Ehun artea ikasi zuen Argentinan Flor Verón Goas-ek (Buenos Aires, 1979). 2015ean Euskal Herrira etorri zen eta gaur egun Zaratamon bizi da, bera lantegia hantxe daukalako. Unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, moda eta ehun-arteko marka sortu zuen Verónek. WÜL izena jarri zion markari eta estilo propio eta berezia lantzen aritu zen moda eta arte jasangarriaren alde. Hostoak, sustraiak edo loreak erabiltzen ditu arropen estanpaziorako, landare estanpazioa baita artista argentinarraren teknika. Zaratamoko lantegian egindako lanari esker, WÜL pixkanaka-pixkanaka hazten eta forma hartzen joan da. Azken Gabonetan Gabonart deitzen den Bilboko artisautza azokan egon zen bere arropa jasangarria saltzen. Horrez gain, azken urteetan ikastaroak antolatu ditu moda eredu hau bultzatzeko asmoz.
Nola definituko zenuke WÜL marka? Berez, WÜL moda eta ehun-arte jasangarriko marka bat da. Ni ehun-artista naiz, ehun arteko gradua ikasi nuen Buenos Airesen eta beka bat eskuratu nuen artea modara eramateko jasangarritasuna bateratuz. Hortaz, nik WÜL-en zuntz organikoekin bakarrik egiten dut lan, eta tratamendu guztiak ingurumen-jasangarritasunaren alde pentsatuta eta landuta daude. Beste aldetik, kimiko toxikoak ez ditut lantzen, ezta azalari eragin diezaiokeen beste ezer ere. Nik erabiltzen ditudan ehunek edota zuntzek GOTS (Global Organic Textile Standard) ziurtagiria daukate. Ziurtagiri hau trazabilitate-ziurtagiririk altuena da, baratzetik hasi eta azken etiketatzerainoko zuntz organikoez arduratzen dena. WÜL-en ziurtagiri hori daukaten ehunak bakarrik erabiltzen dira. Bestetik, feltroen zatiari dagokionez, artile ekologikoarekin egiten dut lan.
Izen bitxia jarri zenion zure markari. Letra-joko bat da WÜL. Izen bat pentsatzen hasi nintzenean artilearekin bakarrik egiten nuen lan. Horren ondorioz, izenak dieresia darama ‘U’-ren gainean “wool” hitzari erreferentzia eginez, “wool” artilea baita ingelesez. Bestalde, ‘U’ letrak dieresiarekin irribarre bat sortzen du eta horrekin nik maite dudana egin ahal izatea irudikatzen dut. Eta, azken finean, hiru letrek (W – U – L) “What U Love” esan nahi dute. Hots; maite duzuna.
Eta nola sortu zen egitasmo hau? Argentinako IUNA-n (Artearen Unibertsitate Institutu Nazionala) ehun arteko gradua amaitu nuen 2004an. Hortik lau urtera sortu zen WÜL proiektua, 2008an. Unibertsitate ikasketak behin bukatu nituenean, feltroarekin lanean zebilen jendea ezagutu nuen, eta, horren harira, tindu naturalekin hasi nintzen lanean. Formakuntza baneukan eta praktikan jarri nahi nuen jendeak nire obrak erabili ahal izateko; hau da, artea sortzea, gero erabiltzeko.
Zure proiektu pertsonala da hau. Hala da. Nik sortu nuen WÜL, nik eraman nuen aurrera egitasmoa eta nik kudeatzen dut guztia. Ez dago beste inor, ni bakarrik. Nik egiten ditut jantziak, estanpazioa eta den-dena. Gainera, ez dut makinarik erabiltzen, nire lantegian dagoen makina bakarra josteko makina da.
Zer arropa mota saltzen duzu? Kamisetak, soinekoak… Azken finean, sasoia eta urtaroaren arabera aldatzen joaten naiz. Urtero berritzen ditut produktuak, arraroa da errepikatzea. Hori bai, nik ez dut ez multzoetan, ez txandetan lan egiten. WÜL-en egiten den guztia pieza bakarra da. Adibidez, landare berberarekin egiten dudan estanpazio edo tindu naturalen kasuan, banan-banan egiten dut lan. Espezie berarekin lan egin arren, janzki guztiz ezberdinak dira denak. WÜL-en filosofiaren zati bat da hori, jantziak diseinatzea eta egitea bat-banaka.
Eta zeintzuk dira erabiltzen dituzun materialak arropa egiteko? Zuntzetarako zuntz zelulosikoak, kotoia edo kaña organikoak eta ziurtatuak baldin badira, noski. Estanpatzeko materialei dagokienez, landare naturalak erabiltzen ditut beti. Hori da nik lantzen dudan teknika, landare estanpazio edo “eco-print” deitzen dena. Teknika horren funtsa honakoa da: tindagai-landareak diren zenbait espezieren pigmentuak ehunezkoa izan daitekeen euskarri batera eramatea. Normalean, hostoak, loreak, sustraiak eta landareen azalak erabiltzen ditut estanpatzeko.
Ikusten da jasangarritasunari garrantzia handia ematen diozula. Berez, moda jasangarriko proiektu batzuetan murgilduta nago. Azken batean, marka honen ardatza da jasangarritasuna. Hemen ez dago ezer sintetikorik, WÜL-en ez duzu aurkituko sintetikoa den ezer.
Zeintzuk dira WÜL-en helburuak? Modari eta arteari dagokienean, gero eta jasangarritasun handiagoa lortzea eta eredu hori bultzatzea. Horiek izango lirateke helburu nagusiak.
Gabonetan zure jantziak erakusteko eta saltzeko aukera izan zenuen Bilbon. Zelan joan zen? Nahiko ongi joan zen negozioa, espero nuena baino hobeto. Balantzea oso ona izan zen. Pandemiak eragindako bi urteko parentesiaren ostean eta murrizketarik gabe, jendea animatu eta hurbildu egin zen. Egia da formakuntzari lan handia eskaintzen diodala eta urteak aurrera joan ahala ni ere nire bezeria egiten joan naizela. Esaterako, bezero askok urtero errepikatzen dute eta batzuetan senide edo lagunekin etortzen dira hurrengo urtean. Beraz, gurpil moduko bat sortzen da eta horrek indarberritzen nau.
Bilboko artisautza azokan ez zara berria. Ez, nire bosgarren urtea izan da hau. Urtean bi azoketan parte hartzen dut. Lehena, udaberrian; eta bigarrena, Gabonetan egiten den artisautza azoka horretan, Bilbon. Horrez gain, webgunearen bidez eta Bilbon zein Frantzian ditudan denden bitartez saltzen ditut nire produktuak urtean zehar.
Zeintzuk dira zure ohiko bezeroak? Batez ere 35 urtetik gorako jendeak erosten ditu nire produktuak. Gazteen artean oraindik ez da hain ohikoa arropa mota hau janztea, zailagoa egiten zait gazteengana heltzea.
Azken urteetan ikastaroak ere antolatu dituzu. Ikastaro horiek ere espero nuena baino hobeto joan ziren. Urte ugari daramatzat formazio lanetan, baina 2021az geroztik eskaera gero eta handiagoa izaten ari zen. Hala, gero eta denbora gehiago eskaini diot formakuntzari.
Zer lortu nahi zenuen ikastaro hauekin? Nire teknikak eta lan egiteko moduak irakatsi eta zabaltzea, gehienbat. Moda eredu hau hedatu nahi nuen eta ezagutzera eman ehun mundu hau. Zenbait ikastaro antolatu ditut: batzuk artilezko feltrozkoak, beste batzuk landare estanpaziozkoak… Jendea animatzen da eta gerturatzen da ikastaroetara. Gainera, poz-pozik ateratzen dira. Bartzelonan antolatu nuen ikastaro bat, beste bat Basque Design-en, eta Fashion Revolution-ean egotea pentsatzen ari naiz, moda jasangarriaren astean hain zuzen ere.
Argentina utzi eta 2015ean Euskal Herrira etorri zinen. Bai, nire familia Euskal Herrikoa da eta familiaren zati bat hemen dut. Beraz, proiektua ere Euskal Herrira ekarri nuen, jakina.
Non izan du WÜL-ek arrakasta gehiago, Argentinan ala Euskal Herrian? Hemen, Euskal Herrian. Baina, esan beharra dago markak forma bertan hartu duelako izan dela. Horrez gain, ni ere hazten joan naiz, esperientzia lortzen joan naiz eta horrek asko lagundu du.
Zaratamon duzu lantegia. Zaratamon, bai. Beste lantegi bat daukat Bartzelonan, baina ez naiz hainbeste joaten hara. Zaratamon bizi naiz, gainera, eta hemen daukagun bakeak asko laguntzen du nirean lan egiteko. Niretzat, behintzat, lasaitasuna izatea funtsezkoa da, batez ere nire lanerako. Izan ere, nik landareekin egiten dut lan. Zaratamoko ingurunea ezin hobeto datorkit.
Nola ikusten duzu moda eta arropa munduaren egoera gaur egun? Alde batetik, kontzientzia hartzen ari garela esango nuke. Bestetik, jasangarritasunari dagokionez, hipokrisia handia ikusten dut. “Jasangarriak” diren egitasmo ugari sortzen ari dira jasangarritasun hitza modan dagoelako, baina gero produktuak aztertzen badituzu ez dira guztiz jasangarriak. Oraindik azpijoko eta tranpa asko existitzen da.
