☉ Zaratamo
Jesus Muñiz: «Herritarren oroimena ondare bizia da eta mantendu beharreko altxorra, gainera»
Egun hauetan Zaratamoren inguruko dokumentala grabatzen ari da Arkotxakoa Ondarearen Europako Jardunaldietarako; zinta urrian proiektatuko dute herrian
[2023ko irailaren 14an argitaratutako elkarrizketa – Geuria 099] Ondarea berreskuratu eta hilezkortzeko asmoz, Jesus Muñiz Petralanda (Galdakao, 1965) Zaratamoren inguruko dokumentala filmatzen ari da egun hauetan Ondarearen Europako Jardualdietarako. 16 urte daramatza Arkotxan Muñizek eta bere hautua zaratamarren oroimena berreskuratzea izan da, auzo ezberdinetako herritarren kontakizunak bilduz. Ekimen honek Galdakaon du abiapuntua, bertako Zabalean eta Bengoetxe auzoetan proiektu bera lantzen ari delako aldi berean. Zaratamoko izaeraz, bertako auzoez eta horren inguruan lantzen ari den dokumentalaz mintzatu gara beragaz Arkotxan.
Nolako herria da Zaratamo?
Alde bi dituen herria da Zaratamo, nik dakidanez behintzat. Zaratamo Arkotxa eta Elexalde auzoek osatzen dute, zeharo ezberdinak diren mundu bi. Historiak eta antzinako elementuek jasotzen dute Zaratamo Elexalden jaio zela. Elexaldeko San Lorentzo parrokiko hormetan erromatar behe aroko hilarri bi daude, IV. mendekoak izango dira, ez nago guztiz ziur. Bata atearen ondoan dago, eskumaldean; bestea, ordea, tenpluaren alde batean. Ondo ikus daitezke biak. Ate ondokoak gurutze baten marrak dauzka eta bestea nahiko desegina dago. Horiek dira herriaren historiaren arrasto zaharrenak gaur egun.
Hortxe dago Zaratamoko historiaren lehen atala?
San Lorentzo parrokia XVI. mendekoa da, baina berau eraiki aurretik bazegoen beste bat; ez dago datu ofizialik ordea, herriaren inguruko dokumentazio ofiziala XVII. mendean hasten delako. Hortaz, San Lorentzo Zaratamoren inguruko dokumentazioa baino askoz zaharragoa da.
Nola dakizu San Lorentzo XVI. mendekoa dela? Bada, tenpluaren arrosa-leihoa Galdakaoko Andra Marikoaren oso antzekoa delako. Ziurrenik langile talde berak sortu zituen biak, egitura bertsua baitute. Nire hipotesia da hori. Baina egoera beraren aurrean gaude: ez dago dokumentazio ofizialik. Gainera, Zaratamoko elizaren barruan kristo gurutziltzatu bat dago, XVII. mendeko erretaula nagusiaren goiko aldean. Antza, antzina ez omen zegoen kokaleku horretan, korupean baizik. Eta are gehiago: bataiarria ere XVI. mendekoa omen da. Kristo gurutziltzatuarekin gertatu bezala, pieza biak gotiko beherantiarrekoak dira.
Nolako dokumentazio-lana egiten duzu era honetako kasuak aztertzeko dokumentazio ofizial gutxi dagoenean?
Normalean Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarraren artxibora jotzen dut (Eibar, 1887-1972). Ojanguren mendizalea zen eta mendien inguruko artxibo handia dauka. Gipuzkoan lan egindakoa bazen ere, Ojanguren zenbait alditan izan zen Bizkaian ere lanean: 1915. urtean eta 50. hamarkadan. Ikerketak egiten ditudan bakoitzean Ojangurenen artxiboan begiratzen dut beti. Zaratamon 1915ean izan zen eta bere argazkiak oso baliagarriak dira: gaur egun Zaratamoko Elexaldeko frontoian dagoen horma-irudia Indalecio Prietoren argazki batean oinarrituta dago, urrutira joan barik.
Elexaldez egin dugu berba. Eta Arkotxa zer?
Momentura arte ez dut ikerketa sakonegirik egin, baina topatu dudan aztarnarik zaharrena XIX. mende amaierakoa da. Aztertutako Foru artxiboaren dokumentazioan ‘Arkotxako Taberna Zaharra’ aipatzen da. Hainbat teoria daude taberna zahar honen inguruan: nire ustez taberna hura gaur egun Txomin Egileor zeharkatzen duen oinezkoen pasabidea gurutzatu eta bertan ageri den eraikinaren inguruan kokatuta zegoen, Praderaren eraikinaren zonaldean. Aipatzen da taberna hura 1876koa dela. Hala ere, informazio iturriek ez dute leku zehatz bat aipatzen, eta auzotar bakoitzak teoria ezberdinak ditu kokalekuari buruz.
Gauza da topatu duzun dokumentazio osotik Arkotxako Taberna Zaharra dela auzoaren inguruko lehen aipamena.
Hala da. Taberna esaten diote, baina tira, garai hartan, ardoa eta ogia Zaratamoko Udalak kudeatzen zuen eta Udalak lokal berezi horiek erabiltzen zituen banaketarako: bat aipatutako Arkotxakoa zen, beste bat Elexalden zegoen eta hirugarren bat Moiordin auzoan.
Eta ez dago taberna baino eraikin zaharragorik Arkotxan?
Hor dago gakoa. Izatez, Pradera lantegia taberna baino zaharragoa da, 1838koa, hain zuzen ere. Pradera anaiak Markinatik etorri ziren, baina jaioterria Europako iparraldean zuten. Batzuen arabera frantziarrak ziren, beste batzuen arabera belgiarrak. Gauza da lantegiaren sorrerak Arkotxako etxebizitza gehienen eraikuntza ekarri zuela, eta bertan bizi ziren langileak eta euren familiak.
Beraz, baserri giroko Elexalde auzoak eta industriak eraldatutako Arkotxak osatzen dute Zaratamo.
Industriak Arkotxa handitu egin zuen: lehen Arkotxak landa eremua ere bazeukan eta gaur egun iragan horren arrastoak ikus daitezke: Bilbondora joatean baserri bat ikus daiteke, esaterako. Baserri hori Arkotxari dagokio. Hala ere, kontuan izan Arkotxan taberna bat bazegoen hori bezeroak zeudelako izango zela! Hori bai, taberna hura bidean kokatuta zegoen. Horrek esan nahi du herritarrek ez ezik, bidetik igarotzen ziren bezeroak ere egon zitezkeela. Laburbilduz, Elexaldek baserriko giro hori gordetzen jakin du eta industriak Arkotxa irentsi zuen. Praderara lan egitera bertako zein kanpoko langile ugari etorri ziren. 1.200 pertsonek egin zuten lan Pradera lantegian. Bestalde, Santa Barbara auzoari dagokionez, bertan bizi diren asko Andaluziatik etorritakoak dira.
Nolako merkataritza jarduerak zeuden Zaratamon antzina industria heldu arte?
Merkataritza harrobietara, meategietara eta basoetara mugatzen zen. Harrobiei dagokienez, Zaratamon badira batzuk: Burbustun, Gutiolon eta Etxerren, besteak beste. Burdina eskuratzen zuten meategi txikiak ere badaude.
Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta dokumentalak filmatzen ari zara Zaratamon eta Galdakaon, bertako herritarren testigantzak jasoz Zaratamoren zein Galdakaoren ondarea berreraikitzeko.
“Jendearen oroimena ondare bizia da eta mantendu beharrekoa, gainera”, pentsatu nuen Ondarearen Europako Jardunaldien deialdia egin zutenean. Koronabirusak iraganeko bizitza ezagutzen zuen jende askoren bizitza eraman zuen hilobira eta hori berreskuraezina da. Zergatik ez Zaratamoren eta Galdakaoren inguruko dokumentala filmatu? Hasiera batean Zabalea eta Bengoetxeko dokumentala izan behar zuen: ni Galdakaoko Zabalea auzoan jaio nintzen baina urtebete eman nuen bertan. Gero Juan Bautista Uriartera etxez aldatu nintzen. Nire auzoaren inguruko kontakizun asko ezagutzen ditut, baina entzutez denak. Horregatik filmatu behar dugu dokumentala: ondarea berreskuratu eta ez galtzeko. Orduan, ideia hori mantenduz gauza bera Zaratamon egitea bururatu zitzaidan.
Zaratamoko dokumentala Elexalden eta Arkotxan proiektatuko dute urrian: Elexalderen kasuan urriaren 20an izango da, eta Arkotxan, 28an. Produkzioaren zein fasetan zaudete jakin badaiteke?
Duela gutxi hasi gara filmazioekin: abuztuaren azken astean. Hasierako asmoa auzotarren testigantza horien audio grabaketak egitea zen soilik, dokumental osoa grabatu baino. Baina adierazpen garrantzitsuenak bideoz grabatzea erabaki dugu, ikus-entzunezko pieza erakargarriagoa osatuz. Lan hauetarako Bitart New Media ekoiztetxearekin eta Bigite elkartearekin ari gara lanean.
Zaratamon, gainera, Pasio Bizia ospatzen duzue urtero, Arkotxan.
Bai, noski. Dokumentala filmatzeaz gain, Arkotxako Pasio Bizia Bizkaiari erakustea ere proposatu nuen Ondarearen Europako Jardunaldietan, Pasio Biziaren 55. urteurrenaren haritik. Nik Bilboko Eleiz Museoan lan egin dut eta Zaratamoko Pasio Bizioaren lehen entseguak bertara eramatea proposatu dut. Urrian izango dira lehen saio horiek, klaustroan bertan. Informazio gehiago iragarriko dugu aurrerago.
☉ Zaratamo
Zaratamok bilerak egingo ditu auzo ezberdinetan prozesu parte-hartzailea herritarrei hurbiltzeko
Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan
Zaratamoko Udalak aurrez aurreko bilera informatiboak antolatu ditu aste honetan 2025eko aurrekontu parte-hartzaileko proposamenak jasotzeko. Saioak Arkotxan, Elexalden eta Moiordinen egingo dituzte: “Bilera horietan herritarren proposamenak aurkeztuko dira”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Horiek herritarren artean bozkatu eta proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditugu”. Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan.
Aurrekontua azaroko udalbatzan onartzeko asmoa dute udal ordezkariek. Joan den urriaren 1ean proposamenak egiteko azken eguna izan zen: “Proposamenak etxetik egitea oso zaila da eta parte-hartzea baxua izan da, baina horretarako zabaldu dugu interneten bidezko sistema, eta orain, aurrez aurreko bilerena, parte-hartzea bermatzeko”.
Prozesu parte-harrtzailea | Bilerak herritarrekin
Urriak 7, astelehena
19:00 Arkotxako eliza
Urriak 9, asteazkena
20:00 Elexaldeko Kultur Etxea
Urriak 10, osteguna
19:00 Moiordineko liburutegia
☉ Zaratamo
Haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da Zaratamo Arkotxako Olagane parkea
Zaratamoko Udalak robinia-enborren pasabide bat eta robinia-zurezko motzondo-ilara bat integratu ditu eraberritzen ari den parkean
Zaratamoko Udalaren azken obren artean Arkotxako Olagane haurrentzako parkearen eraberritzea ageri da, 2000 urtetik berritu gabe zegoelako. Denborak eta eguraldiak eragin nabarmena izan dute haurrentzako egitura honetan eta Udala, Arkotxako zelaiaren parean kokatutako jolastokia eraberritzeaz harago bertako elementuak haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da. Guztira 24.900 euro bideratu dituzte eraberritze lan hauetarako.
Udaleko datuen arabera, 0 eta 12 urte bitarteko 89 ume bizi dira Arkotxa auzoan gaur egun eta horiei Santa Barbara auzoko Galdakaoko aldekoak gehitu beharko litzaieke. Haur horiek dira Olagane parkeko erabiltzaile nagusiak eta joan den maiatzean hasi zituzten eraberritze lanak baino lehen zazpi elementuz osatutako jolas eremua zeukaten parkean: joko anitzeko gunea, haur birentzako kulunka bat, zabu bikoitz bat, malguki bat, txirrista bat, lauzak moteltzeko zoladura eta alboko kirol-pistarako porteriak.
Berritasun handiena elementu berrien jartzea izan da robinia-enborren pasabidea eta robinia-zurezko motzondo-ilara baten ezarpenarekin. Robinia-enborren pasabideak inguruko pasealekua eta jolas anitzeko gunea, bi plazako kulunka eta banako kaia kokatuko liratekeen parkeko eremuetako bat lotzen ditu. Parkearen beste aldea komunikatzeko, motzondo ilara bat jarri dute, robinia-zurezko sigi-saga ibilbidearekin. Joan den ekainaren amaieratik erabilgarri badago ere, azken ukituak eman behar dizkiote parkeari, zirkuitoa zehazteko pintatze-lanak falta dira eta.
“Jolas parke honek ibilbide bat planteatzen die Zaratamoko haurrei”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Jolas parkeen ereduak aldatzen ari dira eta lehengoak zaharkituta geratu dira: Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita, besteak beste”. Europako gaur egungo eredura hurbildu egiten den adibide bat Zaratamon bertan dago, eskolako ‘Gure Ametsetako Jolastokia’.
Alberto Ugarriza: “Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita”
“Auzotarrek eskabidea egin zioten Udalari eta proiektuari ekin genion”, azaldu du Zaratamoko alkateak eta eskaera hau Moiordin eta Elexalde bezalako auzoetan egin dituztela jakinarazi du. “Hori dela eta, urtean behin auzo bateko parke bat eraberritzeari ekiten diogu: Elexalden hasi ginen, udaletxe atzeko parkea eraberritzen. Moiordinekoa ere konpondu genuen eta Olaganekoa bukatu ostean Arkotxako frontoi parean dagoenarekin hasiko gara. Datorren urteko aurrekontuan aurreikusita daukagu zan ere”.
Bestelako eraberritze-lanak
Jolas parkea eraberritzeko hiru jarduketa egin ditu Udalak: hasteko, zaharkituta edo hondatuta zeuden joko elementuak ordezkatu dituzte (haur birentzako kulunka, zabu bikoitza eta malgukia).
Aldaketa aipagarriena zoruaren aldaketa integrala izan da, udal ordezkarien arabera: gaur egun arte lauza zaharrez osatutako zoladura zeukan parkeak. Udal ordezkarien arabera, zoru honekin erabiltzaileek estropezu egiteko arriskua zuten, pieza bakoitzaren artean dauden tarte handiengatik eta inpaktua xurgatzeko gaitasun faltagatik. Horregatik SBR beltzeko geruza batez eta kolorezko EPDM puruko azken geruza batez osatutako zoladura jarraitu batez ordezkatu dute zoladura zaharra.
Bestalde, joko elementuak berreskuratu dituzte, eta adibide argiena dorre biz eta txirristaz osatutako joko anitzeko gunearena da. Egitura egurrezkoa zen eta elementu batzuk ustelduta zeuden. Txirristaren kasuan, panel batzuen kolorea galduta zegoen eta pintadak egin zituzten bertan.
Hego Uribe eskualdean badira haur parkeak eraberritzen ari diren beste Udalak. Horren adibide dira azken hilabeteetan Basaurin, Arrigorriagan eta Zeberion egin dituzten eraberritze lanak, besteak beste, herritarrek hala eskatuta.
☉ Zaratamo
Jesus Muñiz historiagile zaratamarrak San Migel irudiaren aurkezpena egingo du Orozkon
Aurkezpena urriaren 6an, 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Jesusekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da
Datorren urriaren 6an Miguel Deuna irudiaren aurkezpena egingo du Jesus Muñiz Petralanda historiagile galdakoztar-zaratamarrak. Miguel Deuna irudia Orozkoko Muruetako San Migel Ermitan kokatuta dago eta tailla berreskuratu ahal izan dute. Aurkezpen egunean, Muñizekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da.
Izan ere, Muñiz eta Gonzalez, San Migel irudiaren taillaren eta bere berreskurapen prozesuaz arituko dira. Aurkezpena 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Patxi Malo apaizaren bedeinkapena izango du.
Berreskuratze lanetan lagundu nahi duten interesdunentzako 630 750 333 telefono zenbakia ahalbidetu dute BIZUMak egiteko. Laguntza egiteko ZER jartzen duen lekuan ‘REST SMDM’ idatzi behar da.
San Migel baseliza
Orozkoko San Migel baselizak 9,58 x 6 metroko azalera du. Harlangaitzezko hormak ditu eta bi isurkiko estalkia bi zertxaren gainean. Ez du kanpai-hormarik eta oinean erdi-puntuko arkua duen atea dauka.
Ateburu zuzeneko leihoa dauka Epistolaren aldean, burdinazko barrotez babestuta. Harrizko lauzen zoladura.
San Migelgo jaiak irailaren 29an ospatu ohi ziren baseliza honetan baina duela 20 urte bertan ez dituztela jairik ospatzen bertan.
☉ Zaratamo
Aurrekontu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratu ditu Zaratamoko Udalak
Joan den irailaren 16an hasi zuen Zaratamoko Udalak 2025eko aurrekontuan sartuko duten aurrekontu parte-hartzailearen prozesua
Zaratamoko Udalak irailaren 16an hasi du 2025eko aurrekontuaren prozesua. Aurreko urteetan bezala, prozesu horrek atal bi izango ditu, eta lehenengoan prozesu parte-hartzailea antolatu dute: “Irailaren 16an bertan proposamenak egiteko eskuorria banatu genuen herriko etxe guztietan eta hori ere iragarri genuen”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamo alkateak.
Iaz proposamen libreak egin zituzten zaratamarrek esparru ezberdinetan eta Udala bera zen proposamen horietako zein sartzen zen aurrekontu orokorrean. Aurten, aldiz, aldaketa bat izango du prozesu parte-hartzailearen sistemak. Berritasun modura, proiektu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratuko ditu guztira Udalak eta herritarrek 15 egun izango dituzte hilaren 16tik hasita proposamen zehatzak egiteko: “Herritarrek egindako proposamen guztiak aztertuko dira, Herri Batzarretan aurkeztuko ditugu, auzoetan, eta gero herritarren ekarpen horiek bozkatuko dira”, azaldu du Zaratamoko alkateak.
Baldintza modura, Zaratamoko Udaletik iragarri dute proposamenaren kostua ezin dela 15.000 euro baino handiagoa izan. Halaber, Udalaren eskumenekoa izango da eta honako alderdi hauen gainekoa:
– Gizarte ongizatea, Berdintasuna eta osasuna
– Hiri-ingurunea, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena
– Kultura, hezkuntza, euskara eta kirola
– Zaintza arloa, adineko pertsonak, gazteria eta umeak
– Sustapen ekonomikoa (merkataritza, turismoa, enplegua…)
Proposamenak, gainera, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan behar dira, zehatzak eta kuantifikagarriak, interes publikokoak eta legezkoak. Proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditu Udalak. “Gure helburua azaroko udalbatzan 2025eko aurrekontua onartzea da”, erantsi du Ugarrizak.
Inprimakia eta proposamen orria Zaratamoko Udalaren webgunean topa daitezke PDF formatuan deskargatzeko.
☉ Zaratamo
Emakumeentzako mendi orientazioa eta Twerk ikastaro feministak eskainiko ditu Zaratamok
Lehen aldia da Udalak emakumeei zuzendutako ikastaro bi hauek antolatzen dituela udalerrian. Izena emateko epeak irailaren 9an zabalduko dituzte
Zaratamoko Udalak ikasturte berriko kirol jardueretan parte hartzeko epea zabalduko du irailaren 9tik 20ra. Horien artean Emakumeentzako Mendi Orientazioa eta Boterea, Ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko ikastaroak abiaraziko ditu Berdintasun Batzordeak.
Patri Espinar usansolotarrak Mendi Orientazioa Emakumeentzat izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 13an, 14an, 21ean eta 22an. Irailaren 13an klase teorikoa emango du Zaratamoko eskola zaharrean 17:00etatik 20:30ak arte. Hilaren 14an, 21ean eta 22an saio praktikoak prestatu dituzte 09:30etik 13:30ak arte. Izena emateko 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Boterea, ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko saioak irailaren 21ean eta 28an antolatu dituzte Elexaldeko kultur etxean, 10:00etatik 13:00ak arte, Ines Lasagabasterren eskutik. Izena emateko ere 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek 08:30etik 14:30ak arte.
Aipatutako ikastaroez gainera, Zaratamoko Udalak urtero antolatzen dituen kirol jarduerak iragarri ditu: Zumba, ibilbide osasungarriak, Pilates, Yoga, dantza latinoak, Total Fitness, Entrenamendu funtzionala eta arte eszenikoak (zirkua), besteak beste. Informazio guztia Zaratamoko Udalaren webgunean topa dezakezu. Udalak 946 710 052 telefono zenbakia ahalbidetu du kirol jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat.