→Zaratamo

Oktoberfest eta Halloween jaiak batera ospatzeko festa egingo dute Arkotxan

Los Visitadores Motor Taldeak antolatutako ekitaldian, Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkartearekin jardungo dute lankidetzan

Los Descarrilaos musika taldea // @losdescarrilaos

Visinoverween deitu diote Arkotxan Halloween eta Oktoberfest ospakizunak uztartuko dituen jaialdiari. Auzoko Los Visitadores Motor Taldeak urtero antolatzen duen garagardoaren jaitik sortu da dinamika, ia-ia kasualitatez; izan ere, denbora faltak itota ibili ondoren, datak atzeratu egin dituzte, eta Oktoberfesta urriaren 31n ospatzen den Arimen Gauarekin batzea erabaki dute. Azkenean, azaroaren 5ean egingo dituzte biak.

Motorzaleak Arkotxako frontoian bilduko dira larunbat arratsaldean. Guztiak mozorratuta, noski, taldetik esan duten bezala, haiek baitira “eredua eman behar duten lehenak”. Eta Halloweeneko jantziak eta dekorazioaz gain, beti bezala, rock emanaldiak eskainiko dituzte beldurrezko gaua girotzeko: 18:30etik aurrera, Los descarrilaos taldeak joko du lehenengo, eta gau aldera, DJ Rubiloc-ek itxiko du ekitaldia.

Frontoiko barran, egun osoan zehar nahi beste garagardo eta pintxo emango dituzte Los Visitadores taldeko kideek. Bertatik lortutako dirua elkartea finantzatzeko erabiliko dute, hein batean, baina, bereziki, kausa sozialetara bideratuko dituzte irabaziak. Aurten, Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkartearekin jardungo dute lankidetzan. Erankundeak, gainera, informaziorako eta zalantzetarako stand bat jarriko du jaigunean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak