→Zaratamo

Jon Ander Paredes: «Zaratamon euskaragatik eta euskaraz hitz egiteagatik mugitu da jendea»

Zaratamon euskaraz ikasi eta herriko kaleetan betidanik hitz egin izan du Jon Ander Paredes Berganzak (Zaratamo, 1995). Paredes saskibaloiko entrenatzailea da Arrigorriagako Padura taldean, eta neska-mutilei txikitatik euskaraz egiteko ohitura irakastea garrantzitsua iruditzen zaiola dio

Jon Ander Paredes Berganza, Ahobizi Euskaraldian // Geuria

Zaratamon euskaraz ikasi eta herriko kaleetan betidanik hitz egin izan du Jon Ander Paredes Berganzak (Zaratamo, 1995). Paredes saskibaloiko entrenatzailea da Arrigorriagako Padura taldean, eta neska-mutilei txikitatik euskaraz egiteko ohitura irakastea garrantzitsua iruditzen zaiola dio. Halere, gazteen artean, gauzak “zail” ikusten ditu: kuadrilletan gaztelaniaz egitera ohituta egonez gero, dinamikari buelta ematea ez da erraza. “Txipa” nola alda daitekeen? “Nik neuk ere arazoak badauzkat” —dio zaratamoztarrak— “imajinatu zer litzatekeen gainontzekoei aldaraztea”.

Zergatik hartu duzu parte Euskaraldian? Helburua euskara laneko testuingurutik egunerokora pasatzea eta egunerokoan ere hizkuntza erabiltzea izan da. Orokorrean, hori izaten da urtero izaten dudan asmo pertsonala. Azkenean, lanean eta entrenamenduetan euskara erabiltzen dugu txikiekin, baina lagunekin ere aurrerapausoa ematea eta gure artean euskaraz hitz egitea eta bizitzea garrantzitsua da.

Lanean erabiltzen duzu euskara egunerokoan? Bai, gehienbat: lankideekin, ikasleekin eta eskola kiroleko neska-mutilekin. Hori izaten da euskara gehien erabiltzen dudan ingurua. Kostatzen zaidana, hortik atera eta aisialdian lagunekin erabiltzea da.

Euskaraldian nola aldatu nahi izan duzu zure erabilera? Ahobizi moduan parte hartu dudan hirugarren aldia da, eta aurreko bi Euskaraldietan lagunen artean gehiago erabili izan dugula nabaritu dut. Bestalde, aste horiek igaro ondoren ere, Euskaraldian parte hartu duen jendeak egitasmotik kanpo euskara erabiltzen jarraituko duela espero dut.

Eta lortu duzu helburua? Lagunekin zailtasun gehiago izan dut kaleko jendearekin baino, gure artean ez daukagulako ohiturarik euskaraz aritzeko. Gainera, batzuei beste batzuei baino gehiago kostatzen zaie. Baina uste dut aurrerapausoa eman dugula. Horregatik, datorren Euskaraldiarako ere helburu hori jarriko dut, “txipa aldatzea”.

Zergatik dira garrantzitsuak hau bezalako egitasmoak? Zaratamon ondo ikusten da nolako eragina izan duen Euskaraldiak. Horregatik egin da azoka, postuak jarri dira, dendak… Azken batean, euskaragatik eta euskaraz hitz egiteagatik mugitu da jendea, eta inportantea da hizkuntzagatik hor guztia egiten dela ikusaraztea. Askotan, euskara ahaztu egiten dugula dirudi, baina ez gutxi erabiltzeagatik, garrantzi nahikorik ematen ez diogulako baizik. Eta nik uste, horrelako ekitaldiek nabarmentasuna ematen diotela.

Zaratamon egingo diren zein ekintzatan hartu duzu parte? Pasa den urtean Euskaraldiako Zaratamoko taldearekin egon nintzen gauzak prestatzen. Baina laneko ordutegiak direla-eta, aurten ez dut asko laguntzeko denborarik izan, nahiz eta haiekin harremanetan egon eta ahalik eta gehien inplikatzen saiatu. Taldeak herrian antolatu duen azokara [azaroak 20koa] bertaratu nintzen, eta umeentzako jarri zituzten egurrezko jolasekin ere aritu ginen laguntzen.

Nola ikusten duzu euskararen egoera hemen? Arkotxan eta Elexalden, adibidez, erabilera ez da berdina izango. Ez, zauden inguruaren eta testuinguruaren araberakoa dela uste dut. Nire kasuan, gurasoek ez dakite euskaraz, amak pixka bat bakarrik. Orduan, nik euskaraz Zaratamoko eskolan ikasi nuen, eta herrian ere beti euskaraz egiten saiatzen nintzen. Orain, lanean ere euskara erabiltzen dut, askotan gaztelaniaz egitea baino nahiago izaten dudalako: eroso sentitzen naiz. Baina kalean zailagoa egiten zaigu, orokorrean.

Esango nuke kontua “txipa aldatzea” dela. 15 urte badaramatzazu pertsona berdinekin hizkuntza ohitura batzuk izaten, horri buelta ematea zaila da. Agian, lankide edo ikasle bat aurkitzen badut kalean, euskaraz hitz egiten dut harekin; baina kuadrillakoekin, ez. Eta kalean ere, inertziagatik, askotan, gaztelaniara jotzen dut. Aurreko batean, adibidez, taberna batean sartu nintzen eta zerbitzariari gaztelaniaz egin nion. Gero pentsatu nuen euskaraz egin niezaiokeela, eta ulertu izan ez balu, gaztelaniaz esan. Baina lotsagatik edo, agian, estutasuna eman zidalako, ez nuen egin.

Zer egingo zenuke “txipa aldatzeko”? Ez dakit. Eta askotan hitz egin dugu lagun artean horri buruz. Baina nik neuk ere arazoak badauzkat “txipa aldatzeko”, imajinatu zer litzatekeen gainontzekoei aldaraztea. Uste dut, alde horretatik, apur bat “agresiboak” izan behar dugula aldaketa bultzatzeko; “agresibo”, baina ez zentzu biolentoan. Esan nahi dudana da, adibidez, norbaitek erdaraz egiten badizu, zuk euskaraz erantzun behar diozula, eta gaztelaniaz jarraitzen badu, beste behin jarraitu behar duzula euskaraz. Pertsonak erdaraz egiten badizu hirugarrenez, ulertzen ez duelako edo euskaraz hitz egin nahi ez duelako da. Baina, gutxienez, garrantzitsua da agresibitate puntu hori izatea, gainontzekoek euskaraz egin dezaten ahalegintzeko. Euskaraz bota eta bota, ea aldaketarik eragin dezakegun.

Herri mailan, nondik hasiko zinateke aldaketa bultzatzen? Uste dut Arrigorriagak hartu duen erabakia (eskolaz kanpoko kirolean euskara sustatzea) oso garrantzitsua dela hizkuntzari bultzada emateko: txikitatik hasita egitea gauzak. Zaratamoren kasuan, esku-pilota da nagusia, eta hemen ere, entrenamenduetan, euskaraz egiten dute. Hori garrantzitsua iruditzen zait, azken batean, haurrentzat entrenatzailea eta taldea erreferente izan ohi garelako, eta euskaraz egiten ikusten bagaituzte, eredua hartzen dutelako. Baina, noski, entrenatzaileok kalean harrapatzen bagaituzte, gure lagunekin, eta erdaraz hitz egiten ari bagara… Neska-mutilei ikusarazi behar diegu ez dela delitua euskaraz hitz egitea, eta euskaraz arazorik gabe bizi gaitezkeela kalean ere: askotan badirudi euskaraz hitz egiten badugu, arraroak garela.

Gazteen artean egoera zail ikusten duzu? Bai, gaizki dago. Gure artean ez dugu euskaraz hitz egiten. Esfortzu handia egin behar dugu erabiltzeko, eta behetik hasten ez bagara, oso zaila da. Bizkaian, gainera, kaleetan zer dagoen ikusi baino ez dago horretaz ohartzeko: euskara egunero erabiltzen duten herriak badaude, baina gehienetan ez da hori gertatzen. Zaratamon, adibidez, saiatu ginen talde bat egiten, gazteria pixka bat mugitzeko. Gazte bazkari bat edo bertso afari bat egitea pentsatzen ibili ginen, jendea animatu eta parte hartzera gonbidatzeko, azkenean, azoketara eta antzekoetara gazteak ez direlako hurbilduko. Jendea, gehienbat, jaietan dator, kontzertuak daudenean, eta horrelakoak antolatu beharko genituzke gazteak erakartzeko ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak