Haurtzaindegi zerbitzuaren antza duten udalekuetatik aldentzeko gogoa agertu du Udalak, eta bide horretan jarraitu nahiko luke datozen urteetan ere. Aurten Zaratamon ez da udalekurik egongo, ez behintzat izen horrekin. Herria, natura eta euskara ardatz dituen egitaraua prestatu dute. Zazpi eta hamabi urte bitarteko 35 gaztek parte hartuko dute ekainaren 29tik uztailaren 2ra eta uztailaren 6tik 9ra arte luzatuko diren jardueretan.
Hiru dira udako jardueren multzoak. Lehena, Andoni Gutierrez mendiko gidarekin mendiarekin harremanetan egongo dira gazteak, mendiaz gozatu eta orientazioa lantzeko asmoarekin. Bigarrena, Arati Galapaneko zaldiekin arituko dira, animalia ezagutu eta sentsibilizazioa jorratu; hirugarrena eta azkena, aire zabaleko jolas eta kirol-jarduerak. Azken honetan, bi talde batera arituko dira, beti ere segurtasun tartean zainduta. Izan ere, babes-neurriak betetze aldera, gehienez hamarreko lau talde osatu dituzte, eta taldeak jarduera guztietan txandakatzen ari dira. Haur guztiek maskara bat eta gel desinfektatzailea eraman beharko dute egunero. Jarduera guztiak Elexalde eta Arkotxan dira eta autobus zerbitzua jarri du Udalak.
“Euskaraz eta doakoak izango dira jarduera guztiak. Hiru hilabeteko itxialdiaren ondoren, aldaketa hau beharrezkoa dela uste dugu, eta bide berean jarraitzeko asmoa dugu. Herria ezagutzeko aukera, euskaraz eta naturarekin harremanetan. Zortzi egunez, goizez. Gainera, doakoak dira jarduera guztiak, Udalak bere gain hartu ditu”, azaldu dute udal ordezkariek.
