Sareak

☉ Zaratamo

Nerea Falagan: «Lesioaren ostean, irrikan nago arkuarekin geziak berriro botatzen hasteko»

Basoko ibilbideetan zein diana 120 metrora izanda, Nerea Falagan zaratamoztarrak
garaipen handiak lortu ditu arku tiroketako hainbat modalitatetan

|

Nerea Falagan Zabala zaratamoztarra // Geuria

Arku tiroketako Euskadiko Txapelketak eta Bizkaikoak hainbatetan irabazi ditu Nerea Falagan Zabalak (Zaratamo, 1961): “Ez dut gogoratzen zenbatetan”, onartu du. Lotsa ematen dio kirol honetan lortutako garaipenez hitz egiteak, eta herrian ere jende gutxik daki arku tiroketan aritzen denik. Hasi zenean, Derioko klub batean entrenatzen zuen, baina, egun, Zamudioko Gezi-Bide taldean dago. Lesio baten ostean geldi egon ondoren, zaratamoztarra laster egongo da bueltan diana erdira geziak jaurtitzeko.

Noiz hasi zinen arku tiroketa praktikatzen? 2020an, gutxi gorabehera. Derioko polikiroldegiko zuzendariarekin, Timirekin, hitz egiten nengoela atera zen gaia, bertan klub bat klub zegoelako. Eta ni betidanik izan naizenez jakin-min handia duen pertsona, probatzea erabaki nuen. Hurrengo egunean bertan joan nintzen lekura, eta hor hasi nintzen entrenatzen. Sei hilabetez praktikatu ondoren, nire lehen arku profesionala erosi nuen, nahiz eta klubeko arku batekin entrenatzen hasi.

Materiala garestia izango da. Bai, eta gero eta garestiagoa bihurtzen ari da. Arku normal batek 1.500-2.000 euro inguruko prezioa izango du. Eta gero geziak eta gainontzeko osagarriak ere erosi behar dira: estabilizadore batek 200 euro kosta ditzake, adibidez, eta kiskagailuak, 400 inguru.

Norbere neurrira eginda daude arkuak? Bai, pertsonaren altueraren eta indarraren arabera, zabaltzeko daukazun potentziaren arabera.

Zer pentsatu zenuen arkua hartu zenuen lehen momentua? Zer iruditu zitzaizun? Izugarria. Oso zoriontsu sentitu nintzen momentu horretan. Entrenatzaileak arkua eta geziak nolakoak ziren erakutsi zidan, apur bat, nola funtzionatzen zuen. Eta bi orduz egon nintzen geziak bota eta bota.

Derioko taldean jarraitzen duzu oraindik? Ez, orain Zamudioko Gezi-Biden nago. Derion, entrenatzen genuen lekuan, txikipark antzeko bat egiteko intentzioa zeukatenez, joan egin behar izan ginen. Orduan jarri ginen Zamudioko Udalarekin kontaktuan, eta eskola zaharraren eraikinean txoko bat utzi ziguten; orain, beste eskoletan gaude. Barruan espazio bat daukagu, eta kanpoan, landa bat.

Zenbat lagun zaudete klubean? Talde handia da, 35-40 pertsonakoa. Jada ez daukagu inor gehiago sartzeko lekurik. Imajinatu, Derion 12 edo 13 baino ez ginen.

Lehiaketetan eta txapelketetan parte hartu duzu hasi zinenetik? Askotan. Euskadi mailan urtero hartzen dut parte, bai kanpoan egiten diren lehiaketetan, bai salan. Eta Espainiako txapelketetan ere egon naiz, denbora aldetik joateko ondo harrapatzen baninduen.

Zenbat garaipen lortu dituzu? Kategoriak adinaren arabera doaz, eta nik 50 baino gehiago ditudanez, beteranoenean nago. Euskadi mailan, 8 edo 9 aldiz irabazi dut lehiaketa kategoria horretan, eta birritan izan naiz Espainiako txapelduna, ehiza ibilbidean eta arku konposatuarekin.

Modalitate horietan hartzen duzu parte? Denetarik probatu dut. Arku olinpikoarekin hasi nintzen, eta geroago, mendiko ibilbideak egiten. Arku tradizionalarekin ere bota izan dut, indioena bezalakoa den egurrezko arku batekin, eta hortik gutxira probatu nuen polea-arkuarekin. Horrekin irabazi nuen Espainiako Txapelketa, bigarren aldiz joan nintzenean.

Zer da mendiko ibilbidea? Indioak bezala ibiltzea, egia esan. Mendian zehar ibilbide bat dago, eta postuak daude tartean sakabanatuta. Bakoitzean animalia baten silueta: otso bat, untxi bat… Eta denbora jakin bat daukazu gezia botatzeko. Ez dakizu zein distantziatara egongo den, zeintzuk diren neurriak, eta kalkulatu egin behar duzu ibilbidea egin bitartean.

Animaliaren siluetari non ematen diozun, horren arabera kontatuko dira puntuak. Bai, bolumetrika bat dago: gorputza, bihotza eta birika. Horren arabera puntu gehiago edo gutxiago lortzen dituzu. Ehiza ibilbideetan ere, antzeko zerbait da, baina neurri eta arau gehiago daude, ehizan erabili behar direnak. Adibidez, kumeekin doan basurde eme bat ikusten baduzu, ezin diezu arkua bota. Arau horiek ikasi egin behar dira.

Arku tiroketan pentsatzean, geziak diana batera botatzea imajinatzen du jendeak. Hori ere egiten duzue? Bai, 60-50 metro eta 40-30 metroko distantzian botatzen dugu, normalean.

Eta zein da inoiz bota duzun distantzia luzeena? 120 metro, Garaioko urtegian antolatu zen Erdi Aroko arku tiroketa batean. 10 diametroko zirkulu bat zen eta gezia zirkuluan sartu beharra zegoen. Hasieran, ezinezkoa zela pentsatu nuen, baina eman nion: gorantz bota, parabola bat egin, eta dianara.

Diana erdian joko duzu askotan. Bai, eta baita horrela geziak apurtu ere. Oraindik nire lehen Robin-a dut gogoan. Horrela deitzen zaio gezi batekin aurretik bota duzuna jotzen duzunean. Eman nionean, oso pozik sentitu nintzen, ez nuelako inoiz Robin-ik lortu. Baina gero konturatu nintzen gezi bakarra beharrean biak hausten dituzula. Horrek ez zidan ilusio askorik egin.

Kontrolatu dezakezu gezia nora doan edo askotan ausa kontua da? Bai, kontrolatu dezakezu, noski. Gezi bat botatzen duzunean, fijatu egin behar zara nora doan, eta horren arabera besoa mugitu, gorago edo beherago botatzeko. Ondo kokatzeko. Gainera, bisore bat ere erabili daiteke, zehaztasun izugarria duena, milimetrikoa: haizearen indarra ere neurtzen du.

Zer suposatzen dute zuretzako txapelketek? Ez ditut lehiaketatzat ikusten, ni ondo pasatzera joaten naiz; gogoko dut eta erlaxatu egiten nau. Gainera, taldekideon artean oso harreman ona daukagu. Beraz, txapelketen ostean bazkariren bat edo beste antolatzen badugu, ondo baino hobeto.

Baina sakrifizioa ere eskatuko du lehiaketetarako prestakuntzak. Zenbat orduz entrenatzen duzu astero? Orokorrean, ez dut denbora askorik izaten entrenatzera joateko, baina astean zehar bi eta sei ordu artean praktikatzen dut. Hori bai, oporrak ditudanean, egunero joaten naiz eta bi ordu ematen ditut bertan.

Oporrak laster datoz. Bai, eta lesioaren ostean, irrikitan nago arkuarekin geziak berriro botatzen hasteko. Atzamarra minduta daukat, eta denbora luzea egon naiz geldi, baina, apurka-apurka, hasi naiz erritmoa hartzen. Indarra eta teknika berreskuratzeko lan egin behar dut.

Irakaskuntzan egiten duzu lan. Ikasleei inoiz kontatu diezu arku tiroketan jarduten duzula? Hasieran ez, eta Zaratamon ere jende oso gutxik daki. Lotsa ematen dit. Baina gero Facebooken bidez eta interneten agertzen diren argazkiekin eta, enteratzen dira. Ikasle batzuek bilatzailean nire izena jarriz gero, badakite kirol horretan nabilela. Orduan, behin, arkuak eraman nizkien klasera, eta asko gustatu zitzaizkien. Eskolan zegoen mutil bat, adibidez, arku tiroketarekin hasi zen, eta orain Amurrion ari da botatzen. Harekin egon naiz txapelketaren batean. Alde horretatik, oso harro sentitzen naiz.

☉ Zaratamo

#A21 / Emaitzak / Zaratamo / EH Bildurekiko alde estuagoarekin irabazi ditu EAJk hauteskudeak

#A21 / Zaratamo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Lizitazioa atera dute herriko txakurren eta katu kolonien kudeaketarako

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta “oso lagunkorra” dela azaldu dute dal ordezkariek

|

Martin // Zaratamoko Udala

Zaratamoko Udala herriko txakur abandonatuak eta katu koloniak kudeatuko dituen enpresa baten bila dabil. “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Txakur bat topatzen denean, animalia kaletik jaso eta txiparen bidez identifikatzen dute. Txipik ez badu, animalia txakurtegi batera eramaten dute, inork adopzio prozesua hasi arte. Zaratamok Zaunk enpresarekin lan egin du orain arte, txakurtegia 2023an itxi arte.

Zaratamoko Udala: “Gaur egun udalerrien ardura da txakur abandonatuen eta katu kolonien kudeaketa egitea”

Gaur egun txakur bakarra dago Zaratamon adopzioaren zain: Martin. Bost urte daramatza adopzioaren zain eta Sopelako La Casa del Perron topa daiteke. “Sopelako txakurtegitik azaldu digute Martinek aukera bat behar duela eta txakur oso lagunkorra dela”, azaldu dute Zaratamoko udal ordezkariek. Udalak txakurtegi aldaketa egin zuenetik Zaratamon aurkitutako lau txakur zeudela azaldu dute ordezkariek (Martin barne) eta horietako hiruri ostatu eman dietelela esan dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ealain: «Hunkitu egiten gaitu Arkotxan jotzeak, taldekide batzuen auzoa izan delako»

2022an hasi ziren kontzertuak ematen, eta geroztik 20 zuzeneko baino gehiago eskaini dituzte. Egun hauetan bigarren diskoa prestatzen ari dira estudioan

|

Hainbat kontzertu eskaini ditu inguruko herrietan Ealain taldeak / Geuria

Folk-metala hitz potoloak iruditu arren, benetan interesgarria izan da Ealain talde zaratamarrak ezkutatzen duen proiektua lehen pertsonan ezagutzea. “Metal” hitzak eta musika estiloak askotan hoztasuna edo zurruntasuna transmititu diezazkioke lehen aldiz entzungo duen pertsonari, baina Ealaineko sei kideek guztiz kontrakoa erakutsi digute Arkotxan izandako hitzorduan: atseginak, hurbilekoak eta irekiak dira, irribarrea galdu barik.

Jarrera berberarekin ipini zuten martxan beren musika proiektua pandemia garaian; ordutik 20 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte eta bigarren diskoa prestatzen ari dira egun hauetan. Ekainaren hasieran Arkotxako jaietan joko dute berriz eta taldearen asmoa gertutik ezagutu nahi izan dugu.

Arkotxako jaietan izango zarete aurten. Nolako erronka da zuentzat bertako eszenatokira berriro igotzea?
2022an hasi ginen kontzertuak ematen, eta geroztik 20 zuzeneko baino gehiago eskaini ditugu. Kontzertu bakoitzak bere erronka bereziak aurkezten ditu, eta Arkotxako jaietan agertokira igotzea ez da salbuespena izango. Jende asko egongo dela jakinda, erronka are handiagoa izango da guretzat. Erronka horri aurre egiteko eta gure musika publikoarekin partekatzeko irrikaz gaude. Hunkitu egiten gaitu Arkotxan jotzeko aukerak, taldeko kide batzuek haurtzaroa igaro baitute bertan. Gauza ezagun bat bezala sentitzen dugu, etxean jotzea bezala da.

Nolako giroa espero duzue egun horretan?
Urtero bezala giro ona izango dela uste dugu Arkotxan. Gainera, herriko jaietan parte hartuko dugun lehenengo folk-metal taldea izango ote garen ziur ez gaude, baina badakigu ikuskizun ona emango dugula. Gure helburua giro dibertigarria sortzea da, non jendeak ezin dion aurre egin dantza egiteari eta ahalik eta gehien gozatzeari. Eskerrak eman nahi ditugu ekitaldi honetan parte hartzeagatik eta egun hori esperientzia gogoangarria izan dadin laguntzeagatik.

Lehen entsegua 2021eko otsailean egin zenuten. Nola gogoratzen duzue egun hura eta nolako garapena izan du taldeak hiru urte hauetan?
Nostalgia handiz gogoratzen ditugu gure lehen entseguak. Taldea guztiok ezagutzen dugun pandemia famatu horren erdian jaio zen 2021ean, Josean, Diego eta Aitorren aldetik. Pandemian, murrizketa gutxiago zeudenean, hirurok geratu ginen eta banda bat sortzea pentsatu genuen. Hortik aurrera, Ivan eta Maria ezagutu genituen, eta Ealain martxan jarri zen. Hainbat bateria-jotzaile probatu ondoren, azkenean Ivan ezagutu genuen.

“Atzera begiratu eta orain arte eskainitako kontzertuak ametsak izan dira: Arrigorriaga, Zaratamo, Basauri…

Folk-metala da zuen esparrua. Nolako erreferentziak dituzue?
Taldean ditugun gauza on guztien artean, horietako bat da gutako bakoitzak erreferente musikal desberdinak ditugula da, eta horri esker lortu dugu guztion gustuko musika estilo pertsonal bat. Iron Maiden, Metallica, Judas Priest klasikoen artean. Alestorm, Mägo de Oz, Eluveitie musika metal-folkienak. Sorotan Bele, Liher, Su ta Gar, Enkore, etxekoak. Gwendal, Luar Na Lubre, tradizionalak… Barietatea da espezia, diote. Gainera, Ealainen sartu aurretik folk-metalarekin bereziki gozatzen ez zuten taldeko kideak ere badaude, baina gurekin jotzen probatu ondoren gustura sentitu ziren eta hor daude, folk-metalarekin disfrutatzen! Horixe bera gertatzen zaigu publikoarekin. Batzuk aitortzen hasi dira folk-metala ez zitzaiela gustatzen baina kontzertuetan gurekin gozatu dutela. Egia esanda, gure kontzertuak oso kementsuak diren arren, Diegok ikusleei transmititzen dien umorearekin ere oso ondo pasatzen dugu. Edozein taldek eduki nahiko lukeen frontman-a da, eta zortea dugu bera gurekin dagoelako.

 

Zein lekutan jo duzue taldea jaio zenetik?
Taldea osatu genuenetik hainbat agertokitan jotzeko aukera izan dugu, orain arte hogei toki ezberdin inguru batuz. Gehienbat Bizkaian eman ditugu kontzertuak, baina Arabara, Errioxara eta Nafarroara ere eraman dugu gure musika. Askotariko guneak izan ditugu: taberna intimoak eta gaztetxeak, kontzertu-areto formalagoak eta herrietako jaiak, eta jaialdi xume batean parte hartzeko esperientzia aberasgarria ere izan genuen. Ingurune bakoitzak bere berezitasunak ditu; adibidez, tabernetan soinuaren kalitatea agian ez da optimoa, baina beti baloratzen dugu ikusleen berotasuna eta harmena, eta horrek gaualdi gogoangarria bermatzen digu. Biziki eskertzen dugu gure musika partekatzeko aurkezten zaigun aukera bakoitza. Jakina, etorkizun hurbilean munta handiagoko jaialdien karteletan parte hartzea gustatuko litzaiguke.

Sei pertsona zarete. Elkar ezagutzen zenuten taldea sortu aurretik eta nola gogoratzen duzue lehen kontzertua?
Aitor eta Josean dira taldean folk gehien entzuten dutenak, eta txikitatik elkar ezagutzen dutenak. Beraien asmoa beti izan da Irlandako musika tradizionala rock musikarekin nahastea eta horrela talde bat osatzea. Gure lehen kontzertua Drumgorri tabernan izan zen, eta hilabete bi geroago ‘Corazón de mar’ diskoa kaleratu genuen. Kontzertu oso berezia izan zen guretzat, bertara gure inguruko jende guztia hurbildu zelako gu animatzera eta elkarrekin gozatzera. Kontzertu hartan Mikel izeneko gure lagun bat eman zuen bateriara, garai hartan oraindik ez geneukalako bateria iraunkorrik. Gau bikaina izan zen.

Lehen diskoa, Corazón de Mar, 2022an kaleratu zenuten. Nolako esperientzia izan zen eta zer kontatu zenuten lehen lan hartan?
Gure lehen diskoa errealitate fisikora eramateko prozesua esperimentatzea oso zirraragarria izan zen guztiontzat. Hilabeteetako lan neketsuaren ondoren (abestiak konposatu eta estudioan grabatzetik diskoaren azala diseinatu eta libretoan letrekin batera agertzen den istorioa idaztera) azkenean diskoa gure eskuetan edukitzea esperientzia eta ahalegin horiek guztiak biltzea bezala izan zen. Diskoaren liburuxka berezia da guretzat, abestien hitzak aurkezteaz gain, abesti guztiak batzen dituen istorio bat ere baduelako. Istorio hau eleberri txiki bat bezala deskriba liteke, non eszena bakoitza abestietako batekin elkartzen den, entzumenaren esperientzia osatuz.

Istorioan, Sir Francis Drakeren bilobaren abenturei jarraituko diegu. Gazteak aitona mitikoaren mezu misteriotsua jasoko du. Mezu honek fantasiazko bidaia batean murgiltzera bultzatzen du, piratak, lurralde ezezagunak eta bere aitonak inoiz aurkitu ezin izan zuen hiri galdu mitikoaren bila. Entzuten gaituztenen irudimena eta emozioa piztea espero dugu narratiba horrekin.

2023ko biran leku askotan aurkeztu zenuten zuen lehen diskoa. Arrigorriagako plazan zein Gaztetxean, Zaratamoko jaietan, Basauriko San Isidro jaietan, Arkotxan bertan… baita Araban, Nafarroan eta Errioxan ere.
2023ko biraren esperientzia pozgarria eta aberasgarria izan zen guretzat. Atzera begiratu eta orain arte eman ditugun kontzertuetan pentsatzea gutako bakoitzak haurtzaroan izan zuen ametsa betetzea bezala da. Arrigorriaga, Zaratamo, Basauri, Arkotxa… leku ezagunak dira guretzat; publiko gisa askotan gozatu ditugun eszenatoki horietan jotzeak urduritasuna eta, aldi berean, hurbiltasun sentimendua sortzen dizkigu. Bizkaitik irteteak eta etxetik urrun jotzeak ere hunkitzen gaitu. Autoa zein ordutan hartu planifikatzea, etxetik kanpo lo egingo dugun pentsatzea, hiri horiek jo aurretik bisitatu ahal izatea…

Gure musika publiko berriekin partekatzetik harago doazen esperientziak dira; gauzak ondo egiten ari garela sentiarazten digute. Egindako kilometro bakoitza musikari eta pertsona gisa hazteko aukera bat da, gure historiarekin bat egiten duten leku eta aurpegi berriak ezagutzeko aukera. Eskertuta sentitzen gara agertokian eta eszenatokitik kanpo bizitako une bakoitzagatik, eta irrikaz itxaroten dugu gure ametsetan bakarrik imajinatzen genituen lekuetara eraman gaituen abentura musikal honekin jarraitzea.

Aurtengo kontzertuei begira, Zaratamoko jaiez gainera, Burbustun izango zarete maiatzaren 11n eta Elexaldeko jaietan, abuztuaren 8an. Baina eskualdetik kanpora ere salto egingo duzue: maiatzaren 25ean Bilboko Mython egongo zarete Fear Crowd eta Khymairarekin eta Bartzelonan, urrian. Nolako urtea aurreikusi duzue? Egia esanda, oso pozik gaude agertokia gurea baino talde handiagoekin partekatu ahal izateaz. Mytho aretoko eta Bartzelonako Sala Bovedako kontzertuek artista gisa ikasteko eta hazteko aukera ematen digute. Aurten, alde batetik, beste talde batzuekin harremanak lantzen ari gara eta etxetik urrunago kontzertuaren bat antolatzen. Bestalde, proiektu berrietan sartuta gaude, estilo landuagoko eta garatuagoko bigarren diskoa grabatzen eta taldearen merchandising-a ateratzen.

Martxoan bigarren diskoa grabatzen hasi zarete Chromacity Studiosekin. Aurrerapenik egin dezakezue? Bigarren disko hau ‘Corazón de Mar’-ekiko oso desberdina izango da. Soinu astunagoa landu dugu; abestien enborrak indartsuagoak izango dira; bateriak indar handiagoa izango du; ‘core’ generoko elementu gehiago gehitu ditugu, baita ‘breakdown’en presentzia handiagoa ere. Hala ere, aldaketa horiek gorabehera, folkak gure esentziaren erdigunea izaten jarraitzen du. Aitorren txirulak eta orkestrazioak elementu garrantzitsuak izaten jarraituko dute, eta Diegoren ahots dramatiko eta melodikoak bere leku nagusiari eutsiko dio, nahiz eta gutural gehiago esploratzera ausartu garen. ‘Corazón de Mar’ alaia dela esan daitekeen arren, gure disko berria metaleroagoa eta ilunagoa izango da. ‘Corazón de Mar’ salto egiteko egina dago; disko berria burua mugitzeko da gehiago.

Letrei dagokienez, oraingoan narratiba jarraitu batetik aldenduko gara, baina gaien kohesioari eutsiko diogu. Disko honek mitologia aztertuko du, hainbat kultura eta pertsonaia klasikori erreferentzia eginez, euskal mitologiako figuraren bati ere bai, eta horrek berezi eta pertsonal egingo du gure proposamen musikala.

Bestalde, oso pozik gaude Chromacity Studios-en dugun esperientziarekin; espero dugu azken emaitza bikaina izango dela eta entzuten gaituztenak txundituta geratuko direla. Gure musikaren kapitulu berri hau gure publikoarekin partekatzeko irrikaz gaude. Oraingoz, diskoko lehen abestia apirilaren 17an entzun ahal izango duzuela iragarri dezakegu, bideolyric bat argitaratuko baitugu. Bideoklip bat ere lantzen ari gara, erakusteko gogo handia daukagu eta.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Hamar saltokiz osatutako azoka antolatu dute Zaratamoko Elexalden, San Isidroetan

Azoka maiatzaren 19an ospatuko dute Zaratamoko Elexalde auzoko plazan eta adin guztietako herritarrei zuzenduta egongo da

|

Haurrak, zurezko jolasekin // Geuria

Urtero bezala, maiatzaren 15ean San Isidro eguna izango da eta hilaren 19an ospatuko dute Zaratamoko Elexalde auzoko plazan. Bertan, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez, BBKko 10 saltokiz osatutako azoka antolatuko dute eguerdira arte: bertara hurbilduko direnek patea, gildak, ogia, txakolina, pastak, txokolatea, gazta, eztia eta txerrikiak erosteko aukera izango dute eta tabernetakoek taloak salduko dituzte ere.

“Gainera, inguruko artisauen lanak ikusteko aukera egongo da ere”, azaldu dute antolakuntzatik. Umeentzako zurezko jolasen gunea ere egongo dela gehitu dute, baita herri kirolen saioa ere. Eguna girotzeko Presaganako txistulari zaratamarrak egongo dira bertan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gutioloko ur-hornidura konpondu du Zaratamok herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko

Proiektuaren aurrekontua 75​.000 eurokoa da (BEZa barne) eta FEADER funtsetako 34.200 eurorekin eta Eusko Jaurlaritzaren 8.500ekin egin dute

|

Iturri bat // Geuria

Zaratamoko Udalak bukatutzat eman ditu Gutiolo auzoko ur-hornidurak zituen “akatsak”. Udal ordezkarien arabera, auzoko hornidura-sarea berrezartzeko obrak “akats handiak” zituen. “Ur hornidura zerbitzua behar bezala ematea eragozten zuen horrek, eta une batzuetan etengabeko zerbitzua ematea ezinezkoa zen”, azaldu dute Udaletik. “Sarearen ezaugarriengatik gertatzen ziren hausturen ondorioz.”

Bermeosolo SA enpresak ur hornikuntza sarea berritu du ur biltegitik Gutiolo auzoraino, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako proiektuaren jarraibideei so eginez. Lizitazio-iragarkia 2022ko abenduaren 28an argitaratu zen kontratatzailearen profilean, eta eskaintzak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 19an amaitu zen. Epe horretan hiru enpresak aurkeztu zuen eskaintza. Proiektuaren aurrekontua 75​.020,00 eurokoa da (BEZa barne), eta FEADER funtsetako finantzazioarekin (34.209,12 euro) eta Eusko Jaurlaritzakoarekin (8.552,28 euro) egin dute.

Jarduketa honen berri eman zuen GEURIAk iazko ekainean eta esku hartze hori azpiegitura ordezkatu, birgaitu edo egokitzeko Udalerriaren Lehengoratze Planean zegoela azaldu zuen Zaratamoko Udalak, “inguruko etxebizitzei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin”.

Osorik irakurri