Sareak

☉ Zaratamo

Jose Garate (Bostak eta Laurenak): «Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik»

Batzuek solfeoa ikasi dute eta beste batzuk autodidaktak dira, baina guztiek daukate musika barnean. Pablo Olabarrieta, Jose Garate eta Joseba Ibarra Bostak eta Laurenak taldeko kideetako hiru dira, eta euskal kantak jotzen trebatuta daude

|

Betiko musika

Bostak eta Laurenak taldeak izen bereko abestian garbi azaltzen du zer diren: “Bost lagun alkar hartuta, musikak harrapatuta. Holan gozatzen dogu-ta, euskal kantak abestuta”. Betidanik musikari lotuta egon diren arren, pandemia garaian piztu zitzaien batera jotzeko nahia, eta pixkanaka, Zaratamon elkartzen hasi ziren —17:15ean, nola ez— entseatzeko. Unai Brea gitarra-jotzailea; Josu Zarate eta Edurne Diez de Ultzurrun abeslariak; baxuan, Jose Garate; soinuan eta teklatuan, Pablo Olabarrieta; eta gitarran zein txistuan, Joseba Ibarra daude. Olabarrieta (Zaratamo, 1955) eta Ibarra (Basauri, 1959) izan ziren proiektuari hasiera eman ziotenak eta batzen hirugarrena izan zen Itoiz taldeko baxu jolea izandako Garate (Ondarroa, 1958). Taldearen sortze prozesuaz jakiteko hitz egin dugu haiekin, eta hiru kideek luze jardun dute musika heziketa formalaren hutsuneez, txikitan jasotako ikasketa autodidaktaz eta euskal musika tradizionalaz zein “gaur egungo” soinuez.

Nola izan zen Bostak eta Laurenak taldea sortzeko ideia?
Joseba Ibarra: Pablo eta ni hasi ginen. Bera jubilatuta zegoen eta nik pandemia garai hartan hartu nuen erretiroa. Pablok esan zidan gitarra ikasi nahi zuela (nahiz eta zerbait jotzen bazekien), eta bere etxera, Zaratamora, etortzeko eskatu zidan, klaseak emateko edo. Hortik aurrera, etortzen jarraitu genuen, eta horrela hasi zen dena. Gero nik Foisis-i [Jose Garate] deitu nion, Basaurin bizi delako eta lagunak garelako, eta hura ere batu zen. Guretzat, egia esan, luxua da bera hemen izatea, musikari profesionala delako; bera beste maila batean dago, orain Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere jotzen du, baina beti esaten du gurekin jotzen duenean ondo pasatzen duela.

Jose Garate: Noski! Bostak eta Laurenak taldean jotzea musikaren beste mundu bat da, beste arlo bat. Orkestra Sinfonikoarekin jotzea ez da gauza bera: kontrabaxua edo biolina jo dezakezu bertan eta izugarri ona izan, baina gero hona etorri eta dena gaizki egin. Bertan partiturak irakurtzen dira, eta hemen ez.

Pablo Olabarrieta: Joseba eta ni, berriz, ez gara musikari profesionalak, gu San Migeleko Kantuz (edo Kantari) ekimenetik gatoz. Duela 10 urte edo gehiago hasitako ekimena da. Euskal kantak kantatzeko batzen gara hainbat herritan: hilean behin San Migelen antolatzen dugu, Galdakaon hasi zen geroago… Bertan geundela beti esaten genuen polita izango litzatekeela taldetxo batean kantatzea, eta pandemiarekin etorri zen hori: bakoitzak bere aldetik eta norbere etxean grabatu zuen Benito Lertxundiren Orbaizetako arma ola-ren abestia eta gero, lagun batek bideoan batu zituen denonak. Hortik sortu zen dena.

Euskal kanta tradizionalak jotzen dituzue. Nola aukeratu eta prestatzen dituzue?
J.I.: Errepertorio osoa sarean daukagu, [Google] Drive orri batean. Zerrenda bat daukagu, 54 kanta baino gehiagorekin, eta hortik pixkana goaz denak entseatzen: 50 edo dauzkagu prestatuta orain, instrumentu guztiekin. Lehenengo erreferentzia bilatzen dugu YouTuben, eta gero gure modura moldatzen dugu: zati instrumentala prestatu eta partitura ateratzen dugu.

P.O.: Partituren maisua, hemen, Joseba da: guk gure ekarpenak egiten ditugu, moldaketatxoak, eta gero, negoziatu egiten dugu. Azkenean, 50 kanta horiek oso landuta dauzkagunak dira, inprobisatu ditzakegun arren, jende aurrean jotzeko gehiago prestatu behar baitira. Sei kanta entseatzeko, agian, 6-7 ordu behar izaten ditugu.

Zazpi orduz jarraian egoten zarete Zaratamon entseatzen?
J.I.: Bai. Goizaldeko ordu batean ere hemen egoten gara. Hori bai, beti hasten gara bostak eta laurdenetan, gure kantan esaten dugun bezala.

(Ezkerretik eskuinera) Pablo Olabarrieta, Unai Brea, Joseba Zarate eta Jose Garate // Bostak eta Laurenak

Bostak eta Laurenak kanta Oskorriren erritmoarekin egindako jota da, baina letra zuek jarri diozue.
P.O.: Kanta horrek azaltzen du, azken batean, gu zer garen: “Bost lagun alkar hartuta, musikak harrapatuta. Holan gozatzen dogu-ta, euskal kantak abestuta. Zaratamon alkartzen gara, kantu, soinu ta algara. Gaur gabiz aldrebestara, ardao apur bat atara!”. Hori da gure kanta; eta hori da gu garena: musikak batutako lagunak. Ez daukagu pretentsio handirik, ondo pasatzen dugu entseatzen, eta kontzertuak badatoz, gehigarri bat izan ohi dira, gehiago praktikatzera bultzatzen gaituztenak.

J.G.: Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik. Eta guk ere berdin egiten dugu. Zortea da entseatzen dugunean ondo pasatzen dugula, eta jendeak entzuten gaituenean ere hori da nahi izaten duguna: guk egiten dugun bezala, haiek ere musikaz gozatzea.

Musika ondo pasatzeko egiten duzuela diozue, “pretentsio handirik gabe”. Zu, Jose Garate, musikari profesionala zara, ikasketak dituzu, Itoiz taldeko baxu-jotzailea izan zara, Orkestra Sinfonikoan jotzen duzu. Baina besteok, nola ikasi duzue musika?
J.I.: Ni, berez, txistularia naiz. 10 urterekin hasi nintzen, aita herriko txistularia zelako. Baina organoa eta gitarra ere ikasi nituen: guztia modu autodidaktan, nahiz eta solfeo ikasketak egin ditudan.

P.O.: Josebak nik baino askoz prestaketa gehiago dauka. Nik musikaz ez dakit ia ezer. Konposizioak eta partiturak egin izan ditut, baina gero, ez daukat irakurtzeko batere erraztasunik. Txistua jotzen txikitan ikasi nuen, abadeek sortutako Arrigorriagako Lagun Artean taldean, eta gero, soinua eta organoa modu autodidaktan ikasi nituen jotzen; azken hau, elizan. Herriko abadeak solfeo pixka bat ere irakatsi zidan, baina momentu batetik aurrera esan zidan ezin zidala gehiago lagundu, eta nahi banuen, hor neukala organoa, jotzeko. Ordutik aurrera, lagunak etortzen ziren ni jotzen ikustera, eta adarra jotzen zidaten: tabernetako disko-jogailuetan bezala, dirua sartzen zutela esaten zidaten, eta orduan, haientzako jo
behar nuela.

J.I.: Esango nuke Pablok ikasketa musikalik ez, baina instintu musikal handia daukala. Badago jendea musika eskoletan eta kontserbatorioetan ikasi duena eta kanta bat bat-batean jotzeko eskatzen diozunean, gai ez dena partiturarik ez badu.

Teknika daukate, baina senik ez?
P.O.: Ez zaie irakasten inprobisatzen; agian, irakaskuntza sistemaren ahultasuna izan daiteke hori. Nik uste dut zerbait falta dela hor, teknika asko irakasten dela, baina ez bakoitzak barnean duena nola atera. Automata musikal bihurtzen dira, ezagutza asko dauzkatelako, baina dena oso mekaniko egitera ohituta daudelako.

J.G.: Kontserbatorioetan irakurtzen ikasten da: solfeoa eta instrumentua nola jo. Orduan, beti zaude ohituta musika irakurtzera eta ez zure sormena kanporatzera. Baina egia da norberak barruan daukan musika ateratzeko ez dagoela eskolara joan beharrik, musika buruan daukazulako. Eta gure taldean instintu handiena daukana, buru musikalena daukana, Pablo da. Jaiotzez dakarren zerbait da. Falta zaiona, zera da…

J.I.: Kontserbatorioa! Baina, kontserbatorioa, zertarako? Gu elkarren artean osatzen gara.

Egun, orduan, zein izango litzateke musika eskolarik onena?
J.G: Elizako korua. Harmonia klasikoak jotzen dira bertan, eta 8, 9 edo 10 urteko umeentzako onena izango litzateke belarria hezteko, organoaren laguntzarekin. Instrumentua entzutea eta gero, abestea, gaur egun, gazteek ez baitute abesten; agian, reggaeton kanten esaldi batzuk.

J.I.: Baina ez dute abesten ez dutelako tonua kontrolatzen! Lagun batek esan zidan behin: “Zuk uste duzu Arkimedesen printzipioaren arabera zure gorputzaren pisuak desplazatzen duen ur kantitatea zein den jakinda, igeri egiten badakizula?”. Ez. Igeri egiten ikasteko, uretara salto egin behar duzu, eta musikan, berdin. Musika ikasteko, jo egin behar da. Beraz, gazteek ere praktikatu egin behar dute.

Pablo Olabarrieta Unai Brea eta Edurne Edurne Diez de Ultzurrunekin // Bostak eta Laurenak

Gazteak musikara benetan erakartzeko, abesti “modernoagoak” jo beharko zenituzkete?
P.O.: Ni musika “berriarekin” ez naiz identifikatuta sentitzen. Gurea beste estilo bat da. Klasikoagoa. Denok ditugu 60 urtetik gora, eta jotzen dugun musika gu bezalako jendearentzako da, gure garaiko musika entzun nahi dutenentzako. Gure estiloa ez da “gaur egungo musika”.

J.I.: Lehenengo, halere, definitu egin beharko litzateke zer den “gaur egungo musika”, panorama edo abanikoa asko zabaldu baita. Garai batean, oso melodia eklesiastikoak egiten ziren, eta gero, euskarazko kanta tradizionalak, Xabier Leterenak, Mikel Laboarenak… Baina oraingo gazteek denetarik daukate eskura.

P.O.: En Tol Sarmiento (ETS), adibidez, gaur egungo musika da, oraingo talde batena, baina musika guk ulertzen dugun moduan egiten dutela esango nuke. Zurekin batera kanta, esaterako, duela 40 urte Letek edo garai hartako norbaitek egin izan balu, antzekoa izango litzateke.

J.I.: Kanta oso lasaia da. Euskal musika tradizionalak bezala, badakizu zer daukan? Melodia asko, erritmoa baino gehiago. Orokorrean, kanta goxoak dira, eta gazteentzako, agian, motelegiak.

J.G.: Gaur egun, herriko jaietan ez da berbenarik entzuten, DJ bat egoten da beti, pertsona bakar bat, eta Josebak esan duen bezala, horiek jotzen dutena ere erritmoa da, denbora osoan, baina ez melodia.

Bestalde, nik esango nuke panorama aldaketa estilo musikal ezberdinen nahasketatik ere badatorrela. Frantzia erditik behera (Hego Amerikan bezala), kultura hispanikoa dago musikan: guk olatuak egiten ditugu, notak ligatu, salto gutxirekin. Frantziatik gora, berriz, estilo anglosaxoia daukate, eta Afrikatik egiten den bezala, gu ohituta ez gauden musika interbaloak erabiltzen dituzte: soinuen artean salto handiak daude. Gaur egun, bi kultura horiek nahastu dira.

Jose Garate // Bostak eta Laurenak

Eta zuek estilo klasikoena mantenduko duzue. Noiz eskainiko duzue hurrengo kontzertua (aurtengo Arkotxako eta Mugiako emanaldien ondoren)?
P.O.: Abenduaren 17an, Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean, 19:00etan. Gero, zehazteko dago, baina Leioan ere joko dugu, urtarrilaren 15ean, eta Zaratamon jotzeko ere esan digute, Gabonetan. Baina ikusiko dugu nola doan kontua. Ez daukagu jotzeko presarik.

J.G.: Ez gara 17-20 urteko gazteak, disko bat grabatu nahi dutenak eta jo ahal izateko herri guztietatik mugitzen ari direnak. Guk ez dugu albumik grabatuko, eta ez gara kontzertuetatik bizi. Gazteek inozentzia, lotsagabekeria eta indarra daukate, eta nahiz eta gaizki jo, ez dira konturatzen, edo berdin zaie. Bidean hartzen dute maila musikala. Guk ere horrela egiten genuen gaztetan. Baina, orain? Ezin gara jendearen aurrean barregarri gelditu. Jendeak esango luke: “60 urte eta ez dakite nota bat batera jotzen”. Gazteei onartu egiten diezu gauzak halamoduz egitea, baina guk ondo jo behar dugu.

P.O.: Taldearen kritikorik gogorrenak gu geu gara. Taldean sentitu behar gara gustora egindako lanarekin.

☉ Zaratamo

Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

|

Eskainiko dituzten jardueren artean aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko tailerra dago // Sollange Brenis, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.

Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.

Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.

Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.

Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

|

Sorgin bat, Arrigorriagako Gau Beltzan // Geuria

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.

Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, barikua

18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak

Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

|

Goiz eta arratsalderako egitaraua prestatu dute Mila Koloredun jaian // Geuria

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.

Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.

Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.

Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da

Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

|

Loraldia Plazaren aurkezpena // Geuria

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.

Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.

Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.

Basaurin hautsi zen anphora

2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsita­tean nenbilenean Bilbon, Pozokoe­txeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitate­ko ikasketak egiten ni­tuen bitartean. Lagun batekin batera irakas­ten nuen euskara gure kabuz, inolako erakun­deren parte izan gabe”.

Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indar­tsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.

Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Ber­nardo Atxaga Bilbora bizitzera eto­rri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musika­tu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez niz­kion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoe­txeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.

Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.

Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.

‘Alkolea’, Txabiri tabernan

Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.

1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.

Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.

Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.

Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez

1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

|

Kutxazain bat // Eduardo Soares, Unsplash

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.

Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.

Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.

“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.

Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.

Osorik irakurri