→Zaratamo

Blue Woman Voices taldeak kontzertua eskainiko du Zaratamon, azaroaren 25ean

Kontzertuaren aurretik, antolatzaileek kontzentrazioa deitu dute, herrian indarkeria mota guztiak gaitzesteko asmoz

Blue Woman Voices taldea // AIAMA music

Azaroaren 25ean ospatuko da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, andrazkoekiko biolentziaren inguruan sentsibilizatzeko kontzertu antzeztua egingo dute Zaratamon. Blue Woman Voices musika taldeak joko du ostiralean, 19:00etan, Elexaldeko Kultur Etxean: sarrera doakoa izango da, eta bertaratu nahi dutenek ateak zabalik izango dituzte lekua betetzen den arte.

Ikuskizuna Viola Serra abeslariak, Amaia Izarzuaga piano joleak eta Ziortza Basaguren musikariak taularatuko dute. Artistek zortzi monologo eta zortzi kanta uztartuko dituzte, genero indarkeriaren biktima izandako abeslari entzutetsuen errealitateen inguruko hausnarketa egiteko. Horrela, Billie Holiday, Nina Simone, Aretha Franklin, Elza Soárez, Mía Martini, Rihanna, Britney Spears eta Tina Turner abeslariek sufritutako gorputzen eta bizitzaren gaineko kontrola izango dute hizketagai ikuskizun musikatuan.

Performance-ak hainbat musika estilo eta influentzia nahastuko ditu istorioak antzezpenarekin eta doinuekin uztartzeko. Serra, Izarzuaga eta Basaguren musika klasikoan eta modernoetan jardunak dira, eta nazioartean ehundu duten esperientzia luzea ekarriko dute eszenatokira.

Serrak (italiarra jaiotzaz, baina “euskalduna adopzioz”) kantu irakasle eta ahots erreabilitatzaile lanetan dihardu, eta pianoan trebatua ere bada. Piano klasikoa ikasi ondoren, Izazuagak ere jazzean eta musika brasildarrean egin du bidea; gaur gaurkoz, AIAMA bakarlari proiektuan, Ene Bada! duoan eta Aneguria rap abeslariarekin zein Pilar McCarthy-rekin ari da lanean. Basagurenek, berriz, Mexikon eta Kanadan jardun du abeslari, eta duela urte batzuetatik, jazz musikarekin ari da trebatzen.

Kontzentrazioa

Hiru emakumeen ikuskizunaren aurretik, gainera, Kultur Etxearen kanpoaldea bizilagunek erabiliko dute gisa bereko aldarrikapenak egiteko. Azaroaren 25a baliatuz, kontzertuaren aurretik, antolatzaileek kontzentrazioa deitu dute, indarkeria mota guztiak gaitzesteko: manifestu bat irakurri eta minutu bateko isilunea egingo dute, herrian biolentziaren aurkako aldarria zabaltzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak