Sareak

☉ Zaratamo

Vulcanizados Zuloaga: «Grebalariok batera mantendu gara, gure eskakizunak duinak eta justuak zirela sinetsi dugulako»

“Egunero-egunero bildu gara lantegiaren parean; hotzez egon gara, beroa pasatu dugu, eta askotan, sententziak betetzen ez zirela ikustean, inpotentzia izugarria sentitu dugu”

|

Vulcanizados Zuloagako langileak, grebaren 200. egunean // Geuria

617 egun greban mantentzea ez da erraza izan langileentzako. “Egunero-egunero bildu gara lantegiaren parean; hotzez egon gara, beroa pasatu dugu, eta askotan, sententziak betetzen ez zirela ikustean, inpotentzia izugarria sentitu dugu”, azaldu digu Eduardo Giménez Vulcanizados Zuloagako grebalariak. Edo hobeto esanda, grebalari ohiak. Izan ere, 2021eko ekainaren 28an hasitako lanuzte mugagabea gaur (martxoak 10) utzi dute bertan behera kautxo eta metalaren enpresako langileek, asteazkenean zuzendaritzarekin akordioa erdietsi ondoren.

“Atzera begiratuz gero, bai, oso gogorra izan da”, dio Giménezek. “Baina grebalariok batera mantendu gara, gure eskakizunak duinak eta justuak zirela sinetsi dugulako”. Eta horrela lortu dute Zaratamoko lantegiaren parean batzen ziren 25 langileek urte eta bederatzi hilabeteko borroka aurrera ateratzea, epaitegietan egindako lanarekin eta erresistentzia kutxarekin. “Hori gabe ezin izango genuke aurrera egin, soldata hain baxuekin ezinezkoa baita lanuzteekin jarraitzea”.

Orain arte, Zuloagako langileek 1.000 euroren bueltako soldatak jaso izan dituzte, eta hasierako eskaeretako bat izan da zenbateko hori bizitzaren garestitzearen arabera egokitzea. Horrela, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, sinatu duten akordioarekin, langileek % 17ko igoera izango dute hemendik aurrera, Estatuko Kimikako hitzarmenarekin alderatuta. Dena den, Giménezek gogoratu duenez, Bizkaian eta EAEn dauden batez besteko soldaten “oso azpitik” egongo direnez, negoziazioekin jarraituko dute egoera hobetzeko.

“Honakoa oso pauso garrantzitsua izan da”, azaldu digu grebalari ohiak. “Baina lehenengo pausoa besterik ez da izan”. Sinatu berri duten akordioak 2024ko abenduaren 31ra arteko iraunaldia izango du, eta 2025etik aurrera ere, enpresaren barruan negoziatzen jarraitzeko aukera “bermatuta” daukatela ziurtatu dute langileek eta sindikatuak. “Enpresaren barruan negoziazio kolektiboa lortzea garaipena izan da, baina akordioetara iritsi gaitezkeela ikusita, iraunaldiaren ondoren ere aurrera jarraituko dugu”.

Hobekuntza nabarmenak

Soldaten igoeraz gain, oraingoan, asteburuetako lanak arautzea eta konpentsatzea lortu dute langileek, eta baita gaueko lanaren plusak % 20 handitzea ere. Halaber, hemendik aurrera “debekatuta” egongo da orain arte “ohiko dinamika” zen bezala jaiegunetan lan egiteko aukera.

Gainera, lan baldintzei dagokionez, langileek erraztasunak izango dituzte gaixotasunen kasuan baja hartzeko: “Orain arte, enpresak ez zigun lehen hiru egunetan ezer ematen, baina akordioarekin, % 75eko ordainsaria izango dugu”. Bestalde, osasun segurtasunari lotutako hainbat neurri ere jarriko dituzte martxan, egungo baldintzen ikerketa egingo baitute lantegian, “toxikotasun eta arriskugarritasun azterketak egiteko”, Giménezek azaldu digunez.

Gainontzekoen eredu

Novaltiarekin batera, Bizkaiko metal industrian greba luzeenetarikoa izan da Vulcanizados Zuloagakoa. Eta langileek azaldu dutenez, haientzako hobekuntzak lortzeaz aparte, gainontzekoentzako eredu gisa funtzionatuko duen borroka ere izan da. “Guk egindako lanak barne eta kanpo eskirolajea ikusarazteko balio izan du, erakusteko greba egiten ez duetenei pizgarriak nola ordaintzen dizkieten lanuzteak bertan bera uzteko”, azaldu du Giménezek. Vulcanizados Zuloagako borrokaren hondarrak, beraz, hor iraungo du: “Atzetik datozen langileek erabili dezaten”.

☉ Zaratamo

Egunero Abenduaren 3an bizi nahi dutela aldarrikatuko dute Zaratamon

Egun osoan zehar izango dituzte ekintzak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

|

Abenduaren 3a egunero bizi nahi dutela aldarrikatuko dute Zaratamon

Euskararen Nazioarteko Eguna ekitaldiz beteta dator Zaratamora, baina baita aldarrikapen argi batekin ere: Abenduaren 3a egunero bizi nahi dutela herrian.

Hori horrela, hainbat ekintza prestatu dituzte goizean goizetik. 11:00etan kartel erraldoia osatuko dute, eta horrretarako herriko txiki eta ez hain txikiak parte hartzera gonbidatzen dituzte.

Ordu bete geroago, 12:00etan, talde argazkiaren txanda izango da. 12:30ean munduan zehar bidaiatzeko momentua helduko da, Onintze Gotiz ipuin kontalariak “Munduko ipuinak” ikuskizuna eskainiko baitu.

Goiz osoan zehar txistulariak egongo dira eguna musikaz blaitzen.

Arratsalderako indarrak gorde beharko dituzte zaratamaztarrek, 18:00etan dantzaldiaren txanda helduko baita, Sabin Bikandik gidatuta.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Euskal Baliabideen txokoa sortu dute Zaratamoko familientzat

Gaur arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara eskola zaharrean

|

Hurbiltzen denak euskarazko ipuinak, mahai-jolasak etabar ezagutzeko aukera izango du / Geuria

Askotan buru haustea izaten da seme-alabak dituzte familientzat euskal produktuak aurkitzea, izan jostailuak, gailu elektronikoak edo dena delakoak.

Bide hori erraztu nahian Besopean Guraso Elkarteak Euskal Baliabideen Txokoa sortu du. Gaur arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara eskola zaharrera hurbiltzen denak euskarazko ipuinak, mahai-jolasak, liburuak, musika, pelikulak eta Ap-ak ezagutzeko aukera izango du.

Ez hori bakarrik, Olentzero eta Mari Domingiri gutuna idazteko irizpideak ere emango zaizkie gurasoei.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ibilgailu elektriko berria izango dute Zaratamon

|

Herritarren joan etorriak errazteko erabiliko dute ibilgailu berria // Michael Marais, Unsplash

Zaratamo bezalako herri batean mugikortasunak berebiziko garrantzia dauka. Gune eta auzo ezberdinetan dago antolatuta herria, eta udalaren kezka eta ardura da sortu daitezkeen mugikortasun arazoei irtenbidea ematea.

Hori dela eta, udalak erabilgarri dituen ibilgailuetako bat herritarrak garraiatzeko erabiltzen du,  joan etorriak errazteko edo urtean zehar egiten diren ekitaldi eta ekintzetara hurbiltzeko, hala-nola pertsona edadetuekin astelehenetan egiten dituzten ibilbide osasungarriak.

Oraingoan, baina, mugikortasunari jasangarritasuna ere gehitu dio Zaratamoko Udalak, eta bigarren eskuko ibilgailu elektrikoa erosi du. Datorren astetik aurrera egongo da erabilgarri, eta 14.752€ + 3.097€ BEZe-ko aurrekontu izan du.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Herritarren parte-hartzean oinarrituta landu nahi du Zaratamoko Udalak 2024ko aurrekontua

Herritarrek azaroaren 24a arte egin ahalko dituzte euren ekarpenak, eta epea bukatuta, bai udal ordezkariek eta bai teknikariek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte

|

Aurreko urteetan bezala, udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du / Geuria

Herritarren parte hartzean hezurmamitu nahi du Zaratamo Udalak 2024ko aurrekontuen lanketa, eta horretarako bilerak egingo dituzte datorren astelehenetik aurrera:

Azaroak 20,astelehena, Arkotxan udal txokoan, 19:00etan.

​Azaroak 22, asteazkena, Elexalde, kultur etxean, 19:00etan.

Azaroak 23, osteguna, Moiordin, Liburutegian. 19:00etan.

Ez da parte hartzeko aukera bakarra izango, ordea: proposamenak telematikoki egiteko aukera ere egongo da,eta postontziak jarriko dira udal eraikinetan.

Herritarrek azaroaren 24a arte egin ahalko dituzte euren ekarpenak, eta epea bukatuta, bai udal ordezkariek eta bai teknikariek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte. Udaleko arduradunek azpimarratu dutenez ” udaleko diru publikoa eta interes orokorra uztartu nahi dugu, udalaren eta herritarren artean elkarlan parte-hartze kultura indartuz”. Eragile eta pertsona bakoitzaren interesen ikuspegi zehatzetik “komunitate ikuspegi” batera salto egin nahi dute. Hori horrela, udal aurrekontuaren gastu ez finkoen zati bat non eta zertan erabili erabakiko dute zaratamarrek.

Udaletik jakinarazi duten lez, “2024ko aurrekontuetan diru sarrera handiagoak izango ditugu eta %1,08 gehiago izango dugu erabiltzeko”. Halan eta guztiz ere, ez da dena ezti eta apar, gastu finkoen eta zerbitzuen (mankomunitatea, zabor bilketa, egoitzen garbiketa, zerbitzu sozialak) kostua handiagoa izango denez, eta tasa eta zergak mantenduko dituzten lez, inbertsioetarako gaitasuna mugatua izango baita.

Proposamen batek onartua izateko zer baldintza behar ditu?

  • Proposamena Udalaren eskumena izan behar da.
  • Teknika eta ekonomia aldetik bidegarria izan behar da.
  • Zehatza eta zenbatzeko modukoa izan behar da (orokorregiak ez dira onartuko).
  • Udalaren interes publikokoa izan behar da eta, beraz, ez du interes partikularrentzat ez pribaturentzat bideratua egon behar.
  • Legezkoa izan behar da eta ez du eduki iraingarririk edo diskriminatzailerik izan behar.
  • Diru-sarrera publikoei buruzko proposamenak ez dira onartuko.

 

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ur jokoak, iturria eta urmaela ipiniko dituzte Zaratamoko Ametsetako Jolastokian

Ur putzuaren geruza 37,57 metro karratukoa izango da eta 20 hesola, 40 langa eta ate batekin hesiko dute eremua

|

Zaratamako eskolako patioa // Geuria

Zaratamoko eskolako Ametsetako Jolastokia itxura hartzen ari da. Auzolanak eta guraso elkartearen ahaleginak fruituak ematen ari da astiro-astiro. Joan den ekainean GEURIAn aurreratu bezala, Ametsetako Jolastokian urmael bat sortzeko aukera aztertzen ari ziren, eta joan den urriaren amaieran Zaratamoko udal ordezkariek aurreratu bezala, jolastokiak, urmael bat ez ezik, ur jokoak eta iturri propioa ere izango ditu, proiektuaren hirugarren fasea esleitu ostean. “Fase berri baten atarian gaude”, azaldu digu Alberto Ugarriza alkateak: “Geroago etorriko dira ortuak eta bestelako proiektuak”.

Zaratamoko eskolako guraso elkartekoak 2021ean ohartu ziren zentroa naturaz inguratuta bazegoen ere, haurrek porlanezko jolastoki batean ematen zituztela ordu libreak, eta esku hartze guztien artean urmael bat ipintzeko ideia proposatu zuen Aranzadi elkarteak. Berez, proiektu hau EAEko hainbat eskoletan abiarazi dute, eta Elexaldekoa bukatuta Eskoletako Urmaelen Sarea izeneko proiektuan integratuko lukete.

Ura, jolastokian

Hiru jarduketa egingo dituzte: ur jolasak, iturria eta urmael edo putzu baten sorrera. Ur jolasak antzina gas biltegia zegoen lekuan ipiniko dituzte eta Zaratamoko Udalak hainbat aukera posible ikertu ostean, Robiniako zurezko jokoa hautatu dute. Jokoak oinarri karratuko dorre bat izango du, sartzeko eskailera eta guzti.

Urezko kiribilak, Y grekoaren formako altzairu herdoilgaitzezko kanalak, pilatxo karratu batek eta altzairu herdoilgaitzezko ur-errotak osatuko dituzte jokoak: “Zaratamoko Eskolan dauden haur guztientzako jolasa iruditzen zaigu”, azaldu dute Udaletik. Proiektuaren memoriaren arabera, joko hauek 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta daude. “Babesgune osoa hondarrez beteta egongo da, eta, beraz, gure ustez, harearekin eta urarekin jolasteko gune ezin hobea izango da”.

Gas biltegia, 2021ean // Geuria

Iturriari dagokionez, antzinakoa gas biltegiaren atzealdean zegoen, matxuratuta. Proiektu berriak patioaren sarrerara eramango du. Iturri berria instalatzeko, ur-hornidurako sare bat eraman beharko da iturri zaharretik. Azken honetatik ur-jarioa ere konektatuko du, eta konexio berri bat ezarriko dute iturritik euri-uren kutxatila batera.

Urmaela eraikitzeko lekurik egokiena ur jolasen gunearen aurrean dagoen berdegunea da. Izan ere, oso leku hezea da, eta lokatza dela-eta haurrek ezin zuten lehen bertan jolastu. Gainera, zuhaitz-landaketa bat egin da bertan , eta zuhaitz horien presentzia eta sortzen duten itzala biodibertsitatearen onerako izango dira, eta biodibertsitate hori urmaeletik aberastuko dela azaldu dute udal ordezkariek. Ur putzuaren geruza 37,57 metro karratukoa izango da eta 20 hesola, 40 langa eta ate batekin hesiko dute eremua, segurtasun neurriei jarraituz.

Fase berri hau burutzeko hiru hilabeteko epea du Udalak eta 69.620 euro bideratuko dituzte uraren jarduketa honetara. “Zaratamo Eskolako jolastokian eraldaketa bat ematen ari gara, alde batetik eskola komunitatearentzat, eta beste alde batetik, eskolatik kanpo herritarrok ere erabiltzeko”, azaldu zuten eskolako ordezkariek proiektuaren hasieran.

Osorik irakurri