→Zaratamo

Zaratamon agertu diren pintada faxistak arbuiatu ditu Udalak

Udaletxe atzeko umeen parkean agertu ziren pintada faxistak urtarrilaren 3an; dagoeneko ezabatu dituzte // Zaratamoko Udala

Zaratamon pintada faxistak agertu direla salatu du Udalak. EH Bilduk eta EAJk elkarrekin publikatu duten adierazpenaren arabera, Zaratamoko udaletxe atzeko umeen parkean agertu dira pintada faxistak: “Indarkeria faxistak, xenofoboak, homofoboak eta matxistak forma asko ditu, eta azkenaldian, horieetan guztietan ari da azaltzen han eta hemen. Oraingoan Zaratamoko umeen parkean agertu dira pintada faxistak eta tinko salatu nahi ditugu”, zehaztu dute ohar baten bidez.

Pintadak astelehenean agertu ziren, urtarrilaren 3an, eta dagoeneko ezabatu dituzte, udal ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez.

“Zaratamoko herritarrak ez gara pintada horiekin identifikatzen eta determinazio handiz erantzungo diegu guztiei, ez baitugu onartuko gure kaleetan, gure herrian edo beste inon horrelako pentsamendu intoleranterik agertzea”, diote bi alderdietako bozeramaileek.

“Umekeria edo ganberrada baino ez dela esan eta beste alde batera begira daiteke faxismoari entzungor eginez, ezer gertatu ez balitz. Guk argi dugu pentsamendu eta jarrera horiei aurre egin behar diegula, begirada altxa eta horrelako ekintzak salatu. Zaratamon gaur eta beti jarraituko dugu defendatzen herritar libreen herria, eta demokrazian oinarritutako harreman sozial eta politikoak lehenetsiko ditugu”, gaineratu dute.

Duela hiru urte, 2019ko martxoan, berdintasunaren eta sexu askapenaren kontrako pintadak agertu ziren Zaratamoko eskola publikoko kanpoko hormetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak