→Zeberio

15 minutuko euskarazko elkarrizketak egiteko lantaldea osatzen ari dira Zeberion

Charles Deluvio / Unsplash

Covid-19aren eraginez, hezkuntza zentroak itxita daudenez, euskara etxean ez dutenek nekez helduko diote hezkuntzan darabilten hizkuntza nagusiari. Horri aurre egiteko asmoz, euskarazko elkarrizketak egiteko boluntarioen bila ari dira eta Udalaren komunikazioen bidez bideratuko dute. Honakoak dira ekimenean parte hartzeko bideak: udaletxera deitu (946481079), WhatsApp zerbitzura idatzi (689947799) edo e-posta helbidera udala.zeberio@bizkaia.org

“Berrogeialdi honek gure egunerokotasunean inpaktu handia izan du, eta ondorioz, baita euskararen erabileran ere. Jakin badakigu gure herria anitza dela, eta bizi dugun egoera honi aurre egiteko, auzotarren arteko hartu-emanak estutzeko bide polita izan daitekeela uste dugu”, diote antolatzaileek. “Eskolen eta euskara klaseen etenaldia edo geldotzea ekarri digu itxialdiak. Horregatik, euskarari hegoak eman eta ikasturtean zehar lortutakoa ez galtzeko, boluntarioak behar ditugu, ingurune euskaldunik ez dutenekin euskarazko elkarrizketak antolatzeko. Gainera, bide batez, auzotarren arteko loturak estutzeko balioko du”.

Hamabost minutuko elkarrizketak euskaraz egitea da ekimenaren helburua, astean bizpahiru egunetan. Horrela, Covid-19aren ondorioz euskara komunikatzeko hizkuntza gisa erabili ezin duenak, aukera izango du ikasitakoa ez galtzeko eta hizkuntzari heltzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak