→Zaratamo

Greba utzi eta lanera bueltatu diren langileei plusak ordaintzeagatik epaitu dute Vulcanizados Zuloaga

Ostegun honetan, greba egin ez eta lanean aritu diren enplegatuei plusak ordaintzeagatik eraman dute gaia Justiziaren aurrera, ELA sindikatuak jarritako salaketa medio

Langileak Galdakaoko jaietan egindako elkarretaratzean // Geuria

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak beste behin epaitu du Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresa langileen greba eskubidearen aurka egiteagatik. Ostegun honetan, greba egin ez eta lanean aritu diren enplegatuei plusak ordaintzeagatik eraman dute gaia Justiziaren aurrera, ELA sindikatuak jarritako salaketa medio.

Epaiketak hilabete inguru iraun dezakeela aurreikusten dute langileek. Eta prozesua martxan jarri den bitartean, urriaren 17an enpresako abokatuarekin deituta zuten bilera atzera bota dute. ELAk esan bezala, negoziazioek “seriotasun handiagoa” behar dutela iritzi diote; izan ere, maiatzean epaitegiak langileak ordezkatzeagatik kondenatu zuen enpresa, baina sententziari entzungor egin eta orain arte jarraitu du greba eskubidea errespetatu gabe.

Ekainean, grebalariek Lan Ikuskaritzan salatu zuten langile batzuk enpresan egon zirela lan karga aurrera ateratzen. Eta orduan erantzunik jaso ez bazuten ere, ikuskatzaileak bi aldeekin bilerak deitu ditu hile honetarako. Aste honetan enpresarekin bildu da; eta grebalariekin batuko da azaroaren 8an, egoera zein den aztertzeko.

Bilerak, gutxinaka

Pasa den hilabetean langileek GEURIAri azaldu zioten bezala, arazoa judizializatzea azken aukera zen haientzat: epaitegietako epe luzeak medio, izapideak atzeratzea baino ez baitzuen ekarriko bide hori jarraitzeak. Epaiketak gorabehera, baina, negoziazioak mantendu egingo dituzte, prozesuak geldoa dirudien arren.

Asteotan, grebalariak enpresako abokatuarekin bakarka bildu dira, langileek aitortu dutenez, enpresaren buruak ez baitira agertu. Horrek arazoa konpontzeko duten konpromesu falta agerian uzten duela salatu dute eta langileek lan hitzarmenean proposatutako aldaketa asko onartzeko ez daudela prest.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak