→Zaratamo

Jone Argoitia, irristaketa entrenatzailea: «Umeei maillota jartzea eta taldearen parte sentitzea gustatzen zaie»

Jone Argoitia Arkotxako Hiru Aldapa irristaketa taldeko patinatzaile ohia da. Kluba desagertu zen arren, zaratamoztarrak entrenatzaile lanetan dihardu orain, Bilboko Irrisbizi taldean

Jone Argoitia, irristaketa entrenatzailea // Geuria

Urte asko igaro dira, eta batzuek gogoratu ere ez dute egingo. Baina esku pilota jaun eta jabe den Zaratamon, bazegoen, behinola, bestelako kirolei bidea ireki zien klub txiki bat: Arkotxako Hiru Aldapa irristaketa taldea. Sei eta 15 urte bitarteko 20 ume inguru bildu zituen patinaketa klubak, bere garaian, eta bide isil bezain azkarra egin ondoren, ateak itxi zituen duela hiruzpalau urte. Jone Argoitia Martín (Zaratamo, 2004) izan zen Hiru Aldapan bidea hasi zuen patinatzaileetako bat. Egun, Bilboko Irrisbizi taldeko entrenatzailea da, eta berarekin hitz egin dugu lanak beretzako duen garrantziaz eta baita Arkotxako taldean bizitako esperientziez ere.

Noiz hasi zinen patinatzen? Zazpi urte nituela eman nituen lehen pausoak, Arkotxako Hiru Aldapa irristaketa taldean, baina kluba desagertu egin zen, oso jende gutxi geundelako, eta azkenean, Bilboko Irrisbizi taldera joan nintzen, duela hiruzpalau urte. 16 urte bete nituenean, patinatzeari utzi nion, txapelketetarako eta lehiaketetarako prestatzeari, behintzat. Eta egun, noizbehinka patinatzen jarraitzen dudan arren, entrenatzaile lanetan nabil Irrisbizin.

Nortzuk zeundeten Hiru Aldapa taldean? 20 lagun inguru geunden, sei urtetik 15 urtera artekoak, gutxi gorabehera. Gehienak Arkotxakoak ginen, baina bazegoen Basaurikoren bat ere, bertan ez zeukatelako irristaketa talderik. Behin taldea desagertu zenean, batzuk Bilbora joan ginen, beste batzuk Arrigorriagara (Arrigorri taldea) eta askok utzi egin zuten.

Zer egiten zenuten entrenamenduetan? Arkotxako frontoian entrenatzen genuen, eta lehiaketetarako prestatzen ginen. Dantzak egiten genituen, koreografiak, bakarka, Euskal Herri mailan irristaketako modalitate libreko probak egiten direlako; hau da, show modalitatekoak edo taldekoak ez diren probak.

Zergatik erabaki zenuen irristaketan hastea? Nik dantza modernoa egiten nuen, eta zerbait berria probatzeko hasi nintzen irristaketarekin, Zaratamon ez baitzegoen bestelako kirolik. Hasieran, lerroko patinekin hasi nintzen, baina asko gustatu zitzaidanez, lau gurpilekoak erosi nituen.

Eta zergatik erabaki zenuen irristaketa utzi eta entrenatzaile egitea? Covid-a heldu baino lehen hasi nintzen laguntzaile lanetan, patinatzen jarraitzen nuen bitartean. Pandemiaren ondoren, berriz, patinatzeari utzi eta umeak entrenatzen hasi nintzen. Alde batetik, belaunean izan nuen lesioak bultzatu ninduen irristaketa uztera; bestetik, unibertsitateko ikasketekin ere jarraitu nahi nuen, eta patinatzeak denbora asko kentzen zidan: astelehenetan eta asteazkenetan, bi orduz entrenatzen nuen, eta igandeetan, hiru orduz.

Patinatzen jarraituz gero, txapelketen eta lehiaketen mundura begira egiten da? Bai, helburua hori da. Badago jendea txapelketetan parte hartu nahi ez duena, baina, orokorrean, horretarako egiten dira entrenamenduak. Txikienen kasuan ere, berdin gertatzen da: umeei maillota jartzea gustatzen zaie, txapelketetara joatea eta taldearen parte sentitzea.

Baina zure asmoa ez zen bide horretatik jarraitzea. Ez. Ez nuen mundu profesionalera jauzi egiteko jarraitu nahi, eta horregatik utzi nuen. Dena den, ez dut irristaketarekin dudan lotura ere guztiz hautsiko, eta horregatik jarraitu nahi dut entrenatzaileen lerrotik. Aurten, lehen mailako titulua atera dut, Euskal Herriko Irristaketa Federazioan, eta datorren urtean, bigarren mailakoa egin nahi dut.

Zertarako behar dira titulu horiek? Lehenengo maila Euskal Herriko txapelketetara joateko behar da, eta bigarrena, berriz, Espainia mailako lehiaketetan parte hartzeko, nazionaletan. Baina, bereziki, formakuntza lortzeko atera nahi ditut titulu horiek, ikasteko eta entrenatzaile moduan hobetzeko. Egin dudan mailan, kurtsoko irakasgai guztiak teorikoak dira: hainbat gai daude, eta guztien azterketa egin behar duzu. Baina bigarren mailan pedagogia gehiago ematen da: ume bati irakatsi eta egiten duena zuzendu behar diozu.

Hiru Aldapan entrenatzaile izaten lagundu dizun ezagutzarik lortu zenituen? Arkotxako taldean izan nuen bigarren entrenatzailea, Irune Monje, Bilboko taldean eduki dudana da. Bera izan da nire erreferentea eta entrenatzaile izatera bultzatu nauen figura. Orduan, harengandik hartu ditut entrenatzen nabilela egitea gustatzen zaizkidan gauzetako asko; adibidez, entrenatzaile batzuk haurrekin haserretu egiten dira galtzen badute, baina Iruneren kasuan, guztiz kontrakoa da. Serioa izan behar zara, hori bai, baina patinatzaileak animatu egin behar dituzu, haiekin hurbila izan eta egiten duten esfortzua baloratu.

Zure entrenatzaileaz gain, irristaketa munduan beste erreferenterik al duzu? Badaude gustatzen zaizkidan patinatzaileak, baina, normalean, hurbilen ditudan pertsonengan fijatzen naiz.

Zaratamon, esku pilotaren munduan, Elezkano eta Urrutikoetxea dauzkazue erreferentetzat, baina gainontzeko kiroletan, gutxi daude. Bai, esku pilotan, erreferenteak egon badaude. Baina Zaratamo herri txikia da, eta frontoiko jokoez gain, banaka egiten diren kirolak ez badira, taldeak sortzea oso zaila da (erreferenteak egon zein ez egon). Adin jakin bateko umeak behar dituzu taldeak osatzeko, eta ezinezkoa da nahikoa bilatzea. Pena da, baina haur askok kanpora joan behar izaten dute kirola egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak