Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zaratamo

Gemma Ercilla, itsas geologoa: «Sedimentuen erregistroak itsasoaren historia kontatzen duten liburuak dira»

Jatorriz Zaratamokoa bada ere, Gemma Ercillak urte asko daramatza Bartzelonan bizitzen. Geologoa ikasketaz, Itsas Zientzien Institutuko (CSIC) ikertzailea da

|

Gemma Ercilla, itsas geologoa // Utzitakoa

[2022ko azaroaren 3an argitaratutako elkarrizketa – Geuria 090] Eguzkia hartu, olatuetan ibili, harea zapaldu eta ezer gutxi egiten dugu euskaldunok hondartzara goazenean. Badirudi, mendirako askok daukaten grinak erraz gainditzen duela kostan egoteko duten gogoa. Baina, zer gertatuko litzateke mendia bera itsaso barruan izango bagenu? Gemma Ercilla (Zaratamo, 1964), txikitan maitemindu zen Pagasarriz eta etxe inguruko gainontzeko mendiez, eta Euskal Herriko Unibertsitatean Geologia ikasketak bukatzean, konturatu zen inguratzen gaituen paisaia benetan ulertzeko, tontorretara baino, behera begiratu behar zuela: itsas hondora. Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko (CSIC) Kontinenteko ertzen taldeko ikerlaria da Ercilla, eta hondoak kontatzen duen historiaz eta istorioez jardun dugu berarekin.

Nola sortu zitzaizun Geologiarekiko grina? Ni Zaratamon bizi nintzen, eta bertan, etxeko atetik irteterakoan, landatik mendira jarraian igaro zaitezke. Orduan hasi nintzen nire buruari galderak egiten: Pagasarrira joan eta zergatik aurki ditzakegun harri horiek, bide bazterretan zergatik dauden deformazioak… Oso erromantikoa zen: ez nuen pentsatzen ikerketan hasi nahi nuenik edo lan jakin bat edo bestea izan nahi nuenik, inguruko paisaia sortzen duten prozesuak nolakoak diren ezagutu nahi nuen, eta gaur egun ere hori da motibatzen nauena.

Eta mendi eremua hain ondo ezagututa, nola heldu zinen Itsas Geologian espezializatzera? Unibertsitateko bosgarren urtean nengoela —Geologia ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan— Geologia kongresu bat antolatu zuten fakultatean. Hainbat ikerlari gonbidatu zituzten hitzaldiak emateko, eta horietako bat izan zen Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko (CSIC) [Andrés] Maldonado doktorea. Konferentzian, Ebroko Deltako eta Cadizko Golkoko itsas hondoaren ikerketaz jardun zuen, eta oso interegarria iruditu zitzaidan gaia, karreran guk Itsas Geologiaren arloa ia ez baikenuen ikusi. Espainiako plataforma kontinentalaren kartografia egiten ari ziren momentu horretan, eta ikerketa kontratuak eskaintzen ari ziren; beraz, Maldonadok gure curriculumak bidali genitzakeela esan zigun. Eta nik horrela egin nuen gradua bukatu nuenean: urtarrilean, elkarrizketa egin zidaten, eta otsailean, Bartzelonara heldu nintzen, urtebeteko kontratu batekin. Gero, gustatzen zitzaidala ikusi nuenez, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko CSICen doktorego tesia egiteko beka bat eskatu nuen. Ordudanik nago hemen.

Ikerketaren munduan azkar sartu zinen. Baina, gaur egun, ez da ohikoa. Zientzian egiten den inbertsioa oso txikia da herrialde honetan, bai doktorego tesiak egiteko ematen diren laguntzen aldetik, baita jakintza arlo batean espezializatu diren zientzialariei ikerketan jarraitzeko ematen zaizkien aukeren aldetik ere. Ez dago jarraikortasunik, kontratuak epe laburrekoak dira, eta ez dakizu inoiz zer gerta daitekeen behin kontratua amaitu ondoren. Geologiaren esparruan, gainera, are zailagoa da. Fakultateak ikusi baino ez dugu egin behar desagertzen ari garela ikusteko: beste jakintza arlo batzuek fagozitatzen gaituzte, Itsas Zientziek, Ingurumen Zientziek edo Ingeniaritza Geologikoak.

Badirudi Geologiari eta geologoei ez zaiela garrantzirik ematen. Zergatik? Hori da jakitea gustatuko litzaidakeena. Gazteen ikasketa planetan, Batxilergoan, adibidez, Geologia lau mineral identifikatzen irakastera mugatzen da. Eta Geologia ez da hori. Munduko baliabide natural guztiak geologook ikertzen ditugu: orain, mineral estrategikoak beharko ditugu, eta horiek guk bilatzen ditugu; ura ere beharko dugu, eta hori guk aurkitzen dugu; klima aldaketari dagokionez, honek ingurunean duen eragina ere geologook aztertzen dugu. Zer esanik ez arrisku geologikoen arloan dugun garrantziaz; baina, tsumani bat edo lurrikara bat dagoenean baino ez dira gutaz oroitzen.

Interpretazio geologikoko saioa CSICen, Juán Tomás Vázquezekin eta Ferrán Estaradarekin batera // Utzitakoa

CSIC-eko Kontinenteko ertzen taldean diharduzu lanean, hiru ikerketa lerro ezberdinetan. Bereziki, klima aldaketa eta arrisku geologikoak aztertzen dituzue. Nola lotzen dira ikerketak elkarren artean? Dena dago konektatuta. Zuzeneko zein zeharkako teknikekin miatzen dugu itsas hondoa, eta bertan dauden sedimentuen azterketa egiten dugu. Horrekin, ingurumeneko aldaketei eta aldaketa klimatikoari buruzko datuak atera ditzakegu; adibidez, denboran zehar itsas mailak izan duen aldaketa behatu dezakegu sedimentuetan, eta fase glazialak (maila jaistean) eta interglazialak (maila igotzean) bereiz ditzakegu. Sedimentuen erregistroarekin ikusi ditzakegu, bestalde, failek eta tolesturek itsas-hondoan sortutako deformazioak, eta baita korronte ozeanografikoek eragindako erosioa ere. Hauek aztertuta, geologook ingeniariei behar-beharrezko informazioa ematen diegu itsas ingurunean obrak egin behar direnean: adibidez, Argeliatik ona gasa ekartzeko hodiaren kasuan egin genuen hori.

Itsas hondoaren geruza zaharrenak aztertzen dituzue sedimentuekin. Historialari zientifikoak al zarete? Hori da. Guretzako sedimentuen erregistroa liburu bat bezalakoa da. Sedimentu maila aztertzen dugunean, geruza bakoitzak garai bateko ingurumen aldaketei buruzko datuak ematen dizkigu. Hori irakurri eta interpretatzeko zerbait da; sedimentuen erregistroak itsasoaren historia kontatzen duten liburuak dira.

Aldaketa klimatikoaz asko hitz egiten da orain. Baina zientzialariek aspaldidanik esan dugu existitzen dela. Lurrean betidanik egon izan dira aldaketa klimatikoak; desberdintasun nagusia, historian lehen aldiz, aldaketen eragilea gizakia izan dela da. Gaur egun horretaz hitz egiteko arrazoia da aldaketaren eraginak orain ikusten eta sufritzen ari garela.

Geologoek nola aztertzen dituzue gizakiak eragindako aldaketak Zeharkako erregistroaren bidez (estatigrafikoak, adibidez), ehun mila edo milio bat urtetik gorako aldaketak azter ditzakegu, baina zundaketen bidez [lurraren perforazio txikiak] ikertzen ditugu aldaketarik berrienak. Iragan hurbileko eta iraupen laburreko klima-aldaketak aztertzen ditugu, berotze globalak epe laburrean kliman nola eragin dezakeen ulertu eta ezagutu ahal izateko. Iragarpen ereduek lehen hain ohikoak ez ziren muturreko gertaera meteorologikoak erakusten dizkigute, orain ohikoagoak izateaz gain, biziagoak ere badirenak. Hauek sedimentologoen, paleontologoen, geokimikoen, minerologoen, estatigrafoen eta abarren laguntzarekin ikertzen ditugu.

Itsasoko zaborraren inguruan ere egin dituzue ikerketak? Bai. Puntako teknologia erabiltzen dugu horretarako, zuzeneko teknikak: egoera in situ ebaluatzen dugu itsas hondora bidaltzen ditugun errobotekin, eta hauek ingurune horretako biologiaz gain, uretan dagoen itsas hondoko zaborra ikusten laguntzen digute murgilketa bakoitzarekin. Helburuak, orokorrean, bi dira: batetik, zakarrak bertako ekosistemari nola eragiten dion ikustea (biologoekin egiten dugu lan horretarako), eta bestetik, zein motako zakarra dagoen eta non kokatzen den ikertzea; izan ere, geologoek garraioaren mekanismoak ezagutu ditzakegu, itsasoko korronteak nolakoak diren ezagututa.

Zientzialariak Sarmiento de Gamboa ikerketa ontzian, Oceáncas, la mujer y la oceanografía proiektua bultzatzeko // Utzitakoa

Zein proiektu dituzue orain esku artean? Aldaketa klimatikoarekin lotuta egongo dira asko. Ikerketa askotan ari gara batera. Itsaso Artikoan eta Antartikoan ditugu proiektuak, besteak beste. Artiko inguruan ikerketa bat onartu digute oraintsu, izotzaren urtzearen ondorioz sortu litekeen tsunami mota zein izango litzatekeen aztertzeko. Horretarako, aurretik gertatu diren izotz blokeen erorketak ikertuta, modelizazioak egin ditugu, hondoko sedimentuetatik lortu dugu informazioarekin. Artikoko uren berotzearen ondorioz, itsaspeko labainketak edo irristaketak gerta daitezke, eta guk horin potentzial tsunamigenikoa [tsunamiak sortzeko duten ahalmena] ikertzen dugu. Horretarako, iraganean gertatutako irristaketak ikertzen ditugu eta beren eragina modelizatu. Itsas mailaren aldaketan eta jarduera sismikoan duen eragina ere aztertzen dugu, Antartikako izotz-mantuaren urtzearen eta lodiera galtzearen ondorioz.

Alborango itsasoan, penintsulak Afrikarekin duen tartean, egin dituzue ikerketetako asko. Zeintzuk dira proiektuak bertan? Urte amaieran, ikertzaile frantsesen laguntzarekin egin genuen ikerketetako bat. 30 metro luze zen sedimentua analizatu genuen, Alborango itsasoko korronteek beste gune batzuetan duten eragina aztertzeko. Itsaso horretan hiru ur masa daude: Atlantikotik datorrena, gainazaleko ur bezala sartzen dena, eta Mediterraneoko beste bi, tartekoa eta sakonekoa. Gibraltargo Itsasartetik doan ur hori berezia da (gainontzekoek baino gatz gehiago dauka), eta urrun heltzen da, Norvegiaraino. Azkenean, Atlantiko iparraldeko uren zirkulazioan eragina dauka, eta aldi berean, gune guzti horietako kliman ere bai. Hori da guk ikertzen duguna.

Bestalde, International Ocean Discovery Program delakoan ere ari gara lanean (abendutik, 2024ko otsailera arte), Alborango itsasoaren historia geologikoa hurbiletik ezagutzeko. Kontua da, Gibraltargo itsasartea itxita egon zen duela 5,3 milioi urtera arte —isolatuta zegoen, itsasora zabaldu gabe—, eta garai horretan, zoruaren hondoan pilatuta zegoen gatzak gazitu egiten zuen lurra (Gatz-krisia bezala ezagutzen den fenomenoa). Baina gunea zabaldu eta Atlantikoko urak bete zuenean, aldatu egin zen gazitasun hori.

Bizkaiko Golkoak ere badu horrelako historia geologiko edo ezaugarri berezirik? Kantauri Itsasoan eta Bizkaiko Golkoan asko daukagu ikertzeko. Alboran aztertzen 30 urte badaramatzagu, beste horrenbeste beharko genituzke hemen ikerketak burutzeko. Duela urte batzuk egon ginen Kantauri Itsasoan, eta arroila eta haran ikaragarriak ikusi genituen; adibidez, Sopelanan dauden tolesturak. Egitura guzti horietan euskal mendiak altxatzeko prozesua eta Pirinioetara nola luzatzen diren ikusi daiteke. Mendikateak altxatu zirenean, mugimendu horrek itsas hondoan sortu zuen erosioa ikusi daiteke gaur egun itsas hondoan, 4.000 metro baino gehiagoko sakoneran.

☉ Zaratamo

Mikel Urrutikoetxea pilotari zaratamarrak “pozik” berritu du kontratua Baikorekin

Zaratamoko aurrelaria Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an

|

Mikel Urrutikoetxea, 2022an // Geuria

Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea pilotariak beste urte batez berritu du kontratua Baiko enpresarekin eta honekin 16. urtea izango da profesional modura, 2009an debuta egin ostean.

Kontratua berritzeko iragarpeneko adierazpenen ostean, Baikoko aurrelariak “gustura sentitzen dela” azaldu dio GEURIAri, “erabakiarekin pozik”.

Urrutikoetxea Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an, eta GEURIAk berarekin elkartzeko aukera izan zuen Zaratamoko pilotalekuan, 2022an.

Adolfo Agirre: «Antzina errespetuak presentzia handigoa zuen frontoian. Gaur zaratak zaleen kantuak isildu ditu»

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Danel Elezkano: «Upo Mendin asko ikasi nuen: bai kirol mundura begira, baita bizitzari begira ere»

Pilotariaren bizitza profesionalaz harago Elezkanoren oroitzapenetan murgildu gara eta herriko ateak zabaldu dizkigu txikitako bizipenak Gurutzalden bertan azalerazteko

|

Danel Elezkano // Geuria

Joan den urriaren 16ko ordu txikietan Danel Elezkano Bilbao pilotari zaratamarrak bere bizitzako kapitulu bat itxiko zuen iragarpena egin zuen bere Instagrameko kontuan: pilota utziko zuela. Baina betirako, bai mundu profesionalean eta baita pertsonalean ere, esku pilota jokatzeari utziko ziola iragarri zuen zazpi haizetara. Zaratamoko pilotariarentzat ez zen albiste berria izan, bere buruan bueltaka zebilen ideia zelako. Egun horretan klik egin zuen eta munduari iragarri zion bere erabakia.

Hilabete eta erdi igaro da iragarpena egin zuen egunetik eta ekaitza baretu dela ematen du. Zaratamoko Gurutzalden lotu gara berarekin, pilotaria hazten ikusi duen auzoan, alegia. Danelek etxetik irten eta eskolara zein pilotalekura egiten zuen ibilbidea bertatik: errepidea jarraituz herriko enparantzara abiatzen zen. Iraganeko egun horietan Danelek ez luke sekula irudikatuko urte askotan zehar landutako haziak fruitu hau emango zuenik.

Danel, bere auzoan // Geuria

Egunak pasa dira joan den urriaren 16an esku pilota uzteko iragarpena sare sozialen bidez egin zenuenetik, Danel. Zelan zaude? Alderik alde nabil oraindik: medikuen artean, osasunari behar den garrantzia ematen eta pixkanaka aurrera egiten. Aspalditik hartutako erabakia da eta azken hilabeteetan ideia egiten joan naiz, medikuak nirekin oso argiak izan direlako. Hala ere, aukera guztiak agortu nituen, aurrera egiteko itxaropena nuelako. Baina gehiago jokatzea ezinezkoa da eta benetan eskertzekoak dira iragarpena egin nuen momentutik jaso ditudan maitasun mezu guztiak. Momentu oso gogorrak bizi izan ditut: oroitzapen asko etorri direlako nire burura mezu horiekin batera, baina esandakoa: esker oneko hitzak baino ez ditut.

Gurutzalden gaude. Bertan egun asko eman dituzu eta momentu inportanteak bizi dituzu auzoaren sorreraren lehen momentutik. Zelan gogoratzen dituzu urte horiek? Bertan hasi naiz eta benetan berezia da niretzako. Garai hartan ume asko elkartzen ginen auzoan eta oso harreman ona geneukan denon artean. Auzoan, futbol zelaian, eskoletan… jokatzen igarotzen genituen arratsaldeak eta bertan ez bazen herriko plazan. Egia da ere denbora horretako ordu asko frontoian ematen genituela, bertan gehien gozatzen genuen lekua zelako. Auzoko adineko haur gehienek ere nire antzean han ibiltzen ziren ere. Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon gaur egun. Txikitako oroitzapenak beti ederrak izaten dira.

Eta frontoiko egunak zelan gogoratzen dituzu? Beti esaten dut Upo Mendin hasi nintzela. Kirol bat praktikatzen hasi nintzen, esku pilota, baina beti esan dut: kirola tresna paregabea da bizitzan gero oso baliotsuak izango diren balio batzuk bereganatzeko. Nik asko ikasi nuen eta ez bakarrik kirol mundura begira; baita bizitzari begira ere. Bertan ezagutu ditudan pertsona guztiek asko irakatsi didate. Hemendik frontoirako bidea ez da oso luzea. Askotan oinez joan ohi ginen, beste batzuetan kotxez… gurasoekin… Gogoan dut astearte eta ostegunez Upo Mendi taldearekin entrenatzen ginela. Txikitan eskola plazan bertan geneukan eta eskolako atetik frontoira 100 metro egongo ziren. Egunero, entrenamendurik egoten ez zenean ere eskolatik irten eta segidan frontoian sartzen ginen.

Danel, Geuriarako egindako erreportaje batean // Geuria

Besoko lesioa izanda ere esku pilotan hasi zinen. Nolako eragina izan zuen erabaki honek zugan? Zaratamo herri txikia zen eta kirol talde ofiziala eskola kirolean pilota zen. Niri inork ez zidan esku pilotan jokatu behar nuela esan. Ezta gutxiago ere. Anaia nagusia daukat eta bera hara joaten zen entrenamendu saioak egitera, berak ere pilota asko maite zuelako. Ni, anai txikia izanik, oso gaztetan murgildu nintzen mundu hartan eta oso arin jakin nuela esku pilotan benetan gozatzen nuela. Gainera, besoaren mugikortasunarentzat ere lagungarria izan zitekeen kirol hura. Frontoian pozik negoen eta zoriontasun hura zen benetan garrantzitsuena. Horregatik hasi nintzen pilotan.

Esku pilotako erreferentzia oso garrantzitsu bilakatu zara bai egindako ahaleginagatik eta baita kirolaren egindako ibilbide profesionalagatik. Uste bezalako ibilbide profesionala izan da zurea? Nik ez dakit erreferentzia naizen esku pilotaren munduan; nire lana ahalik eta modu onean egiten saiatu naiz eta gainera zorte hori izan dut: nire lana benetan maite izan dut. Frontoitik kanpo, lehen aipatutako balioak nirekin eramaten saiatu naiz ere, eta horretaz harro nago. Eredu bezala lagundu badezake besoan arazoa izanik aurrera egin dudala eta saiakuntza horrek fruituak eman ditzakeela… ni pozik.

Baina hortik harago, nire helburua pilotaz gozatzea zen eta hori lortu dudala uste dut. Gainera, betidanik esan izan dut: profesional bilakatzeko askotan zorte pixka bat eta momentu egokian egon behar dela kirolaria. Nik zorte hori izan nuen: debuta egin nuen eta ibilbide profesional bat izateko aukera izan dut: finalak jokatu eta txapelak irabazi ditut eta oso zorionekoa sentitzen naiz. Gelditzen zaidan arantza bakarra zera da: modu honetan agur esan behar izatea, 30 urterekin, lesio baten ondorioz. Pilotan ez ezik, bizimodurako ere minekin ibiltzeagatik bukatu behar izatea agurreko partida barik.

Danel eta Ander, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Pelotari bezala ibilbidea bukatuta, ba al dago pasarte nabarmenik zure buruan? Ostiralero adin ezberdinetako neska mutilak biltzen ginen plazan eta arratsalde osoa frontoian ematen genuen. Asteburuetan ere oso giroa zegoen herrian: gurasoak elkar biltzen ziren eta Zaratamok, beste edozein herritan jokatzen bazuen egia da txapelketa formatuak benetan laguntzen zuela: Arratia-Nerbioi txapelketaren oroitzapen zoragarriak ditut. Maila ezberdinetako partida denak herrika jokatzen zituzten: herri berdinean, frontoi berdinean eta ordu berdinean jokatzen genituen partidak. Bospa sei partida jokatzen baziren guraso denak elkartzen ziren eta partida osteko momentuak ere elkarren artean bizitzen genituen. Horrek guztiak asko lagundu zuen hainbeste haurrek pilotan jokatzen jarraitzeko eta Zaratamoko afizioa handitzeko.

Zaratamon bizi zenituen lehen urteak, gero Dimara joan zinen eta ezkondu moduan herrira bueltatu zinen. Lagunik geratzen al da auzoan? Zaratamon lagun piloa dauzzkat! (barreak). Txikitako lagun gehienekin harremana mantentzen jarraitzen dut. Institutuko garaian adin tarte hura txikitu egin zen eta gaur Zaratamoko lau lagun geratzen gara, lagun kuadrilla horri dagokionez. Gainontzekoak Arrigorriagakoak dira. Baina esandakoa, lagun asko ditut Zaratamon!

Azken galdera modura, esku pilotan hasdi gura duen ume bati nolako mezua helaraziko zenioke? Nire anaiarekin bat nator erantzun honetan: pazientzia, kirol oso gogorra delako. Askotan frontoian bakarrik daudelaren sentsazioa izango dute ziurrenik, baina aldi berean asko disfrutatzen den kirola da, nork bere beldurrei eta zailtasunei bakarrik egin behar dielako aurre. Gozatzea gakoa da haur batentzat nire iritziz. Gero etorri beharrekoak etorriko dira.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Estalki bat ipiniko dute Zaratamoko eskolako patioan, haurrak eguraldi txarraz babesteko

Abenduan erabakiko dute herritarrek zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean

|

Estalkia ipiniko duten eskolako espazioa // Geuria

Zaratamoko Udalak martxan ipini du Elexaldeko eskolako patioan estalki bat ipintzeko proiektua. Izan ere, prozesu parte-hartzaile baten bidez abiarazi dute egitasmo hau: Udalak galdetegi publiko bat zabaldu zuen joan urriaren hasieran “jendeak proposamenaren inguruan duen iritzia jasotzeko, aterpe hori nolakoa izan litekeen jakiteko”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Eskolako eremuan garatuko den esku-hartzea izan arren, herriaren proiektua dela gogorarazi dute Zaratamoko Udaletik, eta zaratamar orori zabalduta dagoen prozesua dela azpimarratu dute, estalki hau sortzea “herritarren eskuetan dagoelako”.

Denbora tarte honetan Taper Arkitektura izeneko estudioak, herritarren beharrak jaso eta aztertu ostean (estalki horren tamaina, materiala, kokapena…) bost proposamen ezagutarazi zituen atzo, eskolan bertan egindako aurkezpenean: ilargi erdiko formadun bat, laukizuzen formako proposamen bi eta forma karratuko beste proposamen bi.

Ordizian egindako estalkia // Taper Arkitektura

Taper Arkitektura estudioak hainbat estalkien proiektu burutu ditu Bizkaia eta Gipuzkoan.: Zierbenan, Portugaleten, Errekalden (Bilbo), Atxurin (Bilbo), Loiun, Ordizian (lerro hauen gainean ikusgai), Oñatin… eta horiez gain bestelako lanak egin ditu, den denak bere webgunean ikusgarri.

Proposatutako estalkien azalera antzekoa da bost aukeretan: txikienak 155 metro karratuko azalera izango du eta handienak 222,53 metro karratukoa. Hori bai, bost aukerek bat egiten dute ezaugarri batean: estalkiaren kokalekua eskolako patioa izango da, eraikinaren aurrealdean (lerro hauen gainean ikusten den espazioan).

Zaldiak, Zaratamoko eskolako inguruetan // Geuria

Erabakiaren zain

Abenduan erabakiko dute herritarrek zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean: “Abendua iristean jakin beharko dugu zein aurreproiektu izango den garatu beharrekoa”, azaldu dute udal ordezkariek.

Oinarrizko proiektua aukeratu eta balorazio ekonomikoa egin ostean, exekuzio proiektua egin, aurrekontuak eskatu eta azkenik Elexaldeko eskolako patioan aterpe berria eraikiko dute datorren urtean, eguraldi txarra egiten duen egunetan haurrak babesteko.

2020an, koronabirusaren garaian, eskolako sarreran dagoen haur parkean estalki bat ipini zuen Zaratamoko Udalak herrian bertan kokatutako Etxekit enpresaren bidez. “Neguari eta garai honek dakarren hotza eta euriari aurre egiteko” helburuarekin ipini zuten egitura bertan, ikasleen gurasoek hala eskatuta.

Estalkia bertan kokatuta egon zen, hasiera batean 2021eko ekainera arte, baina gaur egun bertan dago oraindik eta Udaletik azaldu dute ez dakitela hasiera batean behin behineko erabilerarako egitura hura kenduko duten edo ez.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Aner Iglesias eta Oier Elorz zaratamarrek irabazi dute Bizkaiko binakako kluben arteko txapelketa

Kadete mailan finalerdiak jokatu zituzten ere. Bigarren mailan Zaratamoko Oihan gorostizagak eta ekain mintegik euren partida irabazi zuten eta finala larunbat honetan jokatuko dute Mungian Basauriko Bidebietaren aurka

|

Asteburuko txapeldunak // Upo Mendi pilota eskola

Joan den asteburuan Bizkaiko Binakako kluben arteko senior finalak jokatu zituzten Zornotzako pilotalekuan eta Zaratamoko klubeko bi pilotarik txapelak lortu zituzten: Aner Iglesiasek eta Oier Elorzek.

Lehen mailako senior mailan, Aner Iglesias pilotari zaratamarrak lehen mailako Seniorren txapeldun izan zen, Dimako Xabi Rekalde pilotariarekin bikotea eginez (Zaratamoko pilotaria klub horri utzita dago txapelketa honetarako).

Bigarren mailako seniorretan Oier Elorz zaratamarrak bigarren mailako Senior kategoriako finala irabazi du Sopelaren izenean Unax Ramirez sopelarrarekin batera.

Kadeteetan berri onak

Kadete mailan finalerdiak jokatu zituzten ere. Bigarren mailan Zaratamoko Oihan Gorostizagak eta Ekain Mintegik euren partida irabaztea lortu zuten eta finala larunbat honetan jokatuko dute Mungian Basauriko Bidebietaren aurka.

Hirugarren mailako kadete mailan Zaratamoko Jon Urrutikoetxeak eta Aketza Hernandezek ezin izan zuten Sestaoko bikotea gainditu eta larunbat honetako finaletik kanpo geratu ziren. Partida polemikoa izan zela azaldu dute Upo Mendi pilota taldetik, Sestaoko bikoteak erabilitako materialagatik, hain zuzen ere finalerdia markatu zuen pilota jokaldi batekin.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamarrek estalki bat ipiniko dute eskolako patioan, eguraldi txarraz babesteko

Herritarren beharrak jasota, arkitektura estudio batek estalki berria ipintzeko proposamenak aurkeztuko ditu datorren asteartean, eskolan

|

Zaratamoko eskolako karpa, 2020an ipinitakoa // Geuria

Zaratamoko Udalak martxan ipini du Elexaldeko eskolako patioan estalki bat ipintzeko proiektua. Izan ere, prozesu parte-hartzaile baten bidez abiarazi dute egitasmo hau: Udalak galdetegi publiko bat zabaldu zuen joan urriaren hasieran  “jendeak proposamenaren inguruan duen iritzia jasotzeko, aterpe hori nolakoa izan litekeen jakiteko”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Eskolako eremuan garatuko den esku-hartzea izan arren, herriaren proiektua dela gogorarazi dute Zaratamoko Udaletik, eta zaratamar orori zabalduta dagoen saioa dela azpimarratu dute, estalki hau sortzea “herritarren eskuetan dagoelako”.

Denbora tarte honetan Taper Arkitektura izeneko estudioak, herritarren beharrak jaso eta aztertu ostean (estalki horren tamaina, materiala, kokapena…) proposamenak ezagutaraziko ditu datorren azaroaren 26an, 16:30ean, eskolan bertan: “Hiru aurreproiektu aurkeztuko dituzte herritarren proposamenetan oinarrituta eta azkenean herritarren artean erabakiko dute horien artean zein aukeratu. “Hobetsitako aurreproiektu horrekin oinarrizko proiektua garatuko du arkitektura estudioak”.

Zaratamoko Udala: “Hobetsitako aurreproiektu horrekin oinarrizko proiektua garatuko du arkitektura estudioak”.

Abenduan erabakiko dute zein izango den proposamen garailea, azterketa tekniko bat egin ostean: “Abendua iristean jakin beharko dugu zein aurreproiektu izango den garatu beharrekoa”, azaldu dute udal ordezkariek. Oinarrizko proiektua aukeratu eta balorazio ekonomikoa egin ostean, Elexaldeko eskolako patioan aterpea eraikiko dute datorren urtean, eguraldi txarra egiten duen egunetan babesteko.

2020an, koronabirusaren garaian, eskolako sarreran dagoen haur parkean estalki bat ipini zuen Zaratamoko Udalak herrian bertan kokatutako Etxekit enpresaren bidez. “Neguari eta garai honek dakarren hotza eta euriari aurre egiteko” helburuarekin ipini zuten egitura bertan, ikasleen gurasoek hala eskatuta. Estalkia bertan kokatuta egon zen, hasiera batean 2021eko ekainera arte, baina gaur egun bertan dago oraindik.

Osorik irakurri