Sareak

☉ Zaratamo

Haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da Zaratamo Arkotxako Olagane parkea

Zaratamoko Udalak robinia-enborren pasabide bat eta robinia-zurezko motzondo-ilara bat integratu ditu eraberritzen ari den parkean

|

Robinia-enborren pasabidea, haur parkean integratuta // Geuria

Zaratamoko Udalaren azken obren artean Arkotxako Olagane haurrentzako parkearen eraberritzea ageri da, 2000 urtetik berritu gabe zegoelako. Denborak eta eguraldiak eragin nabarmena izan dute haurrentzako egitura honetan eta Udala, Arkotxako zelaiaren parean kokatutako jolastokia eraberritzeaz harago bertako elementuak haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da. Guztira 24.900 euro bideratu dituzte eraberritze lan hauetarako.

Udaleko datuen arabera, 0 eta 12 urte bitarteko 89 ume bizi dira Arkotxa auzoan gaur egun eta horiei Santa Barbara auzoko Galdakaoko aldekoak gehitu beharko litzaieke. Haur horiek dira Olagane parkeko erabiltzaile nagusiak eta joan den maiatzean hasi zituzten eraberritze lanak baino lehen zazpi elementuz osatutako jolas eremua zeukaten parkean: joko anitzeko gunea, haur birentzako kulunka bat, zabu bikoitz bat, malguki bat, txirrista bat, lauzak moteltzeko zoladura eta alboko kirol-pistarako porteriak.

Berritasun handiena elementu berrien jartzea izan da robinia-enborren pasabidea eta robinia-zurezko motzondo-ilara baten ezarpenarekin. Robinia-enborren pasabideak inguruko pasealekua eta jolas anitzeko gunea, bi plazako kulunka eta banako kaia kokatuko liratekeen parkeko eremuetako bat lotzen ditu. Parkearen beste aldea komunikatzeko, motzondo ilara bat jarri dute, robinia-zurezko sigi-saga ibilbidearekin. Joan den ekainaren amaieratik erabilgarri badago ere, azken ukituak eman behar dizkiote parkeari, zirkuitoa zehazteko pintatze-lanak falta dira eta.

“Jolas parke honek ibilbide bat planteatzen die Zaratamoko haurrei”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Jolas parkeen ereduak aldatzen ari dira eta lehengoak zaharkituta geratu dira: Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita, besteak beste”. Europako gaur egungo eredura hurbildu egiten den adibide bat Zaratamon bertan dago, eskolako ‘Gure Ametsetako Jolastokia’.

Alberto Ugarriza: “Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita”

“Auzotarrek eskabidea egin zioten Udalari eta proiektuari ekin genion”, azaldu du Zaratamoko alkateak eta eskaera hau Moiordin eta Elexalde bezalako auzoetan egin dituztela jakinarazi du. “Hori dela eta, urtean behin auzo bateko parke bat eraberritzeari ekiten diogu: Elexalden hasi ginen, udaletxe atzeko parkea eraberritzen. Moiordinekoa ere konpondu genuen eta Olaganekoa bukatu ostean Arkotxako frontoi parean dagoenarekin hasiko gara. Datorren urteko aurrekontuan aurreikusita daukagu zan ere”.

Eraberritutako jolas-elementuak // Geuria

Bestelako eraberritze-lanak

Jolas parkea eraberritzeko hiru jarduketa egin ditu Udalak: hasteko, zaharkituta edo hondatuta zeuden joko elementuak ordezkatu dituzte (haur birentzako kulunka, zabu bikoitza eta malgukia).

Aldaketa aipagarriena zoruaren aldaketa integrala izan da, udal ordezkarien arabera: gaur egun arte lauza zaharrez osatutako zoladura zeukan parkeak. Udal ordezkarien arabera, zoru honekin erabiltzaileek estropezu egiteko arriskua zuten, pieza bakoitzaren artean dauden tarte handiengatik eta inpaktua xurgatzeko gaitasun faltagatik. Horregatik SBR beltzeko geruza batez eta kolorezko EPDM puruko azken geruza batez osatutako zoladura jarraitu batez ordezkatu dute zoladura zaharra.

Bestalde, joko elementuak berreskuratu dituzte, eta adibide argiena dorre biz eta txirristaz osatutako joko anitzeko gunearena da. Egitura egurrezkoa zen eta elementu batzuk ustelduta zeuden. Txirristaren kasuan, panel batzuen kolorea galduta zegoen eta pintadak egin zituzten bertan.

Hego Uribe eskualdean badira haur parkeak eraberritzen ari diren beste Udalak. Horren adibide dira azken hilabeteetan Basaurin, Arrigorriagan eta Zeberion egin dituzten eraberritze lanak, besteak beste, herritarrek hala eskatuta.

Robinia-zurezko motzondo-ilara // Geuria

☉ Zaratamo

Zaratamoko Outokumpu lantegi abandonatuan bizi diren bost pertsona atxilotu eta beste 23 identifikatu dituzte

Helburua eraikinaren barrualdean bizi diren pertsonak identifikatzea eta zenbait miaketa lan egitea izan da

|

Outokompuko inguruak // Geuria

Arkotxa auzoko Outokumpu lantegi ohiko eraikinean identifikazio operazioa egin dut Ertzaintza eta Espainiako Poliziako agenteek gaur goizean

GEURIAk, Ertzaintzarekin berba egin ostean, asmoa “bertan bizi diren pertsonak identifikatzea” zela jakin du. Azkenean bost pertsona atxilotu ditu poliziak eta beste 23 identifikatu.

Jarduketak eguerdiraino luzatu da eta goizeko lehen ordutik erakarri du Arkotxako auzotarren arreta: “Ertzaintzako sei patruila, Espainiako Poliziako bat eta beste hiru ibilgailu ikusi dira auzoan”, azaldu du lantegitik gertu bizi den auzotar batek.

GEURIAk jakin ahal izan duenez, helburua eraikinaren barrualdean bizi diren pertsonak identifikatzea eta zenbait miaketa lan egitea izan da.

Ertzaintzako autoak, gaur goizean, Outokompura bidean // Geuria

Irailetik, irtenbidearen bila

Zaratamoko Udalak iazko irailean azaldu lez, 2025eko udan izan ziren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak iragarri zuen uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko zituela: “Lehenik eta behin, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu zuen Alberto Ugarriza herriko alkateak irailean, eta iazko udatik bueltan ekintza deliktiboak saihesteko programa bat abiaraziko zutela iragarri zuen.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta iazko irailean bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, “kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede”.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, gaur egungo egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta 2024ko uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Auzotarren ezinegona

Irailetik gaur egun arte zenbait identifikazio jarduketa egin ditu poliziak Arkotxako auzoan, eta Udaletik egoera “bideratzen” ari direla azaldu badute ere, hainbat auzotar ez dira eroso sentitzen.

Joan den martxoaren 4an Galdakaoko Bengoetxe auzoan erortzeko arriskuan dagoen eraikin abandonatu bat hustu zuten Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, GEURIAn azaldu lez.

Guztira 15 pertsona aterarazi zituzten Bengoetxeko eraikin hartatik. Eraikinean gaua ematen zuten pertsonen “integritate fisikoa arrisku larrian” zegoela ikusirik hustu zute eraikina. Izan ere, Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu zuen eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina erortzeko arriskuan dagoela.

Gertakari horren haritik, Arkotxako auzotarrek diote Zaratamoko Outokumpu enpresan bizi den egoera “antzekoa” dela, eta ondorioz joan den martxoaren 6an jakinarazpen ohar bat helarazi zuten Zaratamoko Udalera ‘Arkotxa Bizirik’ auzokideen elkartetik. “Urteak daramatzagu Arkotxako 5. zenbakiko eraikinaren okupazio-arazoa pairatzen. Eraikina erortzeko arrisku egoeran dago eta kalte ugari sortzen ari da azken boladan. Egun batetik bestera, gero eta pertsona gehiagok ematen dute gaua instalazioetan. Suhiltzaileek txosten bat egin zuten duela hilabete asko, eraikin hori arriskutsua da barruan daudenentzat, baita inguruan gaudenentzat ere. Are gehiago, suhiltzaile batek hanka hautsi zuen eraikinera sartu zenean”, dio jakinarazpenak, eta auzo elkarteak premiazko neurriak eskatu dizkio Zaratamoko Udalari egoerari irtenbidea emateko.

Erantzun modura, Zaratamoko alkateak azaldu du Bengoetxeko eraikinean gertatutako egoera eta Arkotxakoa ez direla antzekoak: “Arkotxako 5. zenbakiko eraikina eremu pribatu batean kokatuta dago. Suhiltzaileen txostena heldu zenean lursaileko jabeei helarazi genien, lursail horren mantentze lanak beraiei dagokielako”, argitu du Ugarrizak. “Baina momenturik ez dugu inolako erantzunik jaso”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ertzaintza eta Espainiako Polizia Zaratamoko Outokumpu lantegian bizi diren pertsonak identifikatzen ari dira goizetik

“Asmoa bertan bizi diren pertsonak identifikatzea da, Ertzaintzak ez du inor atxilotzeko agindurik”, azaldu diote GEURIAri Ertzaintzatik

|

Polizia, Basaurin, Arkotxara bidean // Geuria

Goizeko 08:00etatik identifikazio operazioa egiten ari dira Ertzaintza eta Espainiako Poliziako agenteek Zaratamoko Arkotxa auzoko Outokumpu lantegi oihan.

GEURIAk Ertzaintzako ordezkariekin egin du berba eta bertan bizi diren pertsonak identifikatzeko operazioa dela zehaztu dute, bestelako asmorik gabe: “Asmoa bertan bizi diren pertsonak identifikatzea da, Ertzaintzak ez du inor atxilotzeko agindurik”, argitu dute.

Bi ordu baino gehiago irauten ari duen jarduketak Arkotxako hainbat bizilagunen arreta deitu du. “Ertzaintzako sei patruila, Espainiako Poliziako bat eta beste hiru ibilgailu ikusi dira auzoan”, azaldu du lantegitik gertu bizi den auzotar batek.

Irailetik, irtenbidearen bila

Zaratamoko Udalak iazko irailean azaldu lez, 2025eko udan izan ziren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak iragarri zuen uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko zituela: “Lehenik eta behin, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu zuen Alberto Ugarriza herriko alkateak irailean, eta iazko udatik bueltan ekintza deliktiboak saihesteko programa bat abiaraziko zutela iragarri zuen.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta iazko irailean bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, “kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede”.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, gaur egungo egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta 2024ko uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Auzotarren ezinegona

Irailetik gaur egun arte zenbait identifikazio jarduketa egin ditu poliziak Arkotxako auzoan, eta Udaletik egoera “bideratzen” ari direla azaldu badute ere, hainbat auzotar ez dira eroso sentitzen.

Joan den martxoaren 4an Galdakaoko Bengoetxe auzoan erortzeko arriskuan dagoen eraikin abandonatu bat hustu zuten Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, GEURIAn azaldu lez.

Guztira 15 pertsona aterarazi zituzten Bengoetxeko eraikin hartatik. Eraikinean gaua ematen zuten pertsonen “integritate fisikoa arrisku larrian” zegoela ikusirik hustu zute eraikina. Izan ere, Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu zuen eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina erortzeko arriskuan dagoela.

Arkotxako fabrika // Geuria

Gertakari horren haritik, Arkotxako auzotarrek diote Zaratamoko Outokumpu enpresan bizi den egoera “antzekoa” dela, eta ondorioz joan den martxoaren 6an jakinarazpen ohar bat helarazi zuten Zaratamoko Udalera ‘Arkotxa Bizirik’ auzokideen elkartetik. “Urteak daramatzagu Arkotxako 5. zenbakiko eraikinaren okupazio-arazoa pairatzen. Eraikina erortzeko arrisku egoeran dago eta kalte ugari sortzen ari da azken boladan. Egun batetik bestera, gero eta pertsona gehiagok ematen dute gaua instalazioetan. Suhiltzaileek txosten bat egin zuten duela hilabete asko, eraikin hori arriskutsua da barruan daudenentzat, baita inguruan gaudenentzat ere. Are gehiago, suhiltzaile batek hanka hautsi zuen eraikinera sartu zenean”, dio jakinarazpenak, eta auzo elkarteak premiazko neurriak eskatu dizkio Zaratamoko Udalari egoerari irtenbidea emateko.

Erantzun modura, Zaratamoko alkateak azaldu du Bengoetxeko eraikinean gertatutako egoera eta Arkotxakoa ez direla antzekoak: “Arkotxako 5. zenbakiko eraikina eremu pribatu batean kokatuta dago. Suhiltzaileen txostena heldu zenean lursaileko jabeei helarazi genien, lursail horren mantentze lanak beraiei dagokielako”, argitu du Ugarrizak. “Baina momenturik ez dugu inolako erantzunik jaso”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Bideoa | Besopean Guraso Elkartea: «Herri kirolekin haurren arteko aurrez aurreko harremanak sustatzen ditugu»

Osasun emozionala ardatz modura, Besopean Guraso Elkarteak herri kiroletako taldea sortu du Zaratamo eskolako haurrekin, eta gogor hasi dira lanean aurten

|

Herri kiroletako taldea, Besopean Guraso Elkarteko kideekin // Geuria

Zaratamoko eskolak badu haurren herri kirol taldea, eta gogotsu hasi du ibilera aurten. Joan den otsailaren 1ean egin zuen debuta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak Foru Aldundiaren babesarekin Gernikan antolatutako txapelketan.

Zaratamoko benjaminek 48 puntu eskuratu zituzten: 12 zaku eramatean, 6 lokotx biltzean, 13 txinga eramatean, 13 ingude jasotzen eta 4 sokatiran. Talde hau Ailatzek, Anderrek, Goiatzek, Joanek eta Obedek osatzen dute.

Zaratamoko eskolako taldearen atzean Besopean Guraso Elkarteko familiak daude, eta beraiekin elkartu gara proiektu berri honen nondik norakoak ezagutzeko. Lehen probako emaitzek txundituta utzi dituzte eskolako gurasoak, eta ekimen osasuntsu honi gogor eutsiko diotela aitortu digute; azken batean, haurrek sano gozatzen dute elkarren artean jolasten, eta txikien osasun emozionalarentzat terapia benetan eraginkorra ere bada. Zaratamoko gaztetxoen herri kirolen taldeak ateak zabalik ditu kirolari gaztetxo gehiago besopean hartzeko. Guraso elkarteko Judith Teixeira Riobello (Arrigorriaga, 1984) kidearekin egin dugu berba.

Nola sortu zitzaizuen eskolan Herri Kirolak taldea egitearen ideia? Ideia kasualitatez jaio zen. Basauriko Kareaga Goikoa eskolan guraso elkarte nahiko indartsua dago. Ama askok hartzen dute parte eskolaren onurari begira, ikaskuntza komunitatearen alde lanean beti. Hainbat proiektutan murgilduta egonda, Zaratamon Basaurin lantzen ari zirenak aipatu ziren eta herri kirolen taldearen ideia jaio zen.

Basaurikoek hainbat urte daramatzate eskola kirolaren esparruan jarduerak antolatzen, eta nahiko erraza izan zen herri kirolen taldea martxan jartzea. Ume zein gurasoei asko gustatzen zaien ekintza izan da. Zaratamori dagokionez, azken urtean gogor ekin diogu osasun emozionala eta digitalaren inguruan lan egiten eskolan, eta herri kirolak gai horrekin bateragarria izan daitezkeela ikusi genuen. Azken batean, gure asmoa da pantailen erabilpena sentsibilizatzea eta txikiei ahalik eta gutxien erakustea. Bestalde, haurren arteko harremanak aurrez aurrekoak izatea nahi dugu, mundu digitaletatik kanpo. Horretarako, aukera ezberdinak eskaini behar zaizkie umeei, eta ikaskuntza komunitatean harremanak sendotzeko ekintza jakin batzuk proposatu nahi genituen. Herri kirolak egokia izan daitezke: aisialdia, aire zabaleko kirola, pantailak alde batera utziz…

Zergatik Herri kirolak eta ez beste kirol jakin bat? Aldagai bik hartzen dute parte erabaki honetan. Alde batetik, eskolako aita batek bost urte daramatza Arrigorriagako Jasoka herri kirol klubean, nagusien taldean. Alde horretatik erraztasunak izan ditugu ezagutzak bereganatu eta materialak lortzeko orduan, besteak beste. Azken batean, taldeak eskarmentua du kirol proben araudian eta harremanak ditu Herri Kirolen Federazioarekin. Alde horretatik modu erraz batean egin ziren formakuntzak eta formazio saioak online jaso ditu arduradunak. Gainera, eskola kirolean beste modalitate batzuk ageri dira.

Bestalde, eskolara heldu berri diren neba-arreba bi herri kiroletan ibiliak izan dira. Beraz, pentsatu genuen familia berri horren integrazioa bideratzeko herri kirol talde bat sortzearen aitzakia polita izan zitekeela. Familia horretan, gurasoek zeinu hizkuntza erabiltzen dute eta aukera ona izan daiteke komunitatean esperientzia hau partekatzeko. Gainera, eskolako herri kirolen kasuan, taldeak mixtoak dira eta jokatzen ari garen txapelketan umeak faltan badira, hutsuneak beste eskoletako haurrekin bete daitezke arazorik barik, adibidez. Horrek agerian uzten du lehiakortasun eza eta haurrek bizi duten giro polita, besteak beste.

Joan den otsailaren 1ean eskolako taldearen debuta izan zen. Nolako sentsazioak izan zenituzten? Joan den otsailean egindako txapelketan puntuazio marka hautsi zuten Ailatzek, Anderrek, Goiatzek, Joanek eta Obedek txinga eroateko eta ingude jasotzeko modalitateetan. Zaku lasterketan ere oso fin aritu ziren Zaratamokoak 13 puntuko gehienetik 12 eskuratuz. Gure ahultasuna, nolabait esatearren, sokatiran izan zen (barreak): gure umeak argal xamarrak dira eta galera itzela izan zen (barreak). Oso ondo pasatu zuten lehen esperientzia honetan eta hirugarren postua lortu zuten. Poz-pozik gaude bizi izandako esperientziagatik, dena esan beharra dago. Ez genuen espero podiuma egitea gure lehen parte-hartzean, entrenamendu biko prestaketarekin soilik.

Entrenamendu saio bi? Hurrengo galdera entrenamendu saioak zenbatean behin egiten dituzuen zen. (Barreak) Gure asmoa ostegunetan elkartzea da, 17:00ak inguruan eskolan bertan, lehiaketa egunerako “prestatzeko”. Bertan egongo dira gure umetxoak eta maila txikiagoko haurrak ere. Egun horretan, herri kirolen taldeko haurrez gainera, eskolan arratsalde pasa dauden haurrak gurekin parte hartzera gonbidatzen ditugu ere.

Azken batean, gure helburua eskolako umeez sortutako harrobia eraikitzea da, txikienek ikusi eta beste haurrak bertan parte hartzeko motibazioa sustatzeko eta elkarrekin gustura egoteko. Entrenamenduak hilabetean behin planteatu ditugu hasiera batean, aurten behintzat. Ikasturtea aurreratuta dagoenez, haur askok beste ekintza batzuetan izena emanda zuten eta logikoa denez, ez genien exijentzia maila handia eskatu nahi. Datorren urteari begira familien eskaerei erreparatuko diegu eta ikusi dugu zelan antolatuko dugun hurrengo ikasturteko egutegia.

Non ikusi nahiko zenukete proiektu hau bost urte barru? Espero dugu proiektuak aurrera jarrai dezala: polita delako, motibazioa sortzen duelako, genero ikuspegitik proposamen nahiko orekatua delako eta gure ume txikienek eskolako erreferenteak behar dituztela uste dugulako.

Eta eskolara mugatuko duzue taldearen harrobia edo harago joatea espero duzue? Batek daki! Zaratamo eskolako haurrez gainera, zentrokoak ez diren baina aldi berean herrikoak badiren ikasleek parte hartzea nahi dugu. Erronka bat izan daiteke guretzat epe ertainera begira, beste zentroetan ikasten ari diren baina aldi berean Zaratamokoak diren ikasleekin lotura bat sortzeko. Oso herri txikia izanda interesgarria litzateke horrelako elkargune edo topagunea izatea beraientzat. Zaratamo eskola promozionatzeko aukera izango litzateke aldi berean, eskola eta guraso elkarteko helburu nagusietako bat horixe bera baita: herriko eskolako matrikula kopurua handitzea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Horma-irudi erraldoi bat egin dute herritarren artean Zaratamon, Emakumeen Nazioarteko Egunean

Irudi erraldoiaz gainera, txapen eta katiluen diseinu bereziak sortu dituzte herriko umeek

|

Elexaldeko plaza, gaur // Zaratamoko Udala

“Zaratamon berdintasuna, oinarria eta etorkizuna! Gora borroka feminista!”, horrela dio Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxeko goiko solairuan eskegi duten eta herriko haurrek beraiek margotutako pankarta erraldoi batek.

Goizean zehar hainbat jarduera prestatu dituzte herritar guztientzako Zaratamoko auzoan. Ekintza nagusia herritarrek beraiek sortutako horma-irudi erraldoi bat izan da. Bertan, zuhaitz erraldoi bat ageri da. Enborrean M8 irakur daiteke, eta atal bi bereizi daitezke: sustraiak eta zuhaitzaren adarrak.

“Zuhaitza eskolan egin dute, behean umeen familietako kide, emakume erreferenteak ageri dira (oinarrian)”, azaldu dute udal ordezkariek. “Adarretan, ostera, emakume erreferenteen argazkiak (lagunak, emakume ospetsuak…). Hau izango zen etorkizuna edo zeri begira dauden”.

Gainera, txapen eta katiluen diseinu originalak sortu dituzte Elexalde plazan bertan ipini dituzten bi mahaietan. Bertan askotariko diseinuak sortu dituzte herriko txikiek gaia guztiontzat berdina izanik: Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko saioa eskainiko dute Zaratamon

Saioa Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxean antolatu dute hilaren 9an eta 23an, 18:00etan

|

Bolaluma bat // Beku Kanomi, Unsplash

Martxoaren 9an eta 23an Aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko saioa eskainiko dute Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxean, 18:00etan. Hitzaldia Zaratamoko Berdintasun Taldeak antolatu du Osakidetzarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute 944 566 000 telefono zenbakira deituz edo arkotxa@zaratamo.eus helbide elektronikora e-posta bidaliz.

Aurretiazko borondateen dokumentua

Aurretiazko borondateen dokumentua, ekipo mediko bati zuzendutako idatzi bat da. Bertan, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk, etorkizunerako, une horretan bere borondatea adierazteko gai ez bada erabil daitezen.

Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik.

Dokumentu hori edozein pertsonak egin dezake, hurrengo baldintzak betez gero: adin nagusikoa izatea, judizialki ezgaituta ez egotea eta askatasunez jardutea.

Osorik irakurri