Saioak ordubete inguru iraungo du eta bertaratzen direnek gakoak eta emaitza onak lortzeko irtenbide eraginkorrenak jasoko dituzte. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar du interesatuak.
Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek autokonpostajeari buruzko tailerra antolatu du Zaratamon. Hitzordua urtarrilaren 27an, asteazkenez, izango da 19:00etan Elexaldeko Kultur Etxean. Saioak ordubete inguru iraungo du, eta bertaratzen direnek ingurumen teknikari espezialista baten azalpen zehatzak jaso ahal izango dituzte: gakoak eta emaitza ona lortzeko irtenbide eraginkorrenak erakutsiko dizkie. Partaideek autokonpostatzeko kit-a jasoko dute doan: konpost-ontzia, aireztagailua eta gidaliburua.
Tailerra eskualdeko hondakinetako frakzio organikoaren gaikako bilketa areagotzeko martxan dagoen kanpainaren parte da. Autokonpostajea aukera gomendagarria da ortua edo lorategia duten etxebizitzentzat: udalerriko hondakinen sorrera nabarmen gutxitzen lagunduko dute eta, aldi berean, lursaila hobetuko duen ongarria edo konposta sortzen dute.
Izena emateko eta tailerretan parte hartzea baieztatzeko bideak hauek dira: webgunea: www.ut21.org; 2) e-maila: konposta@ut21.org; 3) telefonoa: 94 621 54 72.
