→Zaratamo

Elezkano Binakako Txapelketa Nagusitik kanpo utzi du Aspek

Iker Irribarriarekin batera, zaratamarra txapelketatik kanpo utzi du Aspe enpresak, eta beren lekua Peio Etxeberriak eta Aitor Elordik hartuko dutela iragarri du

Danel Elezkano pilotaria // Geuria

Danel Elezkanok ez du 2023ko binakako nagusia jokatuko. Iker Irribarriarekin batera, zaratamarra txapelketatik kanpo utzi du Aspe enpresak, eta beren lekua Peio Etxeberriak eta Aitor Elordik hartuko dutela iragarri du. Elezkano II.a 2019an eta 2021ean izan da txapelketako garaile, Beñat Rezustarekin eta Jose Javier Zabaletarekin batera, hurrenez hurren. Aurtengo lehiaketan, baina, Elordik osatuko du bikotea Zabaletarekin, eta Etxeberriak, berriz, Rezustarekin.

Aspen, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak eta Jokin Altunak eta Xabi Tolosak itxiko dute hautatuen zerrenda. Baiko Pilotak, berriz, ez du aldaketarik iragarri, eta aurreko urteko jokalari berdinak deitu ditu. Horrela, Unai Laso – Ander Imaz, Jon Ander Peña – Jon Mariezkurrena eta Erik Jaka – Aitor Aranguren izango dira bikoteak. Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak ere Txapelketa Nagusia jokatuko du Jon Ander Albisurekin batera.

Larunberi agurra

Elezkano aurtengo txapelketan egongo ez den arren, azaroaren 26an (larunbata) egongo da aukera zaratamarra kantxan ikusteko. Mikel Larunbe galdakoztarrak pilota profesionala utziko duela-eta, Galdakaoko Kurtzea frontoian jokatuko du agur partida Elezkanorekin, Artola eta Eskirozen aurka.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak