☉ Zaratamo
Izaskun Soto: «Herriko espazioak pertsonen eguneroko jarduerak errazteko pentsatu behar ditugu»
Lurralde “burujabeago eta bizigarriago” baten alde lan egiten du Izaskun Soto arkitekto zaratamarrak, eta ikuspegi hori zelan lantzen duten azaldu digu
Hirigintzari eta herrien antolamenduari lotutako gaiak herritarrei helaraztea ez da erraza. Ikusten ditugu etxebizitzak, errepideak, parkeak, zerbitzuak etabar, baina kosta egiten zaigu horren atzean dagoen antolaketa ulertzea, eta gure bizitzetan duen eraginaz ohartzea. Izaskun Soto Lopez (Zaratamo, 1995) arkitektoa da ikasketaz, eta Hiritik At estudioan egiten du lan.
“Lurralde burujabeagoa eta bizigarriagoa lortzea” dute helburu, eta hari horretatik tiraka aritu gara berarekin hirigintza inklusiboaz eta feministaz, edota Hego Uribeko herrien egungo errealitate urbanistikoaz. Marko teorikoetaz harago, hainbat adibide praktiko ere aipatu dizkigu Sotok, Zaratamori begira proposamen zehatzak luzatuz: “hiriek eta herriek denontzako zerbait eskaintzeko gaitasuna izango dute, soilik denontzako diseinatzen direnean”. Bere egiten dituen hitzak dira, Jane Jacobsenak izan arren.
Zelan daude antolatuta egun gure eskualdeko herriak(Kontutan hartuta errealitate ezberdinak daudela, hala-nola Zaratamo edo Arrigorriaga, kasurako)? Hirigintzak edo hiri antolamenduak planifikazio-tresna ezberdinen bitartez etxebizitzak non eraikiko diren, plazak eta parkeak non sortuko diren eta eskola, osasun-zentroa edo kiroldegia bezalako zerbitzuak non kokatuko diren erabakitzen du.
Eta beste eskala zehatzago batean, zuhaitza, bankua edo iturria non jarri. Herriaren diseinu horrek gure eguneroko bizitza baldintzatuko du; horren arabera mugituko garelako gure herrietan zehar. Esate baterako, Arrigorriagako osasun-zentroa herri erdian dago, horrek ahalbidetzen du jende asko oinez hurbildu ahal izatea, jarraian erosketak egin ahal izatea, kiroldegira joatea, eta bidean auzokideekin topo egitea. Aldiz, institutua dagoen lekuan egongo balitz, berdin jokatuko genuke? Berdin mugituko ginateke? Ziurrenik jende gehiago hurbilduko litzateke kotxean, eta behin kotxean egonda, erosketak egiteko aprobetxatuko luke bidaia. Eta agian, herritik kanpo. Hipotesiak dira, baina argi dago herriaren antolamenduak eragina duela gure egunerokoan.
Zentzu horretan, zein da Hiritik at-en egiten duzuen lana, eta ze ikuspegirekin? Lurraldegintzan dihardugu. Lurraldea eskala ezberdinetan antolatzeko prozesu eta estrategiak garatzen ditugu. Prozesu horietan herritarrak edo erbiltzaileak dira protagonista, eta elkar-sorkuntza espazioen bidez beharrak eta erronkak identifikatzen ditugu.
Lurralde burujabeagoa eta bizigarriagoa lortzea dugu helburu, ahal dela lankidetza publiko-komunitario-kooperatiboaren bidez. Prozesu horien adibideak izan daitezke, herriko espazio ezberdinen (eskolako jolastokien, plazen…) berrantolaketarako oinarriak zehaztea, mugikortasuna edo etxebizitza gaiak ikertzea, auzo planak diseinatzea…
Badaude denontzat ulergarriak diren eta egun maiz erabiltzen diren lelo edo helburuak: ibilgailuei lekua kendu, oinezkoei emateko, adibidez. Posible da egun hori egitea gure herrietan? Zelan? Posiblea bada, baina ez gaude prest. Ez gaude prest ibilgailua gutxiago erabiltzeko. Ez gaude prest gure etxe ondoan ez aparkatzeko. Esku-hartzeak egin izan dira eta hori positiboa da. Urteak dira Arrigorriagan edo Basaurin kaleak oinezkotu zituztela. Arkotxan ere oinezkoen mugikortasuna hobetzeko esku-hartzeak egin dira.
Niretzat, esaterako, oso positiboa litzateke umeak Zaratamoko eskolara autobusean, oinez, bizikletan edo patinetean soilik iritsi ahal izatea; eta horretarako eskolako sarrera eta irteera orduetan eskola eremuan kotxeak debekatuta egotea. Kontziente naiz pertsona batzuei umeak eskolara kotxean eramateak gero lanera zuzenean joatea erraztu diezaiekela, baina espazioak zaindu behar dira; eta gaur egun, eskola eremua goizeko 9.00etan eta arratsaldeko 16.15etan ez da espazio segurua haurrentzat, kotxeetan pilatzen garelako.
Horrez gain, plazatik eskolara joateko bidea ez da aproposa, ez baitago oinezkoentzako bide seguru jarrairik, eta ez da irisgarria. Espaloi jarrai horrek, umeek eskolara bidea oinez edo bizikletan egitea ahalbidetzeaz gain, edozein herritar erraz mugitzea ahalbidetuko luke: gurpildun aulkiak, umeen orgak, mugikortasun urria duten pertsonak… Hain zuzen ere, kontu hauek eta gehiago zehazten ditu hiri antolamenduak. Eta antolamenduak gure ohiturak baldintzatzen ditu. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure hautu propioak hartzeko gaitasuna ez dugunik.
Aipatu ditugun elementu horietaz aparte zertan hezurmamitzen da hirigintza inklusiboa? Eta zelan txertatu hor ikuspegi feminista? Urteetan zehar hirien eraikuntzan gainjartzen joan diren hirigintza-paradigma ezberdinak ikuspegi androzentrikotik egin dira, gizon zuri produktibo kotxedunaren ikuspegitik, alegia. Hiri handiak funtzioaren arabera antolatu dira, eta non erosi, non ikasi, non bizi eta non lan egin arautu dute. Hirigintza funtzionalistaren aurrean, hirigintza feministak eguneroko bizitza hiriko erabakien erdigunean jartzea du helburu. Herriko espazioak pertsonen eguneroko jarduerak errazteko pentsatzea eta diseinatzea da erronka, zaintzei eta harreman komunitarioei atentzio berezia jarriz. Jane Jacobs da, bere The Death and Life of Great American Cities (1961) lanean, hiriarekiko begirada unibertsal eta homogeneoarekin kritikoa izan zen lehenengotarikoa. Hiriaren ulermenerako egunerokotasunaren begiradaren garrantzia aldarrikatu zuen, eta funtzio ezberdinen hurbiltasunaren eta nahasketaren garrantzia ere bai.
Liburuan aipatzen duen bezala, hiriek denontzako zerbait eskaintzeko gaitasuna izango dute, soilik denontzako diseinatzen direnean. Horretan oinarrituta, hamarkada batzuk beranduago, hirigintza feminista bezala ezagutzen dugun mugimenduak ere mahai gaineratzen du gure hiriak bizigarriagoak direla, gizartearen aniztasuna kontuan hartzen denean.
Ze eragin izango du aldaketa klimatikoak egungo hirien antolamenduan? Bagaude prest? Nik galdera alderantziz egingo nuke lehenik: ze eragin izan du hirien antolamenduak aldaketa klimatikoan? Zenbat eraiki dugu? Nola? Zer ekarri digu horrek? Eta orain zure galderari erantzunez, esatea ni ez naizela gai honetan aditua, eta badaudela aldaketa klimatikoa hirietan espezifikoki lantzen dutenak.
Hala ere, ingurura begiratuta (beharbada Zaratamon ez horrenbeste) ikus dezakegu gure herrietako zer azalera dagoen asfaltua eta zer asfaltatu gabe, zein den iragazkorra eta zein iragazgaitza. Horrek eragina du uraren zikloan, ura berreskuratzeko erraztasunean, edota tenperatura altuko egunetan sentitzen dugun beroan, esaterako. Egokituz joan beharko gara.
Herri handien beharrez aritu gara, baina Zaratamo bezalako herri txiki baten beharrak ezberdinak izango dira, ezta? Zeintzuk dira? Herriak, herri txikiak, izan daitezke utopia hori, non komunitateak funtzionatzen duen; bizilaguna, dendaria,… ezagunak diren, eta zaintza-sarea propio existitzen den; zerbitzu minimoak dauden eta oinez mugitu gaitezkeen; naturarekin harreman zuzenagoa dugun, beharbada ortuaren bitartez; baina orturik ez duenak ere hurbilago dituen eremu naturalak, eremu urbanizatua eta naturala ez daudelako horren bereizita…
Zaratamok badu berez funtzionatzen duen komunitatea, eta zaintza-sarea propio existitzen dela esango nuke, izan ere, gehienok ezagutzen dugu elkar. Hala ere, Zaratamon errealitate ezberdinak daude, eta ezin dut orokorrean hitz egin: Arkotxa auzoak, Moiordinek, Elexaldeko herriguneak, edo landa eremuko auzoek dituzten beharrak oso ezberdinak dira.
Moiordineko bizilagunak oinez joan daitezke Arrigorriagara, eta Arrigorriaga bada oinarrizko zerbitzuak dituen herria, bertakoek bi herrien arteko konexioan jarriko dute arreta ziurrenik.
Arkotxako auzoan bertan baduzu fruta non erosi, edo haragia, ileapaindegira joan zaitezke, medikuarenera zein farmaziara, baina zenbat denbora behar du adineko pertsona batek ibilbide hori egiteko? Erosoa al da auzokideentzako?
Elexaldeko herriguneak bere xarma dauka eta herri bizitza dago bertan, eskolaren bueltan antolatzen diren familiek sortzen dutena askotan, baina era berean, kotxe-dependienteak gara askotan, denda bat egoteak hori aldatuko luke?
Landa eremuko auzoetan bizi direnek ere kotxea hartu behar dute ia edozertarako, herriko plazara jeisteko, adibidez, eta eurentzat garrantzitsua izango da bideak garbi eta ondo egotea.
☉ Zaratamo
Mikel Urrutikoetxea pilotari zaratamarrak “pozik” berritu du kontratua Baikorekin
Zaratamoko aurrelaria Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an
Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea pilotariak beste urte batez berritu du kontratua Baiko enpresarekin eta honekin 16. urtea izango da profesional modura, 2009an debuta egin ostean.
Kontratua berritzeko iragarpeneko adierazpenen ostean, Baikoko aurrelariak “gustura sentitzen dela” azaldu dio GEURIAri, “erabakiarekin pozik”.
Urrutikoetxea Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an, eta GEURIAk berarekin elkartzeko aukera izan zuen Zaratamoko pilotalekuan, 2022an.
☉ Zaratamo
Danel Elezkano: «Upo Mendin asko ikasi nuen: bai kirol mundura begira, baita bizitzari begira ere»
Pilotariaren bizitza profesionalaz harago Elezkanoren oroitzapenetan murgildu gara eta herriko ateak zabaldu dizkigu txikitako bizipenak Gurutzalden bertan azalerazteko
Joan den urriaren 16ko ordu txikietan Danel Elezkano Bilbao pilotari zaratamarrak bere bizitzako kapitulu bat itxiko zuen iragarpena egin zuen bere Instagrameko kontuan: pilota utziko zuela. Baina betirako, bai mundu profesionalean eta baita pertsonalean ere, esku pilota jokatzeari utziko ziola iragarri zuen zazpi haizetara. Zaratamoko pilotariarentzat ez zen albiste berria izan, bere buruan bueltaka zebilen ideia zelako. Egun horretan klik egin zuen eta munduari iragarri zion bere erabakia.
Hilabete eta erdi igaro da iragarpena egin zuen egunetik eta ekaitza baretu dela ematen du. Zaratamoko Gurutzalden lotu gara berarekin, pilotaria hazten ikusi duen auzoan, alegia. Danelek etxetik irten eta eskolara zein pilotalekura egiten zuen ibilbidea bertatik: errepidea jarraituz herriko enparantzara abiatzen zen. Iraganeko egun horietan Danelek ez luke sekula irudikatuko urte askotan zehar landutako haziak fruitu hau emango zuenik.
Egunak pasa dira joan den urriaren 16an esku pilota uzteko iragarpena sare sozialen bidez egin zenuenetik, Danel. Zelan zaude? Alderik alde nabil oraindik: medikuen artean, osasunari behar den garrantzia ematen eta pixkanaka aurrera egiten. Aspalditik hartutako erabakia da eta azken hilabeteetan ideia egiten joan naiz, medikuak nirekin oso argiak izan direlako. Hala ere, aukera guztiak agortu nituen, aurrera egiteko itxaropena nuelako. Baina gehiago jokatzea ezinezkoa da eta benetan eskertzekoak dira iragarpena egin nuen momentutik jaso ditudan maitasun mezu guztiak. Momentu oso gogorrak bizi izan ditut: oroitzapen asko etorri direlako nire burura mezu horiekin batera, baina esandakoa: esker oneko hitzak baino ez ditut.
Gurutzalden gaude. Bertan egun asko eman dituzu eta momentu inportanteak bizi dituzu auzoaren sorreraren lehen momentutik. Zelan gogoratzen dituzu urte horiek? Bertan hasi naiz eta benetan berezia da niretzako. Garai hartan ume asko elkartzen ginen auzoan eta oso harreman ona geneukan denon artean. Auzoan, futbol zelaian, eskoletan… jokatzen igarotzen genituen arratsaldeak eta bertan ez bazen herriko plazan. Egia da ere denbora horretako ordu asko frontoian ematen genituela, bertan gehien gozatzen genuen lekua zelako. Auzoko adineko haur gehienek ere nire antzean han ibiltzen ziren ere. Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon gaur egun. Txikitako oroitzapenak beti ederrak izaten dira.
Eta frontoiko egunak zelan gogoratzen dituzu? Beti esaten dut Upo Mendin hasi nintzela. Kirol bat praktikatzen hasi nintzen, esku pilota, baina beti esan dut: kirola tresna paregabea da bizitzan gero oso baliotsuak izango diren balio batzuk bereganatzeko. Nik asko ikasi nuen eta ez bakarrik kirol mundura begira; baita bizitzari begira ere. Bertan ezagutu ditudan pertsona guztiek asko irakatsi didate. Hemendik frontoirako bidea ez da oso luzea. Askotan oinez joan ohi ginen, beste batzuetan kotxez… gurasoekin… Gogoan dut astearte eta ostegunez Upo Mendi taldearekin entrenatzen ginela. Txikitan eskola plazan bertan geneukan eta eskolako atetik frontoira 100 metro egongo ziren. Egunero, entrenamendurik egoten ez zenean ere eskolatik irten eta segidan frontoian sartzen ginen.
Besoko lesioa izanda ere esku pilotan hasi zinen. Nolako eragina izan zuen erabaki honek zugan? Zaratamo herri txikia zen eta kirol talde ofiziala eskola kirolean pilota zen. Niri inork ez zidan esku pilotan jokatu behar nuela esan. Ezta gutxiago ere. Anaia nagusia daukat eta bera hara joaten zen entrenamendu saioak egitera, berak ere pilota asko maite zuelako. Ni, anai txikia izanik, oso gaztetan murgildu nintzen mundu hartan eta oso arin jakin nuela esku pilotan benetan gozatzen nuela. Gainera, besoaren mugikortasunarentzat ere lagungarria izan zitekeen kirol hura. Frontoian pozik negoen eta zoriontasun hura zen benetan garrantzitsuena. Horregatik hasi nintzen pilotan.
Esku pilotako erreferentzia oso garrantzitsu bilakatu zara bai egindako ahaleginagatik eta baita kirolaren egindako ibilbide profesionalagatik. Uste bezalako ibilbide profesionala izan da zurea? Nik ez dakit erreferentzia naizen esku pilotaren munduan; nire lana ahalik eta modu onean egiten saiatu naiz eta gainera zorte hori izan dut: nire lana benetan maite izan dut. Frontoitik kanpo, lehen aipatutako balioak nirekin eramaten saiatu naiz ere, eta horretaz harro nago. Eredu bezala lagundu badezake besoan arazoa izanik aurrera egin dudala eta saiakuntza horrek fruituak eman ditzakeela… ni pozik.
Baina hortik harago, nire helburua pilotaz gozatzea zen eta hori lortu dudala uste dut. Gainera, betidanik esan izan dut: profesional bilakatzeko askotan zorte pixka bat eta momentu egokian egon behar dela kirolaria. Nik zorte hori izan nuen: debuta egin nuen eta ibilbide profesional bat izateko aukera izan dut: finalak jokatu eta txapelak irabazi ditut eta oso zorionekoa sentitzen naiz. Gelditzen zaidan arantza bakarra zera da: modu honetan agur esan behar izatea, 30 urterekin, lesio baten ondorioz. Pilotan ez ezik, bizimodurako ere minekin ibiltzeagatik bukatu behar izatea agurreko partida barik.
Pelotari bezala ibilbidea bukatuta, ba al dago pasarte nabarmenik zure buruan? Ostiralero adin ezberdinetako neska mutilak biltzen ginen plazan eta arratsalde osoa frontoian ematen genuen. Asteburuetan ere oso giroa zegoen herrian: gurasoak elkar biltzen ziren eta Zaratamok, beste edozein herritan jokatzen bazuen egia da txapelketa formatuak benetan laguntzen zuela: Arratia-Nerbioi txapelketaren oroitzapen zoragarriak ditut. Maila ezberdinetako partida denak herrika jokatzen zituzten: herri berdinean, frontoi berdinean eta ordu berdinean jokatzen genituen partidak. Bospa sei partida jokatzen baziren guraso denak elkartzen ziren eta partida osteko momentuak ere elkarren artean bizitzen genituen. Horrek guztiak asko lagundu zuen hainbeste haurrek pilotan jokatzen jarraitzeko eta Zaratamoko afizioa handitzeko.
Zaratamon bizi zenituen lehen urteak, gero Dimara joan zinen eta ezkondu moduan herrira bueltatu zinen. Lagunik geratzen al da auzoan? Zaratamon lagun piloa dauzzkat! (barreak). Txikitako lagun gehienekin harremana mantentzen jarraitzen dut. Institutuko garaian adin tarte hura txikitu egin zen eta gaur Zaratamoko lau lagun geratzen gara, lagun kuadrilla horri dagokionez. Gainontzekoak Arrigorriagakoak dira. Baina esandakoa, lagun asko ditut Zaratamon!
Azken galdera modura, esku pilotan hasdi gura duen ume bati nolako mezua helaraziko zenioke? Nire anaiarekin bat nator erantzun honetan: pazientzia, kirol oso gogorra delako. Askotan frontoian bakarrik daudelaren sentsazioa izango dute ziurrenik, baina aldi berean asko disfrutatzen den kirola da, nork bere beldurrei eta zailtasunei bakarrik egin behar dielako aurre. Gozatzea gakoa da haur batentzat nire iritziz. Gero etorri beharrekoak etorriko dira.
☉ Zaratamo
Estalki bat ipiniko dute Zaratamoko eskolako patioan, haurrak eguraldi txarraz babesteko
Abenduan erabakiko dute herritarrek zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean
Zaratamoko Udalak martxan ipini du Elexaldeko eskolako patioan estalki bat ipintzeko proiektua. Izan ere, prozesu parte-hartzaile baten bidez abiarazi dute egitasmo hau: Udalak galdetegi publiko bat zabaldu zuen joan urriaren hasieran “jendeak proposamenaren inguruan duen iritzia jasotzeko, aterpe hori nolakoa izan litekeen jakiteko”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Eskolako eremuan garatuko den esku-hartzea izan arren, herriaren proiektua dela gogorarazi dute Zaratamoko Udaletik, eta zaratamar orori zabalduta dagoen prozesua dela azpimarratu dute, estalki hau sortzea “herritarren eskuetan dagoelako”.
Denbora tarte honetan Taper Arkitektura izeneko estudioak, herritarren beharrak jaso eta aztertu ostean (estalki horren tamaina, materiala, kokapena…) bost proposamen ezagutarazi zituen atzo, eskolan bertan egindako aurkezpenean: ilargi erdiko formadun bat, laukizuzen formako proposamen bi eta forma karratuko beste proposamen bi.
Taper Arkitektura estudioak hainbat estalkien proiektu burutu ditu Bizkaia eta Gipuzkoan.: Zierbenan, Portugaleten, Errekalden (Bilbo), Atxurin (Bilbo), Loiun, Ordizian (lerro hauen gainean ikusgai), Oñatin… eta horiez gain bestelako lanak egin ditu, den denak bere webgunean ikusgarri.
Proposatutako estalkien azalera antzekoa da bost aukeretan: txikienak 155 metro karratuko azalera izango du eta handienak 222,53 metro karratukoa. Hori bai, bost aukerek bat egiten dute ezaugarri batean: estalkiaren kokalekua eskolako patioa izango da, eraikinaren aurrealdean (lerro hauen gainean ikusten den espazioan).
Erabakiaren zain
Abenduan erabakiko dute herritarrek zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean: “Abendua iristean jakin beharko dugu zein aurreproiektu izango den garatu beharrekoa”, azaldu dute udal ordezkariek.
Oinarrizko proiektua aukeratu eta balorazio ekonomikoa egin ostean, exekuzio proiektua egin, aurrekontuak eskatu eta azkenik Elexaldeko eskolako patioan aterpe berria eraikiko dute datorren urtean, eguraldi txarra egiten duen egunetan haurrak babesteko.
2020an, koronabirusaren garaian, eskolako sarreran dagoen haur parkean estalki bat ipini zuen Zaratamoko Udalak herrian bertan kokatutako Etxekit enpresaren bidez. “Neguari eta garai honek dakarren hotza eta euriari aurre egiteko” helburuarekin ipini zuten egitura bertan, ikasleen gurasoek hala eskatuta.
Estalkia bertan kokatuta egon zen, hasiera batean 2021eko ekainera arte, baina gaur egun bertan dago oraindik eta Udaletik azaldu dute ez dakitela hasiera batean behin behineko erabilerarako egitura hura kenduko duten edo ez.
☉ Zaratamo
Aner Iglesias eta Oier Elorz zaratamarrek irabazi dute Bizkaiko binakako kluben arteko txapelketa
Kadete mailan finalerdiak jokatu zituzten ere. Bigarren mailan Zaratamoko Oihan gorostizagak eta ekain mintegik euren partida irabazi zuten eta finala larunbat honetan jokatuko dute Mungian Basauriko Bidebietaren aurka
Joan den asteburuan Bizkaiko Binakako kluben arteko senior finalak jokatu zituzten Zornotzako pilotalekuan eta Zaratamoko klubeko bi pilotarik txapelak lortu zituzten: Aner Iglesiasek eta Oier Elorzek.
Lehen mailako senior mailan, Aner Iglesias pilotari zaratamarrak lehen mailako Seniorren txapeldun izan zen, Dimako Xabi Rekalde pilotariarekin bikotea eginez (Zaratamoko pilotaria klub horri utzita dago txapelketa honetarako).
Bigarren mailako seniorretan Oier Elorz zaratamarrak bigarren mailako Senior kategoriako finala irabazi du Sopelaren izenean Unax Ramirez sopelarrarekin batera.
Kadeteetan berri onak
Kadete mailan finalerdiak jokatu zituzten ere. Bigarren mailan Zaratamoko Oihan Gorostizagak eta Ekain Mintegik euren partida irabaztea lortu zuten eta finala larunbat honetan jokatuko dute Mungian Basauriko Bidebietaren aurka.
Hirugarren mailako kadete mailan Zaratamoko Jon Urrutikoetxeak eta Aketza Hernandezek ezin izan zuten Sestaoko bikotea gainditu eta larunbat honetako finaletik kanpo geratu ziren. Partida polemikoa izan zela azaldu dute Upo Mendi pilota taldetik, Sestaoko bikoteak erabilitako materialagatik, hain zuzen ere finalerdia markatu zuen pilota jokaldi batekin.
☉ Zaratamo
Zaratamarrek estalki bat ipiniko dute eskolako patioan, eguraldi txarraz babesteko
Herritarren beharrak jasota, arkitektura estudio batek estalki berria ipintzeko proposamenak aurkeztuko ditu datorren asteartean, eskolan
Zaratamoko Udalak martxan ipini du Elexaldeko eskolako patioan estalki bat ipintzeko proiektua. Izan ere, prozesu parte-hartzaile baten bidez abiarazi dute egitasmo hau: Udalak galdetegi publiko bat zabaldu zuen joan urriaren hasieran “jendeak proposamenaren inguruan duen iritzia jasotzeko, aterpe hori nolakoa izan litekeen jakiteko”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Eskolako eremuan garatuko den esku-hartzea izan arren, herriaren proiektua dela gogorarazi dute Zaratamoko Udaletik, eta zaratamar orori zabalduta dagoen saioa dela azpimarratu dute, estalki hau sortzea “herritarren eskuetan dagoelako”.
Denbora tarte honetan Taper Arkitektura izeneko estudioak, herritarren beharrak jaso eta aztertu ostean (estalki horren tamaina, materiala, kokapena…) proposamenak ezagutaraziko ditu datorren azaroaren 26an, 16:30ean, eskolan bertan: “Hiru aurreproiektu aurkeztuko dituzte herritarren proposamenetan oinarrituta eta azkenean herritarren artean erabakiko dute horien artean zein aukeratu. “Hobetsitako aurreproiektu horrekin oinarrizko proiektua garatuko du arkitektura estudioak”.
Zaratamoko Udala: “Hobetsitako aurreproiektu horrekin oinarrizko proiektua garatuko du arkitektura estudioak”.
Abenduan erabakiko dute zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean: “Abendua iristean jakin beharko dugu zein aurreproiektu izango den garatu beharrekoa”, azaldu dute udal ordezkariek. Oinarrizko proiektua aukeratu eta balorazio ekonomikoa egin ostean, Elexaldeko eskolako patioan aterpea eraikiko dute datorren urtean, eguraldi txarra egiten duen egunetan babesteko.
2020an, koronabirusaren garaian, eskolako sarreran dagoen haur parkean estalki bat ipini zuen Zaratamoko Udalak herrian bertan kokatutako Etxekit enpresaren bidez. “Neguari eta garai honek dakarren hotza eta euriari aurre egiteko” helburuarekin ipini zuten egitura bertan, ikasleen gurasoek hala eskatuta. Estalkia bertan kokatuta egon zen, hasiera batean 2021eko ekainera arte, baina gaur egun bertan dago oraindik.