaren zerbitzua gutxituko litzateke.
Nerbioi Ibaizabal mankomunitatearen 2023ko datuen arabera, eskualdean 239,3 kilo zabor bota du herritar bakoitzak errefusaren edukiontzian (biztanleriaren % 72,4a). Zaratamori dagokionez (landa eremuko herria) 402,1 kilogramo hondakin botatzen ditu herritar bakoitzak errefusaren edukiontzira urtero (% 83,7). Edukiontzi organikoaren erabilera oso baxua da: 21,2 kilo batu zituzten kamioiek herritar bakoitzeko 2023an (% 4,4). “Datu kezkagarriak dira”, aitortu du Ugarrizak. “Herritarrek hondakin organikoen edukiontzia behar bezala erabiliko balute zabor bilketaren kostua % 44 gutxituko litzateke. Herritarrek konposta egin nahi izatekotan Udalean egin beharko dute eskakizuna.
☉ Zaratamo
Moiordin Arrigorriagarekin lotzen duen zubia argiztatuko du Zaratamoko Udalak
Udalak aurrekontu parte-hartzaileetako 30.000 euro bideratuko ditu zubia argiztatu eta espazioa berdiseinatzeko. Bigarren proiektua Gurutzalden konponketa lanak egitea da
Aurrekontu parte-hartzaileen emaitzak argitaratu ditu Zaratamoko Udalak. Herritarren 114 bozka jaso dira eta proposatutako 11 proiektuetatik bi burutuko ditu Udalak 2025eko aurrekontuekin: lehena, 70 boturekin Moiordin eta Arrigorriaga lotzen duen zubia argiztatu eta doitze-lanak egitea bertan. Argiztatze lanen arrazoia bertan sor daitezkeen puntu beltzak saihestea da: “Momentura arte ez da inolako arazorik gertatu bertan, baina badaezpada egin beharreko lana da guretzat”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
80. hamarkadan eraiki zuten udalerri biak konektatzen dituen zubia, 1983ko uholdeak eta gero, eta egitura honen eskumena Zaratamoko Udalarena, Arrigorriagako Udalarena eta Foru Aldundiarena da, azpitik igarotzen baita Bi-625 Foru errepidea. Hala azaldu du Ugarrizak. “Oraingoan Zaratamoko Udalaren ekimena izango da zubia behar bezala argiztatu eta egituraren gainean dagoen espazioari beste erabilera bat emateko proposamena egitea”, izan dira herriko alkatearen berbak.
Izan ere, gaur egun espazio horrek ez dauka erabilera zehatzik (batzuetan gazteak ikus daitezke bertan, baina ez dauka erabilera zehatzik) eta Udala diseinu berria egiteko lanetan hasiko da: “Oinarrizko proiektu bat enkargatuko diogu enpresa bati ideia batzuekin. Behin hasierako diseinua eta aurrekontua eskuetan duelarik ikusiko dugu Arrigorriagako Udalarekin hitzarmenik egingo dugun edo proiektu hau gure kabuz burutuko dugun”.
Udalerri bien adostasunaz gainera Foru Aldundiaren baimenak beharko dituzte bertan lanak egin ahal izateko. Gaur egun bai Zaratamo bai Arrigorriagako herritar ugarik erabiltzen dute Foru errepidearen alde batetik bestera joateko: lanera joateko, errekaduak egiteko, paseotxoetarako… Udalak 30.000 euro inbertituko ditu proiektu honetan.
Konponketak Gurutzalden
Bigarren proposamen bozkatuena, 12 botuekin, Gurutzalde auzoan konponketak egitea da. Izan ere, Udalak 10.000 euro bideratuko ditu auzoko bideetan konponketa lanak egiteko, aparkalekuetan margoketa lanak burutzeko, argiteria hobetzeko…
Aurrekontu parte-hartzaileetatik kanpo geratu dira hurrengo proposamenak: Elexaldeko ludoteka hornitzea (8 puntu), kultura programazio egonkorra antolatzea (6 puntu), txokoen dinamizazioa (5 puntu), Elexalde-eskola arteko bidea sortzea (5 puntu), Gurutzaldeko errepideko zuloak konpontzea (4 puntu), irisgarritasun lanak egitea Arkotxa auzoan (3 puntu) eta Arkotxako espaloi batzuetan bolardoak ipintzea (puntu 1).
Iaz proposamen libreak egin zituzten zaratamarrek esparru ezberdinetan eta Udala bera zen proposamen horietako zein sartzen zen aurrekontu orokorrean. Aurten, proposamen zehatzak egin dituzte herritarrek eta Udalak urri hasieran GEURIAri azaldu lez azaroko plenoan onartuko dituzte ekarpenak.
☉ Zaratamo
Zuntz optikoaren abiadura Zaratamoko Iragorri Goikoara helduko da, herriko azken auzora
Zaratamoko Udalak zuntz optikoaren helaraziko du Zaratamoko azken auzora: Iragorri Goikoara. 9.000 euro inbertitu dituzte lan honetarako eta hemendik aurrera pintxoak edo ADSL sistemak erabiltzeari utziko diote
Iragorri Goikoako auzotarrek behin betirako agur esango diete internet pintxoei eta ADSL sistema zaharkituari, Zaratamoko Udalak zuntz optikoa helaraziko duelako bertara laster. Zaratamoko Udaleko zuntz publikoak erabiltzaile berri bat izango du, beraz.
Auzo hau zuntz barik zegoen Zaratamoko azken auzoa zen orain arte. Lan hauek egiteko 9.000 euroko inbertsioa egin du Udalak: “Lan hauekin udalerri osoak zuntz optikoaren abiadura izango du laster”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Hala ere, oraindik badago zuntzaren gaia dela eta atenditu beharreko herritarrik, beren etxeetara heltzeko arazoak dirautelako. Behin horiek konponduta Madariaga, Gutiolo, Burbustu, Urdinbide… bezalako auzoetan operadore nagusiek kudeatzen dute internet zerbitzua”, gehitu du Ugarrizak.
“Interneten abiadura etxebizitza bakoitzak kontratatzen duen tarifak ezarriko du. Momentura arte pintxoarekin edo ADSL sistema zaharkituaren bidez funtzionatu izan gara herrian. Zuntz optikoak abiadura eskaintza ezberdinen artean erabakitzeko aukera emango die erabiltzaileei. Garrantzitsuena zera da: internetaren autopista etxe guztietara helduko dela”.
☉ Zaratamo
San Bizente elizako kanpaiaren motorra konpontzeko asmoa azaldu du Zaratamoko Udalak
Konponketa-lanak aurten hasi nahi dituzte, behin betiko data zehaztuta ez badago ere
Zaratamoko Udalak Arkotxako San Bizente elizako kanpaia konpontzeko asmoa azaldu du, kanpandorreko kanpaien motorra hondatuta dagoelako. Zaratamoko eliza Udalaren eskumena denez (Elexaldeko elizaren kanpandorrea bezala), berari dagokio bertan egin beharreko konponketak burutzea.
Udal ordezkarien arabera, kanpaiaren motorra hondatuta dago eta 2025eko aurrekontuan sartu duten betebeharretako bat da. “Diru kopuru bat bideratuko dugu kanpaiaren motorra konpontzeko baina espedientea osatu barik dago momentuz”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak urri hasieran. Konponketa-lanak aurten hasi nahi dituzte, behin betiko data zehaztuta ez badago ere.
Gainera, Arkotxako elizarekin zerikusia duten bestelako konponketei ekingo die Udalak: barrualdea iaz konpondu zuen eta aurten fatxada eraberritzeko asmoa azaldu dute udal ordezkariek. Ez hori bakarrik: irisgarritasun lanak egin nahi dituzte bertan, sarbidea auzotar denei errazteko.
☉ Zaratamo
Euskal Kulturaren loraldia Zaratamoko Elexalden eta Arkotxan
Aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori baina aurten erakusleiho bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko kultur etxean eta 19koa, Arkotxako elizan
Urriaren 18an eta 19an Zaratamo izango da Loraldia Plazaren erdigunea: aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori baina aurten erakusleiho bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko kultur etxean eta 19koa, Arkotxako elizan.
Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek ‘Krak’ lana aurkeztuko dute Zaratamoko kultur aretoan, 19:30ean. “Emanaldi honetan gobindatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza“, azaldu zuen Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak joan den irailaren 25ean Arrigorriagan egindako aurkezpen prentsaurrekoan. “Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatza honek Maite Larbururen ‘Loti (herrena)’ kanta moldatuko du”.
Poesia, bertsoak eta auzoak
Hilaren 19an Jon Maia bertsolaria egongo da Arkotxako elizan: “Orain arte egindako ibilbidea ikusita argi ikusi genuen Arkotxa auzora ere zabaldu behar genuela Loraldia”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”.
Alberto Ugarriza: “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”
Horiek horrela, Jon Maiak proposamen propio bat ekarriko du Arkotxara eta Federico García Lorcaren lana Lauaxetarenakin lotuko du ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’ izeneko hitzaldi performatibo eta musikatuaren bidez: “Auzoarekin lotura bat izango du Maiaren ekarpenak”, aurreratu du Zaratamoko alkateak. Hitzordua 19:30ean izango da Arkotxako elizan.
Arkotxa eta futbola
Askok ez dute jakingo baina Arkotxa auzoak lotura dauka Athletic Clubarekin, eta kasualitatez (edo ez), Maia Athleticeko zale amorratua da. Arkotxako ekimenean kontu hori proposatuko du Zaratamoko Udalak, Loraldiako hitzorduari emozio handiagoa emateko.
Izan ere, eta Galdakaon bizi bada ere, Zaratamokoa da Argoitia, Jose Maria Argoitia Atxa (Galdakao, 1940). Argoitiak 308 partida jokatu zituen Athleticekin eta 69 gol sartu zituen guztira. “Galdakaoren eta Zaratamoren arteko mugan jaio zen Argoitia eta bere familia izatez Arkotxakoa da”, azaldu du Ugarrizak. “Athleticek, beraz, badu presentzia gure auzoan, eta Maia horren jakitun da”.
“Gure aldetik, Loraldiaren inguruan egiten dugun balorazioa oso positiboa da”, azaldu du Zaratamoko alkateak. “Bai herrian izandako harreragatik, bai Euskal Herrian egonkortuta dagoen Loraldia kultura proiektuan parte-hartzegatik. Euskal kultura garaikidea zabaltzeko proposamen handienetakoa da Loraldia, ezbairik gabe”.
Lehen edizioan Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga izan ziren Zaratamon eta “proposamen zoragarria” izan zela nabarmendu du Ugarrizak. “2023an lortutakoa ere zoragarria izan zen eta Olatz Salvador, La Basu, Osterabe eta Lide Hernando izan ziren kultur etxeko oholtzan. Loraldia gabe ezinezkoa izango litzateke”, aitortu du.
Arrigorriagara gero
Urriaren 23tik 27ra Arrigorriagaren txanda izango da, eta Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’en ‘Izarrak eta Haitzak’ liburuaren haritik izar eta haitz artean diziplina anitzeko ekitaldia eskainiko dute, duela egun batzuk GEURIAn aurreratu lez.
Txapelekin batera eskualdeko gonbidatu bereziak egongo dira: Irati Anda Villanueva, Estropozu bertso-eskola, Iraia Urraca, Ioritz Benito, Lehian Erromeriako Maitane Etxegarai eta Padura Mendi Taldeko kideak.