Zaratamoko Upo Mendi klubak neskak eta umeak esku pilotan jolastera animatzeko entrenamendu saioak hasiko ditu datorren astelehenean (urtarrilak 9). Lau eta zortzi urte bitarteko haurrei eta sei edo zazpi urtetik gorako neskei zuzenduta egingo dute dinamika, astelehenetan eta asteazkenetan, Elexaldeko frontoian. Eta interesa duten guztiak hurbildu daitezke.
“Konpromiso barik hasiko gara, neskek eta txikienek esku pilota eta pala proba dezaten”, azaldu digu Gorka Bilbaok. Egun, Etxebarrin ari da entrenatzaile lanetan, baina Upo Menditik abian jarri nahi duten dinamikan ere bera izango da saioen gidari. “Jolasak antolatuko ditugu frontoian, eta esku pilotan hasteko sarreratxoa ere egingo diegu hamabost egunetan”.
Neskek astelehenetan eta asteazkenetan entrenatuko dute, eta umeek, berriz, asteazkeneko saioetan bakarrik; ordubetez (16:30etik 17:30era), biek ala biek. “Ostiraletako lehenengo orduak ere libre ditugu” —azaldu du Bilbaok— “baina parte hartzaile kopuruaren arabera ebaluatuko dugu gerora ordutegia luzatu dezakegun edo ez”. Ideia aurten entrenatzea baino ez da, eta datorren urtean, taldeak sortu ahal badira, partiduekin eta lehiaketekin hastea, bereziki, nesken kasuan.
Zaratamon pare bat neskaren eskaeratik sortu da dinamika abiatzeko ideia. Inguruko herrietan (Galdakaon, Etxebarrin, Arrigorriagan, Orozkon…) ez dago haientzako esku pilota talderik, eta, askotan, jokatu ezinik gelditzen dira adin jakin batetik aurrera. Izan ere, txikitan, neskak mutilen kontra aritzen dira, baina 11 edo 12 urterekin, gizonezkoek indar gehiago garatzen dute eta zaila izaten da lehiaketa mistoak egitea. Horregatik, neska askok kirola uzten dute.
Dena den, egun, kirolarekin jarraitzera bultzatzen dituzten hainbat erreferente dauzkate; hor daude, besteak beste, emakume profesionalen ligako pilotariak. “Afizioa, beraz, badago”, Bilbaok kontatu duenez, eta orain, gauza bakarra da herrian falta zaiena: “Neska gehiago animatzea”.
Aitziber Mendibil: «Frontoia bizirik dago eta palarekin eman nahi diogu jarraipena»
