☉ Zaratamo
Edu Chaparro: «Ez diot inolako beldurrik Alboko Esklerosi Amiotrofikoari; nik ez dut aukeratu»
Urriaren 21ean AEAren ikerketaren aldeko jai-solidarioa prestatu diete Los Visitadores Zaratamoko moto elkarteko lagunek Arkotxan

Edu Chaparro Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) aurkako guda borrokatzen ari da, joan den otsailean gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik. Okina ogibidez, motorzalea bihotzez, AEAk bizitza hankaz gora jarri zion, baina lehen momentutik gogor eutsi dio borrokari Arrigorriagako Lonbo auzoan bizi den zaratamarrak. Urriaren 21ean AEAren ikerketaren aldeko jai-solidarioa prestatu diete Los Visitadores Zaratamoko moto elkarteko lagunek Arkotxan, eta aitzakia horri helduta motozale ohiaren etxean izan gara, bere bizitzaz berba egiteko.

Edu, etxean duen motor bati begira Edu / Geuria
Nola hasi zen dana, Edu? iazko maiatzean ahultasuna sumatzen hasi nintzen hanketan. Eskumakoak gauza arraroak egiten zituen ibiltzen nintzenean. Medikura joatea erabaki nuen eta analitika bat egin zidaten. Dena ondo zegoela esan zidaten, baina bizkarrean erresonantzia bat egingo zidatela, badaezpada. Protusio bat omen nuen eta traumatologora joateko esan zidaten.
Denbora kontua, beraz. Osasun zerbitzu publikoko traumatologoak sei hilabete behar izan zituen ni artatzeko. Denbora tarte horretan, irregulartasun gehiago nabaritzen hasi nintzen eta faxizazioak izan nituen beso eta hanketan (giharretan azalaren bidez ikus daitekeen kontrakzio arritmikoa eta ikusgarri partzelarrak). Hori dela eta medikuarenera joan nintzen berriro eta bigarren bisita honetan benetan harritu egin zen. Beraz, buruko erresonantzia egiteko hitzordua eman zidan. Neurologora joan nintzen eta emaitzak onak zirela esan zidaten. Hala ere, neurologoak elektromiograma bat egiteko esan zidan eta erantzunak, berriro ere, ez ziren negatiboak izan. Hori bai, eskumako hankan atrofia apur bat nuela atzeman zuten. Bigarren balorazio baten bila hasi ginen, baina 2022ko abenduan oreka galtzen hasi nintzen eta behin baino gehiagotan lurrera jausten hasi nintzen.
Horrek eragina izango zuen zure bizitzako hainbat esparrutan. Lana egiteari utzi nion, eta erabat urduri ospitalera joan nintzen. Hainbat analitika egin ostean Alboko Esklerosi Amiotrofikoa izan zitekela esan zidaten medikuek (AEA). Zalantzak baztertzeko beste hiru froga egingo zizkidatela esan zidaten ospitalean, eta beste erresonantzia bi eta tumoreen proba bat egin zidaten. Emaitzak onak izan ziren, beraz aukera bakarra AEA zen. Horiek horrela, Basurtuko ospitaleko AEA unitatera eraman ninduten. Aurtengo otsailaren 21ean diagnostikatu didate AEA.
“Familiaren laguntza izugarria izan da lehen momentutik. Nire kasuan emazteak, alabak eta semeak jasaten ari dira gaixotasunaren pisu nagusia”
Nola egin zenion aurre bizitza zeharo aldatuko dizun egoera honi, Edu? Esan zidatenean ezin nuen sinetsi. Oso urduri jarri nintzen, antsietateak jota. Lur jota geratu nintzen. Egia esateko, une hartan ez nekien zehatz mehatz nolako gaixotasuna zen. Banekien Juan Carlos Unzué Sevillako atezainak pairatzen zuela, baina ezer gutxi gehiago. Momentu horretara arte ez nuen gaixotasunaren inguruko bilaketarik egin interneten ere. Luis Varona Franco, Basurtuko AEA unitateko ESIko neurologoa eta Biocruces Bizkaia erakundeko ikertzaileak azaldu zidan gaixotasun neurodegeneratiboa zela AEA: sendakuntzarik gabekoa, baina gaixotasuna nolabait luzatzeko aukera zegoela. Medizina jakin bat hartzeaz gainera, hiru hilabetero Basurtuko AEAko unitatera joan behar naiz. Bertan fisioa, dietista eta arnasketan espezializatutako medikuekin, neurologoarekin eta psikologoarekin saioak ditut. Askotariko probak egiten dizkidate froga horietan eta behar ditudan bitamina jakin batzuk eta pilula jakin batzuk ematen dizkidate, bizkarreko mina arintzen dituzten batzuk, besteak beste. Gaixotasuna diagnostikatu baino lehen nuen gaitza da bizkarrean daukadana, baina AEAk egoera okertu du. Nahiz eta hankak gaizki eduki, duela bi hilabete arte nahiko ondo neukan bizkarra, baina era nabarmenean okerrera egin du, zoritxarrez. Gainera, gaixotasunak aurrera egin ahala nire mugimenduak mugatu ditu: besoekin dutxatzeko eta arropa aldatzeko gai nintzen duela gutxi arte, baina orain laguntza behar dut: altxatu behar naute, nire kabuz ibil naiteke, baina distantzia txikiak eginez betiere… Gaixotasunaren ezaugarriak dira. Nire kasuan, AEA espinala da: beste hitz batzuetan: beso eta hankei eragiten dio.
Neurririk hartu al duzu AEA zeneukala jakitean? Bilboko ADELA elkartean izena eman nuen. Bertan 98 gaixo gaude. 100 euro ordaintzen ditu paziente bakoitzak eta horren truke fisioterapeutaren lau saio, talde hitzaldiak eta psikologia saioak ditugu, besteak beste. Eramangarriagoa da horrela. Astelehen eta asteazkenean logopedara joaten hasi naiz eta astearte eta ostegunetan, fisiora.

Edu, Los Visitadoreseko kideekin (eskuman) // Geuria
Zelan sentitzen zara orain? Momentu honetan nahiko ondo nago. Burua bere lekuan daukat, eta hori lortzeko lan handia egin behar dut. Hasiera batean botikak agindu zizkidaten, baina ez naiz horren aldekoa. Gaixotasunak eragiten duen putzutik irteteko AEAren ikusgarritasunaren gudan murgildu naiz: dirua biltzeko eta gaixotasunaren ikerketara bultzatzeko jardueratan etab. Bestalde, asteburuetan lagun motozaleek irteerak egitera ateratzen naute.
Egia da, gaixotasuna diagnostikatu baino lehen bizitza oso aktiboa zeneukan eta Zaratamoko Los Visitadoreseko motozaleak bertan izan dituzu lehen momentutik. 150 kilo baino gehiagoko moto bat gidatzeak koordinazio handia izatea eskatzen du. Gehien kostatu zaidana motorra saltzea izan da. Dena dela, motorra ezagun bati saldu diot eta karneta aterako duela zin egin dit, Zaratamoko Los Visitadores taldeak datorren urriaren 21ean Arkotxan antolatu duten jai solidarioan izateko. Lehen moto-topaketa guztietara joan ohi nintzen eta motorraren mundua zoragarria da. Pribilegiatua naizela aitortzen dut: jende asko ezagutu dut mundu honetan eta diru-bilketak antolatu dituzte ni laguntzeko. Ikaragarria da. Duela aste batzuk motozaleen topaketa antolatu zuten Arratian eta ekitaldian bildutako diru guztia nire gaixotasunari aurre egiteko bideratu dute. Gaixotasun bera duten askok ezin dezakete horrelakorik esan, zoritxarrez.

Edu, emaztearekin etxean // Geuria
AEAk pazientearengan eragina du, baina baita ingurukoengan ere. Nolako eragina izan du zure gaixotasunak gehien maite dituzun horiengan? Azken batean alboko kalteak jasaten dituztenak izan ohi dira. Hala da. Familiaren laguntza izugarria izan da lehen momentutik. Nire kasuan emazteak, alabak eta semeak jasaten ari dira gaixotasunaren pisu nagusia. 26 urteko alaba bat daukat eta 22 urteko seme bat. Alaba, emaztea bezala, alboan izan dut gaixotasunaren berri izan nuen lehen momentutik eta gidatzeari utzi diodanez, beraiek eramaten naute autoan. Semeak, bestalde, denbora gutxiago ematen du etxean, agian sufrimendua beste modu batean pairatzen duelako. Moto elkarteko lagunak ere familia bezalakoak dira eta esan bezala, gertu izan ditut hasieratik, laguntzeko prest. Senideak zein lagunak nire narriaduraren lekuko izaten ari dira eta hain konplexua den arazo honen aurrean bertan egotea asko baloratzen dut.
Nolako iritzia diozu Osakidetzaren jokabideari AEA zeneukala jakin zenuenetik? Diagnostikoak egiteari dagokionez, esan beharrekoa da prozesua azkar egin zutela. Baina gaixotasuna detektatu bezain pronto, pazienteak inbertsioei egin behar die aurre: aulki bat, ohe artikulatu bat, egoerak okerrera egin ahala etxea gaixoaren beharrei egokitu behar zaie… Egia da Osakidetzak zenbatekoaren zati bat ordaintzen duela: esaterako, nire aulkiaren prezioa 5.200 eurokoa izan da. Osakidetzak 3.200 euro ordainduko ditu zenbateko horretatik, baina gaixoak (edo bere familiak) dirua aurreratu behar du. Nik duela hilabete bi erosi nuen aulkia, eta Osakidetzak ez du berari dagokion zatia ordaindu: lauzpabost hilabete igaro behar dira ordainketa hori egiteko. Aulkirako eserleku bat erosi behar da ere eta prezioa 800 eurokoa da. Horri guztiari norberaren egoera gehitu behar zaio: nire kasuan soldata osotik 400 euro gutxiago ordaintzen didate hilabetero. Familia askorentzat onartezina da hori. Dirudunentzako gaixotasuna da AEA. Diruak ez gaitu sendatuko, baina bizitza kalitatea bermatuko du, ahal den heinean.

Edu // Geuria
Egin beharreko inbertsio garrantzitsu horien artean etxearen moldaketa aipatu duzu. Laster lanak egin beharko ditugu etxean bainugela moldatzeko. Gaur egun ezin naiz nire kabuz dutxatu. Askotan hiltzean pentsatzen dute gaixo askok, familia ez hipotekatzearren. Eta dirurik ez badago, zein da hartu beharreko erabakia? etxean geratu bertan hiltzeko? Hau guztia gertatzen den bitartean denborak aurrera egiten du, eta denbora guretzat urrea bezain preziatua da. Benetan tristea da egoera.
Eta Osakidetzarekin jarraituz, zeintzuk dira jarraitu behar dituzun pausuak hemendik aurrera? Prozesua faseka doa. Momentuz, hiru hilabetero Basurtuko saio horiek ditut. Hanka eta besoen fase horretan murgilduta nago. Aurrerago, irensteko arazoak etorriko direnean elikatzeko bideak [vía, para dar de comer] jarri behar dituzte, aurrerago, arnas egiteko arnasgailu bat erabiltzen dituzte pazienteengan… AEAk ez du eragin berbera pertsona guztiongan: batzuengan arin igarotzen da gaixotasuna, beste batzuengan astiro-astiro… ziurgabetasun handia dago. Ez dakigu zer gertatuko zaigun. Niri esan didate ez doala ez arin, ez astiro.
Bestalde, benetan zaila da detektatzea. Niri zortzi hilabetetan detektatu zidaten gaixotasuna, baina badago bi urtez probak egin ostean detektatutako kasuak ere. Sintomak ere ez dira beti berdinak: ni hankako irregulartasun horregatik konturatu nitzen, baina badago ahotseko edo ikusmeneko anomaliengatik konturatu direnak, adibidez. Nik, esaterako, hitz batzuk ahozkatzeko arazoak izan ditut azken boladan. Horregatik esan dut logopedarengana noala. Norberak borrokatu behar duen gerra da AEA.
Eta zer esan behar du Gobernuak egoera honen aurrean? Gobernuak EAEren legeari argi berdea eman beharko lioke. Duela lau urte onartu zuten baina gaur egun, pandemiaz geroztik, prozesua izoztuta dago kongresuan 18 hilabetez geroztik. Lege horren arabera, EAEko gaixoek burutu behar dituzten tramite guztiak desagertuko lirateke: gaixotasuna diagnostikatzen den lehen momentutik baliabide guztiak eskura ipiniko lizkieke pazientei, bizitza-kalitatea bermatzeko.
Lehen gaixotasunaren ikusgaitasunaz aritu zara. Egia da AEAk oiartzun izugarria izan duela azken urteetan. Nire ustez, gero eta kasu gehiago daude. Estatistikek diote Espainian AEAren 4.000 kasu daudela (populazioaren % 1), baina nire iritziz kopuru hori ez da guztiz benetazkoa; gaixotasuna pairatzen duten hiru pertsona sartzen dira egunero ospitalean eta beste hiru hil egiten dira aldi berean. Jendeak sekretupean mantentzen zuen gaia zen AEArena, baina gaur ikerketaren aldeko apustu egin da eta horretarako behar du ikuskapena AEAk. Gainera, gero eta adin-tarte gazteagoari eragiten dio gaixotasun neurodegeneratibo honek: lehen 60 eta 65 urte bitartekoei eragiten zien gehienbat. Orain, ostera, gizon edo emakume, edozein adinetako pertsona batek jasan dezake. Elkartean 26 urteko neska bat dugu urrutira joan barik.
Aldi berean, gero eta beldur gutxiago dago gizartean AEA sufritzen dela iragartzeko. Nik ez diot beldurrik AEAri: nik ez dut aukeratu. Zergatik ez diogu gizarteari erakutsiko? horrela, etorkizunean, posible bada, gaixotasuna geldiarazi edo sendatzeko. Dirua gaixotasunaren ikerketarako bideratuko balitz, ziur nago sendakuntza topatuko litzatekeela. Gainera, gizartea gero eta kontzientziatuago dago eta prest dago kamiseta bat jantzi eta gaixotasunaren errealitatea azaleratzeko.

Edu // Geuria
Eta zergatik ez da behar bezain beste diru inbertitzen ikerketa hauetan? Diru kontuagatik. Jendeak dio ama-zelulekin ikertzen ari direla gaixotasuna, baina horrek bost industria farmazeutikoari eta ondorioz ez dute ikerketa horietan dirurik inbertitzen. Elkarteok kausa hauetarako biltzen dugun dirua ikerketa horietarako da. Elkartasun ekitaldietan parte hartu behar dugu, datorren urriaren 21ean Zaratamon egingo dugunaren bezalakoetan, hain zuzen ere. Azken batean, datozen urteetako kasuei begira espero dugu guztion artean egindako ahaleginaren ostean sendakuntza bat lortzea edo prozesua geldiaraztea, gutxienez. Prozesua geldiaraztean gaixotasunak ez luke aurrera egingo, baina esan behar da momentura arte galdutakoa ez litzatekeela berreskuratuko. Kaltea sortuta dagoelako. Ni fisioterapeutara noan bakoitzean ez da nire egoera hobetzeko, gehiago ez galtzeko baizik.
Lehen esan duzu ‘pribilegiatua’ zarela behintzat, senideek eta lagunek eskua luzatu dizutelako. Hala da. Gainera, Arrrigorriagan bizi naiz, moldaketak egitea posible dudan etxe batean.
Kubo auzoan eman dituzu azken urteak hain zuzen ere. Nolakoa da herri hau gurpildun aulkia erabiltzen duzuen auzotarrentzat? Arrigorriaga leku zoragarria da gurpildun aulkian mugitzen garen pertsonontzat. Ni ez naiz kasu bakarra; badira atrofia muskularra duten herritarrak Arrigorriagan eta berdin-berdin pentsatzen dute: zubiak, arrapalak, tunelak… Nire atariak ez zeukan gurpildun aulkientzako doitutako sarrerarik baina laster ipiniko dugu, eta poztekoa da hori. Arrigorriagan kezkatzen nauen gauza bakarra dago: Renfeko geltokiaren irisgarritasuna sekulakoa da, eta gurpildun aulki batean doan pertsona batek erraztasun ugari topa ditzake, baina ezin da trenera igo. Nola daiteke hori? Arrazoi horregatik beragatik herria utzi zuen gizon bat ezagutu nuen Arrigorriagan. Renferi salaketa jarri dion pertsona ugari daude herrian, baina garraio enpresaren arabera “jende gutxiegi da” arazo horri aurre egiteko. Udalari edo dagokion erakundeari laguntza eskatuko nioke arazo horri konponbideren bat bilatzeko, gainontzeko garraioetan berez horrelakorik gertatzen ez delako. Eta hau guztia diot ez bakarrik gaixoei laguntzeko; irisgarritasun arazoak dituzten pertsona orori laguntzeko baizik.
Ibilbide solidarioa antolatu dute Gasteiztik Zaratamora Arkotxako motozaleek VisitOberFest egunean
☉ Zaratamo
‘Ipuin klasikoak’ izango da Zaratamo eskolaren inauterietako aurtengo gaia
Ostiral eta larunbatean askotariko jarduerak prestatu dituzte txikientzat: kalejira, emanaldia, erromeria, musika, jolasak…

Otsailaren 13an eta 14an ospatuko dituzte aurtengo inauteriak Zaratamo eskolan eta aurtengo gaia ‘Ipuin klasikoak’ izango da.
Ostiral eta larunbatean askotariko jarduerak prestatu dituzte txikientzat Zaratamoko dantzariak – Untzurbe elkarteak eta Besopean Guraso Elkarteko kideek: kalejira, emanaldia, erromeria, musika, jolasak…
Egitaraua | Zaratamo eskolako inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
10:00 Eskolako kalejira eta emanaldia
18:00 Erromeria, Elexaldeko plaza (Zaratamoko dantzariak – Untzurbe elkartea)
Otsailak 14, larunbata
12:00 Musika eta jolasak, Elexaldeko plaza (Besopean Guraso Elkartea)
☉ Zaratamo
Txirrindulari bat ospitalera eraman dute Zaratamon auto batek harrapatu eta gidariak ihes egin ostean
Istripua Zaratamoko Arkotxa auzoan izan zen, San Bizente elizako inguruetan. Auto gidariak ihes egin zuen

Atzo gauean, 22:15etan harrapaketa baten abisua jaso zuten larrialdi zerbitzuek. Auto bat, Bi-3701 errepidetik irten eta txirrindulari bat harrapatu zuen Arkotxa auzoan, San Bizente elizaren inguruetan.
Ertzaintzak GEURIAri azaldu lez, Bilbotik zetorren gris koloreko auto bat, errepidetik irten, txirrindulari bat harrapatu eta zuhaitz bat bota ostean, ezponda batetik erori eta etxebizitza bateko horma baten aurka jo zuen Zaratamoko Arkotxa auzoan.
Larrialdi zerbitzuak minutu batzuetan hurbildu ziren Zaratamoko auzora eta zauritu bakar bat topatu zuten bertan: txirrindularia. Galdakao-Usansolo erietxera eraman zuten. Autoaren gidariaren egoeraz galdetzean, Ertzaintzak azaldu du ihes egin duela eta ikerketa zabaldu dutela istripuaren kausak argitu ahal izateko.
Arkotxako auzotar batzuen arabera, gidaria San Mamesetik bueltan zetorren. Zautitua ospitalera eraman ostean garabi batek autoa eraman zuen.
☉ Zaratamo
Auto bat errepidetik irten da Zaratamon eta txirrindulari bat harrapatu ostean ihes egin du gidariak
Harrapaketa egin ostean, gidaria autotik irten eta ihes egin du. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du istripuaren kausak argitzeko

Bart, 22:15ak aldera istripu baten abisua jaso zuten larrialdi zerbitzuek. Ertzaintzak GEURIAri azaldu lez, Bilbotik zetorren gris koloreko auto bat, San Bizenete eleiza ondoko BI-3701 errepidetik irten, txirrindulari bat harrapatu eta zuhaitz bat bota ostean, ezponda batetik erori eta etxebizitza bateko horma baten aurka jo zuen Zaratamoko Arkotxa auzoan.
Larrialdi zerbitzuak minutu batzuetan hurbildu ziren Zaratamoko auzora eta txirrindularia Galdakao-Usansolo erietxera eraman zuten. Autoaren gidariaren egoeraz galdetzean, Ertzaintzak azaldu du ihes egin duela eta ikerketa zabaldu dutela istripuaren kausak argitu ahal izateko.
Arkotxako auzotar batzuen arabera, gidaria San Mamesetik bueltan zetorren. Zautitua ospitalera eraman ostean garabi batek autoa eraman zuen.
☉ Zaratamo
Bideoa | Gonzalo Lopez: «Arkotxara heldu nintzenean 40 mahai-joko nituen. Gaur ia 1.200 ditut gordeta»
Pandemian hasi zen Gonzalo mahai-jokoetara partidak jokatzen. Orduz geroztik, Arkotxakoa esparru honetan espezializatu eta edukiak sortzen ditu sareetan

Zaletasun xumeen pertsona da Gonzalo Lopez Naranjo (Galdakao, 1986). Horrela definitzen du behintzat bere burua: bere pasioak bidaiatzea, Athletic Cluba eta mahai-jokoak dira. Arkotxako auzotarrak biziki maite ditu mahai-jokoak eta ia 1.200 gordetzen ditu bere etxean eta bertatik gertu daukan lonja batean.
Mahai-joko klasikoak betidanik ezagutu izan ditu Gonzalok, baina errealitate honen errudun nagusiak 2020ko pandemia eragindako itxierak eta ‘La Herencia de la Tía Ágata’ jokoa dira. Berarekin elkartu gara, kartoizko kutxez inguratuta eta eszenatokiak simulatzen dituzten tapizez estalitako mahaien artean.
Eskulibururik ez dugu faltan izan, eta Zaratamokoak mundu magiko baten ateak zabaldu dizkigu dadorik bota gabe.

Mahai jokoez inguratuta gaude elkarrizketa egiten dugun bitartean. Jakin ahako zenuke, arren, zein izan zen zure eskuetara iritsi zen lehena? Ez dakit lehena izango zen, baina ‘La Herencia de la Tía Ágata’ jokoa horien artean dago. Gaur egun joko horren hiru bertsioak dauzkat: MBtik Bizakera aldatu zen eta azken bertsioa ere badut. Esan beharrekoa da MBkoa baino txarragoa dela azken hau, baina hala ere heldua izanda erosi nuen ere, oroitzapen hori izateko.
Baina izatez, ‘La Herencia de la Tía Ágata’ ez da mahai joko ikoniko bat. 90. hamarkadako klasiko bat da baina horrenbesteko ospea zeukan? Partxisa edo Oka bezalako joko klasikoak jokatu ditut, baina baita ‘Mr. Pop’, ‘Quién es Quién’ , ‘Misterios de Pekín’, ‘Cluedo’, Monopoly… bezalako joko “arruntetara” ere. Baina ez dira bakarrak.
Noiz erabaki zenuen mahai-jokoen bilduma egiten hasiko zinela? Duela bederatzi urte heldu nintzen bikotekidearekin Arkotxara bizitzera. Pandemia garaia iritsi zenean etxetik irten ezin ginela ikusi genuen. Goizetan banatzaile lez egiten nuen lan eta bikotekideak ere lan egiten zuen. Baina arratsaldean konfinatuta geunden. ‘Marvel Champions’ izeneko mahai-joko bat deskubritu nuen eta jokatzeari ekin nion. Partida ugari jokatu nituen.
Momentu horretan lagun batekin berba egin eta mahai-jokoen inguruko podcast bat sortzea proposatu nion. Denborarik ez zeukanez, nire kabuz sortzea erabaki nuen. Mahai jokoen inguruan hitz egiten hasi nintzen eta aurrerago ‘Marvel Champions’ izeneko mahai jokoan espezializatu nintzen. Momentu hartatik aurrera mahai jokoak heltzen hasi ziren etxera. Joko berriak erosten eta probatzen hasi nintzen, gauza berriak etengabe probatzea asko gustatzen zaidalako. Badago mahai joko bat erosi eta partida ugari jokatzen dituenak eta gero ni nago: joko mordoa erosi eta partida gutxi batzuk jokatzen ditut. Hemen ditudan joko batzuetara behin baino ez dut jokatu. Arkotxara heldu ginenean 40 mahai-joko inguru genituen. Gaur egun ia 1.200 dauzkat Zaratamon. Eta lonja honetan ez daude guztiak: hauek hemen daude etxean ez dagoelako lekurik gehiago sartzeko.

Benetan deigarria da. Bada. Pandemiako egun arrunt batean, ‘Analisis Paralisis’ izeneko Twitch kanaletik deitu zidaten Madrilera joan eta ‘Marvel Champions’ jokoaren podcasta egiteko: jokoa nolakoa zen, nola funtzionatzen duen azaltzeko. Garai hartan hilabetero kaleratzen zuten mahai-jokoa zen hura. Egun hartatik aurrera mahai-jokoen inguruko aipamenak egiteko proposamenak heltzen hasi ziren etxera. Esan beharra dago lan hau egiteagatik ez dutela ordaintzen kanaleko jarraitzaile kopurua jakin bat gainditzen ez den bitartean, eta hori benetan zaila da. Nire kanala, ‘Owen Rules’ izenekoa, txikia da baina zorionez, mahai-jokoak bidaltzen dizkidate horiek probatu eta iritzia eman ahal izateko, betiere arrazoiak emanez.
Horren haritik argitaletxeetako deiak jasotzen hasi nintzen, gauzak ondo egiten ari nintzelaren seinale, suposatzen dut. Batzuek edukiak sortzeko proposamenak egin izan dizkidate, besteak beste. Etxera jokoak heltzen hasi ziren, baina aldi berean zuk ere inbertsioak egiten dituzu mahai-jokoetan. Hala da! Hasiera batean pare bat joko bidaltzen zizkidaten argitaletxeetatik. Gaur egun kopuru hori nabarmen handitu da: iazko urrian 20 mahai-joko bidali zizkidaten argitaletxeetatik. Eromena da.
Egunek ez daukate beharbesteko ordurik guztiak jokatu ahal izateko! Hala ere ez dago estresatzeko astirik, jasotzen ditudan horiek nire eskaerak izan ohi direlako. Batzuetan 10 minutu jokatzearekin nahikoa izan dezaket. Horiek dira jokatzea gustatzen zaizkidan mahai jokoak: arinak eta nire gustukoak.
Zure ia 1.200 joko horietara jokatu ahal izan duzu? Ez. Baina ez dut derrigorrezko lan bat moduan ikusten. Badakit laster edo berandu horietara jokatu beharko dudala, argitaletxei aipamenak egin behar dizkiedalako eta ez badut jokatzen eta gainera sareetan erakusten baditut ez dizkidate gehiago bidaliko. Beraz, hobe dut horietara jokatzea.

Arkotxan dituzun guztien artean bat nabarmendu beharko bazenu, zein litzateke? Auzoarekin lotura duen bat badaukat nire bilduman: ‘Ierusalem Anno Domini’. Azken afariaren inguruko mahai-jokoa da. ‘EuroGame’ bat da, baliabideak agertzen diren joko mota, alegia. Joko honetan ogia, arrainak eta harriak daude. Jokalari bakoitzak jarraitzaile kopuru bat dauka eta azken afarira heltzen dira. Helburua apostoluen eta Jesusen ondoan ipintzea da. Hori, jokalari bakoitzak bere baliabideak kudeatuz eskuratzen du. Partidaren amaieran, Judasek puntuak kentzen dizkie jokalariei. Carmen G. Jiménezek sortu zuen mahai-joko hau eta ‘Catan’ jokoaren antza daukala esan daiteke. Nire bilduma osoko gai xelebreetarikoena jorratzen du honako honek.
Zure bildumari begira… Mugarik al duzu? Lonja honetan 900 mahai-joko daude. Gogokoenak etxean ditut. Hasiera batean neure buruari ipini nion muga 250 joko izan ziren (barreak). Mahai-jokoek espazioa okupatzen dute eta nire joko guztiak gela honetatik ez irtetea espero dut, gehienez jota. Gela honek baldintza onak ditu: behar bezala isolatuta dago eta hezetasun-kengailu bat daukat. Azken batean kartoizkoak dira mahai-jokoak.
Eta egiten duzun lan guztiaz gain, lagunekin jokatzea gustuko duzu ere? Normalean hemen bertan elkartu ohi gara asteburuetan. Lagunez gain nire familia ere ohitu da mahai-jokoetara jokatzera: gurasoak, aita-amaginarrebak… familiaren kasuan, ‘party’ edo ‘filler’ tankerako joko arruntagoetara jokatzen dugu elkarrekin (arinak, sinpleak eta eramangarriak); ez gara abenturetan edo kontu konplexuetan murgiltzen. Party edo filler motako joko ezezagun eta benetan interesgarriak daude, eta jendeak ezagutuko balitu zaletasuna handiagoa egongo litzateke, zalantza barik!
Ba al dago berriro jokatzea gustatuko ez litzaizuken jokoren bat? Hainbat daude. Mahai jokoekin benetan gozatzen dut eta arraroa da jokoren bat nire gustukoa ez izatea. Hala ere, horietako bat aipatu beharko banu ‘Virus’ litzateke. Estatu mailakoa da eta mundu osoan 3 milioi kopia saldu ditu. Hala ere “gorroto” dudala esan dezaket. Jokatzea gustuko baduzu partidak gehiegi luzatu daitezke, nire ustez. 15 minutuko partidak jokatu ohi dira normalean eta jokoaren arrakasta ulertzen dut: produktu ona da, baina ez mahai-joko lez. Nire iritzia egileei helarazi nien eta ez naute gorroto harrezgeroztik (barreak).

Mahai-jokoetara jokatzeko zaletasunik al dago gure eskualdean? Eskualdean ez ezik, Euskal Herrira begira, esan behar da zaletasun honi eusten dion uste baino jende gutxiago dagoela botatzen duen euri guztia ikusita. Europako iparraldeko lurraldeetan kontrakoa gertatzen da: eguraldi txarra egiten duenean jendea elkartu eta orduak ematen ditu mahai-jokoetan. Tabernak mahai-jokoz josita daude.
Agian iparraldeko herrialdeetako jendearekin alderatuta alferragoak gara? Nik uste dut ezjakintasun handia dagoela. Jendeak mahai-jokoak gustatzen ez zaizkiola esaten didanean, gustatzen zaion hori oraindik topatu ez duela erantzuten diot.
Entretenimenduaren munduan mahai-jokoez gainera, badira beste motako jokoak. Nolako iritzia diezu online jokoei? ‘Rainbow Six’ jokoa gustuko dut, baina online formatuko jokoek beste ikuspegi bat eskaintzen dute: oso motibatuta ez nagoenean edo mahai joko baten eskuliburua irakurtzeko gogorik ez dudanean… orduan jokatzen dut online motako jokoetara edo bideojokoetara. ‘Plug & Play’ esaten zaio: piztu eta jokatu, besterik ez. Jende askorentzat, mahai-jokoek duten eragozpen handiena eskuliburuak dira.
Baina aldi berean, irudiari, ilustrazioei, garrantzi handia ematen diete mahai-jokoei. Azken zazpi urteetan garrantzi handiagoa ematen hasi zaio mahai-jokoen alde grafikoari. Are gehiago, argitaletxe batzuk irudi desfasatuak eta osagarri pobreak zituzten antzinako jokoak berreskuratzen eta eraldatzen ari dira, gaur egungo jendeari arreta erakarri diezaien.
Baina badira ere sekula zaharkitu ez diren eta arte lan izugarria duten ‘Magic: The Gatering’ bezalako karta jokoak. Horiek ‘Trading Card Games’ edo TCG bezala ezagututako jokoak dira. Horiek estrategia-jokoak dira. Bertan, jokalariek beren karta piloak sortzen dituzte aurkariei aurre egiteko, bilduma pertsonal zabal batetik abiatuta. Era honetako jokoak nire espektrutik aldendu egiten dira, “Pay to Win” motakoak direlako: zenbat eta diru gehiago inbertitu, orduan eta karta hobeagoak izango dituzu. Nire jokatzeko era bestelakoa da: Marvel Champions jokoa Living Card Game edo LCG bat da: jokalari guztiek joko bera dute, irabazteko aukera berberekin. Gainera, joko kooperatiboa da.

Eta bakarrik jokatu nahi izatekotan, aukerarik eskaintzen dute mahai-jokoek? Eskaini ditzakete. Izan ere, jende askok ez daki honako hau: gaur egun, mahai-joko batek bakarrik jokatzeko aukera eskaintzen ez badu salmenta gutxiago egiten ditu. Kontuan izan behar da gaur egungo gizartearen erritmo biziak denbora gutxi uzten duela lagunen artean elkartu eta mahai-jokoetara jokatzeko. Nire bildumako joko askok bakarrik jokatzeko aukera eskaintzen dute.
Aukera hori oso egokia izan daiteke Koronabirusa bezalako pandemia batean etxean bakarrik bizi den pertsona batentzat, esaterako. Nolako etorkizuna aurreikusten diezu mahai-jokoei datozen urteei begira? Board Game Arena (BGA) bezalako plataformak daude gaur egun. Bertan, mahai jokoak automatizatuta daude: kartak banatzen dituzte botoi bat sakatuz eta beste hainbeste funtzio dituzte. Nire ustez mahai-jokoen esentzia guztiz galdu egiten da horrela. Esparru honetan mugitzen den jende asko heldua da eta informatikari asko topa daiteke bertan. Egun osoa bulegoan, pantaila baten aurrean eman ostean egin nahi duten azken gauza dibertitzeko beste pantaila baten aurrean ipintzea da. Logikoa da. Bestalde, badira App bat daukaten mahai-jokoak, “laguntza” emateko. Jende asko fenomeno honen aurka agertu izan da, jokoak “auto-jokagarriak” izatea gura dutelako, teknologia alde batera utziz.
Etorkizunari begira, denborak aurrera egin ahala osagarriak integratuko direla uste dut, baina ur handitan murgildu barik. BGA bezalako plataformek ez dituzte gaur mahai-joko bezala ezagutzen ditugunak ordezkatuko, ez behintzat datozen 10 urteei begira. Azken batean, eta Magic kartetara itzuliz, pertsona batek zer dela eta ordainduko ditu 800 euro karta soil batengatik digitalean eduki ahal badu?
☉ Zaratamo
Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoak urez hornituko dituen proiektu berriaren hitzarmena onartu dute
Aurrekontuari dagokionez, Zaratamoko Udalak 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra

Joan den urtarrilaren 29an Zaratamon egindako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Gutiolo eta Urdinbide auzoetako eta Usansolo Arteta auzorako hornidura sistema berriaren proiektuaren hitzarmenari, EH Bildu eta EAJren aldeko sei botoekin eta Gure Herria plataformaren bi abstentzioarekin.
Proiektu honen bidez, ura ponpatuko da Lekue biltegitik Artetako biltegiraino (Usansolo). Bertatik, ura auzo horretara banatzen jarraitzeaz gain, ura berriro ponpatuko da Zaratamoko mugaraino, Upo eta Otzagai mendien arteko lepoan. Bertan, Gutiolo eta Urdinbide auzoak hornituko dituen biltegi bat eraikiko da. Hitzarmen berri honen helburu diren obrak kontratatzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokio.
Proiektuaren kostuari dagokionez, Zaratamo eta Usansoloko Udalek Partzuergoari ordainduko dizkiote ekarpenak: obren egikaritze kostuaren % 50a (Usansolok % 30 eta Zaratamok % 20).Ekarpen horien ordainketa lau urteetan egingo da 2026-2029 urteen bitartean. Horrela, Zaratamok 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra. Usansoloren kasuan zenbatekoa 336.000,00 eurokoa izango da guztira (84.000 euro ordaindu beharko ditu 2029ra bitartean).

Arazoaren jatorria
Zaratamoko Gutilo eta Urdinbide auzoko bizilagunek arazoak izan dituzte ur edangarriekin azken urteetan, GEURIAk jakin ahal izan duenez. Azken intzidentziak iazko irailean izan ziren. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela zioen Gutiolo auzoko Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini zuten kartel batek. Hilabete horietan, Ur Partzuergoak kamioien bidez helarazi zizkien auzotarrei lau litroko txanbil bi, eguneroko jarduerak egin ahal izateko.
Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak, iazko irailean GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain aire zabalean dagoen ur biltegi bat dago gaur egun, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen duen ura.
“Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”, adierazi zuen Alberto Ugarriza alkateak duela hilabete batzuk.
Itxaropena, gertuago
Partzuergoaren zerbitzu teknikoek iazko maiatzean idatzi zuten ur hornidura sistema berriaren proiektua eta kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 1.110.538,72 euroan ezarri zuten (BEZa kanpo) eta egikaritze epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.
Proiektu hori errealitate bihurtu arte, Gutiolo eta Urdinbide auzoko bizilagunek Galdakaoko Maxam enpresaren instalazioetan dauden biltegi batetik jasotzen dute ura eta bertako kudeaketa pribatua da.









