☉ Zaratamo
Urmaela ipintzen ari dira Zaratamoko eskolan ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan
Lanak joan den urtarrilaren 25ean egin zituzten. Hala ere, xehetasun batzuk “perfilatu” behar direla azaldu digu Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak eskolara egindako bisita batean
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/zaratamo-urmaela-ur-jolasak-2024_web-9.jpg)
Aranzadi Elkarteko langileek, Zaratamoko eskolako guraso elkartearekin eta herritarrekin elkarlanean urmael bat ipintzen ari dira eskolako patioan, Ametsetako jolastokia proiektuaren barruan. Lanak joan den urtarrilaren 25ean egin zituzten, eta zuloa egin ostean hiru geruzez estali zuten hondoa: geo-zuntzaz, botilitoz eta geo-zuntza geruza berri batez.
Lan handia egin izan den arren, xehetasun batzuk perfilatu behar direla nabarmendu du Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak: “Zuloa egitean kendu zen area lursailean sakabanatu zen, urmaeleko perimetroan erabili beharrean. Horrela egin izan bagenu, altuera eta sakonera irabaziko genuke”. Asmoa, beraz, Udalaren laguntzaz urmael inguruko lurra altxatu eta putzuaren perimetroan botatzea da. Eraikitzen ari diren ur putzuaren geruza 37,57 metro karratukoa izango da eta 20 hesola, 40 langa eta ate batekin hesiko dute eremua, segurtasun neurriei jarraituz.
Urmaela itxi, ondoren, Urkizaren arabera ingurua atondu beharko litzateke. Urmaeleko proiektu hau EAEko hainbat eskoletan abiarazi dute, eta Elexaldekoa bukatuta Eskoletako Urmaelen Sarea izeneko proiektuan integratuko lukete, eskola inguruan urmaela edo putzua duten eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarean, alegia. Helburu nagusia eskola horien arteko lotura sustatzea eta esperientziak partekatzeko aukera ematea da
Plisti-plasta
Urmaelarekin batera urarekin zerikusia dituzten bestelako instalazioak ipini dituzte Zaratamoko eskolan: alde batetik ur jolasen eremua prestatu dute antzina gas biltegia zegoen lekuan eta bertan Robiniako zurezko jokoa hautatu dute: “Ur jolasak ipinita daude baina lehen momentutik hainbat arazotxo gertatu ziren eta proba fasean gaudela esan daiteke”, azaldu du Iñakik. Jolasei ura emateaz arduratzen den giltza hondatuta dago eta xehetasun batzuk hobetu behar dira, uraren xurgaketa prozesua, esaterako. Hasierako kontu horiek konponduta, ur jolasak erabiltzeko prest daude eta haurrek urte osoan zehar gozatu ahalko dituzte.
Patioko iturriari dagokionez, antzinako gas biltegiaren atzealdean zegoen, matxuratuta. Proiektu berriak patioaren sarrerara eraman du eta erabilgarri dago harrezkeroztik. “Proposamen honek harrera ona izan du ikasleen artean eta ur jolasekin denetarik dagoela esan daiteke: azken batean ura da eta urarekin jolasten duenak badaki nolako ondorioak egon daitezkeen”.
☉ Zaratamo
Hasi dituzte Zaratamo eta Arrigorriaga lotzen duen zubia argiztatzeko eta erdiko espazioa diseinatzeko lanak
Udala arkitektura enpresa batekin harremanetan ipini da proiektua martxan ipintzeko
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/zaratamo-moiordin-zubia-bi-625-errepidea-2024_web-4-1.jpg)
Arrigorriaga eta Zaratamo lotzen duen Moiordineko zubia berritu gura du Zaratamoko Udalak eta aurrekontu parte-hartzaileetan herritarren bozka gehien jaso zituen proiektua izan da. Udala arkitektura enpresa batekin harremanetan ipini da proiektua martxan ipintzeko. 30.000 euro bideratuko dituzte lan hauetarako.
Herritarrek emandako 114 botoetatik 70 proiektu honetara bideratu dituzte eta bertan argiztapen eta doitze-lanak egingo dituzte. Argiztatze lanen arrazoia bertan sor daitezkeen puntu beltzak saihestea da: “Momentura arte ez da inolako arazorik gertatu bertan, baina badaezpada egin beharreko lana da guretzat”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Udaletik azaldu dute espazio horrek ez daukala erabilera zehatzik eta diseinu berria egiteko lanetan hasi dira: “Oinarrizko proiektu bat enkargatu diogu enpresa bati ideia batzuekin”.
Jarduketa egiteko Zaratamo eta Arrigorriaga udalerriek elkarren artean adostu beharko dute proiektua eta gainera Foru Aldundiaren baimenak beharko dituzte. Gaur egun bai Zaratamo bai Arrigorriagako herritar ugarik erabiltzen dute Foru errepidearen alde batetik bestera joateko: lanera joateko, errekaduak egiteko, paseotxoetarako…
☉ Zaratamo
Bostak eta Laurenak talde zaratamarrak kontzertua eskainiko du ostiralean, Elexalden
Kontzertua abenduaren 27an eskainiko dute, Elexaldeko kultur etxean, 19:30ean
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/zaratamo-bostak-eta-lauren-2024_web.jpg)
Zaratamoko kultur jarduera guztien artean bihar hitzordu berezia antolatu du Udalak: Bostak eta Laurenak bandaren kontzertua.
Jose Garatek (“Foisis”), Oscar Andollok, Josu Zaratek, Joseba Ibarrak, Unai Break, Edurne Diez de Ultzurrunek eta Pablo Olabarrietak abenduaren 27an eskainiko dute emanaldia, Elexaldeko kultur etxean, 19:30ean.
Egunez egun programa osotua prestatu du Zaratamoko Udalak Elexalde eta Arkotxan. Umeentzako jarduerez gainera adin urte berriko kontzertua antolatu dute. Bertan, Zaratamoko Kantuzaleak, txistulariek, eta AkordeON!-ek hartuko dute parte.
Zaratamoko Gabonak | Egitaraua
Abenduak 27, ostirala
19:30 Bostal eta Laurenak, Elexaldeko kultur etxea
Abenduak 28, larunbata
11:30 Puzgarriak, Arkotxako frontoia
Abenduak 31, asteartea
11:30 Kanpai txikiak, Elexaldeko plaza
Urtarrilak 3, ostirala
19:00 Urte berriko kontzertua: Zaratamoko Kantuzaleak, AkordeON! taldea eta txistulariak, Elexaldeko eliza
Urtarrilak 4, larunbata
11:30 Puzgarriak, Elexaldeko frontoia
Urtarrilak 5, igandea
18:30 Erregeak eta txokolatada, Arkotxako eliza edo frontoia
☉ Zaratamo
Oier Elorz eta Etxeberria zaratamarrek Diario Vasco Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean
Bestalde, Jokin Manzano eta Arkaitz Martinez zaratamarrek Bizkaiko Frontenis Txapelketa irabazi dute joan den asteburuan
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/zaratamo-oier-elorz-pilotaria-diario-vasco-txapelketa-2024_web.jpg)
Larunbat honetan, abenduaren 28an, Diario Vasco txapelketako finalak jokatuko dituzte Zumarragako pilotalekuan. Kirolari guztien artean Upo Mendiko Oier Elorz pilotaria Etxeberriarekin batera iritsi da finalera, promesen mailan. Partidak 11:00etan hasiko dira.
Joan den asteburuan Bizkaiko frontenis txapelketako finalak jokatu ziren Bilboko La Esperanza pilotalekuan eta bertan Upo Mendiko pilota taldeko bikote bi lehiatu ziren: Izai Mardaras eta Ivan Hernandez alde batetik eta Jokin Manzano eta Arkaitz Martinez, bestetik.
Bigarren mailako seniorretan Zaratamoko bi bikoteak iritsi ziren finalera: “Urte askoren ondoren, aurten modalitate berri bat daukagu Zaratamon, eta oso maila altua erakutsi dute gure kirolariek”, azaldu du Mikel Gomezek Zaratamoko taldetik.
Alde batetik Izai Mardarasek eta Ivan Hernandezek jokatu zuten eta beste bikotea Jokin Manzanok eta Arkaitz Martinezek osatu zuten.
Azkenean Jokinek eta Arkaitzek irabazi zuten bi seteko aldearekin (8-13 / 9-8 / 10-4).
☉ Zaratamo
Zaratamoko alkate ohi bi absolbitu dituzte prebarikazio delitu batetik
Lau urteko iraupena izan duen ikerketaren ostean, Auzitegiak iragarri du delitu penalik ez dela egon eta ondorioz eta Roberto Ibarretxe eta Jon Ajuria alkateak zein Alvaro Cueto absolbitu ditu
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/zaratamo-herria-paisaia-udala-eliza-frontoia-panoramika-2024_web.jpg)
Kontratazio zatikatuak egin izanagatik prozesatutako Roberto Ibarretxe eta Jon Ajuria Zaratamoko alkate ohiak eta Alvaro Cueto udal abokatua absolbitu ditu Bizkaiko Auzitegiak.
Fiskaltzak eta instrukzio epaileak prebarikazio delitua egotzi zien bi alkate ohiei, baina Bizkaiko Auzitegiareken epaiaren arabera “ez da egiaztatu abokatuari mesede pertsonala egiteko plan orokor eta jarraitu bat egon zenik”.
Horrelaxe dio joan den urriaren 11n emandako behin betiko epaiak, ordutik hona inork ez baitu helegiterik aurkeztu.
Kasua garai hartako udal abokatuaren kontratazioan izandako “irregulartasunetan” oinarritzen zen, hamar urtetan zehar kontratuak zatikatu zizkiolako Udalak, 1.5 milioi euro baino gehiago batuz.
Salaketa aurkeztu duen idazkari ohiaren arabera, udal abokatuak 3.400 euro jasotzen zituen hilabetero (BEZa kanpo).
Idazkari ohiaren arabera, betiere, kontratazio horiek ilegalak ziren “lehiaketa publikorik gabe egin zirelako eta bederatzi urtez modu zatikatuan luzatu zirelako”.
Instrukzio epaileak Jon Ajuria alkate ohian zentratu zituen akusazioak (Gure Herria plataformaren eskutik lortu zuen alkatetza 2011n). Epaile horren arabera, urte hartan bertan kanpoko abokatuarekin kontratu berri bat sinatu zuen, aurrekoa iraungi gabe zegoelarik.
Epailearen arabera, “legea betetzeko itxura sortu zen, eta, horrela, guztietan emaitza bera lortzea: Cueto jauna kontratatzea, hilean 3.400 euro bideratuz bertara”.
Auzitegiak ezetz
Baina Bizkaiko Auzitegiak epailearen eta fiskaltzaren ondorio guztiak ezetsi ditu, “egitateak, zantzuak, balorazioak eta kontsiderazio juridikoak” nahasten dituela gaineratuz.
Hala ere, Bizkaiko Auzitegiak berak onartu du kontratazioan “irregulartasunak egon badaudela”, eta lan horiek burutzeko egokiena lanpostu bat sortzea litzatekeela.
Horiek horrela, Bizkaiko Auzitegiak kasu honetan salatzailea den udal idazkari ohiaren jarduna ere ezbaian jarri du, berari zegokiolako alkateei laguntza eta aholkularitza ematea.
Lau urteko iraupena izan duen ikerketaren ostean, beraz, hiru akusatuak absolbitu dituzte.
☉ Zaratamo
Mikel Urrutikoetxea pilotari zaratamarrak “pozik” berritu du kontratua Baikorekin
Zaratamoko aurrelaria Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/Zaratamo-mikel-urrutikoetxea-frontoia-2022_web-6.jpg)
Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea pilotariak beste urte batez berritu du kontratua Baiko enpresarekin eta honekin 16. urtea izango da profesional modura, 2009an debuta egin ostean.
Kontratua berritzeko iragarpeneko adierazpenen ostean, Baikoko aurrelariak “gustura sentitzen dela” azaldu dio GEURIAri, “erabakiarekin pozik”.
Urrutikoetxea Eskuz banakako eta Lau t’erdiko txapelduna izan zen 2015ean eta binakakoan 2016an, eta GEURIAk berarekin elkartzeko aukera izan zuen Zaratamoko pilotalekuan, 2022an.