Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zaratamo

“Kolonietako katua naiz” bilera informatiboa antolatu dute Zaratamon

Onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute

|

H.I.E (Hartu-estirilizatu-itzuli) metodoa azalduko dute Zaratamon // Geuria

H.I.E (Hartu-Esterilizatu-Itzuli) metodoak katuen koloniak kontrolatzea du helburu, eta bere kideen osasuna zaintzea; aterpea emanez, behar izanez gero modu arduratsuan eta osasungarrian elikatuz, eta bide batez ugalketa kontrolatuz, hilkortasun-tasa handia daukaten katakumeak jaiotzea ekidinez.

Zaratamo bezalako landa eremu batean, gainera, garrantzitsua da kale katuen koloniak ezagutzea eta kontrolatzea. Hori horrela bilera informatiboa antolatu dute uztailaren 17an, 18:00etan Elexaldeko Kultur Etxean.  

Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, hala nola zaratak, borrokak edo usainak, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute, saguak, sugeak eta intsektuak kanpoan utziz.

☉ Zaratamo

Ametzeta auzoko basoak naturalizatuko dituen herri landaketa egingo dute Zaratamon

Zaratamoko Udalak bertako espezieak landatuko ditu Ametzetako 4,2 hektareako azaleran, bertako lurrak berreskuratzeko helburuarekin

|

Upo Mendia // Geuria

Otsailaren 1ean Herri Basoen landaketa egingo dute Ametzetan (Upon), bertako lurrak berreskureatzea xede. Udaletik herritarrak deitu dituzte pagoak, zedroak, urkiak, gerizondoak, sagarrondoak, lizarrak eta bestelako espezietako zuhaitzak landatzeko. Hitzordua 10:00etan ipini du Udalak eta ordubeteko lanak aurreikusi ditu Upon.

Upoko San Segismundo ermitarako bidean (Moiordinetik gora), 13. zenbakiko herri basoan 13A3p eta 13C3ax unadak birlandatzeko proposamena ageri da Zaratamoko 176 eta 13 herri basoen Kudeaketa Planean. Unada horietan, Zaratamoko udal ordezkariek azaldu lez, lurra eskasa eta sakonera gutxikoa da.

Azken 100 urteetan Upoko lurretan gorabeherak izan dira abeltzaintza-, baso- eta meatze-erabileren eraginez eta momentura arte, Zaratamoko Erabilera Publikoko Mendi Antolaketa Planaren helburua baso-jardueran oinarritu izan da: pinuak eta eukaliptoak bezalako kanpotik etorritako espezieak (eta baita bertako ekoizpenerako espezieak ere, pagoak kasu) landatu dira etekina ateratzeko helburuarekin.

“Landaketa honen helburua basoaren naturalizazioa lortzea da”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Azken urteetan basoetatik etekina ateratzea zen helburua. Upoko lurra berreskuratzeko ekoizpenerako ez diren zuhaitzak landatu behar dira. Orain arte espezie autokntonoak eta koniferoak izan dira bertan, baina helburua ekoizpena zen: egurraren ekoizpena, hain zuzen ere”.

Baina helburuak aldatu egin dira orain: Zaratamoko Udalak Foru Aldundiarekin elkarlanean onartu berri duen Kudeaketa Plan berrian herri basoen erabilera anitza bilatu da. “Erabilera anitz horretan lurraren berreskurapena da ardatz nagusia”, azpimarratu du Ugarrizak.

13A3p unada 2,8 hektareako azalera dauka eta 1.100 landare hektareako dentsitatea aurreikusten dute. 13C3ax unada 1,4 hektareakoa da. Guztira 4,2 hektareako azaleran egingo dituzte landaketa lanak.

Iazko maiatza amaieran GEURIAn aurreratu lez, asmoa espezie autoktonoen landaketa egitea da Upoko unada horietan: “Konifero eta hostozabal espezieen nahasketa bat egitea da helburua, konifero eta hostozabalen ilarak alternatuz. Hostozabalen ilaran ametza izango litzateke espezie nagusia, urkiarekin alternatuta, baina errekastoaren inguruan bestelako espezieak sar daitezke (lizarrak eta astigarrak, kasu). Koniferoen ilaran, zedroa landa daiteke, Pagasarrin antzeko lurretan emaitza onak izan dituztelako bertako landaketek. Koniferoak arinago hazten direnez hostozabalentzako alboko babesa eta itzal erdia bermatuko lukete, hostozabalak zuzen haztera behartuz”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Josejoa Gallastegi: «’Eskualdeko Tourmaleta’ deitzen zioten Zaratamori XX. mendearen hasieran»

Iaz eskualdetik igarotako Emakumezkoen Itzuliaren haritik XX. mendera egin dugu bidaia. Garai hartan, Zaratamo karrerista profesional askoren amesgaiztoa bilakatu zen

|

Zaratamok txirrindularitzan izan duen eraginaz berba egiteko hurbildu gara Elexaldera, Jose Joakin Gallastegi Villanuevagaz, ‘Josejoagaz’ (Galdakao, 1954) berba egitera. Etxekolanak eginda aurkeztu da: burua argi eta 100 orrialde baino gehiagoko lan txukun bat: ‘Gure karreristen atlas txikerra’. Josejoak txirrindularitza maite du, baina bizikletak urrun gura ditu. Giza datu-base osotua da galdakoztarra. Sekula argitaratu ez duen liburu hartan Gallastegik XX. mende hasierako txirrindularitzaren inguruko datuak jaso ditu: lasterketak, bizipenak, kuriositateak, txapelketetan gertatutako ezbeharrak… daturik ez da falta bertan.

Garai hartan, Zaratamo gakoa izan zen eskualdean antolatu ziren txirrindularitza txapelketak erabakitzeko. Luze eta sakon aritu gara Josejoagaz, eta faltan izan dugun gauza bakarra zera izan da: elkarrizketa interesgarri hau irakurleari helarazteko espazioa.

Nolako eragina izan du txirrindularitzak Hego Uribe eskualdean XX. mende hasieran? Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek baldintzatu zuten eskualdeko txirrindularitzaren jarduera. Ibai horiek triangelu bat osatzen zuten: ardatz batean Bidebietatik Madrilera doan errepidea edukiko genuke San Migel, Arrigorriaga, Ugao eta Arrankudiaga herriak zeharkatzen duen errepidea litzateke. Bigarren ardatzean Bidebietatik Donostia edo Gasteiz noranzkoan doan errepideak leudeke: Ariz, Etxerre, Zugatzu, Plazakoetxe, Kurtzea, Urgoiti, Erletxeta eta Donostiara bidean, edota Urgoiti, Usansolo zein Gasteizerantz. Hirugarren ardatza Bidebietatik Bilborako noranzkoa duen errepidea egongo litzateke, eta Zubialdea, Bolueta eta Atxuritik igarotzen da. Ibai horien ondorioz, jakina denez errepideak eta trenbideak sortzen dituzte paraleloan, zonaldeko enpresetako produktuak garraiatzeko. Errepide horietatik igaro ziren XX. mendeko bizikleta lasterketetako karreristak.

XX. mendean zehar ba al dago ahaztu ezin daitekeen highlightik gure eskualdean? 1963 urtea zenita izan zen Hego Uriben 20 lasterketa ofizial antolatu zituztelako bertan. Eztanda antzeko bat izan zen urte hartan eta eragile asko egon ziren bertan: txirrindularitza klubak, Udalak, auzotarrak… Garai hartan meza nagusiak eta euskal dantzek garrantzi izugarria zuten. Bada, urte hartatik aurrera txirrindularitza txapelketak horien besteko indarra hartzen hasi ziren. Eta nolakoa da gaur egungo txirrindularitzaren egoera gaur egun gure eskualdean? Emakumeen Itzulia, Zeberioko emakumezkoen karrera edo Galdakaoko Masterrak kenduta ezer gehiago topa daiteke lasterketei dagokienez. Hori bai, txirrindularitza elkarte ugari eta kirol askotako talde ugari daude Hego Uriben: Uraska, Elexalde, C. Galdacanesa, Umore Ona, CD Dos Caminos, Padura, SD San Isidro…

Baina 1960. hamarkadako kontua da hau edo lehenagotik dator eztandaren arrazoia? Bizikletak lehenagotik bazeuden geure eskualdean, baina antzina beren funtzioa pobreak fabrikara garraiatzea zen. Egoera asko aldatu gaur arte ezta? Behar batetik txapelketetan lehiatzeko igaro dira eta gaur 8.000 euroko bizikletak saltzen dira merkatuan.

Duela bost urte, 2019an, ‘Gure karreristen atlas txikerra’ izeneko liburuxka idatzi zenuen. Idatzi diñot argitaratzera heldu ez zinelako. Nik ez dut bizikletarik izan. Behin igo nintzen anaiaren txirrindulara eta Poblado Firestonetik Zaratamora joan nintzen. Astebetez ipurdiko min izugarria izan nuen (barreak). Bizikletan ibiltzea niretzako ez zela erabaki nuen momentu hartan.

Behin bizikletara igo eta bertan behera utzi? Kitto. Ni beste kontu batzuetan nago erosoago. Txirrindularitza errepidearen ertzean bizitzea nahiago dut. Garai horretako semea naiz. Txirrindularitza ikustea asko gustatzen zait. Hirubidetik lasterketa ugari igarotzen dira

Baina ez didazu galderari erantzun. Hainbesteko lanaren ostean zergatik ez duzu liburua argitaratu? Lagunen artean banatzeko lana da honako hau (barreak).

Gaur egun ohituta gaude Basauri, Galdakao, Etxebarri eta Arrigorriagatik txirrindulari asko ikustera. Non geratzen da Zaratamo? Zaratamo zonaldeko Tourmaleta izan ohi zen XX. mende hasieran. Ez dut nik esaten hori; 1926an Excelsior astekarian (Penintsulako lehen kirol egunkaria) Demarrage abizeneko kazetariak horrelako zerbait idatzi zuen kronika batean: “Ugaora entrenatzera joan naiz. Han Urrexolatarrak bisitatu ditut. Bertatik Arrigorriagara joan naiz. Arrigorriagatik Zaratamora joan naiz eta jarraian Arkotxa auzora joaten saiatu naiz baina ezinezkoa da bide horretatik igarotzea”. Demarrage berak izendatu omen zuen Tourmalet Zaratamo. Handik urte batzuetara, 1935ean, Zaratamoko jaietako antolatzaileek proposatu omen zuten lasterketa bat antolatzeko bertan. Errepidea konpondu omen zuten garai hartarako.

Urte berean lasterketa antolatu zuten Zaratamon bertan. 1935ean Zaratamoko Lehen Sari Nagusia antolatu zuten, bai. Esaten dute zortzi igoera direla guztira: lau Arrigorriagatik eta beste lau Arkotxatik. Momentu hartatik aurrera, Zaratamo izango da gure eskualdeko karrera askoren puntu garaiena eta erabakigarriena. Azken batean, Zaratamo ekuaziotik kendu ezkero lasterkariek Coca Colari bueltak emango lukete lasterketa osoa, emozio barik. Bospa sei itzuli egiten zituzten behetik: Arkotxa, Etxerre… errepide nagusitik eta azkenengo biak Zaratamora egiten zituzten. Basauri, San Migel eta Arrigorriagako jaietan berdin-berdin egiten zuten. Zaratamoko Tourmaleta erreferentzia erabakigarria zen eta tropela Zaratamoko igoerak apurtzen zuen. Indartsuenak irabazten zuen azkenean.

Excelsior astekaria aipatu duzu lehen. Erreferentzia potolo bat izateaz gainera ekarpen handia egin zuen Hego Uriben. Astekariak izena aldatu eta Excelsius deitzen hasi zen eta Lehen Euskal Herriko Itzulia antolatu zuen 1924ko abuztuko bigarren edo hirugarren astean, Bilboko jaien paretsu. Lasterketa hartan Frantziako Tourrean lehen iritsitako karreristak ekarri zituen gurera. Zazpi probintzietatik. Tourra bertatik igarotzen zen eta gaur egun guztiz normala ikusten dugun lasterketa hau prestatzeak lan izugarria ematen zuen kirolarien dokumentazioari dagokionez bakarrik. Gure eskualdetik igarotzen zen lasterketa honek “munduari euskal kaleidoskopioa erakusteko” balio zuela esaten zuten erdaraz. Frantziako prentsa ere hurbiltzen zen gure eskualdera, gure lurretan Pélissier anaiak tartean.

Bide ertzean lasterketa asko ikusiko zenituen zu Zaratamon ere, Josejoa! Bai, asko! Zaratamoko jaietan, 1961ean, bospasei itzuli egin zituzten Basauriraino. Buelta San Migeletik egiten zuten. Urte hartan Jose Antonio Momeñe eskapatu zen. Buelta bakoitza minutu bateko tartearekin egin zuen. Guztira bost minutuko tartea atera zion bigarren txirrindulariari. Gaur egun pentsaezina da hori, ezta kadeteetan ere!

Eta gertakari berezirik gogoan al duzu lasterketa horietan? 1958an, esaterako, Carlos Perezek irabazi zuen Zaratamoko Lasterketa. Bigarrena Antonio Suarez izan zen, 26 urteko Madrilgo karrerista. Suarezek Espainiako Vuelta irabazi zuen hurrengo urtean Rik Van Looy eta Riviere moduko izarren aurretik. Heriotzak ere izan dira zonaldeko lasterketetan: 1961ean pertsona bi hil zituen Guardia Zibilak eta Poliziak: martxoaren 27an Javier Batarrita, Boluetako gasolindegian. Ikaragarria izan zen, Bilbon oso ezaguna zelako. Taldeko zuzendaria zen. Beste heriotza Basauriko jaietan izan zen, ekainaren 25ean. Urte hartan jaiak San Pedroetan ospatzen zituzten. Basconiak egin zuen San Pedro Eliza, Sociala eta Don Clemente institutua. Baita zubia ere. Zubi hark basauriko hiri-egitura urbano guztia aldatu zuen. Bada, San Pedroetan, igandea karrera eguna zen. Nicolas Landa ‘Potxorrio’ karrerista gaizki sentitzen hasi zen. Pare bat buelta falta zirela taberna batean sartu eta ez zen komunetik irteten. Bertatik konorte barik atera zuten, bitsa botatzen. Ospitalean hil egin zen. Heriotz biak benetan traumatikoak izan ziren, eta garai hartako egoera ondo baino hobeto erakusten zutenak.

Zonaldeko karreristei helduz eta Zaratamora joz Arkotxakoa da Juan José Sagardui txirrindularia. Txirrindulari eskalatzaile oso ona izan zen gaztetan, baina gazteegi “erre” zuten. Marka onena Bicicleta Eibarresa sarian eta bereziki Arrateko igoeran izan zen 1963an. Bertan Bahamontes eta Anquetil bera gailendu zituen. Hainbat sari irabazi zituen. Baina esan bezala, gazte erre zuten, agian zilindraje handikoa ez zelako.

Basaurin, 40. hamarkadan Martin Mancisidor zegoen ere. Manzi edo Carni bezala ezaguna, gurasoek harategi bat zutelako, ikuskizun politak eskaintzen zituen igoera “hotzetan”: Arraten, Urkiolan, Santo Domingon, Larrañetan… oso habila zen.

Idatzi zenuen lan honek izen piloa eta data amaigabeak biltzen ditu. Nondik atera duzu informazio guzti hau? Dokumentazio lan handia egin dut. Lan honetan agertzen diren kontaerak, datak banekizkien baina dokumentatuta daude. Frantses gutxi dakit baina txirrindularitzako aldizkarietan agertzen den informazio gehiena ulertu egiten dut.

Urteak igaro dira eta Zaratamo txirrindularitzako markotik aldendu da. Zergatik? Presio sozialik ez dagoelako. Zaratamoko Lasterketa Ugaoko txirrindularitza elkarteak antolatzen zuen. Meza nagusiarekin gertatu lez, gaur egungo jaietako inbertsioak kontzertuetara eta kutsadura akustikora bideratzen dituzte, besteak beste. Eta ez hori bakarrik: txirrindularitzari dagokionez, Tourra bezalako lasterketa handiak antolatzen direnean jendetza joaten da Pirinioetara eta mendia egoera oso txarrean uzten dute, zaborrez beteta.

Bestalde, fenomeno lokala galdu dela uste dut, bai txirrindularitzan, bai bizitzan, orokorrean. Parte-hartzaileetan, antolatzaileetan… Lehen ohorea zen herriko norbaitek txirrindularitza txapelketa bat irabazi zuela jakitea eta gaur egun medioek informazio orokorregia eskaintzen dute. Txirrindularitzaren filosofia ere kirolariaren ahalegin pertsonalean zentratu egiten zen. Txirrindulariak berak irabazi behar zuen lasterketa, baina baita arazo guztiei aurre egin. Pitxadurarik gertatzekotan, adibidez, kirolariak ezin zuen gurpila aldatu. Zuladura konpondu, bizikletara igo eta aurrera egin behar zuen. Gaur egun hori desagertu da.

Nolako garapena izan du txirrindularitzak zuk ezagutu zenuenetik gaur egun arte? Figura handirik ez dugu inoiz eduki. Sagardui, Perez, Mancisidor… bertako kirolari entzutetsuak izan ziren, baina ez ziren nazioartekoak izan. Urte batzuk geroago karrera gorenetan ibilitakoak izan dira Luis Zubero eta Felix Gonzalez txirrindulariak. Aipatu beharrekoa da ere denborak aurrera egin ahala errepideetan trafikoa hazten, eta beraz arriskua ere handitzen hasi zela. Antolaketa lanak konplexuagoak ziren eta pertsona gehiago behar ziren lasterketak prestatzeko, eta zaila da boluntario lanak egiteko prest dagoen interesdunik topatzea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Hasi dituzte Zaratamo eta Arrigorriaga lotzen duen zubia argiztatzeko eta erdiko espazioa diseinatzeko lanak

Udala arkitektura enpresa batekin harremanetan ipini da proiektua martxan ipintzeko

|

Zubiko erabilera gabeko espazioa. Atzean, Arrigorriaga // Geuria

Arrigorriaga eta Zaratamo lotzen duen Moiordineko zubia berritu gura du Zaratamoko Udalak eta aurrekontu parte-hartzaileetan herritarren bozka gehien jaso zituen proiektua izan da. Udala arkitektura enpresa batekin harremanetan ipini da proiektua martxan ipintzeko. 30.000 euro bideratuko dituzte lan hauetarako.

Herritarrek emandako 114 botoetatik 70 proiektu honetara bideratu dituzte eta bertan argiztapen eta doitze-lanak egingo dituzte. Argiztatze lanen arrazoia bertan sor daitezkeen puntu beltzak saihestea da: “Momentura arte ez da inolako arazorik gertatu bertan, baina badaezpada egin beharreko lana da guretzat”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Udaletik azaldu dute espazio horrek ez daukala erabilera zehatzik eta diseinu berria egiteko lanetan hasi dira: “Oinarrizko proiektu bat enkargatu diogu enpresa bati ideia batzuekin”.

Jarduketa egiteko Zaratamo eta Arrigorriaga udalerriek elkarren artean adostu beharko dute proiektua eta gainera Foru Aldundiaren baimenak beharko dituzte. Gaur egun bai Zaratamo bai Arrigorriagako herritar ugarik erabiltzen dute Foru errepidearen alde batetik bestera joateko: lanera joateko, errekaduak egiteko, paseotxoetarako…

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Bostak eta Laurenak talde zaratamarrak kontzertua eskainiko du ostiralean, Elexalden

Kontzertua abenduaren 27an eskainiko dute, Elexaldeko kultur etxean, 19:30ean

|

Bostak eta Laurenak // bostaketalaurenak.eus

Zaratamoko kultur jarduera guztien artean bihar hitzordu berezia antolatu du Udalak: Bostak eta Laurenak bandaren kontzertua.

Jose Garatek (“Foisis”), Oscar Andollok, Josu Zaratek, Joseba Ibarrak, Unai Break, Edurne Diez de Ultzurrunek eta Pablo Olabarrietak abenduaren 27an eskainiko dute emanaldia, Elexaldeko kultur etxean, 19:30ean.

Egunez egun programa osotua prestatu du Zaratamoko Udalak Elexalde eta Arkotxan. Umeentzako jarduerez gainera adin urte berriko kontzertua antolatu dute. Bertan, Zaratamoko Kantuzaleak, txistulariek, eta AkordeON!-ek hartuko dute parte.

Zaratamoko Gabonak | Egitaraua

Abenduak 27, ostirala
19:30 Bostal eta Laurenak, Elexaldeko kultur etxea

Abenduak 28, larunbata
11:30 Puzgarriak, Arkotxako frontoia

Abenduak 31, asteartea
11:30 Kanpai txikiak, Elexaldeko plaza

Urtarrilak 3, ostirala
19:00 Urte berriko kontzertua: Zaratamoko Kantuzaleak, AkordeON! taldea eta txistulariak, Elexaldeko eliza

Urtarrilak 4, larunbata
11:30 Puzgarriak, Elexaldeko frontoia

Urtarrilak 5, igandea
18:30 Erregeak eta txokolatada, Arkotxako eliza edo frontoia

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Oier Elorz eta Etxeberria zaratamarrek Diario Vasco Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean

Bestalde, Jokin Manzano eta Arkaitz Martinez zaratamarrek Bizkaiko Frontenis Txapelketa irabazi dute joan den asteburuan

|

Pilotariak, Diario Vasco txapelketako aurkezpenean // Upo Mendi Pilota Taldea

Larunbat honetan, abenduaren 28an, Diario Vasco txapelketako finalak jokatuko dituzte Zumarragako pilotalekuan. Kirolari guztien artean Upo Mendiko Oier Elorz pilotaria Etxeberriarekin batera iritsi da finalera, promesen mailan. Partidak 11:00etan hasiko dira.

Joan den asteburuan Bizkaiko frontenis txapelketako finalak jokatu ziren Bilboko La Esperanza pilotalekuan eta bertan Upo Mendiko pilota taldeko bikote bi lehiatu ziren: Izai Mardaras eta Ivan Hernandez alde batetik eta Jokin Manzano eta Arkaitz Martinez, bestetik.

Bigarren mailako seniorretan Zaratamoko bi bikoteak iritsi ziren finalera: “Urte askoren ondoren, aurten modalitate berri bat daukagu Zaratamon, eta oso maila altua erakutsi dute gure kirolariek”, azaldu du Mikel Gomezek Zaratamoko taldetik.

Alde batetik Izai Mardarasek eta Ivan Hernandezek jokatu zuten eta beste bikotea Jokin Manzanok eta Arkaitz Martinezek osatu zuten.
Azkenean Jokinek eta Arkaitzek irabazi zuten bi seteko aldearekin (8-13 / 9-8 / 10-4).

Osorik irakurri