☉ Zaratamo
Hareontzi berria sortu dute Zaratamoko ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan
Haur eta gurasoak gau eta egun ibili dira jo eta su proiektu honetako azken jarduketan

Gure Ametsetako Jolastokia proiektuak urrats berri bat eman du: auzolanaren bidez haurrentzako hareontzi berri bat ipini dute Zaratamoko eskolako jolastokian.
Besopean Guraso Elkarteak deialdiua egin zuen joan den astean Zaratamoko eskolan, jarduketa egin ahal izateko eta hiru eguneko lanaren ostean ipini dute haurrentzako hareontzia, Egurpal eta BilboRent herriko enpresen laguntzarekin.
“Barikuen hasi ginen eta astelehenera arte luzatu ziren lanak. Eguzki orduek labur lotu jakuz eta iluntzean ere lanean jardun gara”, azaldu du Irati Azkueta Pujana irakasleak. 50 pertsona inguru batu ziren lanerako, guraso, irakasle eta ikasleen artean. “Eskolako Elkarbizitza Behatokian umeek egindako eskaerei erantzun bat emoten saiatu gara, eskola komunitatearen arteko harremanak indartu doguzen bitartean”.
Hareontzia enpresek utzitako makina hondeatzaileagaz eta porlanagaz sortu zuten gurasoek. Gainera, nagusienen gelako terrazarako eserleku batzuk sortu zituzten palletak erabiliz. “Lanak amaitu ostean mokadutxoa hartzeko eta elkarrekin bazkaltzeko parada ere izan dogu, giro paregabean”.

Haurrak eta gurasoak, eserlekuak sortzn // Gure Ametsetako Jolastokia
Aste honetan azken ukituak eman dizkiote azken auzolan honi eta hurrengoei begira ikasturtean zehar eskolako patiorako ekipamendu berri gehiago ekartzen ahaleginduko direla adierazi du Azkuetak. “Horrela Gure Ametsetako Patioa elkarlanean eraikitzen segiduko dogu, gure eskolako haurren gozamenerako”.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan
Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekindiote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.
Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.
Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria
Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.
Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.
Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.
☉ Zaratamo
Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria
Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.
“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.
Kritikak, oposiziotik
Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.
“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.
Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.
☉ Zaratamo
‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur
Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.
Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.
Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.
2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026
Urtarrilak 5, astelehena
17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia
☉ Zaratamo
Gabon zaharreko kontzertua antolatu dute Zaratamoko San Lorentzo elizan
Hitzordua abenduaren 28an ezarri dute, 12:00etan, Elexaldeko San Lorentzon

Elexalde auzoko San Lorentzo elizak Gabon Zaharreko Kontzertua hartuko du beste urte batez abenduaren 28an.
Bertan, Zarakantu Kantua, Musika eta Lagunarteak, Zaratamoko kantuzaleek, Arambarri AkordeON! taldeak, Saranbada laukoteak, Presaganako txistulariek eta lagunek hartuko dute parte, Jose R. Llagunoren zuzendaritzapean.
Hitzordua 12:00etan prestatu dute Elexaldeko tenpluan.
☉ Zaratamo
Argazkiak | Neguko Azokak ehun pertsona inguru elkartu ditu Zaratamoko pilotalekuan
Goizean zehar egin dute Neguko Azoka, Gabonetako oporrak hartzeko azken klase egunean

Zaratamo Eskolako Besopean Guraso Elkarteak ‘Neguko Azoka’ antolatu du beste urte batez Elexalden, klaseko azken egunean, Gabonetako oporren atarian. Aurreko urteetan ez bezala, asistentzia marka hautsi dute Zaratamo eskolako ikasleek: ehun pertsona inguru elkartu dira Zaratamoko frontoian.
Azoka 09:45etik 11:15ak antolatu dute eta bertan euskal dantzak, sasoiko produktuak, musika… ikasleek merkatari lanak egin dituzte eta erosle gehienak beren gurasoak eta aitite-amamak izan dira bereziki.
Aurten Frutas Zelaia eta Autobuses Blanco Respaldiza enpresen laguntza izan du Neguko Azoka berezi honek.































