Sareak

☉ Zaratamo

Bostak eta Laurenak: «Taldearen kritikorik gogorrenak gu geu gara»

|

Pablo Olabarrieta, Jose Garate eta Joseba Ibarra // Geuria

[2022ko urriaren 6an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 089] Bostak eta Laurenak taldeak izen bereko abestian garbi azaltzen du zer diren: “Bost lagun alkar hartuta, musikak harrapatuta. Holan gozatzen dogu-eta, euskal kantak abestuta”. Betidanik musikari lotuta egon diren arren, pandemia garaian piztu zitzaien batera jotzeko nahia, eta pixkanaka, Zaratamon elkartzen hasi ziren —17:15ean, nola ez— entsaiatzeko. Unai Brea gitarra jolea; Josu Zarate eta Edurne Edurne Diez de Ulzurrun abeslariak; baxuan, Jose Garate; soinuan eta teklatuan, Pablo Olabarrieta; eta gitarran zein txistuan, Joseba Ibarra daude. Olabarrieta (Zaratamo, 1955) eta Ibarra (Basauri, 1959) izan ziren proiektuari hasiera eman ziotenak eta batzen hirugarrena izan zen Itoiz taldeko baxu jolea izandako Garate (Ondarroa, 1958). Taldearen prozesuaz jakiteko hitz egin dugu haiekin, eta hiru kideek luze jardun dute musika heziketa formalaren hutsuneez, txikitan jasotako ikasketa autodidaktaz eta euskal musika tradizionalaz zein “gaur egungo” soinuez.

Nola hasi zen Bostak eta Laurenak taldea sortzeko ideia?

Joseba Ibarra: Lehenengo, Pablo eta ni hasi ginen. Bera jubilatuta zegoen eta nik pandemia garai hartan hartu nuen erretiroa. Pablok esan zidan gitarra ikasi nahi zuela (nahiz eta zerbait jotzen bazekien), eta bere etxera, Zaratamora, etortzeko eskatu zidan, klaseak emateko edo. Hortik aurrera, etortzen jarraitu genuen, eta horrela hasi zen dena. Gero nik Foisis-i [Jose Garate] deitu nion, Basaurin bizi delako eta lagunak garelako, eta hura ere batu zen. Guretzako, egia esan, luxua da bera hemen izatea, musikari profesionala delako; bera beste maila batean dago, orain Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere jotzen du, baina beti esaten du gurekin jotzen duenean, ondo pasatzen duela.

Joseba Garate: Noski! Bostak eta Laurenak taldean jotzea musikaren beste mundu bat da, beste arlo bat. Orkestra Sinfonikoarekin jotzea ez da gauza bera: kontrabaxua edo biolina jo dezakezu bertan eta izugarri ona izan, baina gero hona etorri eta dena gaizki egin. Bertan partiturak irakurtzen dira, eta hemen ez.

Pablo Olabarrieta: Joseba eta ni, berriz, ez gara musikari profesionalak, gu San Migelgo Kantuz (edo Kantari) ekimenetik gatoz. Duela 10 urte edo gehiago hasitako ekimena da. Euskal kantak kantatzeko batzen gara hainbat herritan: hilean behin San Migulen antolatzen dugu, Galdakaon hasi zen geroago… Bertan geundela beti esaten genuen polita izango litzatekeela taldetxo batean kantatzea biok, eta pandemiarekin etorri zen hori: bakoitzak bere aldetik eta norbere etxean grabatu zuen Benito Lertxundiren Orbaizetako arma olaren abestia eta gero, lagun batek bideoan batu zituen denonak. Hortik sortu zen dena.

Euskal kanta tradizionalak jotzen dituzue. Nola aukeratu eta prestatzen dituzue?

J.I.: Errepertorio osoa sarean daukagu, [Google] Drive orri batean. Zerrenda bat daukagu, 54 kanta baino gehiagorekin, eta hortik pixkana goaz denak entsaiatzen: 50 edo dauzkagu prestatuta orain, instrumentu guztiekin. Lehenengo erreferentzia bilatzen dugu YouTuben, eta gero gure modura moldatzen dugu: zati instrumentala prestatu eta partitura ateratzen dugu.
P.O.: Partituren maisua, hemen, Joseba da: guk gure ekarpenak egiten ditugu, moldaketatxoak, eta gero, negoziatu egiten dugu. Azkenean, 50 kanta horiek oso landuta dauzkagunak dira, inprobistau ditzakegun arren, jende aurrean jotzeko gehiago prestatu behar baitira. Sei kanta entsaiatzeko, agian, 6-7 ordu behar izaten ditugu.

7 orduz jarraian egoten zarete Zaratamon entsaiatzen?

J.I.: Bai. Goizaldeko ordu batean ere hemen egoten gara. Hori bai, beti hasten gara bostak eta laurdenetan, gure kantan esaten dugun bezala.

(Ezkerretik eskuinera) Pablo Olabarrieta, Unai Brea, Joseba Zarate eta Jose Garate // Bostak eta laurenak

Bostak eta Laurenak kanta Oskorriren erritmoarekin egindako jota da, baina letra zuek jarri diozue.

P.O.: Kanta horrek azaltzen du, azken batean, gu zer garen: “Bost lagun alkar hartuta, musikak harrapatuta. Holan gozatzen dogu-ta, euskal kantak abestuta. Zaatamon alkartzen gara, kantu, soinu ta algara. Gaur gabiz aldrebestara, ardao apur bat atara!”. Hori da dure kanta; eta hori da gu garena: musikak batutako lagunak. Ez daukagu pretentsio handirik, ondo pasatzen dugu entsaiatzen, eta kontzertuak badatoz, gehigarri bat izan ohi dira, gehiago praktikatzera bultzatzen gaituztenak.

J.G.: Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik. Eta guk ere berdin egiten dugu. Zortea da entsaiatzen dugunean ondo pasatzen dugula, eta jendeak entzuten gaituenean ere hori da nahi izaten duguna: guk egiten dugun bezala, haiek ere musikaz gozatzea.

Musika ondo pasatzeko egiten duzuela diozue, “pretentsio handirik gabe”. Zu, Jose Garate, musikari profesionala zara, ikasketak dituzu, Itozko baxu jolea izan zara, Orkestra Sinfonikoan jotzen duzu… Baina besteok, nola ikasi duzue musika?

J.I.: Ni, berez, txistularia naiz. 10 urterekin hasi nintzen, aita herriko txistularia zelako. Baina organoa eta gitarra ere ikasi nituen: guztia modu autodidaktan, nahiz eta solfeo ikasketak egin ditudan.

P.O.: Josebak nik baino askoz prestaketa gehiago dauka. Nik musikaz ez dakit ia ezer. Konposizioak eta partiturak egin izan ditut, baina gero, ez daukat irakurtzeko batere erraztasunik. Txistua jotzeko, atzamarrak nola jartzen diren irakatsi zidaten, eta gero, soinua eta organoa modu autodidaktan ikasi nituen jotzen; azken hau, elizan. Herriko abadeak solfeo pixka bat ere irakatsi zidan, baina momentu batetik aurrera esan zidan ezin zidala gehiago lagundu eta nahi banuen, hor neukala organoa, jotzeko. Ordutik aurrera, lagunak etortzen ziren ni jotzen ikustera, eta adarra jotzen zidaten: tabernetako disko-jogailuetan bezala, dirua sartzen zutela esaten zidaten, eta orduan haientzako jo behar nuela.

J.I.: Esango nuke Pablok ikasketa musikalik ez, baina instintu musikal handia daukala. Badago jendea musika eskoletan eta kontserbatorietan ikasi duena eta kanta bat bat-batean jotzeko eskatzen diozunean, ez dela kapaza partiturarik gabe.

Teknika daukate, baina senik ez?

P.O.: Ez zaie irakasten inprobisatzen; agian, irakaskuntza sistemaren ahultasuna izan daiteke hori. Nik uste dut zerbait falta dela hor, teknika asko irakasten dela, baina ez bakoitzak barnean duena nola atera. Automata musikal bihurtzen dira, ezagutza asko dauzkatelako, baina dena oso mekaniko egitera ohituta daudelako.

J.G.: Kontserbatorietan irakurtzen ikasten da: solfeoa eta instrumentua nola jo. Orduan, beti zaude ohituta musika irakurtzera eta ez zure sormena kanporatzera. Baina egia da norberak barruan daukan musika ateratzeko ez dagoela eskolara joan beharrik, musika buruan daukazulako. Eta gure taldean instintu handiena daukana, buru musikalena daukana, Pablo da. Jaiotzez dakarren zerbait da. Falta zaiona, zera da…

J.I.: Kontserbatorioa! (barre). Baina, kontserbatorioa, zertarako? Gu elkarren artean osatzen gara.

Egun, orduan, zein izango litzateke musika eskolarik onena?

J.G: Elizako korua. Harmonia klasikoak jotzen dira bertan, eta 8, 9 edo 10 urteko umeentzako onena izango litzateke belarria hezteko, organoaren laguntzarekin. Instrumentua entzutea eta gero, abestea, gaur egun, gazteek ez baitute abesten; agian, reggaeton kanten esaldi batzuk.

J.I.: Baina ez dute abesten ez dutelako tonua kontrolatzen! Lagun batek esan zidan behin: “Zuk uste duzu Arkimedesen printzipioaren arabera zure gorputzaren pisuak desplazatzen duen ur kantitatea zein den jakinda, igeri egiten badakizula?”. Ez. Igeri egiten ikasteko, uretara salto egin behar duzu, eta musikan, berdin. Musika ikasteko, jo egin behar da. Beraz, gazteek ere praktikatu egin behar dute.

Pablo Olabarrieta eta Unai Brea Edurne Edurne Diez de Ulzurrunekin // Bostak eta laurenak

Gazteak musikara benetan erakartzeko, abesti “modernoagoak” jo beharko zenituzkete?

P.O.: Ni musika “berriarekin” ez naiz identifikatuta sentitzen. Gurea beste estilo bat da… Klasikoagoa. Denok ditugu 60 urtetik gora, eta jotzen dugun musika gu bezalako jendearentzako da, gure garaiko musika entzun nahi dutenentzako. Gure estiloa ez da “gaur egungo musika”.

J.I.: Lehenengo, halere, definitu egin beharko litzateke zer den “gaur egungo musika”, panorama edo abanikoa asko zabaldu baita. Garai batean, oso melodia eklesiastikoak egiten ziren, eta gero, euskarazko kanta tradizionalak, Xabier Leterenak, Mikel Laboarenak… Baina oraingo gazteek denetarik daukate eskura.

P.O.: En Tol Sarmiento (ETS), adibidez, gaur egungo musika da, oraingo talde batena, baina musika guk ulertzen dugun moduan egiten dutela esango nuke. Zurekin batera kanta, esaterako, duela 40 urte Letek edo garai hartako norbaitek egin izan balu, antzekoa izango litzateke.

J.I.: Kanta oso lasaia da. Euskal musika tradizionalak bezala, badakizu zer daukan? Melodia asko, erritmoa baino gehiago. Orokorrean, kanta goxoak dira, eta gazteentzako, agian, motelegiak.

J.G.: Gaur egun, herriko jaietan ez da berbenarik entzuten, DJ bat egoten da beti, pertsona bakar bat, eta Josebak esan duen bezala, horiek jotzen dutena ere erritmoa da, denbora osoan, baina ez melodia.

Bestalde, nik esango nuke panorama aldaketa estilo musikal ezberdinen nahasketatik ere badatorrela. Frantzia erditik behera (Hego Amerikan bezala), kultura hispanikoa dago musikan: guk olatuak egiten ditugu, notak ligatu, salto gutxirekin. Frantziatik gora, berriz, estilo anglosaxoia daukate, eta Afrikatik egiten den bezala, gu ohituta ez gauden musika interbaloak erabiltzen dituzte: soinuen artean salto handiak daude. Gaur egun, bi kultura horiek nahastu dira.

Jose Garate // Bostak eta laurenak

Eta zuek estilo klasikoena mantenduko duzue. Noiz eskainiko duzue hurrengo kontzertua (aurtengo Arkotxako eta Mugiako emanaldien ondoren)?

P.O.: Abenduaren 17an, Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean, 19:00etan. Gero, zehazteko dago, baina Leioan ere joko dugu, urtarrilaren 15ean, eta Zaratamon jotzeko ere esan digute, Gabonetan. Baina ikusiko dugu nola doan kontua. Ez daukagu jotzeko presarik.

J.G.: Ez gara 17-20 urteko gazteak, disko bat grabatu nahi dutenak eta jo ahal izateko herri guztietatik mugitzen ari direnak. Guk ez dugu albumik grabatuko, eta ez gara kontzertuetatik bizi. Gazteek inozentzia, lotsagabekeria eta indarra daukate, eta nahiz eta gaizki jo, ez dira konturatzen, edo berdin zaie. Bidean hartzen dute maila musikala. Guk ere horrela egiten genuen gaztetan. Baina, orain? Ezin gara jendearen aurrean barregarri gelditu. Jendeak esango luke: “60 urte eta ez dakite nota bat batera jotzen”. Gazteei onartu egiten diezu gauzak halamoduz egitea, baina guk ondo jo behar dugu.

P.O.: Taldearen kritikorik gogorrenak gu geu gara. Taldean sentitu behar gara gustora egindako lanarekin.

☉ Zaratamo

Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira

Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

|

San Bizenti eguneko irudia, 2020an // Geuria

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.

Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.

Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan

Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

|

Jokin, Izai eta Ibon, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria

Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

|

Udaletxea, tabernako terrazatik // Geuria

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.

“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Kritikak, oposiziotik

Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.

“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.

Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur

Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

|

zaratamo arkotxa errege magoak 2018 0
Gaspar, umeekin, Arkotxako frontoian, 2018an // Geuria

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.

Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.

Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.

2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026

Urtarrilak 5, astelehena

17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gabon zaharreko kontzertua antolatu dute Zaratamoko San Lorentzo elizan

Hitzordua abenduaren 28an ezarri dute, 12:00etan, Elexaldeko San Lorentzon

|

Partitura bat // David Beale, Unsplash

Elexalde auzoko San Lorentzo elizak Gabon Zaharreko Kontzertua hartuko du beste urte batez abenduaren 28an.

Bertan, Zarakantu Kantua, Musika eta Lagunarteak, Zaratamoko kantuzaleek, Arambarri AkordeON! taldeak, Saranbada laukoteak, Presaganako txistulariek eta lagunek hartuko dute parte, Jose R. Llagunoren zuzendaritzapean.

Hitzordua 12:00etan prestatu dute Elexaldeko tenpluan.

Osorik irakurri