Sareak

☉ Zaratamo

Markel Uriarte eta Daniel Fernandez:«Gure ametsa parkourra mundu zabalean praktikatzea eta gozatzea da»

Arkotxako hormetan saltoka ibili gara BLENT taldeko Hego Uribeko bi kideekin, leku batetik bestera modu eraginkorrean mugitzea helburu duen kirola ezagutzen

|

Santorinin parkourrean aritzen dute amets bi gazteek // Geuria

Bideo-jokoek parkourra praktikatzera eraman zituzten Daniel Fernández Basauriarra eta Markel Uriarte ‘Uri’ zaratamarra. Arkotxako hormetan saltoka ibili gara BLENT taldeko Hego Uribeko bi kideekin, leku batetik bestera modu eraginkorrean mugitzea helburu duen kirola ezagutzen. Kirol hau praktikatzen dutenei traceur esaten diete, ‘trazatzaile’, frantsesez. Gazte biek mundua perspektiba ezberdin batetik bizi dute eta guk lehen pertsonan bizi izan dugu, egun batez bada ere, gero eta arrakasta handiagoa izaten ari den kirol hau. Bai Danielek, bai Markelek txikitatik praktikatu dute, modu batean edo bestean, parkourra, eta sare sozialen bidez eta interneteko bazterretan topatutako bideoak arakatuz beren ezagutza osatu dute. Hauxe da beren istorioa.

Nola heldu zarete parkourrera?
Daniel Fernandez: Ni Assassins Creed bideo-jokoaren bidez heldu nintzen parkourraren mundura. Noizean behin parkera irteten nintzen jokoan ikusitakoa praktikan jartzera, amari gehiegi gustatzen ez bazitzaion ere. Aurrerago, parkourra praktikatzen zuen gazte bat ezagutu nuen eta mundu honen ateak ireki zizkidan. Baina praktika honek beldurra eman zidan hasiera batean eta alde batera utzi nuen denbora tarte batez. Hilabete batzuk geroago, gelakide batek eta biok entrenamendu saioak egitea erabaki genuen. Azken saiakera hau behin betikoa izan zen eta entrenamendu saioak egunero egiten genituen, klasera joan baino lehen, etxera itzuli baino lehen. 14 urte nituen entrenamendu saioak egiten hasi nintzenean.

Markel Uriarte: Ni pertsona oso ipurterrea izan naiz betidanik eta ordu asko eman izan ditut bideo-jokoekin, batez ere historia lantzen duten jokoekin. Assassins Creed bezalako jokoetan presentzia nabarmena du parkourrak. Izan ere, gurasoak, Arkotxako familia askok beren seme-alabekin egin bezala, futbolaren munduan murgiltzen saiatu ziren, baina alferrik; ondo praktikatzen dudan kirol bakarra parkourra da (barreak). Gurasoek hasieratik errespetatu zuten nire hautua. Aitak parkour klaseak eskaintzen zituen zentro bat bilatzen lagun zidan eta hainbat lekutan bilatu ostean elkarte batean sartu nintzen. Gaur Parkour Bilbaoko monitorea naiz.

Duela gutxira arte inork gutxik zekien zer zen parkourra. Gaur egun diziplina honen inguruko eduki asko topa daiteke sarean. Hala da?
D.F: Azken urteetan ikusgarritasuna lortu du baina hala ere jende askorentzat praktika ezezaguna da parkourra. Ni neu entrenatzen hasi nintzenean inork gutxik praktikatzen zuen. Paris 2024ko Joko Olinpikoetan ez dute kirol olinpiko bezala aintzatetsiko baina gaur egun Nazioarteko Gimnasia Federazioak baditu parkourreko Speedrun eta Freestyle modalitateak ditu. Agian 2028an Los Angelesen antolatuko dituzten jokoetan kirol ofizial modura ikusiko dugu. Batek daki!

Hala ere, eta aurreko galderara itzuliz, parkourra gaur egun askorentzat praktika ezezaguna bada, badago Freerunning izeneko kirol antzeko bat ere.
M.U: Askotan nahastu egiten diren kirolak dira, batez ere jauzi nagusiengatik. Jauzi nagusiak edo trick-ak ez dira parkourrarenak, freerunning-arenak baizik. Askotan, gaztetxo batek interneteko bideoetan itzuliak egiten ikusten duen pertsona bat parkourra egiten ari dela pentsa dezake, baina ez da horrela. Parkourra aratzagoa, teknikoagoa eta zaharragoa da.

Parkourrak antzekotasun handiagoa dauka oztopo lasterketa batekin, baina kale ukitu batekin eta gaurkotuagoa, agian
D.F: Esan ohi da parkourra A puntutik Bra joateko modu eraginkorrena dela norberaren gorputza erabiliz.

M.U: Gizakiarentzat kirol osatuena da parkourra. Gihar guztiak mugiarazten ditu kirol honek, batzuk beste batzuk baino, kirolariaren estiloaren arabera: kirolari batek hanka-jauziak, erreboteak, beherako jauziak, beso-ariketak edo dena delakoak landu ditzake, helburu bati jarraituz betiere.

Edonork praktikatu dezaken kirola da?
D.F: Bai, noski. Hanka bakarrarekin parkourra egiten duen mutil bat ezagutzen dugu, eta badira parkourreko kirolari itsuak ere. Mundu honek ez dauka mugarik!

“Parkourra gizakiarentzat kirol osotuena dela diote gihar guztiak mugiarazten dituelako”

Nolakoak dira kirola sekula praktikatu ez duen pertsona baten hastapenak parkourraren unibertsoan?
D.F: Hasteko oinarri teknikoak jaso behar ditu hasiberriak, lesioak ekiditeko. Azken batean, min handia hartu daiteke behar bezala egiten ez bada.

Gainera, esan beharra dago askotan interneten erakusten diren irudiak parkourraren irudi distortsionatuak direla: leku altuak, egoera oso arriskutsuak. Publizitatea ez da oso ona, baina ez du zertan horrela izan behar.
D.F: Ez du zertan horrela izan behar, baita zera ere! Izan ere, leku arriskutsuetan salto egiten duten traceurrek urte mordoa daramate eta mugimendu guztiak uste baino neurtuagoak dituzte. 

M.U: Saiakera ugari egiten dituzte, lurrean bertan gehienak, eta porrot egiteko aukera oso gutxi dituzte. 

Parkourra ikasteko erabilgarriak dira sareetan ikusten diren irudiak, edo hobe da aurrez aurreko klaseak jasotzea?
D.F: Lagungarriak dira, baina nire kasuan erabilgarriagoa da tailer batera jo eta aurrez aurreko laguntza jasotzea.

M.U: Dagoeneko ez dago parkourraren mugimenduen inguruko bideo formatuko tutorial askorik interneten, gaztelaniaz behintzat.

D.F: Ingelesez badago zerbait, baina ulermen arazoak ditut hizkuntzarekin eta horrek gauzak zailtzen dizkit. Salbuespen modura, Bilbon badago bideoak egiten dituen mutil bat eta, egia esateko, nahiko ondo egiten du.

Edonori gomendatuko zeniokete parkourra?
D.F: Zalantzarik gabe. Adin guztietako pertsonek praktikatu dezakete. Bilbon badago Indarrez ADD izeneko talde bat. Bertan zazpi urtetik aurrerako pertsonei irakasten diete parkourra praktikatzen, inolako mugarik gabe.

Traceurren arteko laguntasuna parkourraren beste ezaugarrietako bat da ere.
D.F: Lehiaketak antolatzen badituzte ere, parkourraren ezaugarri nagusi bat praktikatzen dutenek elkarri laguntzea da, norgehiagoka alde batera utziz. Giro sanoa dago praktikatzen dutenen artean. Markel eta biok behin baino gehiagotan lehiatu izan gara, baina alde batera utzi dugu. Izan ere, gure taldea Parkourreko Estatu mailako txapelduna da.

Eskualdekoa da?
M.U: Ez, baina bertan jende ona dago. Gertatzen dena zera da: Parkourrak ez du eragin handirik sare sozialei dagokienez Bilbo Handian, beste hirietan ez bezala; Bilboko sareetan ez da parkourraren munduko jende ospetsua agertu, eta horrek mesede egin dio kirolari: garbi mantendu dute. Bilbo bezalako hiri gutxi daude Estatu mailan. Baina horrek ez du esan nahi bertan parkourra praktikatzen ez denik! Bilbo inguruetan kirola praktikatzeko leku ugari daude eta azken urteetan atzerriko jendea etortzen hasi da gure lekuetan saltoak egiteko.

Hego Uriben ba al dago horrelako lekurik hormetan salto egiteko?
D.F: Parkourra egiteko horma edo baranda bat besterik ez da behar. Beraz, eskualdean leku asko daudela esan daiteke. Guk denbora asko eman dugu Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon, Arkotxan…

M.U: Bilbondon badago sekula erabiltzen ez den skatepark bat. Leku hori parkourra egiteko sortu dutela dirudi eta bertara hurbildu ohi gara taldekook.

Taldea esaten duzuenean BLENTi buruz ari zarete.
D.F: Hori da. BLENT Project Next Gen dokumentalaren haritik jaio zen. Jordan izeneko taldekideari parkourraren inguruko dokumental bat Bilbon grabatuko zutela esan zioten. Jordanen lana Espainia ordezkatzea izango zen eta parkourraren munduan entrenamenduak egiten zituen jendea ezagutzen zuen galdetu zioten dokumentalaren egileek. Jordanek guri buruz egin zien berba eta hortik jaio zen BLENT.

M.U: Antzina Be Water izeneko talde baten parte zen Jordan, baina bere taldekoek ez zuten entrenamendu saiorik egiten. Gu, garai hartan Silent ADD izeneko talde bateko kideak ginen, baina Be Waterrekin gertatzen zen bezala, gure taldean kide bik baino ez genituen entrenamendu saioak egiten. Beraz, Jordanek talde bietako kide aktiboez sortutako taldea eratu zuen 2022an: BLENT. Jordan Madrilekoa da baina Londresen bizi da, beste kide bat Madrilen bizi da, beste kide bat Valentziakoa da eta gu Bilbokoak.

Eta zeintzuk dira BLENTen helburuak?
D.F: Gustatzen zaigun horretaz bizitzea: bidaiak egin eta goazen leku horietan parkourra praktikatzea. Momentura arte ez ditugu bidaia askorik egin, BLENTeko kideak, arraroa bada ere, hiri ezberdinetan bizi garelako, besteak beste. Egutegiak bateratzea zaila da askotan. Azken urtean hainbat bidaia egin ditugu Londresera, iazko Gabonak baino lehen Txekiar Errepublikan izan ginen eta maiatzan Erroman izan gara. Udari begira Erresuma Batuan zehar tourra egiteko asmoa dugu. Bestalde, Estatu mailan hainbat lekutan izan gara: Euskal Herria, Sevilla, Galizia, Bartzelona, Zaragoza, Almeria, Alakant, Madril, Santander…

Eta Traceurs bezala, ba al duzue ametsetako bidaiarik buruan?
D.F: Parkourreko sehaskara joatea: Lissesera (Frantzia). Edozein traceurren ametsa da. Baina ez hori bakarrik, Santorinira joatea ere itzela litzateke

Erresuma Batuan eta Txekiar Errepublikan egondakoak zarete. Frantzia eta Italia hemen ondoan daude. Bidaia egingarriak dira.
D.F: Bai, hala da. Lissesera joan ez bagara momentuz posible izan ez delako izan da, hurbil baitago. Gure ametsa mundu zabalean parkourra praktikatzea da. Parkourrak gainera ez du material berezirik eskatzen: motxila txiki batekin munduko bazterrak arakatu ditzakegu.

M.U: Gainera ez dugu gehiegirik eskatzen. Bizitza oso sedentarioa dugu: hamaka txiki bat eraman eta kalean bertan egiten dugu lo atzerrira goazen bakoitzean.

☉ Zaratamo

Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira

Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

|

San Bizenti eguneko irudia, 2020an // Geuria

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.

Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.

Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan

Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

|

Jokin, Izai eta Ibon, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria

Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

|

Udaletxea, tabernako terrazatik // Geuria

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.

“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Kritikak, oposiziotik

Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.

“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.

Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur

Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

|

zaratamo arkotxa errege magoak 2018 0
Gaspar, umeekin, Arkotxako frontoian, 2018an // Geuria

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.

Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.

Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.

2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026

Urtarrilak 5, astelehena

17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gabon zaharreko kontzertua antolatu dute Zaratamoko San Lorentzo elizan

Hitzordua abenduaren 28an ezarri dute, 12:00etan, Elexaldeko San Lorentzon

|

Partitura bat // David Beale, Unsplash

Elexalde auzoko San Lorentzo elizak Gabon Zaharreko Kontzertua hartuko du beste urte batez abenduaren 28an.

Bertan, Zarakantu Kantua, Musika eta Lagunarteak, Zaratamoko kantuzaleek, Arambarri AkordeON! taldeak, Saranbada laukoteak, Presaganako txistulariek eta lagunek hartuko dute parte, Jose R. Llagunoren zuzendaritzapean.

Hitzordua 12:00etan prestatu dute Elexaldeko tenpluan.

Osorik irakurri