☉ Zaratamo
Udalak zabor tasaren kostua murriztera deitu ditu zaratamarrak hondakin organikoa birziklatuz
Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua “modu nabarmenean” murriztuko lukeela azaldu dute Udaletik

Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan. Zaratamoren kasuan, Udalak bereizketa egin du zabor bilketaren zerbitzuaren arabera: astean bitan zaborra bilduz, zaborren tasak % 32ko igoera izango luke. Bilketa astean hirutan eginez gero % 34ekoa lizateke igoera.
“Horri % 10eko hobariak gehituko genizkieke hondakin organikoen kasuan”, azaldu dute udal ordezkariek. Zaratamon, zabor tasekin batera hobari batzuk ipini ditu Udalak: “Helburua ez da zerbitzuaren kostua bakarrik betetzea”, zehaztu du Alberto Ugarrizak. “Koste hori murriztu daiteke: beste sistema bat ezarriz gero kostea bestelakoa izan daiteke. Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua modu nabarmenean murrizten du”. Ondorio modura, gaur egun errefusaren edukiontzira botatzen den alde handi bat edukiontzi marroira botako litzateke eta errefusaren zerbitzua gutxituko litzateke.
Nerbioi Ibaizabal mankomunitatearen 2023ko datuen arabera, eskualdean 239,3 kilo zabor bota du herritar bakoitzak errefusaren edukiontzian (biztanleriaren % 72,4a). Zaratamori dagokionez (landa eremuko herria) 402,1 kilogramo hondakin botatzen ditu herritar bakoitzak errefusaren edukiontzira urtero (% 83,7). Edukiontzi organikoaren erabilera oso baxua da: 21,2 kilo batu zituzten kamioiek herritar bakoitzeko 2023an (% 4,4). “Datu kezkagarriak dira”, aitortu du Ugarrizak. “Herritarrek hondakin organikoen edukiontzia behar bezala erabiliko balute zabor bilketaren kostua % 44 gutxituko litzateke. Herritarrek konposta egin nahi izatekotan Udalean egin beharko dute eskakizuna.
☉ Zaratamo
Horma-irudi erraldoi bat egin dute herritarren artean Zaratamon, Emakumeen Nazioarteko Egunean
Irudi erraldoiaz gainera, txapen eta katiluen diseinu bereziak sortu dituzte herriko umeek

“Zaratamon berdintasuna, oinarria eta etorkizuna! Gora borroka feminista!”, horrela dio Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxeko goiko solairuan eskegi duten eta herriko haurrek beraiek margotutako pankarta erraldoi batek.
Goizean zehar hainbat jarduera prestatu dituzte herritar guztientzako Zaratamoko auzoan. Ekintza nagusia herritarrek beraiek sortutako horma-irudi erraldoi bat izan da. Bertan, zuhaitz erraldoi bat ageri da. Enborrean M8 irakur daiteke, eta atal bi bereizi daitezke: sustraiak eta zuhaitzaren adarrak.
“Zuhaitza eskolan egin dute, behean umeen familietako kide, emakume erreferenteak ageri dira (oinarrian)”, azaldu dute udal ordezkariek. “Adarretan, ostera, emakume erreferenteen argazkiak (lagunak, emakume ospetsuak…). Hau izango zen etorkizuna edo zeri begira dauden”.

Gainera, txapen eta katiluen diseinu originalak sortu dituzte Elexalde plazan bertan ipini dituzten bi mahaietan. Bertan askotariko diseinuak sortu dituzte herriko txikiek gaia guztiontzat berdina izanik: Emakumeen Nazioarteko Eguna.

☉ Zaratamo
Aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko saioa eskainiko dute Zaratamon
Saioa Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxean antolatu dute hilaren 9an eta 23an, 18:00etan

Martxoaren 9an eta 23an Aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko saioa eskainiko dute Zaratamoko Elexalde auzoko kultur etxean, 18:00etan. Hitzaldia Zaratamoko Berdintasun Taldeak antolatu du Osakidetzarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute 944 566 000 telefono zenbakira deituz edo arkotxa@zaratamo.eus helbide elektronikora e-posta bidaliz.
Aurretiazko borondateen dokumentua
Aurretiazko borondateen dokumentua, ekipo mediko bati zuzendutako idatzi bat da. Bertan, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk, etorkizunerako, une horretan bere borondatea adierazteko gai ez bada erabil daitezen.
Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik.
Dokumentu hori edozein pertsonak egin dezake, hurrengo baldintzak betez gero: adin nagusikoa izatea, judizialki ezgaituta ez egotea eta askatasunez jardutea.
☉ Zaratamo
Kirola egiteko gune bat ipini gura dute Arkotxako antzinako medikuaren etxea zegoen lursailean, Zaratamon
Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan

Erabilera faltagatik eta bertan behera utzita egoteagatik, Arkotxa auzoko Kultur Etxearen ondoan kokatutako medikuaren etxea eraitsi zuen Zaratamoko Udalak iazko urte amaieran.
Gaur egun, lursaila egonkortu eta berdegune bat ipintzen ari da Zaratamoko Udala. “Leku horretan kirola egiteko aparatuak ipintzeko asmoa dugu lursaila egonkortuko denean”, azaldu dute udal ordezkariek. Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan.
Zaratamoko Udala: “Leku horretan kirola egiteko aparatuak ipintzeko asmoa dugu lursaila egonkortuko denean”
Medikuaren etxea eraikitzeko proiektua 1959an sortu zuten eta eraikitzea 1961eko apirilaren 15eko udalbatzan onartu zuten. Lanak 1962ko urtarrilaren 10ean hasi zituzten.
☉ Zaratamo
Arkotxa auzokoak dira Zaratamoko aurrekontu parte-hartzaileko hiru proiektu bozkatuenak
Olagane parkeko konponketak, Santa Barbara pasabideko irristadei irtenbidea ematea eta ariketa fisikoa egiteko gune bat izan dira auzotarren lehentasunak

Herritarrek berba egin dute. 2025eko udal aurrekontuan bezala, Zaratamoko Udalak 40.000 euro bideratu ditu auzotarrak gehien kezkatzen dituzten jarduketak egiteko, aurrekontu parte-hartzaileen bidez.
Horretarako, 13 aukera eskaini zituen Zaratamoko Udalak webgunean eta horietako hiru izango dira kontuan hartuko dituztenak martxoko udalbatzan proposatu ahal izateko, hirurak Arkotxa auzokoak.
Udaletxeko datuen arabera, aurten 199 bozka jaso dituzte otsailaren 9tik 13ra iraun duen prozesuan: “Iragazki lana egin behar dugu orain, kontuan hartu beharreko bozkak zaratamarrenak izan behar direlako eta 180 inguru izango dira prozesuan parte hartu duten herritarrak”, argitu dute udal ordezkariek.

Bozka gehien jaso dituzten proiektuak honakoak izan dira: Olaganeko parkea berriztea, bertan hesiak, sareak, ping-pong mahai bat ezarriz, besteak beste (12.350 euroko inbertsioa), Santa Barbarako pasabideko lurra birmoldatu (10.000 euro) eta Arkotxan ariketa fisikoa egiteko egiteko lokal bat antolatu (10.000 euro).
Proposamenak, udalbatzara
Hau jakinda, Zaratamoko gobernu taldeak proposamena luzatu behar du udalbatzan. “Alkatetzaren konpromisoa da aurkeztuko den proiektu horretan aipatu berri diren hiru proposamen horiek agertzea. Proposamen horiek onartu daitezke edo ez”, argitu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Hurrengo egunetan, Udalak auzotarrek bozkatutako proposamen horiek programa eta kapituluetan sailkatuko ditu, udal aurrekontu osoa egokitu ahal izateko.
“Jendeak pentsa dezake bozkatutako aukera ez dela aintzat hartu, eta ez du zertan horrela izan behar; posible da auzotarrek egindako proposamen jakin batzuk udal aurrekontuko sistemako leku jakin batzuetan txertatzea, prozesu parte-hartzailetik kanpo”.
☉ Zaratamo
‘Ipuin klasikoak’ izango da Zaratamo eskolaren inauterietako aurtengo gaia
Ostiral eta larunbatean askotariko jarduerak prestatu dituzte txikientzat: kalejira, emanaldia, erromeria, musika, jolasak…

Otsailaren 13an eta 14an ospatuko dituzte aurtengo inauteriak Zaratamo eskolan eta aurtengo gaia ‘Ipuin klasikoak’ izango da.
Ostiral eta larunbatean askotariko jarduerak prestatu dituzte txikientzat Zaratamoko dantzariak – Untzurbe elkarteak eta Besopean Guraso Elkarteko kideek: kalejira, emanaldia, erromeria, musika, jolasak…
Egitaraua | Zaratamo eskolako inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
10:00 Eskolako kalejira eta emanaldia
18:00 Erromeria, Elexaldeko plaza (Zaratamoko dantzariak – Untzurbe elkartea)
Otsailak 14, larunbata
12:00 Musika eta jolasak, Elexaldeko plaza (Besopean Guraso Elkartea)










