→Zaratamo

Adinekoentzako gimnasia ikastaroak eta monitoreekin paseoak egingo dituzte Zaratamon

Kirol jarduerak Osakidetzak sustatzen duen “70 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoa sustatzeko programa” delakoaren parte dira

Olaganeko gimnasia parkea Zaratamon // Geuria

70 urtetik gorako herritarrentzako, mantentze gimnasiako ikastaroak eta oinez aritzeko ibilbide gidatuak antolatu dituzte Zaratamon. Kirol jarduerak Osakidetzak sustatzen duen “70 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoa sustatzeko programa” delakoaren parte dira, eta urritik aurrera jarriko dituzte martxan.

Gimnasia ikastaroak ostiralero egingo dituzte; lehen aldiz, aste honetan (urriak 21). Parte hartzaileak Arkotxako frontoiaren ondoan bilduko dira ariketak egiteko, kalean, eguraldiak horrela baimentzen badu; izan ere, pandemiaz geroztik, programak adinekoek etxetik kanpo egotearen onurak nabarmendu nahi izan ditu.

Jarduerak kudeatzeko, osasun arloko profesional bat egongo da, dinamika taldearen eta norbanakoen beharrizanetara egokitzeko. Paseoen kasuan ere monitore baten laguntza izango dute adinekoek, ibilbidea egingarria dela eta egin bitartean osasun neurri guztiak betetzen direla egiaztatzeko.

Oinezko buelta astelehenero egingo dute, 11:30etik 13:00etara (gimnasia ikastaroen ordutegi berean). Parte hartzaileak Elexaldeko plazan bilduko dira, eta bertan, beroketak eta bestelako ariketak egingo dituzte. Ondoren, herriko paseoetatik emango dute buelta eta abiapuntura itzuliko dira luzaketak egiteko.

Izen-ematea

Adinekoek bi ekimenetan parte hartzea errazteko, Elexaldera zein Arkotxara lekualdatzeko garraio zerbitzua eskainiko die udalak hala nahi dutenei. Momentuz, Arkotxatik Elexaldera joango den furgoneta baino ez da egongo, Elexaldetik Arkotxara lekualdatzea eskatu dutenen kopurua txikiegia delako.

Paseoak astelehen honetan (urriak 17) hasi badira ere, ikastaroetan zein garraio zerbitzuan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Parte hartu nahi izanez gero, udaleko Zerbitzu Sozialen bulegora deitu beharko da: 944566000.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak