Sareak

☉ Zaratamo

Felipe Etxebarria:«Erabaki garrantzitsuak hartzen dira Europar Batasunean, guztion bizitzan eragina daukatenak»

ETBko kazetaria ia lau hamarkadaz, nazioarteko kazetaritzan aditua da, eta erretiroa hartu zuen arren adi-adi jarraitzen du munduan zehar gertatzen dena

|

Erretiroa hartu zuen 2018an Felipe Etxebarria kazetari zaratamoztarrak, baina ordutik ez du aspertzeko tarterik izan, inondik inora: Hizkuntza Eskolan aleman, frantses, ingeles eta italiera tituluak eskuratu ditu, eta egun errusiera ikasten dabil. Hori gutxi ez, eta hamarkadetan bere lanbidea izan den nazioarteko gaurkotasuna gertutik jarraitzen du, eitb.eus atarian kolaborazioak egiten baititu. Hari horretatik tiraka, ia lau hamarkada iraun duen ibilbide baten errepasoa egin du GEURIArekin, iragan urruna, hurbila, eta puri-purian dauden gaiak lotuz.  

Nazioarteko gatazkek pisu handia hartu dute azken aldian: Ukraina, Palestina…
Bai, eta okerrena da kasu batean zein bestean ez dela amaiera posible bat aurreikusten. Ukrainari dagokionez, kontraerasoa hasi zuten orain dela aste batzuk ukrainarrek, galdutako hainbat eremu berreskuratu nahian, baina ez dute aurrerapauso handirik eman. Ez da gertatzen den lehen aldia, ez alde baten ez bestean: egunetako kontua dela “saltzen” dute, eta ez atzera eta ez aurrera geratzen dira. Egun, gainera, ukrainarrek arazoak dituzte bai armak eta bai finantziazioa lortzeko, bat-batean Gazako gatazkak eztanda egin duelako, Ukraina fokutik kanpo utziz. Estatubatuarren lehentasunak Israelekin lerratu dira, eta horrek blokeo egoera bat sortu du Errusiarekiko gerran. Aipagarria da, baita ere, gerra honek azaleratu dituen kontraesanak. Kasurako, zigor ekonomikoak jarri zitzaizkion Errusiari, eta orain gutxi ezagutu dugu kontsumitzen ari garen gasaren zati handi bat Errusiatik datorrela. Hori bai, zuzenean erosi beharrean hirugarren herrialde bati erosten diogu, Indiari kasu honetan. Ez dirudi gauza bat eta kontrakoa egitea oso logikoa denik. 

Palestinan egoera ezberdina da, Gazan ikusten ari garen irudiak izugarriak dira, eta gertatzen ari denak kezka sortu du Estatu Batuetan, kontrako ahotsak ugaritzen ari direlako, bai nazioartean eta baita euren etxe barruan ere. Egia esan, ez dago esperantzarako motibo handirik, kontutan hartuta sei hamarkadetan ez dela auzia konpondu, eta egungo bortizkeria erabatekoa ari dela izaten.  

Iraganean Europak bazeukan halako lidergo bat nazioarte mailan, baina aipatu dituzun gatazka horietan eta beste hainbat gaitan ere badirudi atzean geratzen ari dela, edo hirugarren baten interesen menpe jokatzen duela. Hala da?
Europar Batasunean erabakiak hartzeko prozedura zaila, luzea eta korapilatsua izaten da. Interes eta ikuspegi oso ezberdinak daude. Azkenaldian hori aldatzeko neurriak hartu dituzte, baina orain dela ez hainbeste gertatu da Hungaria Ukrainari laguntza berri bat ematearen kontra agertu dela, dena geldiaraziz. Adibide bat bakarrik da, baina adierazgarria. Horrekin lotuta, ez da ahaztu behar aurrekontuak Europar Batasunean, egun ere, aho batez onartu behar direla, eta dirua aldagai garrantzitsua da nazioarte mailan eragiteko, eta munduko merkatu eta herrialde ezberdinetan aritzeko.  

// Geuria

Batasunean aldaketak egiten direla aipatu duzu. Zein helbururekin?
Europar Batasunari izaera demokratikoagoa ematea da asmoa, erabaki guztiak ez ditzaten estatuek bakarrik hartu. Hiru geruza ditu Europar Batasunak; Batzordea alde batetik. Batzordeak proposamena egiten du, gaia edozein dela ere,  eta arlo horretako Ministroen Kontseiluak onartu. Gaia lan mundua bada, herrialde bakoitzeko lan ministroak parte hartuko du kontseilu horretan; nekazaritzari dagokionean nekazaritzakoa joan da bilera horretara, eta beste arloetan gauza bera. Azken erreformaren bitartez parlamentuari pisu handiagoa eman zaio, eta ganberaren baiezkoa ere beharrezkoa da proiektu horiek aurrera eramateko. Hori lehen ez zen gertatzen, nahikoa zen kontseiluak onartzea argi berdea emateko, parlamentua bazter utzita. Orain aldaketa bikoitza egin dute: parlamentuak ere erabaki horietan parte hartzen du, eta ez da beharrezkoa parlamentuak aho batez onartzea, gehiengo kualifikatu batekin nahikoa da.

“Europar Batasunari izaera demokratikoagoa emateko lanean ari dira

Orokorrean urruna zaie herritarrei Europar Batasunean gertatzen dena. Laster hauteskundeak izango dira. Zelan azalduko zeniguke bertan erabakitzen denak gure eguneroko bizitzan duen garrantzia?
Adibide erraz batekin. Orain dela ez asko arrantza kuotak erabaki dira, eta horrek eragin zuzena dauka gure arrantzaleengan, bertan zehazten baita zenbat berdel, antxoa eta abar arrantzatu daitekeen. Kuota jaitsiz gero, genero gutxiago helduko da arrandegietara, eta prezioak gora egingo du. Glifosatoena ere orain dela gutxi izan da. Herbizida mota bat da, bazirudien debekatu behar zutela, baina erabakia atzeratu dute. Egoera bitxi bat ematen da Batasunean: lobby taldeen erregistro bat dago. Hau da, presio taldeak daude, baina modu legalean. Hartzen diren erabakiak baldintzatzen saiatzen dira, parlamentariekin harremana daukate… Horrek erakusten du erabaki garrantzitsuak hartzen direla bertan, guztioi eragiten digutenak.

 1995ean heldu zinen Bruselara lanera, eta hamarkada egin zenuen bertan.
Bai, urte batzuk lehenago, 1989an, nazioarteko arduradun izendatu ninduten. Berlingo harresiaren erorketaren garaia izan zen. Aurretik Alemanian egondakoa nintzen, bai Leipzigen eta bai Berlinen, nire alemana hobetzen, eta horrek egoera ulertzen lagundu zidan. Testuinguru oso berezia, eta bazeukan puntu surrealista bat; orbita komunistan zeuden herrialde batzuetan bazeukaten atzerrira bidaiatzeko aukera, eta Ekialdeko Alemanian, aldiz, ezin ziren herrialdetik irten. Sei urte geroago egin nuen salto Belgikara, familia osoarekin batera: ni ETBrako eta Mertxe Etxeberria irratirako. Beste ekipo guztia, kamerariak eta abar, bertakoak ziren. Esango nuke orain oihartzun handiagoa daukatela Europako gaiek, arestian esan dudan bezala parlamentuaren eskumenak handiagoak direlako. Orduko hartan ministroen kontseiluaren arabera antolatzen genuen lana, eta harreman handia geneukan enbaxadarekin, kontseiluan landu behar zituzten gaiak aurreratzen zizkigutelako, arloka eta gerta zitekeena aurreikusiz. Gogoan dut Euskal Herri mailan Karmelo Landa eta Josu Jon Imaz zeudela euskal alderdien ordezkari moduan.  

Eta zelakoa zen bizitza bertan?
Gure bi semeak han ikasten hasi ziren, eta horrek asko erraztu zizkigun gauzak. Bertako jendea ezagutu eta hango bizitzara moldatu ginen. Gure bizimoduarekin alderatuta, Belgikan gehiago bizi dira etxean, eta ordutegiak zeharo ezberdinak dira. Eguerdian negozio eta dendek ez dute ixten, afari legea goizago egiten dute, 19:30ak inguru, eta hango Teleberria dena ere ordu horretan izaten da. Herrialde ezberdinetako kazetariekin harremana geneukan, eta guztiei arrotza egiten zitzaien hemengo ordutegia. 

Handik bueltatutakoan ere, nazioarteko atalean ibili zinen lanean.
Bai, nazioartea jorratuz, eta nazioartea ekonomiarekin lotuta, gehienbat. Euskal Herrira bueltatzean Iurretan hasi nintzen lanean. 3-4 pertsonako lan taldea ginen. Bi urte eman nituen bertan, eta ondoren aldaketa handi bat bizi izan genuen: etxez aldatu zen EITB, Bilbora, eta digitalizazio betean sartu. Lan egiteko sistema goitik behera aldatu zen: ordura arte gu zinta magnetofonikoekin ibiltzen ginen gora eta behera,  eta gailu pisutsu eta handi horietatik kamera berriek barnean zeramaten txartel txikiekin lan egitera pasa ginen.   

Lan mundua ere jorratu zenuen garai zailetan.
Bai, Euskaldunaren itxiera bertatik bertara bizi izan nuen, laurogeigarren hamarkadan. Ez zen kasu bakarra izan, egon ziren itxi zuten beste enpresa batzuk, Basauriko Frebelec bezala, baina Euskalduna berezia eta gogorra izan zen, milaka lanpostu galdu ziren. Badago irudi bat, garai hartan ikonikoa bilakatu zena eta nik aurrez-aurre bizi izan nuena: Deustuko zubia gurutzatzen ari zen tanketa bati koktel molotov-a jaurti zioten gainera, eta suak
harrapatu zuen. 

☉ Zaratamo

Zaratamoko Moiordin eta Mendieta lotzen dituen oinezkoentzako bidearen lanak amaitu dituzte

Udal ordezkarien arabera, Moiordin eta Ugarte industrialgunea konektatuko duen proiektuaren helburua langileek Arrigorriagako zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izatea da

|

Moiordin eta Mendieta lotzen duen oinezkoentzako bide berria // Geuria

Moiordin eta Mendieta auzo zaratamarrak lotzen dituen oinezkoentzako bide berriaren lanak amaitu ditu Udalak. Moiordin eta Ugarte industrialgunea lotuko dituen proiektu honen lehen fasea da honako hau eta Moiordin auzoko Irisgarritasun planean jaso zen 2021eko martxoan.

Aste batzuetako iraupena izan duten lan hauetan porlan zimurra erabili dute langileek irristagarritasun arazoak ekiditeko eta errepidetik bereizteko. Gainera, bazter-babes bikoitza eta baranda berriak ipini dituzte bide berrian zehar.

Lan hauekin batera, Zaratamoko Udalak lan txiki bat egin dute Moiordineko Makatza tabernaren pareko espaloian, bertan zegoen irisgarritasun arazoarekin behin betiko amaituz.

Garraiolari bat, Ugarte 1 industrialgunean // Geuria

Ugarte, ikusmiran

Zaratamoko Udalaren hurrengo erronka Mendietan amaitzen den bide hori Ugarte 1 industrialgunearekin “modu irisgarrian” lotzea da, udal ordezkariek GEURIAri azaldu bezala: “Oinezkoentzako bide berria amaitzen diren lekuan Ugarte 1 industrialguneko eskailerak daude”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak, eta asmoa eskailera horiek arrapala irisgarri batean bihurtzea dela azaldu du.

Hala ere, herriko alkateak azpimarratu du obra “konplexua eta garestia” izango dela, egitura ezponda handi baten ondoan dagoelako. Ondoren, Ugarte 1eko pabilioiak Ugarte 2koekin konektatu beharko lirateke, “espaloi baten bidez, ziurrenik”. Ugarte 2tik ibilbideak Mendieta auzoari helduko lioke, bertatik Elexaldera “modu irisgarrian” joan ahal izateko.

Ugarte 1 pabilioietako eskailerak, gaur egun // Geuria

Moiordin eta Ugarte konektatzean jendeak Zaratamotik Arrigorriagako herrigunera zeharkatzeko aukera izango du Bi-625 errepide gaineko zubitik zehar: “Bigarren fase honen helburu nagusia industrialguneko langileek Arrigorriagako garraio publikoa erabiltzeko aukera ematea da, kotxea ez erabiltzeko”, gehitu du Albertok.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak ekainaren 7tik 9ra egingo dituzte aurten

Akais, Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak, Oihan Vega DJa, Ealain zaratamarrak eta Akerbeltz Erromeriaren kontzertuak baieztatu ditu Jai Batzordeak momentuz

|

Zaratamoko jaietako paella txapelketa, 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordea aurtengo jaiak prestatzen hasi da eta duela egun batzuk Zaratamoko auzoko jaiak antolatzeko lehen bilera antolatu zuen. GEURIAk jakin ahal izan duenez, aurtengoak ekainaren 7tik 9ra izango dira eta programa guztiz itxita ez badago ere, zenbait kontzerturen berri eman dute antolakuntzatik.

Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzora eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak  dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Ealain talde zaratamarra, Arkotxan // Ealain

Diru gutxiago jaietarako

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Aurtengo aurrekontua txikiagoa da aurreko aurtekoekin alderatuz, eta dena doitzea erronka handia izaten ari da guretzat”

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko herri basoetan ganadua sartzeko eskabideak egiteko epea zabaldu dute

Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte

|

Behiak // Geuria

Abeltzainek otsailaren 22ra arte dute Zaratamoko 13 eta 176 herri baso eta larretan ganadua sartzeko azienden aitorpena eta eskabidea egiteko. Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte.

Tramitea egin ahal izateko aurretik hitzordua eskatzea beharrezkoa dela gogorarazi dute 946 710 052 telefono zenbakira deituz edo administrazioa@zaratamo.eus helbide elektronikora deituz.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gizonek parekidetasunaren bidean egin beharreko pausuen inguruko hitzaldia eskainiko dute Zaratamon

Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte eta izena ematea beharrezkoa izango da

|

Bikote bat // Ryan Jacobson, Unsplash

Otsailean hitzordu bi prestatu ditu Zaratamoko Berdintasun Batordeak. Hilaren 16an ‘Gizonak parekidetasunaren bidean: korapiloak eta aukerak’ izeneko hitzaldia eskainiko du Hiruki Larroxak. Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte.

Interesdunek izena eman behar dute arkotxa@zaratamo.eus helbidera idatziz edo 944 566 060 telefono zenbakira deituz (08:30etik 14:00ak arte). Aipatutako helbide elektronikoan eta telefono zenbakian garraio eta haurtzaindegi zerbitzua eskatu daitezke ere.

Otsailaren 23an eta martxoaren 1ean, 18:00etatik 20:00ak arte, Lodifobiari aurre egiteko tailerra eskainiko diete emakumeei, Elexalde kultur etxean ere.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Auto batek adingabe bat harrapatu du Arkotxako Olagane auzoan

Ertzaintzak gertakaria “susto” bezala definitu du eta neskak ez du garrantzizko kalterik jasan

|

Auto batek adingabeko neska bat harrapatu du Arkotxako elizaren inguruan, ibilgailua garajetik irteten ari zela. Istripua gertatu den lekura suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuko ibilgailuak gerturatu dira, abisua jaso bezain laster.

Ertzaintzak GEURIAri jakinarazi dionez, gertakaria “sustoa” baino ez da izan eta ez du neskak ez du garrantzi handiko zauririk. “Momentura arte jasotako informazioaren arabera, adingabea ez dute erietxera eraman behar izan”, azaldu dute Ertzaintzako ordezkariek.

Osorik irakurri