Sareak

☉ Zaratamo

Gorka Bilbao: “Entrenatzaile pertsonala eta dietista izatea luxua da; batzuetan, beharrezkoa”

Bizimodu osasuntsua izateko gomendio batzuk eman ditu Gorka Bilbao larrabetzuarrak. Kirolean eta nutrizioan aditua, profesionalen lana goraipatzen du, herritarren ohitura txarrak aldatzen laguntzeko behar-beharrezkoak baitira.

|

wellness eta nutrizioan aditua da Gorka Bilbao // Geuria

[Geuria #080 alean argitaratutako elkarrizketa] Osasuntsu egotea eta ongizatea lortzea bizitzako ardatzik garrantzitsuenak dira. Baina zuzenak al dira hartu ditugun ohiturak? Bizi-kalitate hobea lortzeko, kirola, nutrizioa, atsedena, itxura eta adimen emozionala izan ditu hizpide Gorka Bilbaok (Larrabetzu, 1982). Zaratamon bizi da Gorka, eta wellness eta nutrizioan aditua da. Gorputz Hezkuntza, TAFAD eta Dietetika eta Nutrizioa ikasi ondoren, lanari ekiteko behar adina ezagutza eskuratu du. Gaur egun Arrigorriagako gimnasioko monitorea eta Etxebarriko esku pilota eskola berriko entrenatzailea da. Larrabetzuarrak pisu perfekturik ez dagoela aldarrikatzen du, zenbaki bat baino ez dela, eta norbere buruarekin ondo sentitzea dela egokiena. Besteengan arreta berezia jartzeari utzi eta zoriontsu egiten gaituen horretan zentratzeko beharra azpimarratu du. 

Esku pilotaren bitartez izan zenuen kirolarekin lehen kontaktua.
Aitari asko gustatzen zitzaiolako hasi nintzen esku pilotan jokatzen. Sei urterekin frontoira eramaten ninduen nola jokatzen zuten ikustera, eta egun batean, berak ezer esan gabe, probatu nahi nuela esan nion. Hortik aurrera, aita ere entrenatzaile gisa hasi zen, Larrabetzun laguntzaile baten bila zebiltzalako. Geroago, Larrabetzuko esku pilota kluba mantentzeko sendotasun ekonomikorik ez zegoenez, desegin zen eta Lezamara joan nintzen 18 urte bete arte. 21 urterekin Garfe enpresarekin debutatu nuen eta 28 urterekin erretiratzeko erabakia hartu nuen, nahiz eta asko gustatzen zitzaidan. Nire aita hil egin zen eta ez nion zentzurik ikusten jokatzen jarraitzeari. Harmailetara begiratu eta bera ez zegoen han. Hutsune horrek tristatu egin ninduen, eta gozatu beharrean sufritzen ari nintzen. Hala ere, gaur egun hari lotuta  jarraitzen dut, hainbat taldetako entrenatzailea izan bainaiz. Oso gustura egon nintzen bai Zaratamoko Upo Mendi pilota taldean, bai Arrigorriagako Arguia Pilota Eskolan, eta aurten Etxebarrin hasi naiz. Nik kudeatzen dut kluba eta oso proiektu polita hasi dugu esku pilotaren aldeko apustua eginez. Etxebarrin guztion artean kirol hau indartzeko modua bilatzen ari gara.

Zergatik aukeratu zenuen entrenatzaile pertsonala izatea?
Batxilergo teknologikoa egin nuen, baina niri beti gustatu izan zait kirola eta gauza asko erakutsi dizkit. Hortaz, gurasoekin hitz egin nuen eta horretara animatu ninduten. Aitaren hitzak ez ditut inoiz ahaztuko: “Benetan maite duzun zerbait egin behar duzu, zure bizitzaren zatirik handiena lanean igaroko duzulako”. Ikasketa askotatik abiatuta prestatu naiz, eta dagoeneko hamabost urte daramatzat Arrigorriagako gimnasioan monitore moduan lan egiten. Horretaz aparte, bezero espezifiko batzuen entrenatzaile pertsonala ere banaiz. Nire ustez, entrenamendu pertsonalizatua luxu eskuragarria eta beharrezkoa da. Begiratzen dugun lehenengo gauza poltsikoa da, eta ez da garestia. Bestalde, bakoitzaren osasuna da eta bizitza-luzera markatzen du, egunerokotasunari aurre egiteko behar den indarra ematen duelako. Bakoitzak egitura eta helburu erabat ezberdinak ditugu, eta hori da entrenamendu pertsonalak ematen dizun abantailarik handiena: % 100ean zugan zentratzen da.

Zertan jartzen duzu arreta entrenamendu-errutina bat diseinatzeko?
Lehenik eta behin, azterketa sakona egin behar da balorazio orokor bat egin ahal izateko. Nik, normalean, mota guztietako metodoak erabiltzen ditut pertsona bakoitzaren egoera zein den jakiteko. Entrenatzaileak zenbat eta gehiago jakin bezeroari buruz, orduan eta gehiago lagundu ahal izango dio. Horrela, ezaugarri guztien araberako entrenamendua prestatzen dut; hau da, altuera, pisua, adina, lana, ohiturak eta helburua, besteak beste, kontuan hartuta. Haien beharretara egokitutako dietak ere prestatzen ditut. Hartu-emanak sustatzen ahalegintzen naiz, bezeroa errutina berrira nola egokitzen den jakiteko. Feedback hori egotea oso faktore garrantzitsua da. Kanporantz zuzentzeaz gain, barrura ere begiratu behar da. Beti gomendatzen dut egunean gutxienez 30 minutu hartzea norbere buruari eskaintzeko, eta beste 10 minutu hausnartzeko. Kirol pixka bat egin eta atseden hartu ezin duen pertsona bat, estres askorekin bizi da eta bere bizitza birplanteatu beharko luke.

// Geuria

Egunero apur bat eginda, nahikoa.
Zerbait egitea, edozein kirol mota dela ere, beti da onuragarria. Zure buruarekin ondo sentitzen lagunduko dizu eta gorputzak gero eta gehiago eskatuko dizu, bizimodu bihurtu arte. Hori bai, egun bakar batean egiteak ez du ezertarako balio. Konstantzia mantendu behar da. Bestela, erraz zapuztuko zara eta bertan behera utziko duzu. Gauza da epe laburrean emaitzak ikusi nahi ditugula, eta hori ezinezkoa da. Kirol-jarduera ez da estetikara bideratu behar, osasunera baizik. Horrela hartzen baduzu, aldaketak bakarrik iritsiko dira.

Ohiturak aldatzeak ahalegina eskatzen du. Zaila da bezeroak konbentzitzea?
Hor dago gakoa! Benetako profesional batek aldaketak pixkanaka nola bultzatu jakin behar du, gorputza ohitzen joan dadin. Horregatik diot etengabeko komunikazioa oso garrantzitsua dela, ea eroso sentitzen diren jakiteko eta, bestela, entrenamenduak edo dietak gustuen arabera moldatzeko. Utz ez dezaten lortu behar da, egunero bere burua gaindituz eta motibazioa galdu ez dezaten saiatuz. Edozein gizarte- eta kirol-esparrutan bezala, borondatea edo nahia ezinbestekoa da amore ez emateko.

Zeintzuk dira kirola egiteko dauden ereduak?
Nik hiru diziplina bereiziko nituzke: gimnasioa, crossfita eta kalistenia. Gimnasioaren alde ona da monitore bat duzula, gidatzen eta zuzentzen zaituena, eta hori funtsezkoa da. Gauza bat da osasunagatik kirola egitea, eta beste bat osasuna kirolagatik izorratzea. Crossfitean entrenatzailea ere badago. Antzinako entrenamendu militarraren antzekoa da, intentsitate handikoa, eta teknika oso garrantzitsua da. Bestalde, kalisteniarekin zure gorputzaren pisuarekin lan egiten duzu eta nahiko funtzionala da. 

Teknologia berriekin eta pandemiaren eraginarekin kirola irakasteko modu berriak ere sortu dira, YouTube edo aplikazio desberdinen bidez, esaterako. Online entrenamenduaren eta aurrez aurrekoaren arteko alderik handiena monitorearen funtzioa da. Onlinean ez dago feedback hori. Gainera, sareetara igotzen diren entrenamenduak pertsona jakin batzuek egiten dituztenak dira, eta ez dira egokiak mundu guztiarentzat. Pertsona bakoitza desberdina da eta ezin da beste batzuek egiten dutena imitatu. Duela hilabete batzuk YouTuben hasi nintzen ni ere, baina wellness-aren (ongizatearen) ikuspegitik ekarpenak egiteko. Interesgarriak iruditu zitzaizkidan bideo batzuk egin nituen, baina denbora faltagatik ezin izan ditut gehiago igo. Hala ere, berriz ekiteko asmoa dut. Instagram bidez hausnarketa batzuk egiten saiatzen naiz.

Jarduera fisikoaz gain, elikadura egokia eramatea ezinbestekoa da osasuntsu egoteko.
Afarian egiten dira akatsik ohikoenak. Eguneko azken otordua da, gorputza nekatuago dago eta horrek gauzak hain ondo ez egitera bultzatzen gaitu. Dieta arina egitea eta aurreko lau otorduak ondo kudeatzea da gakoa, egunean bost egin behar baitira. Noizean behin apeta batzuk onar daitezke, baina ohiturarik sortu gabe. Nire aitak esaten zuen bezala: “Dena bere neurrian”. Dieta bat hasi nahi bada, ezinbestekoa da dietista edo nutrizionista batengana jotzea. Dena dakigula uste dugu, baina mito asko faltsuak dira. Profesional batek elikadura hobetzeko beharrezko jarraibideak emango dizkizu: zer, noiz eta zenbat jan. Baina ezin dira gantzak, proteinak, karbohidratoak, gatzak, bitaminak eta mineralak falta gorputzak behar bezala funtziona dezan; hori guztia, jakina, pertsona bakoitzaren ezaugarriekin bat etorriz.

Nola aldatu da elikadura azken urteotan?
Gero eta janari prozesatu gehiago erosten da, erosoagoa delako. Baina ez da egokiena. Ezin duzu alderatu arraina arrandegi batean edo haragia harategi batean erostea supermerkatu batean dauden elikagai ontziratuekin. Bakoitzaren ekonomiak eta denborak ere asko baldintzatzen dute. Nik ulertzen dut ikasle askok supermerkatuetan erostea, baina bertan benetako elikagaiak aurki ditzakete, eta ez hain garestiak. Orain da gorputza zaintzeko garaia, bestela epe luzera faktura pasako du. Dena da negozioa. Esnea, adibidez, azukredun ura da. Benetako pozoia. Eta zenbat esne edaten da? Ba al dago herrialde hau hornitzeko adina ganadu? Nik ezetz uste dut. Diru eta denbora gehiago osasunean inbertitzea izango litzateke nire gomendioa, bakoitzaren bizitza-luzera markatuko duelako. Gaur egun batek bere burua zaintzen ez badu nahi ez duelako da, baliabide asko ditugulako denon eskura.

Nutrizio-gehigarriak pilula magikoak balira bezala hartzea modan dagoela dirudi.
Gehigarriak erabiltzen jakin behar da, tresna bat gehiago baitira. Zer hartu, zergatik eta zenbat. Galdera horiek funtsezkoak dira, eta espezialistek baino ezin dituzte erantzun. Gainera, ez dira beharrezkoak gabezia jakinik ez baduzu. Hobe da entrenatzaile pertsonal batean eta dietista batean inbertitzea nutrizio-gehigarrietan baino, behar horiek benetako janariaren bidez aseko dizkizutelako. Mundu guztiak hartu beharko lituzkeenak C bitaminazko kapsula bat, polibitaminiko bat eta omega-3 perla bat izango lirateke, gure gorputzak ez baititu hainbeste ekoizten. A-tik Z-ra bitaminak daude, eta elikadura oso ona eramanda ere, inoiz ez dituzu letra guztiak izango.

Atseden hartzea nutrizioa eta entrenamendua bezain garrantzitsua al da?
Jakina, hirurak eskutik doaz. Gure gorputza bizikleta baten antzekoa da: katearen maila bat hausten bada (kasu honetan, entrenamendua, dieta edo atsedena), ezin izango duzu bizikletan ibili. Jendeak ez du atsedenik hartzen, eta gelditzen ere jakin behar da. Gelditzea lagun batekin kafea hartzera joatea izan daiteke, mendira joatea… Bakoitzak une horretan egoki ikusten duena. Gauzak beste modu batera ikusiko dituzu eta egunari indartsuago aurre egingo diozu. Sei eta zortzi ordu bitartean lo egitea ere oso garrantzitsua da. Gaur egungo gizartean zaila dirudi daramagun bizitza erritmoagatik, baina denbora ondo kudeatu behar da. Lan espirituala egin behar da; hau da, ikusarazi eta fokalizatu. Horrela, egunean zehar lasaitasun handiagoa izango duzu, arazoei modu desberdinean aurre egingo diezu eta oraina biziko duzu. Etorkizunean pentsatzen baduzu, presioan, eta iraganean pentsatzen baduzu, aldiz, depresioa. Horrek blokeatu egiten zaitu eta ez dizu zoriontsu izaten uzten. Hemen eta orain bizi, hori da sekretua.

// Geuria

Irudiari garrantzi handiegia ematen zaiola uste duzu?
Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio. Lehen ez ginen fisikoaz hainbeste arduratzen, baina orain estimulu gehiago jasotzen ditugu. Ez dut gauza negatibo gisa ikusten. Denok atsegin dugu gure burua ondo ikustea, baina obsesiora heldu gabe. Duela urte batzuk modaren mundua gauza puntual bat bezala igaro zen nire bizitzatik. Esku-pilota profesionalean debutatu nuenean, gizon batek argazkiak egin zizkigun. Modelo lanerako balio nuela esan zidan eta Mr. Bizkaia lehiaketarekin harremanetan jarri ninduen. Azkenean, probatzeagatik izena eman nuen. Bigarren postuan geratu nintzen 2006. urtean. Handik aurrera, Mr. Euskadi lehiaketan parte hartu nuen eta hurrengo urtean Mr. Kantabria titulua lortu nuen. Mr. Espainia ekitaldira joateko kontratua bidali zidaten, baina une horretan erretiratzea erabaki zuen. Txapelketa horietako baloreak ez zetozen bat nire izaerarekin. Gainera, kirolaren munduan hain sartuta nengoenez, nahiago nuen horretan zentratu. Ongizatea lortzeak irudiaren gainetik egon behar du.

Jende asko kirola egiten hasten da bere burua ondo ikusteko. Epe laburrean ez dute aldaketa fisikorik ikusten eta orduan zapuztu egiten dira. Frustrazioaren bidez obsesioa edo abandonua iristen dira, eta hori ez da batere ona. Segurtasun gabezien eta depresioen zurrunbilo batean sartzen zara. Zeure buruarekin ondo sentitzen ez bazara, ez duzu zure burua inoiz ondo ikusiko. Garen bezalakoak onartu beharko ginateke. Autoestimu falta handia dago, eta horretan sare sozialek eragin handia dute. Hala ere, euskaldun gehienok osasunagatik kirola egiteko kontzientziatuta gaudela uste dut. Ez gara perfektu egotearekin obsesionatu behar, bestela ez gara inoiz zoriontsuak izango. Bizitza oso laburra da eta sarri euria egiten du. Gainera, zer da perfektu egotea? Nik uste dut perfekzioa ez dela existitzen. Bizitza oso aspergarria izango litzateke. 

Egiten duzunarekin gozatzea funtsezkoa da ez zapuzteko. Egoera honen aurrean autokritika egin beharko genuke, eta bakoitzaren mugak zeintzuk diren jakin. Azken finean, errealistak izan beharko ginateke. Ezin diegu besteei hainbeste begiratu, genetika ezberdinak ditugulako.

Adimen osasuntsua gorputz osasuntsua da, eta krisiak ez du laguntzen.
Osasun mentala fisikoa baino garrantzitsuagoa da, gorputzari seinaleak ematen dizkiolako. Oso lotuta daude. Horregatik mezu positiboak eman behar dizkiogu geure buruari. Barrutik ondo ez bazaude, ez zara inoiz kanpotik ondo egongo.  Kirola adimen emozionala ikasteko bitarteko bat da, zeure burua ezagutzen laguntzen dizulako. Emozioak ulertzen eta kudeatzen, motibatuta egoten, besteekin enpatia izaten eta porrotei aurre egiten ere laguntzen dizu. Baina norbere buruarengan konfiantza izatea funtsezkoa da. Helburu errealak finkatu behar ditugu. Ezin dugu helburutzat jarri Kim Kardashianen edo David Beckhamen antzera egotea, adibidez. Gaitasun horiek eskuratzen dituzten atletek beren kirol-errendimendua ere hobetuko dute. Ongizatea lortzeko osasun fisikoari, mentalari eta emozionalari erreparatu behar zaio. Oso garrantzitsua da pazientzia izatea, eta pandemiak motibazio falta handia ekarri du. Barneko lan handia egin behar dugula uste dut, eta, lehen esan dugun bezala, gelditzen jakin.

☉ Zaratamo

Iñigo Riki: «Bizitzan ikasten dugunaren Frankensteina gara: apur bat hemendik, beste bat handik»

Perros kon asma eta Kruela taldeekin jotzeaz gain, bakarlari lanetan ere badabil Iñigo Riki zaratamoztarra. Bi liburu publikatu eta gero, nobela batean dabil buru-belarri. Esku artean beti dauzka sorpresa gehiago, “beti berritzen” baitabil

|

Iñigo Riki zaratamoztarra // Utzitakoa

Musikaria, idazlea eta artista da Iñigo Rekalde Sanz (Zaratamo, 1995) zaratamoztarra. 2013an Perros kon asma taldearekin hasi zen eszenatokietara igotzen, eta egun, haiez gain, Kruela taldearekin jotzen eta bakarlari lanetan ere badabil. Kantaria da, eta berak sortzen ditu letra propioak. Bukowski, Saliger, Poe eta beste hainbatengandik ikasi du nola idatzi. Baina estilo propioa dauka denetarako. Un lunático con gafas de sol (2018) eta Terciopelo despeinado (2020) liburuak kaleratu ondoren, nobela batean ari da lanean.

2013an hasi zinen Perros kon asma taldearekin. Zerk bultzatu zintuen musika talde bat sortzera? Umetatik gustatu izan zait musikaren mundua; nire lehengusuen etxean entzuten genituen lehenengo diskoak. Gainera, betidanik izan dut eszenatoki baten aurrean showak egiteko gustua. Eta egun batean, lagun batek deitu zidan kontzertu bat jotzeko. Bi lagun bilatu ondoren, abestiak prestatu genituen. Horrek itzelezko bultzada eman zidan.

Eskorbuto, Cicatriz, Doctor deseo eta beste hainbat talde aipatu dituzu erreferentetzat. Musika estiloa, letrak… Zer da bakoitzarengatik gustuko duzuna? Lehendabizi, letrak. Beti gustatu zaizkit. Eta gero, bakoitzak daukan magia. Nire musika bilduma baten batek ikusten badu, “me toma por loco”. Denetarik daukat: Discepolo-tik hasi eta El último que zierre-raino.

Abeslari moduan, nor da gogokoen duzun musikaria? Hori ezin dut esan, erreferente asko dauzkat. Gustukoena esatea, ordago bat botatea izango litzateke. Jende oso ona dago eszenatokietan eta bakoitzak momentu ezberdinetan laguntzen nau.

Zure estiloa zure erreferentzien nahasketa dela esango zenuke? Nola definituko zenuke? Izan ahal da. Bizitzan zehar ikasten dugunaren Frankensteina gara: apur bat hemendik, beste apur bat beste aldetik.

Musikaren arloan, proiektu propioetan ari zara lanean. Zeintzuk dira? Taldearekin, Perros kon asma eta Kruela, abeslari moduan, orain dela gutxitik, eta bakarrik kantautore, Iñigo Riki bezala.

Bakarlari moduan edo taldean lan egitea, zer nahiago duzu? Indiferentea iruditzen zait. Bakarlari moduan, formalago nago abesti pertsonalak jotzen, eta janzteko arloan ere diferentea da: musikak horrela agintzen du. Perros-ekin beste “rollo” bat da. Neure abestiek dira, baita, baina basatiagoa da.

Literaturaren munduan ere eman dituzu pausoak. Un lunático con gafas de sol (2018) 80 mikro-ipuinez osatutako liburua izan zen argitaratu zenuen lehena. Gai jakin baten inguruan idatzita dago? Ez, momentuan sentitzen nituen istoriez osatuta dago liburua. Momentu horretako sentimentuak atera nituen kalera, poesiaren munduan igeri, eta proiektu barri batekin hasi.

Zaratamoztarra kontzertu batean // Utzitakoa

Aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean esan zenuen poesiarekin eta zure munduko fantasiarekin elikatutako istorioak direla. Hauek sortzeko, musikarekin bezala, literaturan erreferenterik daukazu? Asko irakurtzen dut. Idazkera erraza Bukowskik erakutsi zidan; Poek bere magian murgildu ninduen; Saliger-en El guardian entre el centeno ere gogoan dut. Denetarik apur bat. Liburu guztietatik eduki ahal dira erreferentziak, bertatik bidaiatu eta ikasi.

Kanten letrak idaztea edo narrazioak idaztea. Zein nahiago? Momentuak berak eskatzen dizu. Asko idazten dut egunean zehar eta erraza egiten zait idatziak proiektu ezberdinetan jartzea.

Abestietan erabiltzeko ere balioko lukete zure narrazioek? Edozein idatzi erabili ahal da abesti baterako, eta edozein abesti istorio bat izan daiteke.

2020an, Terciopelo despeinado liburua kaleratu zenuen, Círculo Rojo argitaletxearekin, beste behin. Aurreko liburu rekin loturarik badu lan honek? Ideia berdina zen, baina beste momentu emozional baten nengoen. Liburua beltzagoa da. Lehenengo liburuan ume baten moduan ibiltzen nintzen hegaz; bigarrenean, ordea, lokatz artean topatzen naiz.

Harrera ona izan du publikoaren artean? Bigarrenak ez hainbeste, Covid-a sartu zen eta ez nuen promozionatzeko aukera askorik izan. Orain gabiltzan munduan, jendeak ez du askorik irakurtzen, eta batzuek konpromisotzat hartu didate, gero irakurri ostean oso gustuko izan dutela esan didaten arren. Horrek niri balio dit. Horregatik, niretako, harrera ona eduki du.

Beste libururik idatzi duzu edo idazten ari zara une honetan? Nobela baten sartuta nago, ia amaitzen dudan, beste proiektu pare batzuetan ere banabilelako sartuta. Ia ez daukat astirik. Urte honetarako zerbait berria aterako dut, diskoa, liburua… Beti berritzen nabil.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#M28 | Zaratamo | EH Bildu botoetan garaile, baina gobernua airean

#M28 | Zaratamo | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Zaratamo EH Bildu

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#M28 | Santa Barbara eta Upomendi berrurbanizatzea eta Auzotaxi zerbitzua jartzea dira Zaratamoko EAJren proposamenak

Leire Arroita izango da aurten herriko EAJren alkategaia. Jeltzaleek 11 ildoko hauteskunde-programa prestatu dute maiatzaren 28ko hauteskundeetarako

|

Santa Barbara auzoa, Zaratamo // Geuria

Zaratamoko jeltzaleek 11 ildoko hauteskunde-programa prestatu dute maiatzaren 28ko bozetarako. Aurten, Leire Arroita izango da herriko EAJren alkategaia, eta berari egokituko zaio, Udalera helduz gero, jarduketa nagusiak aurrera eramatea: Industria Plana garatzea, gazteen formakuntza bultzatzea eta udal pilotalekua eta medikuaren zentroa berritzea dira egin nahi dituzte esku hartzeetako batzuk. Hemen, 2023-2027 urteetarako EAJk proposatu dituen neurrien laburpena:

Erantzuten duen eta ezkutatzen ez duen ezinbesteko kudeaketa esperientzia

  • Udal izapideetarako arreta presentziala eta online formatua konbinatzea
  • Alkatearekin eta zinegotziekin tratu pertsonala Arkotxan eta Elexalden

Inbertsio plan bat, udal ekonomia urratzen ez jarraitzeko

  • Auzoen onurarako diru laguntzak lortzeko, instituzioekin eta administrazioekin harremanak optimizatzea

Sustapen ekonomikoa eta kalitatezko enplegua

  • Herritarren parte hartze prozesuetatik datorren aurrekontua egitea
  • Merkataritza, ostalaritza, industria, ekintzailetza eta autoenplegua bultzatzea
  • Industrialdeetako ETE operatiboen jarduera bultzatzea, sektore ekonomiko publiko eta pribatuekin lankidetzan
  • Landa-eremuaren garapena

Trakzio udalerri bihurtzeko azpiegiturak eta irisgarritasuna

  • Bide-azpiegiturak eta ekipamenduak hobetu
  • Irisgarritasuna hobetzeko proiektuak
  • Udal pilotalekua berritzea
  • Medikuaren Etxea birmoldatzea

Kalitatezko eta hurbileko gizarte zerbitzua eta zerbitzu publikoak

  • Udalbatzak ematen dituen laguntzen gaineko kontrola
  • Diru laguntza guztiak mantendu eta berriak gehitu

Neurrira egindako neurriak dituzten auzoak eta biztanle-gune berriak

  • Arkotxan proiektu espezifikoak: industrialgunera sartzeko biribilgunea eraikitzea, adibidez
  • Industria Plana garatu
  • Santa Barbara eta Upomendi eremuak berrurbanizatzea
  • Landa bideak konpontzea eta mantentzea
  • Auzo taxi zerbitzua
  • Wifi sarea
  • Igogailuak jartzeko laguntzak
  • Segurtasuna hobetzea eta puntu beltzak kentzea

Berdintasuna gizarte konpromisoengatik eta udal konbikzioagatik

  • Udal protokoloa, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta beren seme-alabei laguntzeko

Kultura, kirola eta euskara, gure nortasuna bizirik mantentzeko

  • Kalitatezko eta euskarazko kultura eta kirol programen aldeko apustua
  • Euskara Plana bultzatzea
  • Agenda kulturala bultzatzea
  • Futbol zelaiaren erabilera berriak aztertzea
  • Kirol instalazioak eta haurrentzako guneak hobetzea

Gazteria, gure etorkizuna eta aktibo onena, gure apustua

  • Gazteen artean prestakuntza kualifikatua hobetzeko proiektua
  • Gazteen alokairu programaren jarraipena
  • Etxebizitza berrien sustapena

Ingurumena eta energia berriztagarriak, iraunkortasunaren giltzarri

  • Udal eraikinetan energia berriztagarriak
  • Elektrolinerak jartzea eta aparkaleku berriak egitea aztertzea
  • Bidegorriak hobetzea
  • Kartelen eta pintaden aurkako ordenantza
  • Makina bio osasungarriak eta kalistenia ekipoak
  • Hiri-altzariak hobetzea
  • Kale-katuen kolonien kontrola

Elkarteak, gizarte-ehun biziaren zaindariak

  • Tokiko elkarteekin lan egitea
Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#M28 | Arkotxako sarreran biribilgunea egitea eta Etxerreko hezegunea berreskuratzea proposatu du EH Bilduk Zatatamon

Koalizio ezkertiarrak planteatu dituen gainontzeko neurrien artean, beste sei esku hartze nabarmendu dituzte datozen udal hauteskundeetarako

|

Etxerreko presa 2021ean // Geuria

Zaratamoko EH Bilduk zabaldu du maiatzeko hauteskundeetarako aurkeztu duen programa. “Garai gogorretan eta gutxiengoan gobernatu behar izan dugu”, gogoratu dute, azken legegintzaldian Udalean egindako lanaz: “Baina argi utzi dugu gobernantza eredu irekiak modu egokian erantzun diola herritarren beharrei”. Alberto Ugarriza alkategaia izango da, beste behin, eta datorren legegintzaldian lau urte hauetan egindako proiektuekin aurrera jarraitzea izango du helburu.

2023-2027 planean, Arkotxan eta Etxerreko ingurune naturalean jarriko dute fokua. Auzora sartzeko bidean, irisgarritasuna hobetu eta biribilgunea eraikitzeko pausoak emango dituzte koaliziotik: “Errotondak istripuak gutxituko ditu, ibilgailu motordunen sarrerak eta irteerak erraztuz, eta, aldi berean, oinezko mugikortasunari ere erantzungo dio: espaloi bat izango du, Ibaizabalgo ertzetatik pasealekuari lotuta”. Azaldu dutenez, aurreproiektua bukatuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin adostuta. “Orain, elkarrizketatik ekintzara igarotzeko garaia da”.

Obra horrek Outukumpeko lursailen birkalifikazio erreala egiteko aukera emango du, eta, beraz, gunean dagoen Etxerreko eta Garaiko hezeguneak berreskuratzeko proiektua martxan jartzeko bidea izango da. “Proiektu honek Basauriko eta Zaratamoko oinezkoen ibilbideak Ibaizabalen erriberako pasealekuarekin lotzeko balioko du, eta naturarekin konektatutako elkarguneak sortuko ditu”.

Sei neurri

Koalizio ezkertiarrak proposatu dituen gainontzeko neurrien artean, beste sei esku hartze nabarmendu dituzte. Hezkuntzari, zaintzari, berdintasunari, mugikortasunari, enpleguari eta gazteentzako dinamikei lotutakoak izango dira:

  • Gure ametsetako eskola publikoa
    a. Eraikinean jasangarritasun energetikoa bermatzea
    b. Euskal kurrikuluma eta kulturaren transmisioa garatzeko lan taldea
    c. Eskola Bidea bultzatzea
  • Zaintzen ekosistema sortzeko mahaia eratzea (profesionalek, elkarteek, mugimendu feministek, herritarrek eta familiako kideek osatuta) eta udal txokoak belaunaldien arteko elkarbizitzarako gune bihurtzea
  • Berdintasun foroa indartzea
  • Arrigorriaga – Elexalde – Arkotxa – Ospitalea autobus linea sortzea
  • Zaratamoko lanaren inguruko mahaia eratzea (langabeziaren aurka egiteko, enpresen eskaintzari eta langabetuen eskariari erantzutea izango da xedea)
  • Herriko gazteekin dinamikak eta planak
Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#M28 | Arkotxako Kultur Etxearen diseinua eta alokairu sozialerako etxebizitzak nahi ditu Zaratamoko Gure Herriak

Jon Ibon Izaguirre alkategai, zazpi ildo biltzen dituen proposamena burutu nahi dute Zaratamoko plataforma independentetik

|

Arkotxa auzoa // Geuria

Gure Herria plataformak puntuz puntuko hauteskunde-programa prestatu du datorren legegintzaldirako. Jon Ibon Izaguirre alkategai, zazpi ildo biltzen dituen proposamena burutu nahi dute Zaratamon: auzoetan birgaitzeak egitea, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea eta gazteei eta herritar zaurgarrienei etxebizitzarako aukerak erraztea dira jarduketetako batzuk. Hemen, programa laburtua:

AUZOAK
Arkotxa

  • Trenbideko zubia eta sarrerako aldapa handitzea eta Eliza eta Santa Barbara birgaitzea
  • Erdigunea birgaitzea: irisgarri egitea eta peatonalizazio lanak (Santa Barbaratik okindengira)
  • Ibaizabalen areatzan, parkea eta Olaganeko parkea estaltzea eta instalazioak hobetzea
  • Arkotxako frontoiko aldagelak
  • Kultur Etxearen diseinurako prozesu parte hartzailea
  • Bilbondora oinezkoentzako bidea

Elexalde

  • Elexoste plaza birgaitzea, erdi peatonalizatzea hiri-altzariak jartzea eta elizako etxebizitzetatik Arkotxako errepidera bidea
  • Udaletxe osteko parkea estaltzea eta Gurutzalden makina bio osasungarriak eta aparkalekuetako zorua berritzea

Moiordin

  • Makina bio osasungarriak eta umeentzako jolasak berritu eta kalearen erdiguneko zorua aldatu
  • Liburutegia astean baten zabaldu

Burbustu

  • Auzoa birgaitzeko plan integrala

Mendieta

  • Oinezkoen ibilbidearen bigarren fasea

Ur hornidurako sarea berritzea gainontzeko auzoetan eta saneamenduaren arazoa konpontzea

BERDINTASUNA ETA ONGIZATEA

  • Baliabide ekonomiko eta materialez hornitzea: etxeko laguntza, gizarte larrialdietarako laguntzak, Zaratamoko Elikagaien Bankua
  • Adineko pertsonei laguntzeko programak: Zainduz programa, adibidez
  • Umeei arreta emateko programak
  • Kulturen Arteko Bizikidetza Plana

UDAL TXOKOAK

  • Elexalde eta Moiordin txokoetako afarien ordutegiak berreskuratu
  • Omenaldi-monumentuak: baserritarren omenezko eskultura, Elexoste plazan eta industria-langilearen omenezko eskultura, Olagane parkean

ETXEBIZITZA

  • 15 etxebizitza alokairu sozialean jartzea, herriko gazteentzat: eraikuntza berria Gurutzalden. 150-350 euro arteko errentarekin, diru-sarreren arabera
  • 35 udal etxebizitza tasatu: eraikuntza berria, Gurutzalden. Lehentasun osoa izango dute herrian jaio edo bizi direnek

INGURUMENA

  • Udal instalazioetako energia iturri berriztagarriak berritzea, kanpoko argiteria publikoa LED argiengatik ordezkatzea, elektrolinerak Arkotxan eta Elexalden eta auzoetan bizikleten aparkalekuak
  • Etxerre eta Garai urmaelak (Arkotxa): parkea sortzea
  • Korridore berdea: Iragorri-Urdinbide basoa baso publiko bihurtzeko gestioa eta Makatza baserria jarduerak egiteko zentro gisa egokitzea
  • Iturriak lehengoratzea
  • Ingurumeneko udal ordenantza onestea

KULTUR ETXEAK

  • Ludoteka: Kultur Etxeetan espazio bat egokitzea
  • Liburutegiak: umeentzako urteko programazioa
  • Fardel-aldagailuak
  • Zaratamoko ondare historiko, kultural eta erlijiosoari balioa ematea
  • Kultur agenda: lauhileko programazioa. Zineman, Zaratalabur film laburren saioak sortzea

HEZKUNTZA ETA KULTURA

  • Jolasguneak irizpide osasungarrien arabera egokitzea: eskolako sarbideak irisgarritasun parametroetara egokitzea eta jolas gunearen zati bat Haur Hezkuntzarako egokitzea
  • Haurreskolako jolastokia estaltzea
  • Aparkalekua txukuntzea eta oinezkoentzako bidea egokitzea: Elexaldeko plazatik eskolara
  • Umeentzako eta gazteentzako udalekua eta egonaldiak atzerrian (ingelesa hobetzeko, 16-18 urte bitartekoentzako, diruz laguntzea)
  • Guraso Eskola sustatzea
Osorik irakurri