→Zaratamo

Vulcanizados Zuloagari 65.000 euroko isuna ezarri diote, greba egin ez dutenei pizgarriak emateagatik

Enpresak greba eskubidea urratzen duen bigarren aldia da. Oraingoan, 500 euroko gehigarria ordaindu diete uztailean lanuzteekin bat egin ez duten langileei

Vulcanizados Zuloagako langileak Bilboko greban // ELA

Bilboko Lan Arloko 10. zenbakiko epaitegiak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresa zigortu du, beste behin, langileen grebarako eskubidea urratu duela ebatzita. Enpresak 500 euroko gehigarria ordaindu die uztailean lanuzteekin bat egin ez duten langileei, eta ondorioz, Justiziak 65.000 euroko kalte ordaina ematera behartu du.

Gaia grebalariek udan zehar egindako salaketen harira sortu da, eta ELA sindikatuak eraman du epaitegietara, urriaren 20an. Hasieran ebazpena hilabetez luzatu zitekeela uste arren, langileek aurreko ostiralean jaso dute erabakia, eta hain zuzen, ekainean salatutakoa baieztatu die sententziak: enpresak “erabaki instrusiboa” hartu duela greba geldiarazteko asmoz.

Batetik, lanean zeudenei plusak eman dizkietela ebatzi du txostenak, eta enpresak zenbateko gehigarri hori presio gisa baliatu duela enplegatuak “grebara batu ez zitezen”. Horretaz gain, pizgarri ekonomikoa lanuztea errespetatu dutenei deia egiteko ere baliatu dutela dio ebazpenak, hauek greba uztera behartzeko amutzat baliatu baitituzte 500 euroko plusak.

Gauzak horrela, Vulcanizados Zuloaga bigarren aldiz zigortu dute “grebarako eskubidea urratzeagatik”. Lehen aldiz, maiatzean kondenatu zuten kautxo eta metal lantegiaren jabea, lanuztea egin zuten langileak ordezkatzeagatik, eta 56.000 euroko kalte ordaina ematera behartu zuten.

Azken erabakiarekin batera, 120.000 eurotik gora ordaindu beharko lieke enpresak grebalariei. Halere, maiatzeko prozedura geldi dago epaitegian, bai zuzendaritzak, bai langileek helegitea jarri diotelako. Lantegiko zuzendaritzak enplegatuen nominak aurkeztu zituen epaiari ezarritako bere errekurtsoa argudiatzeko, baina langileek esan zuten nomina horiek faltsututa zeudela, eta kontra-helegite bat aurkeztu zuten.

Astearteko bilera

Prozedura judizial horiek aurrera egin artean, langileak eta enpresak beste bilera bat izango dute Lan Ikuskaritzan, azaroaren 8an. Grebalariek, izan ere, ikuskatzailearekin harremanetan egon dira azken asteotan, ekainean jarritako salaketa baten harira: udan zehar, hainbat langile haiek aurrera eraman ez duten lana egiten ibili direla eraman dute mahai gainera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak