→Zaratamo

Zaratamon udan medikurik ez izatea “oinarrizko eskubide baten aurkako erasoa” dela salatu du Udalak

Zaratamoko Udalari jakinarazi diotenez, herriko kontsultorioak itxi egingo dituzte udan zehar. Arkotxako eta Elexaldeko osasun zentroetan ez dute mediku arretarik izango, eta Zaratamoko herritarrak Arrigorriagara joan beharko dira artatuak izateko.

Elexaldeko kontsultategia // Geuria

Zaratamoko Udalari jakinarazi diotenez, herriko kontsultategiak itxi egingo dituzte udan zehar. Arkotxako eta Elexaldeko osasun zentroetan ez dute mediku arretarik izango, eta herritarrak Arrigorriagara joan beharko dira artatuak izateko. Zaratamoko EH Bilduk mozioa aurkeztu du Osakidetzaren modelo aldaketa eskatzeko, herri txikietan jasaten ari diren tratua “oinarrizko eskubide baten aurkako erasoa” iruditzen baitzaie. EAJ abstenitu egin da, eta herriko Plataforma, berriz, mozioaren kontra agertu da.

Murrizketek eta planifikazio ezak osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahuldu dutela esan dute mozioan. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiek bultzatu dute eredu aldaketa, bereziki bi kolektibo zaurgarriren kaltetan: Zaratamo bezalako herri txikietako biztanleak eta adinekoak zein gaixo kronikoak.

Adierazi dute pandemiaz geroztik hartutako erabakiek “are gehiago” larritu dutela egoera. Etenik Gabeko Arreta Guneak (PAC) itxi dituzte, edo haien ordutegiak murriztu. Zerbitzua ematen jarraitzen duten osasun zentroetan, gainera, mediku eta erizainen gabezia dago: “Ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu”, adierazi dute. Horrela, bakoitzak egunero 45 kontsulta izaten dituela salatu dute, eta egoera horretan “ezinezkoa” dela pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.

Hiru eskakizun

Horrek guztiak artatuak izateko atzerapenak “nabarmen” areagotu dituela gogoratu dute. Izapideak azkartzeko, telefono bidezko hitzorduek kontsulta presentzialak ordezkatu dituzte, eta medikuek pazienteak zuzenean ikustea “gero eta zailagoa” bihurtu da. Nahiz eta herritar guztiek duten “arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea”, eredu aldaketak “arriskuan” jarri du berme hori.

Egoeraren aurrean, Zaratamoko Udalak Jaurlaritzari hiru eskakizun zehatz luzatu dizkio mozioan. Herriko zerbitzuak urte osoan zehar (udan barne) bermatzeaz gain, profesionalen kontratazio-eredua aldatzea eta lan-baldintzak hobetzea eskatu dute. Batetik, lehen arretan lanean ari diren mediku egoiliarren “garapen profesionala eta egonkortasuna” sustatuko duten kontratu egonkorrak eskaintzea nahi dute. Bestetik, mediku eta erizainen kopurua handitzea beharrezko ikusten dute, “diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak”.

Zeberioren kasua

Zaratamorena ez da herri txikietan egondako murrizketen adibide bakarra: uztailaren hasieran informatu zutenez, Zeberion ere medikurik gabe egongo dira udan zehar. Herritarrak Ugaoko osasun zentrora bideratu behar izan dituzte, eta Udalak doako taxi zerbitzua jarri behar izan du pazienteei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Zeberioko udal taldeak ere mozioa aurkeztu zuen hilaren hasieran Lehen Arreta indartzearen alde, eta bi kontzentrazio antolatu zituzten medikua “egunero” izatea eskatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak