Sareak

☉ Zaratamo

Bideoa / Mikel Urrutikoetxea pilotari zaratamarrak emozioek gidatutako 16 urteko ibilbidea itxi du Bilbon

Urrutikoetxeak 2009ko ekainaren 13an egin zuen debuta profesionaletan, Arrigorriagako pilotalekuan. Ordutik, 16 urteko ibilbide oparoa izan du, eta hiru txapelketa handiak irabazi dituen pilotari bakanetako bat da

|

Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (Zaratamo 1989) erretiroa hartzeko erabakia jakinarazi du gaur goizean, komunikabideen aurrean Bizkaia frontoian egin duen agerraldian.

Alboan izan ditu Aimar Olaizola, Baiko enpresako pilota arduraduna, eta baita euren babesa erakustera hurbildu diren familiako kideak, lagunak, eta ibilbide profesionalean egin dituen hedabideetako kazetariak ere.

Zaratamoko pilotaria urduri heldu da Bizkaia Frontoiko prentsaurreko aretora, eskuen artean irakurri beharreko lau orri zituela. Bertan Aimar Olaizola zegoen, Zaratamarra itxaroten eta lasaitasun animoak emateko prest.

Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin dio Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio ugari, txapelketa inportante asko… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.

“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”

“Eskerrik asko hain garrantzitsua den egun honetan hemen izateagatik”, berba horiekaz zabaldu du prentsaurrekoa. Bere ibilbidean zehar lagun izan dituen pertsona guztiei eskerrak eman ostean entrenatzaileei aipamena egin die eta Adolfo Agirre eta Mikel Etxegiari egin dizkie aipamenak.

“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”, gogoratu du Urrutikoetxeak. “Telebistan ikusten nituen finaletako giro hori bizitzeko aukera izatea gura nuen”. Pilotariak azaldu du denborak aurrera egin ahala amets horiek egi bihurtzen hasi zirela: 16 urterekin Asegarcerekin entrenatzen hasi eta hortik gutxira Aimar Olaizola bezalako erreferenteekin buruz burukoak jokatzera deitu zuten. “Imajinatu nire adineko mutiko batentzat zer izan zen hura!”.

Prentsaurrekoaren hasiera, gaur // Geuria

Izan ere, Urrutikoetxeak 2009ko ekainaren 13an egin zuen debuta profesionaletan, Arrigorriagako pilotalekuan. Ordutik, 16 urteko ibilbide oparoa izan du, eta hiru txapelketa handiak irabazi dituen pilotari bakanetako bat da: Buruz buruko Txapelketa, Lau T’erdikoa eta Binakakoa.

Horien artean 2025ean lortu zuen lehena, Buruz Buruko txapelketa, hain zuzen ere, gaur alboan izan duen Aimar Olaizola garaituta, hain zuzen ere (22-19). Urte berean lau t’erdiko txapelketa ere irabazi zuen. 2016an, aldiz, Binakako Txapelketa eskuratu zuen, atzelari gisa jokatuz, berez aurrelaria den arren.

Emozioak, pil-pilean

“Arin batean, ibilbide polit honekin harro nagoela esango nuke”, laburbildu du Urrutikoetxeak. “Baina dena ez da beti hain polita izaten. Momentu txarrak ere bizi izan ditut: 2019an, buruz buruko finala jokatu eta hilabete batera lesio luze bat izan nuen eta etxean nengoela amaren heriotza bizi izan nuen. Bizitzan izan dudan momenturik zailena izan da. Momentuan izan nuen zutabe handiena erori zen”, azaldu du hunkituta.

Ondoren Koronabirusaren pandemia heldu zen eta gutxira greba heldu zen. Horrek guztiak eragin sakona izan zuen pilotariaren egoera pertsonalean: “Zulo beltz batean sartu nintzen, beldurra sartu eta ezinezkoa egin zitzaidan nire maila ematea”. Honekin, Mikelek arlo emozionalak kirolarien ibilbidean duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

2024ko abenduan Baiko enpresarekin zuen kontratua berritu zuen urte betez, profesional moduan 16. denboraldia burutzeko asmoz.

Kontratua berritzeko iragarpeneko adierazpenen ostean, Baikoko aurrelariak “gustura sentitzen zela” adierazi zion GEURIAri, “erabakiarekin pozik”.

Azken partida ofiziala 2025eko otsailaren 15ean jokatu zuen, Jon Mariezkurrenarekin batera, Salaberria eta Rezustaren aurka. Partida horretan 22-11ko garaipena lortu zuten, Binakako Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken partidan.

Urrutikoetxea, hedabideen aurrean, Bizkaia frontoian // Geuria

Azken partida

Pilotan dauden helburu garrantzitsuenak lortu ostean pilotariaren asmoa ibilbide profesionala maila onean uztea eta bere buruarekin “gustura sentitzea” dela azaldu die Bizkaiko frontoira hurbildu diren hedabideei. “Gustura nago binakakoan eta uda ostean, urte amaieran, ibilbide profesionala uztea gustatuko litzaidake”.

Uda garaian, zaratamarra maitatua sentitu izan den herri horietan jokatzea gustatuko litzaioke, bere esker ona adierazteko. Zuriz jokatuko duen azken partida Bizkaia frontoian izango da datorren irailaren 20an, pilotari profesionalaren ibilbidea hasi zuen enpresa beragaz: Asegarcegaz: “Ez daukat, honen ondoren, zuriz jantzita partidarik jokatzeko asmorik”.

☉ Zaratamo

Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

|

Eskainiko dituzten jardueren artean aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko tailerra dago // Sollange Brenis, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.

Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.

Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.

Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.

Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

|

Sorgin bat, Arrigorriagako Gau Beltzan // Geuria

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.

Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, barikua

18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak

Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

|

Goiz eta arratsalderako egitaraua prestatu dute Mila Koloredun jaian // Geuria

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.

Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.

Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.

Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da

Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

|

Loraldia Plazaren aurkezpena // Geuria

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.

Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.

Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.

Basaurin hautsi zen anphora

2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsita­tean nenbilenean Bilbon, Pozokoe­txeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitate­ko ikasketak egiten ni­tuen bitartean. Lagun batekin batera irakas­ten nuen euskara gure kabuz, inolako erakun­deren parte izan gabe”.

Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indar­tsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.

Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Ber­nardo Atxaga Bilbora bizitzera eto­rri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musika­tu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez niz­kion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoe­txeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.

Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.

Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.

‘Alkolea’, Txabiri tabernan

Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.

1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.

Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.

Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.

Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez

1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

|

Kutxazain bat // Eduardo Soares, Unsplash

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.

Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.

Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.

“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.

Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.

Osorik irakurri