Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zaratamo

Elexalde eta Iragorri auzo zaratamarrak lotzen dituen foru errepidea konpontzen hasi dira

Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotuko dute. Lanak martxan daude

|

Iragorri auzoaren hasiera adierazten duen seinalea // Geuria

Zaratamoko Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen BI-3702 foru errepidea konpontzeko lanak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide sailak. Iaz Iragorri Goikoa eta 2 kilometro puntuen arteko (PK 13:350 eta PK 13:780 zatian) lanak egin zituen Foru Aldundiak eta oraingo honetan Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko neurketa-lanei ekin diete (PK14:920 eta PK 15:490).

Udal ordezkariek azaldu dute asfaltatze lanak eta galtzada bera zabalduko dutela. Gainera, errepidea margotuko dute.

Iazko irailean konpondutako errepide zatia, Iragorri auzoan // Geuria

Autoak eta oinezkoak

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Foru errepidetik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Iazko irailean, lehen zatiaren lanak hasi zituztenean, udal ordezkariek eskaera bidali zuten Foru Aldundira, “Iragorri eta Elexaldeko plaza lotzen duen berriztatze proiektuan oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna kontuan izateko”.

Erantzun modura, Foru Aldundiak BI-3702 errepidea “errepide moduan” konponduko zuela izan zen, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez. “Oinezkoak kontuan hartzeko modu bakarra errepidea udal jabetzakoa izatea litzateke eta proiektua Irisgarritasun Plan batean jaso beharko litzateke”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen hitzak.

Azken zatiaren lanak hasi dituzte beraz, eta Foru Aldundiaren asmoa auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotzea da.

Konpondu beharreko errepide zati bat // Geuria

☉ Zaratamo

Emakumeentzako mendi orientazioa eta Twerk ikastaro feministak eskainiko ditu Zaratamok

Lehen aldia da Udalak emakumeei zuzendutako ikastaro bi hauek antolatzen dituela udalerrian. Izena emateko epeak irailaren 9an zabalduko dituzte

|

Talde bat, zumba klase batean // Geuria

Zaratamoko Udalak ikasturte berriko kirol jardueretan parte hartzeko epea zabalduko du irailaren 9tik 20ra. Horien artean Emakumeentzako Mendi Orientazioa eta Boterea, Ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko ikastaroak abiaraziko ditu Berdintasun Batzordeak.

Patri Espinar usansolotarrak Mendi Orientazioa Emakumeentzat izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 13an, 14an, 21ean eta 22an. Irailaren 13an klase teorikoa emango du Zaratamoko eskola zaharrean 17:00etatik 20:30ak arte. Hilaren 14an, 21ean eta 22an saio praktikoak prestatu dituzte 09:30etik 13:30ak arte. Izena emateko 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.

Boterea, ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko saioak irailaren 21ean eta 28an antolatu dituzte Elexaldeko kultur etxean, 10:00etatik 13:00ak arte, Ines Lasagabasterren eskutik. Izena emateko ere 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek 08:30etik 14:30ak arte.

Aipatutako ikastaroez gainera, Zaratamoko Udalak urtero antolatzen dituen kirol jarduerak iragarri ditu: Zumba, ibilbide osasungarriak, Pilates, Yoga, dantza latinoak, Total Fitness, Entrenamendu funtzionala eta arte eszenikoak (zirkua), besteak beste. Informazio guztia Zaratamoko Udalaren webgunean topa dezakezu. Udalak 946 710 052 telefono zenbakia ahalbidetu du kirol jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxa eta Elexalde auzoak lotuko dituen Bizkaibus linea ipini gura du Zaratamok

Foru Aldundiko ordezkariak Zaratamora gerturatu dira gaur bertan, Arkotxa eta Elexaldeko auzotarrek bizi duten egoera ezagutzeko

|

A3622 lineako Bizkaibusa, Zaratamon // Geuria

Gaur egun ez dago Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzen dituen garraiobide eskaintzarik eta hori, Zaratamoko udal ordezkarien arabera, “arazo handia da”.

Hori dela eta, gaur goizean Sonia Perez Ezquerra Garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko foru diputatuarekin bildu da Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea: “Gaurko hitzorduaren helburu nagusia Zaratamon ditugun garraio publikoaren arazoak aztertzea izan da”, argitu du herriko alkateak. “Gaur egun ez dago garraio publiko zerbitzurik Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzeko”.

Sonia Perezen lehen aldia izan da Zaratamon eta Elexaldetik Arkotxara doan Bi-3701 errepidea aztertu dute, Bizkaibuseko hurrengo lizitazioan Zaratamoko autobus linea berriro definitzeko.

Alberto Ugarriza: “Gaur egun ez dago garraio publiko zerbitzurik Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzeko”

Gaur egun Bizkaibuseko linea bakarra dago Zaratamon: A3622a (Zaratamo, San Migel, Artunduaga, Basauri, Bilbo). Beste hitz batzuetan, Zaratamora iristen den autobus linea Elexaldera iristen da; Arkotxako auzotarrek, Bilbora joateko, Galdakaotik igarotzen diren autobus lineak erabili behar dituzte, baina berez ez dago auzo biak konektatzen dituen autobus linearik.

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek GEURIAri azaldu lez, baldintza-agirien berriztatze prozesuan murgilduta daude: “Prozesu konplexua da eta denbora emango du”, aurreratu diote hedabideari. “Egun hauetan udalerri guztien eskaera zehatzak atenditzen ari gara. Horiek guztiak tratatzeko prozesu parte-hartzaile bat ipiniko dugu martxan Bizkaibuseko baldintza-agiri berrietan txertatzeko”.

Goizean zehar, Ugarrizak Elexalde eta Arkotxa auzoek bizi dute egoera azaldu die ordezkariei eta horiek “kontuan izango dituztela” azpimarratu dute. Izan ere, Foru Aldundikoek ohartarazi dute hilabete amaieran Garraio eta Mugikortasun Sailak dekretu batzuk kaleratuko dituztela: “Horien arabera, Bizkaiko udalerri jakin batzuei beren mugikortasun planak egiteko aukera emango zaie. Udalerri horiek Foru Aldundiak emandako diru-laguntza baten baliatuz mugikortasun plan bat idatzi ahalko dute, Zaratamo bezalako herriek dituzten mugikortasun beharra detektatu eta horiei irtenbidea emateko proposamenak egiteko”. 

Trafiko seinalea, Elexalden // Geuria

Sistema radialetik zirkularrera

Gaur egungo autobus linea gehienak radialak dira. Hau da, bidaiariak herrietatik edo inguruetatik hiriguneetara garraiatzen dituzte: “Zeharkako lineak edo linea zirkularrak ez dira ikusten gaur egun”, azaldu du Ugarrizak.

Garraio diputatuak Zaratamoko Udalaren proposamenari argi berdea emanez gero, Foru Aldundiak berak diseinatu beharko luke linea berriaren ibilbidea eta aurten zerbitzu berriak lizitatzeko epeak zabaldu behar dituzte: “Lizitazio berrian, baldintza-agiri teknikoetan sartu beharko lirateke proposamen horiek”, gogoratu du.

Hori dela eta, eta Zaratamoko alkateak azaldu lez, eman beharreko hurrengo urratsa proposamena iraileko osoko bilkuran onartu eta eskaera Foru Aldundira bidali beharko litzateke, onarpena jasotzeko. “Prozesua martxan jartzekotan Bizkaibuseko hurrengo lizitazioan izango litzateke”.

Autobusak Bi-3701tik

Elexalde eta Arkotxa auzoak konektatzen dituen Bi-3701 errepideak ez ditu dimentsio handiak: norabide bi eta bazterbide oso estua daukan errepidea da eta bertatik igarotzeko orduan arazoak izan ditzakete tamaina handiko ibilgailuek: “Errepide horretatik autobus handiak igaro dira, baina autobus linea berri bat ezartzeko beste mota bateko autobusak igaro beharko lirateke”.

Zaratamon egon diren Foru Aldundiko ordezkariak gehitu dute auzo biak autobus linea baten bidez konektatzekotan bidaiarien beharrak ikertu beharko liratekeela, eta horren arabera ibilgailu mota erabakiko litzatekeela: “Agian tamaina handiko autobusak ez lirateke egokienak eta ibilgailu berriekin konpontzeko aukera legoke”, azaldu dute.

Auzo bien arteko autobus linea horrek herritarrei “onura asko” ekarriko lizkiekeela azaldu du Alberto Ugarrizak: “Auzo batetik bestera joateko beharra duten herritarrek edo autorik ez duten auzotarrei on egingo lioke linea berriak”.

Gainera, linea berri horrek Galdakaorekin lotuko luke Zaratamoko erdigunea: “Eta ez hori bakarrik; Arrigorriaga eta Galdakao Basauriren bidez daude konektatuta gaur egun. Linea berri honek konexio berri bat ahalbidetuko luke eskualdeko herrien artean”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Programa / Zaratamoko jaiak 2024

|

Zaratamoko jaien txupinazoa // Geuria

Abuztuaren 8an hasiera emango diote Zaratamon San Lorentzo jaiei eta hilaren 11era arte luzatuko dira. Sardinada, elektrotxaranga, pilota partiduak  eta kuadrilen arteko olinpiadak antolatu dituzte, besteak beste.

Egitaraua / Zaratamoko jaiak 2024

Abuztuak 8, osteguna

17:30 Torontile: jaietako zapiak egiteko serigrafia tailerra
18:30 Txupinazoa
19:00 Orkresta Elektrotxaranga
19:00 Sardinada Zugastin
21:30 Gazte kontzertuak: Alarma Morea, Striknina, Golden Boys
2:00 Txosna Party

Abuztuak 9, ostirala

14:30 Marmitako eta tortilla lehiaketen sari banaketa
15:00 Herri Bazkaria
16:15Bingo Musikatua
17:00 Mus eta briska txapelketa
18:00 Zezen mekanikoa
19:30 Kuadrilen arteko olinpiadak
21:30 Kontzertuak: Ealain, Katilu, Muxutruk erromeria
3:00 Txosna Party

Abuztuak 10, larunbata

11:00 Meza nagusia
12:00 Buruhandiak
12:00 Umeentzako antzinako jokoak eta igel txapelketa
13:00 Herri Kirolak
18:00 Pelota Partiduak
18:00 Umeentzako egurrezko jolasak eta ipuin kontalaria
22:00 Kontzertuak: La Basu, Bengo, Beranduegi Erromeria
3:30 Txosna Party

Abuztuak 11, igandea

11:00 Arimen Meza
11:30 Bitsaren festa, ur puzgarriak eta buruhandiak
12:00 Nagusientzako luntxa
15:00Herri bazkaria
17:00 Kontzertua: Riki
19:00 Aiko
21:30 Bingo Musikatua

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

“Kolonietako katua naiz” bilera informatiboa antolatu dute Zaratamon

Onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute

|

H.I.E (Hartu-estirilizatu-itzuli) metodoa azalduko dute Zaratamon // Geuria

H.I.E (Hartu-Esterilizatu-Itzuli) metodoak katuen koloniak kontrolatzea du helburu, eta bere kideen osasuna zaintzea; aterpea emanez, behar izanez gero modu arduratsuan eta osasungarrian elikatuz, eta bide batez ugalketa kontrolatuz, hilkortasun-tasa handia daukaten katakumeak jaiotzea ekidinez.

Zaratamo bezalako landa eremu batean, gainera, garrantzitsua da kale katuen koloniak ezagutzea eta kontrolatzea. Hori horrela bilera informatiboa antolatu dute uztailaren 17an, 18:00etan Elexaldeko Kultur Etxean.  

Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, hala nola zaratak, borrokak edo usainak, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute, saguak, sugeak eta intsektuak kanpoan utziz.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Upoko jaia ospatuko dute Zaratamon, uztailaren 21ean

|

Upo mendiko gailurra // Utzitakoa

Upoko jaira joan nahi duten herritarrek ez dute aitzakiarik izango, Udalak berak garraio zerbitzua antolatu baitu, goizeko 11:15etan eta 12:00etan, hain zuzen ere.

Behin bertan, eta tradizioari men eginez, hainbat ekintza antolatu dituzte, hurbiltzen diren guztien gozamenerako: trikitilariak, txozna, erromeria, umeentzako jolasak, eta meza (12:30ean).

 

Osorik irakurri