→Zaratamo

Haurrentzako natura-jarduerak prestatu dituzte gabonetan, Arkotxa eta Elexalden

Gabonetarako alternatiba diferentea prestatu dute Zaratamoko Arati Galapaneko Beñat Garcíak eta Feel the Adventureko Andoni Gutierrezek. “Teknologia berrien, pantailen eta sedentarismoaren garaian, haurrek inoiz baino harreman handiagoa behar dute naturarekin”

Zaldi bat, Elexalden // Geuria

Gabonetarako alternatiba diferentea prestatu dute Zaratamoko Arati Galapaneko Beñat Garcíak eta Feel the Adventureko Andoni Gutierrezek. “Teknologia berrien, pantailen eta sedentarismoaren garaian, haurrek inoiz baino harreman handiagoa behar dute naturarekin”, azaldu dute ekimeneko antolatzaileek. Euren hitzetan, jarduera hauen bidez naturan erabat murgiltzeko proposamena egiten dute “2030 Agenda eta Garapen Iraunkorraren Helburuak garatzen laguntzen dugun bitartean”.

Haurrak etxetik atera eta basora eramateko helburu hori jarraituz, abenduaren 27, 28 eta 29an naturarekin harremana duten basoko ekintzak prestatu dituzte txiki eta gaztetxoentzat: programak hiru esparru landuko ditu: Basoan Jolasten, Baso Ibilaldia eta Zaldia eta Zaldiak.

Haurrak, basoan // Feel The Adventure

 

BASOAN JOLASTEN jardueraren bidez basoan barrena murgilduko dira lehen hezkuntzako lehenengo eta bigarren zikloko ikasleak, modu jostagarrian beti ere. “Gaur egungo ume askoren ustez, basoa leku ezezaguna eta arriskutsua izan ahal da”, azaldu dute ekimenetik. Hori dela eta, Feel The Adventuretik murgilpen graduala egingo dute leku zoragarri honetara: hasieran talde handian hainbat jolasetan jokatuz eta basoa astiro-astiro ezagutuz. Jarduera honen bidez basoko zuhaitzak identifikatuko dituzte haurrek eta naturan galduz gero zer egiten erakutsiko diete monitoreek.

BASO IBILALDIA eta ZALDIAK izeneko jarduerak proposamen ezberdina ekarriko die ikasleei. Arkotxatik Elexaldera basoan zehar joango dira haurrak. Bidean zehar zaldiekin topo egin eta falta den ibilbidea zaldiz egiteko aukera izango dute gaztetxoek. Jarduera honen helburuak hainbat dira:

  • Ibilbidea egitea naturarekin harremana indartzeko
  • Mendiko bideak eta ikurrak ezagutu, baita basoko zuhaitzak eta hostoak ere
  • Zaldiakaz harremana lantzea
  • Zaratamoko mendiko esperientziak zoragarriak bizitzea
  • Arreta eta motibazioa lantzea

Arati Galapaneko Beñat García, Elexalden // Geuria

ZALDIAK programa Arati Galapan enpresaren egitasmoa dugu eta helburu nagusia umea eta zaldiaren arteko lotura berezia ezartzea da, lehiaketetatik haratago. Beraz, animalia eta haurraren artean lasaitasuna transmititzeko xedeagaz hainbat ariketa landuko dituzte gazteek.

Hiru programetan gidari tituludunak egongo dira: Arati Galapaneko Beñat Garcíak arlo terapeutikoa landuko du zaldiakaz eta animali hauekin lehen hastapenak landuko ditu. Andoni Gutiérrezek, ostera, orientazioaren inguruko ikastaroa prestatuko du, etxeko txikienentzat: “Izena emango duten umeen arabera doituko ditugu klaseak”, azaldu du Arati Galapaneko monitoreak. Horretaz gainera, material didaktikoa emango diete haurrei.

Talde bi egiteko asmoa azaldu dute Feel the Adventure eta Arata Galapanetik: A taldea, 8-9 urteko gazteentzat eta B taldea, 10-12 urte bitartekoentzat. Jarduerak 09:30etatik 13:30ak artekoak izango dira eta kontuan izan beharrekoa da programak ez duela barne hartzen garraio zerbitzua ez eta janaria ere.

Prezioak

Egun bakoitzaren prezioa 38 eurokoa da, eta hiru egunetan parte hartu nahi izanez gero Bono Turismoaren bidez egingo litzateke, 50 euroko kostuko baina 100 euroko balioa duena.

Erreserbak egin ahal izateko info@feeltheadventure.eus helbide elektronikora idatzi edo 660 014 699 telefono zenbakira mezua bidali beharko dute Whatsapp bidez  interesdunek.

Arati Galapan, ongizaterantz zaldian

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak