Arkotxako elizak dauzkan gabeziez jabetuta, Zaratamoko Udalak eraikina berritzeko jarduketak hasiko ditu datozen asteotan, eta apirilerako prest izango ditu. Obrek 67.500 euro inguruko aurrekontua izango dute (BEZa barne), eta sistema elektrikoa eta berogailu sistema aldatzeko zein zorua konpontzeko baliatuko dituzte.
Hala, egun dagoen gasolio-galdara gas naturaleko unitate batengatik ordezkatzea izango da lehen esku hartzea. Udalak proiektuaren txostenean biltzen duenez, galdara zaharrak hainbat konponketa izan ditu azken urteotan, baina segurtasuna bermatze aldera eta berriaren eraginkortasun energetikoagatik, sistema osoa aldatzeko erabakia hartu dute orain.
Era berean, argiteria ere ordezkatu egingo dute, egungo sistema elektrikoaren baldintzetara egokitu eta sistemak jaso dezakeen karga elektrikoa modu seguruan handitu dadin. Izan ere, parrokiak daukan konexioa hodi estuetatik doan antzinako oihalezko sistema da, eta kableak ehunez estalita daudenez, sistema osoa berotzeko arriskua dago, kontsumoaren igoeragatik deskarga elektrikoak egoteko eta suteak pizteko aukeraz gain. Gainera, sistemak ez dauka lur-hartunerik, eta beraz, oso babes gutxi eskaintzen du gainkarga elektrikoak egonez gero.
Hirugarren eta azken jarduketa, berriz, zoruari dagokiona izango da. Parrokiaren erdiko pasabidea linoleoz estalita dago, behean daukan egurra, erabileragatik, egoera txarrean dagoelako. Esku hartzearekin, baina, kaltetutako eremuak kendu eta bilbadura mantenduz, piezak ordezkatuko dituzte. Gero, egurra leundu eta bernizatu egingo dute tarima erabilgarri egiteko.
Lizitazioa
Obra Electrcidad Eguzki S.L. enpresari esleitu diote, hura izan baita lizitzaziora aurkeztu den enpresa bakarra. Abenduaren 26an bukatu zen eskaintzak egiteko epea, eta 28an dokumentazio eskaera egin ondoren, enpresak hamar eguneko tartea izango du izapideak egiteko. Esku hartzea horren ondoren hasiko da, eta lau hilabetetan egongo da prest.
