Sareak

☉ Zaratamo

Olaganeko pasarelan irristadak ekiditeko produktuak ipintzeko aukera aztertzen ari da Zaratamoko Udala

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristadek auzotarren ezinegona piztu du

|

Olaganeko pasarela, eraikitze-prozesuan, 2023an // Geuria

Zaratamoko Udalak barandak ipini ditu azken asteetan Arkotxatik Txomin Egileor kalera joateko Olaganeko pasarelan eta egun hauetan produktu berezi bat ipintzen ari dira burnizko pieza horiek ez erdoiltzeko, herritarrek hala eskatu ostean.

Baina bertan egin beharreko lanak ez dira bukatu oraindik; pasarela inauguratu zutenetik, auzotar batzuek labainkadak izan dituztela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek: “Hori dela eta, aurrekontua eskatu diegu bi enpresari zergatiak ikertzeko analisia egin eta arazoari konponbidea emateko”. Ziurrenik produkturen bat ipini beharko dutela azaldu dute Udaletik. Barandak ipintzeko obrek iraun zuten bitartean pasabidea itxi zuten, baina gaur egun guztiz erabilgarri dagoela azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristaketek auzotarren ezinegona piztu du: “Egoera honen jakitun gara joan den negutik”, kexatu dira Arkotxako Auzo Elkarteko kide batzuk. “Udalak denbora izan du tarte horretan egoerari irtenbidea emateko”.

Azken asteetako euria dela eta, hainbat auzotarrek labain egin dute pasarela ertabili dutenean.

Olaganeko pasarela 2023ko urrian eraiki zuten eta Txomin Egileor kaleko errepide gainetik zeharkatzen duen oinezkoen zubiarekin konektatzen duen egitura irisgarria da.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan

Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

|

Jokin, Izai eta Ibon, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria

Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

|

Udaletxea, tabernako terrazatik // Geuria

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.

“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Kritikak, oposiziotik

Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.

“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.

Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur

Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

|

zaratamo arkotxa errege magoak 2018 0
Gaspar, umeekin, Arkotxako frontoian, 2018an // Geuria

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.

Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.

Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.

2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026

Urtarrilak 5, astelehena

17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gabon zaharreko kontzertua antolatu dute Zaratamoko San Lorentzo elizan

Hitzordua abenduaren 28an ezarri dute, 12:00etan, Elexaldeko San Lorentzon

|

Partitura bat // David Beale, Unsplash

Elexalde auzoko San Lorentzo elizak Gabon Zaharreko Kontzertua hartuko du beste urte batez abenduaren 28an.

Bertan, Zarakantu Kantua, Musika eta Lagunarteak, Zaratamoko kantuzaleek, Arambarri AkordeON! taldeak, Saranbada laukoteak, Presaganako txistulariek eta lagunek hartuko dute parte, Jose R. Llagunoren zuzendaritzapean.

Hitzordua 12:00etan prestatu dute Elexaldeko tenpluan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Argazkiak | Neguko Azokak ehun pertsona inguru elkartu ditu Zaratamoko pilotalekuan

Goizean zehar egin dute Neguko Azoka, Gabonetako oporrak hartzeko azken klase egunean

|

Jendea, aurtengo Neguko Azokan // Geuria

Zaratamo Eskolako Besopean Guraso Elkarteak ‘Neguko Azoka’ antolatu du beste urte batez Elexalden, klaseko azken egunean, Gabonetako oporren atarian. Aurreko urteetan ez bezala, asistentzia marka hautsi dute Zaratamo eskolako ikasleek: ehun pertsona inguru elkartu dira Zaratamoko frontoian.

Azoka 09:45etik 11:15ak antolatu dute eta bertan euskal dantzak, sasoiko produktuak, musika… ikasleek merkatari lanak egin dituzte eta erosle gehienak beren gurasoak eta aitite-amamak izan dira bereziki.

Aurten Frutas Zelaia eta Autobuses Blanco Respaldiza enpresen laguntza izan du Neguko Azoka berezi honek.

Osorik irakurri