Sareak

☉ Zaratamo

Aiora Renteria, Akerbeltz eta Zuriñe Hidalgo Zaratamoko eskolako abestian partaide

Pasa den ikasturtean Zaratamoko Eskolak abesti propioa zabaltzearen ideia izan zuen eta aurten bideoklipa publikatu berri dute.

|

zaratamo eskola 2016 abestia bideoa

Pasa den ikasturtean Zaratamoko Eskolak abesti propioa zabaltzearen ideia izan zuen. “Abestia eta abestiarekin bideo bat ateratzearen ideia, ilusio handiz, gure eskolako Besopean Guraso Elkarteko kideengandik atera zen“, dio Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak: “Lehen urratsak iaz eman genituen, baina eskola txikia izanik eta egin behar ditugun beste hainbat lanek “oztopatuta” ezin izan genion bukaera eman“.

Horiek horrela, aurten hasierako proiektu horri bukaera eman diote eta bideoklipa publikatu dute: “Musika Akerbeltz taldearena da baina letra gure eskolako musika andereñoa den Aiora Renteriarena (Zea Mays) da“, dio Urkizak. Era berean, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgoren ahotsa ere entzun daiteke.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Moiordin eta Mendieta lotzen dituen oinezkoentzako bidearen lanak amaitu dituzte

Udal ordezkarien arabera, Moiordin eta Ugarte industrialgunea konektatuko duen proiektuaren helburua langileek Arrigorriagako zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izatea da

|

Moiordin eta Mendieta lotzen duen oinezkoentzako bide berria // Geuria

Moiordin eta Mendieta auzo zaratamarrak lotzen dituen oinezkoentzako bide berriaren lanak amaitu ditu Udalak. Moiordin eta Ugarte industrialgunea lotuko dituen proiektu honen lehen fasea da honako hau eta Moiordin auzoko Irisgarritasun planean jaso zen 2021eko martxoan.

Aste batzuetako iraupena izan duten lan hauetan porlan zimurra erabili dute langileek irristagarritasun arazoak ekiditeko eta errepidetik bereizteko. Gainera, bazter-babes bikoitza eta baranda berriak ipini dituzte bide berrian zehar.

Lan hauekin batera, Zaratamoko Udalak lan txiki bat egin dute Moiordineko Makatza tabernaren pareko espaloian, bertan zegoen irisgarritasun arazoarekin behin betiko amaituz.

Garraiolari bat, Ugarte 1 industrialgunean // Geuria

Ugarte, ikusmiran

Zaratamoko Udalaren hurrengo erronka Mendietan amaitzen den bide hori Ugarte 1 industrialgunearekin “modu irisgarrian” lotzea da, udal ordezkariek GEURIAri azaldu bezala: “Oinezkoentzako bide berria amaitzen diren lekuan Ugarte 1 industrialguneko eskailerak daude”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak, eta asmoa eskailera horiek arrapala irisgarri batean bihurtzea dela azaldu du.

Hala ere, herriko alkateak azpimarratu du obra “konplexua eta garestia” izango dela, egitura ezponda handi baten ondoan dagoelako. Ondoren, Ugarte 1eko pabilioiak Ugarte 2koekin konektatu beharko lirateke, “espaloi baten bidez, ziurrenik”. Ugarte 2tik ibilbideak Mendieta auzoari helduko lioke, bertatik Elexaldera “modu irisgarrian” joan ahal izateko.

Ugarte 1 pabilioietako eskailerak, gaur egun // Geuria

Moiordin eta Ugarte konektatzean jendeak Zaratamotik Arrigorriagako herrigunera zeharkatzeko aukera izango du Bi-625 errepide gaineko zubitik zehar: “Bigarren fase honen helburu nagusia industrialguneko langileek Arrigorriagako garraio publikoa erabiltzeko aukera ematea da, kotxea ez erabiltzeko”, gehitu du Albertok.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak ekainaren 7tik 9ra egingo dituzte aurten

Akais, Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak, Oihan Vega DJa, Ealain zaratamarrak eta Akerbeltz Erromeriaren kontzertuak baieztatu ditu Jai Batzordeak momentuz

|

Zaratamoko jaietako paella txapelketa, 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordea aurtengo jaiak prestatzen hasi da eta duela egun batzuk Zaratamoko auzoko jaiak antolatzeko lehen bilera antolatu zuen. GEURIAk jakin ahal izan duenez, aurtengoak ekainaren 7tik 9ra izango dira eta programa guztiz itxita ez badago ere, zenbait kontzerturen berri eman dute antolakuntzatik.

Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzora eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak  dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Ealain talde zaratamarra, Arkotxan // Ealain

Diru gutxiago jaietarako

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Aurtengo aurrekontua txikiagoa da aurreko aurtekoekin alderatuz, eta dena doitzea erronka handia izaten ari da guretzat”

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko herri basoetan ganadua sartzeko eskabideak egiteko epea zabaldu dute

Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte

|

Behiak // Geuria

Abeltzainek otsailaren 22ra arte dute Zaratamoko 13 eta 176 herri baso eta larretan ganadua sartzeko azienden aitorpena eta eskabidea egiteko. Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte.

Tramitea egin ahal izateko aurretik hitzordua eskatzea beharrezkoa dela gogorarazi dute 946 710 052 telefono zenbakira deituz edo administrazioa@zaratamo.eus helbide elektronikora deituz.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gizonek parekidetasunaren bidean egin beharreko pausuen inguruko hitzaldia eskainiko dute Zaratamon

Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte eta izena ematea beharrezkoa izango da

|

Bikote bat // Ryan Jacobson, Unsplash

Otsailean hitzordu bi prestatu ditu Zaratamoko Berdintasun Batordeak. Hilaren 16an ‘Gizonak parekidetasunaren bidean: korapiloak eta aukerak’ izeneko hitzaldia eskainiko du Hiruki Larroxak. Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte.

Interesdunek izena eman behar dute arkotxa@zaratamo.eus helbidera idatziz edo 944 566 060 telefono zenbakira deituz (08:30etik 14:00ak arte). Aipatutako helbide elektronikoan eta telefono zenbakian garraio eta haurtzaindegi zerbitzua eskatu daitezke ere.

Otsailaren 23an eta martxoaren 1ean, 18:00etatik 20:00ak arte, Lodifobiari aurre egiteko tailerra eskainiko diete emakumeei, Elexalde kultur etxean ere.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Auto batek adingabe bat harrapatu du Arkotxako Olagane auzoan

Ertzaintzak gertakaria “susto” bezala definitu du eta neskak ez du garrantzizko kalterik jasan

|

Auto batek adingabeko neska bat harrapatu du Arkotxako elizaren inguruan, ibilgailua garajetik irteten ari zela. Istripua gertatu den lekura suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuko ibilgailuak gerturatu dira, abisua jaso bezain laster.

Ertzaintzak GEURIAri jakinarazi dionez, gertakaria “sustoa” baino ez da izan eta ez du neskak ez du garrantzi handiko zauririk. “Momentura arte jasotako informazioaren arabera, adingabea ez dute erietxera eraman behar izan”, azaldu dute Ertzaintzako ordezkariek.

Osorik irakurri