Sareak

☉ Zaratamo

Eduardo Jiménez: “Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu”

Lan Arloko Epaitegiak langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du “enpresaren zigorra” izateagatik eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea

|

Ugaotik Zeberiora egindako martxa, 2021ean // Geuria

Iazko irailean, Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak ELA sindikatuan afiliatutako eta greban parte hartutako zortzi langile kaleratu zituen: “ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata”, azaldu dute sindikatutik.

GEURIAk enpresa eta langileen arteko gatazkaren jarraipena egin du arazoa azaleratu zen lehen momentutik eta Eduardo Jiménez langilearekin harremanetan izan da: “Erabaki honek bizitzen ari garen egoera azalerazi du berriro”, izan dira langilearen berbak.

“Langileon aurkako eraso indiskriminatua da honako hau: lehenik eta behin bake eta greba amaieraren hitzarmena sinatu genituen. Gero Aldi baterako lan erregulazioko espedientea ezarri ziguten eta EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen eta gero greban parte hartutako eta ELAn afiliatutako zortzi langile kaleratu zituzten modu automatikoan”.

Lehen langile kaleratuaren epaiketaren emaitza kaleratze nulo bezala kalifikatu zuen epaileak, eta enpresari 20.000 euroko kalte ordainak eskatu zizkion. Orain beste lankide baten epaiketa izan da, baina ez da azkena izango: “Maiatzean beste epaiketa bi ditugu eta ekainean beste bi”, esan du Jimenezek. “Azken bolada epaitegietan ematen ari gara”.

Vulcanizados Zuloaga enpresako sarrera, Zaratamon // Geuria

“Enpresaren jokabidea ez da batere ona. Egia esateko ez dakit zein helburu ezkutatzen duen baina epaileek arrazoia langileei ematen ari dira behin eta berriro. Grebarekin bat egin izanagatik eskubideak urratu direla ikusten ari gara. Atzo lan-arloko epaitegian izan ginen lehen kaleratuaren kautelazko epaia eskatzen, langilea urtarriletik kobratu gabe zegoelako”, kexatu da Jiménez.

Eduardo Jimenez: “Enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”

Sententziaren arabera, langilea lanean hasi eta soldata jasotzen hasi behar zen: “Epaileak enpresa zuzendaritzako abokatuari atentzioa eman zion, langilea oraindik ez duelako dirurik ikusi, baina hori ez da dena: enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du langilea etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”.

Vulcanizados Zuloagako langileak, grebaren 200. egunean, Zaratamoko lantegian // Geuria

Gainontzeko langileen inguruan galdetzean, Eduardok dio egoerak pertsona guztiei “laster edo berandu” eragingo diela: “Nire ustez Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu, greban parte hartzeagatik. Enpresako ordezkarien arabera langileak dira egoera honen errudunak, baina horrek ez du bat egiten epailearen erabakiarekin”. Eduardok langileen negoziatzeko borondatea gogorarazi du gatazkari irtenbidea emateko eta kaleratutako langileak berriro kontratatzeko: “Enpresaburuak ez ditu langile horiek berriro ikusi nahi. Horrela gaude”.

GEURIAn aipatu lez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean Vulcanizados Zuloaga planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, epaiaren arabera “ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela”. Ondorio modura, Lan arloko epaitegiak 25.000 euroko kalte ordaina ezarri dio Zaratamoko enpresari

☉ Zaratamo

Zaratamoko udal bulego berriek ateak zabaldu dituzte Arkotxan eta irailean hasiko dute zerbitzua

Udal bulego berriak aitzakia modura hartuta, Zaratamoko udal ordezkariek azken urteetan Arkotxan egindako inbertsioak ezagutzeko ibilbidea egin dute auzotik

|

Udal bulego berria eta Olaganeko oinezkoentzako pasabidea // Zaratamoko Udala

Zaratamoko Udalak bulego berriak inauguratu ditu Arkotxako 86. zenbakian administrazioko harrera zerbitzua, gizarte langilearen bulegoa, hezitzaile soziala eta bilerak egiteko gelekin. Bilerak egiteko gela anitzean, Pradera Hermanoseko enpresako beirate zaharra ere badago. Udalak 81.609 euro inbertitu ditu bulego berri hauen lanetarako.

“Irailetik aurrera hamabostean behin bertan egongo dira herritarrak eta eragile sozialak hartatzeko eta Egun zehatz batean goiz osoan egongo dira herritarrekin harreman zuzena izateko”, azaldu dute Zaratamoko Udaletik.

Inaugurazio egunean, ekainaren 19an, Arkotxan burutzen ari diren proiektuetatik ibilbidea egin zuten udal ordezkariek. Izan ere, Ibilbidea Osasun Kontsultategian hasi zuten. Bertan kokatuta egon dira orain bi urtera arte gizarte zerbitzuak osasun kontsultategiarekin batera eta udal ordezkariek nabarmendu dute zerbitzu biak bereizteko “ahalegin berezia” egin dutela.

Osakidetzak eskatuta, udalak Arkotxako eskola zaharren egoitza Osasun Kontsultategia izateko obrak hasi zituen 2020an eta horrekin batera egoera probestu zuen udal bulego berria egiteko Arkotxako 86 zenbakian. “Horrela eskola zaharretan osasun zerbitzuak egongo dira eta Arkotxa 86an zerbitzu sozialez gain, udalaren bulegoa, Arkotxako auzokideek udalarekin izan behar dituzten harreman guztiak auzoan bertan egin ahal izateko”.

Zaratamoko Udala: “Irailetik aurrera hamabostean behin bertan egongo dira herritarrak eta eragile sozialak hartatzeko eta Egun zehatz batean goiz osoan egongo dira herritarrekin harreman zuzena izateko”

Arkotxako kontsultategiko obrak martxan daude oraindik, GEURIAn duela egun batzuk iragarri lez, eta ondo bidean irailean inauguratuko dute. “Osasun kontsutategi eroso eta modernoa izango da, energetikoki efizientea. Uztailean hasiko dituzte azken faseko obrak: barruko kontsulten gelak, administrazioaren gela, almazena eta bilera gela. Urte amaierarako espero da obrak amaituta izatea”, azaldu dute udal ordezkariek. Guztira 351.044 euro bideratu dituzte proiektu honetara.

Kontsultategitik 2023an Olaganen inauguratutako pasabide berrira abiatu ziren. Udalak 220.792 euro bideratu ditu azpiegitura horretan: “Irisgarritasunean hobera egin badugu ere, badugu zer hobetu, batez ere, Santa Barbara auzoan. Eta auzotik Olaganerako pasabidera joateko dagoen irisgarritasun arazoari irtenbide arina eman behar zaiola ikusi dugu”, aitortu dute ordezkariek.

Olaganeko parkeko obrak bisitatu zituzten, bertan umeentzako parkea eraikiko dutelako. Tartean San Vicente Iragorri elizatik igaro dira. Udalak 32.993 euro bideratu ditu tenpluko Energia sistema aldatzeko: “Lehen gasoila erabiltzen zen eta orain gas naturala”. Elektrizitate sistema zaharkitua zegoen eta berriztu dute eta bestalde, eliza barruko zorua konpondu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxa auzoko udal bulegoa inauguratuko dute asteazkenan

Inaugurazio egunean ibilbide bat antolatu du Udalak Arkotxan martxan dauden proiektuak bisitatuz: Olaganeko pasabidea, irailean inaugururatuko dute kontsultorio berria eta eliza

|

Olaganeko pasabidea, iaz // Geuria

Ekainaren 19an Arkotxako udal bulegoa inauguratuko dute. 11:00etan ibilbide txiki bat antolatu du Zaratamoko Udalak bertan burutzen ari diren proiektuak bisitatuz: datorren irailean amaituko duten kontsultorioaren lanak, joan den urrian bukatutako Olaganeko pasabidea, eliza…

12:00etan Udal bulegoaren inaugurazio ekitaldiari hasiera emango diote eta luntx bat prestatu dute bertan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Maria Guemes zaratamarra Euskadiko Irristaketa Txapelketan txapeldunorde izan da

Mariaren hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, laukoteetan

|

Joan den ekainaren 1ean eta 2an Euskadiko Irristaketa Txapelketa antolatu zuten Bilboko La Casilla kirol pabilioian, eta Maria Guemes (Zaratamo, 2006) txapeldunordea izan da emakumezkoen Junior kategorian. Denbora gutxi falta izan zaio Zaratamokoari txapelduna izateko (eta beraz, Zaragozan antolatutako Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera galdu du), baina Guemes, hala ere, poz pozik dago lortutako emaitzarekin. Garailea Leire Calvo izan da, Mariaren laguna eta irristaketa klubeko kidea gainera. Izan ere, harreman oso ona dute neska biek klubean eta baita klubetik kanpo.

Euskadiko txapelketa egiten dutenean kirol proba bi antolatu ohi dituzte: programa laburra (larunbatekoa) eta luzea (igandekoa). Larunbateko sailkapenean lehen postua eskuratu zuen Mariak eta puntu bateko tartea zeukan bigarren postuarekin. Baina igandeko proban aurkariak aurrea hartu eta, kontaketa orokorraren ostean, Maria bigarren izan zen.

Mariaren amak alabaren lehen urteak ekarri ditu gogora: “Arkotxan jarduera gutxi daude egiteko baina gaur egun klubeko entrenatzailea den Irune Monje Arrigorriagako irristalariak lehiaketa alde batera utzi eta haurrak entrenatzen hasi zen Zaratamoko auzoan”, azaldu du Laura Pajares Mariaren amak. Klase horiek emateko, lagun batek Arkotxa gomendatu zion eta Irunek eskaera egin zion Zaratamoko Udalari Hiru Aldapa izeneko patinaje kluba sortu eta Arkotxako frontoia entrenamenduetarako erabiltzeko.

Laura Pajares: “Denbora gutxi falta izan zaio Mariari Euskadiko txapelduna izateko”

Maria 8 urterekin hasi zen irristaketan Arkotxako frontoian eta Irune izan zen bere entrenatzailea. “Urteek aurrera egin ahala umeak, bakoitza bere konpromisoak zirela eta, alde egiten hasi ziren eta Arkotxako taldea 10 haurrekin lotu zen”, azaldu dio amak GEURIAri. Hori dela eta, entrenatzaileak Irrisbizi Bilbao izeneko irristaketa eskola zabaldu zuen Bilbon eta Maria Zaratamotik bertara joaten mantentzen den ikasle bakarra da gaur egun.

Ama eta alaba, Euskadiko txapelketa amaitutakoan // Utzitakoa

Zaratamotik kanpo

Urtean zehar Estatuko hainbat hiri bisitatzen ditu Mariak, txapelketaz txapelketa: Madril, Zaragoza, Valentzia, Murtzia… “Ikasketetan denbora emateaz gainera irristaketak leku askotara eramaten ditu eskolako haurrak”, dio Laurak. “Euskadiko Txapelketara heldu ahal izateko ordu mordoa eman dituzte patinak jantzita!”.

Aurten Espainiako txapelketak ihes egin badio ere, irristalariak jo eta su jarraituko du entrenatzen eta hurrengo urtean berriro saiatuko da garaipena lortzeko. Momentuz, hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, baina oraingo honetan txapelketa ez da banakakoa izango, launaka baizik: “Taldean Maria eta Leire ageri dira, beste bi lagunekin batera, beraz, ezagunak denak”, azaldu du Laurak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa irabazi du 23 urtetik beherakoetan

Zaratamarraren hurrengo helburua Cadiz da, bertan jokatuko baitu Espainiako Txapelketa

|

Mikel Atxa, Gipuzkoan egindako Euskadiko Txapelketan // Utzitakoa

Mikel Atxak (Zaratamo, 2003) joan den ekainaren 8an Pasaian (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du Sub23 kategorian: “Poz-pozik nago joan den asteburuan Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazteagatik”, azaldu du Zaratamokoak.

Arrantza gunea Pasaiatik Turulla lurmuturrerainokoa izan zen, Jaizkibeletik igaroz. Guztira 14 lehiakidek hartu zuten parte txapelketan 09:00etatik 12:00ak arte. “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”, azaldu dio GEURIAri Zaratamokoak.

Mikelek aitortu du lehiaketa honetan parte hartu baino lehen “urduri” zegoela: “Aurreko aste ia osoa lo egin barik igaro nuen”. Kirol probaren hasieratik ondo ikusi zuen bere burua eta amaierarako bazekien irabazteko aukera handia zuela: “Lehiaketako lehen orduan arrain ugari arrantzatu nituen: lau korrokoi, alpaka bi, muturdun muxar handi bat, muxar handi arrunt bat, … gero arrantzaleak bertatik igaro eta han zeuden arrainak uxatu zituzten”, izan dira Atxaren berbak. “Harrapatu beharreko korrokoien kopurua lortu nuen”.

Mikel Atxa: “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”

Portura heltzean arrainen pisatze lanak egin zituzten eta Atxa Txapelketako irabazle izendatu zuten: “Eta ez hori bakarrik, zozketa bat egin zuten ekitaldiaren amaieran eta fusil bat tokatu zitzaidan!”, azaldu du poz-pozik.

Mikel Atxa, txapelketaren amaieran // Utzitakoa

Hurrengo helmuga: Cadiz

Hurrengo helmuga udan jokatuko den Espainiako Txapelketa da Mikelentzat. Hitzordua Cadizen izango da, uztailaren 6an eta GEURIAri azaldu lez, gazteak bertan “ezer lortzeko” aukera izango duela uste du.

Mikel Atxak, urpeko arrantzaz gainera mendiko motorrak gustuko ditu eta horen haritik elkarrizketa egin genion GEURIAn, iazko irailean.

Mikel Atxa, motorrarekin, Zaratamon // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

42 txakurrek eta jabek parte hartuko dute Zaratamoko bigarren ODU txapelketan

Ekainaren 15ean antolatu dute ODU txapelketa Zaratamoko Gurutzaldeko futbol zelai ohian. Euskal Herriko eta Estatu mailako jende asko hurbilduko da herrira

|

ODU txapelketa, iaz // Geuria

Ekainaren 15ean bigarren ODU Txapelketa antolatu du 100% Orekan Txakur Elkarteak Zaratamoko Gurutzalde futbol zelai ohian. Aurten 42 binomiok (txakur eta jabe) hartuko dute kirol proban eta gai nagusi bat ezarri dute: “Etorri gure zirkura”.

“Gure bigarren txapelketa izango da ekainaren 15ekoa”, azaldu dute 100% Orekan Txakur Elkartetik. “Zaratamoko klubetik 5 bikotek parte hartuko dute. Euskal Herriko eta Estatu mailako leku askotatako parte-hartzaileak hurbilduko dira Zaratamora: Arabatik, Nafarroatik Gipuzkoatik, Alikantetik, Guadalajaratik, Katalunatik, Valladolidetik, Madridetik, Salamankatik… Egun osoa iraungo du txapelketak”. Jardueraren bukaeran, 18:00ak aldera, Anne Etchegoyen eta laguna batzuk etorriko dira iparraldetik.

Lehiaketako aurkezlea Simón García Consuegra izango da eta lehiaketaz gainera txosna, bokatak eta zozketa bat egingo dute ekitaldian, Guraso Elkartearen laguntzarekin.

Zaratamoko ODU Txapelketa, iaz // Geuria

Osorik irakurri