→Hego Uribe

Bingen Larizgoitia (Gorbeialdea): “Landa-eremuko herritarrak bigarren mailakoak ez izatea gura dugu”

Gorbeialdearen ardura da landa-eremuetako herritarrek oinarrizko zerbitzuak izatea eta ekonomikoa sustatzea.

Bingen Larizgoitia / Geuria

Gorbeialdea elkarteak hogeita hamar urte daramatza landa-eremuko herritarrei laguntzen, bertako bizi-kalitatea babestuz. Herri hauen artean dago Zeberio. Bingen Larizgoitia (Zollo, 1969) da erakundearen arduraduna. Gorbeialdeak hainbat ekimen eramaten ditu aurrera Zeberion, elkarren artean oso ezberdinak, baina haien xede nagusia beti bera izanik: bizi-kalitatea hobetzea. Nabaria da erakundearen eragina zeberioarrengan, honen adibide dira Taberna Zaharreko Mihaela Vatamanuren hitzak: “Niretzat sostengu bat izan da Gorbeialdea”.

Landa-ingurunea defendatzen duzue. Zer ekarpen egiten dizkio honek gizarteari? Pertsona oro dator landa-eremutik, antzina mundu osoa horrelakoa baitzen. Landa-ingurunean dauden herriek hau mantentzen dute, bere oinarrian zer dagoen erakusten dio gizarteari. Gainera, oreka dakar berarekin. Ezin da pentsatu herrialde batean non dena hiriak diren. Hau da benetakoa, natura den bezalakoa da. Hortaz, guztiz beharrezkoak da. Hori dela-eta, gure helburua hau indartzea da eta landa-eremuko biztanleak bigarren mailako herritarrak ez izatea. Baloratuak sentitu daitezen eta desberdintasun nabarienak, zerbitzuei dagokienez, murriztu eta ahal den heinean ezabatu daitezen.

Zer helburu ditu Gorbeialdeak? Bi helburu nagusi ditugu gure elkartean: zerbitzuak eta bizi-kalitatea babestea eta landa-eremuetan aktibitate ekonomikoa sustatzea. Zerbitzuez eta bizi-kalitateaz mintzo garenean kulturaz, osasunaz, hezkuntzaz eta gizarte-zerbitzuez ari gara. Guk lan egiten dugu hauek landa-herrietan bermaturik egon daitezen. Hiriguneetan zerbitzu hauek bermaturik daude gehienetan, baina landa guneetan batzuetan gabeziak egon daitezke, eta funtsezko gauzak dira. Aktibitate ekonomikoa sustatuz lortu nahi duguna da Zeberio bezalako herriak lo egiteko bizilekuak soilik ez izatea. Bizitza duten herriak izan behar dira landa-eremukoak, haien ekonomia lokalarekin eta oinarrizko zerbitzuekin.

Aktibitate ekonomikoaren sustapena egiteko Gorbeialdeatik hiru oinarri jarraitzen ditugu: aktibitate tradizionala mantentzea, turismo zerbitzuak bultzatzea eta beste motatako lanak indartzea, hala nola, tabernak edo arkitekto batentzako estudio bat. Landa herri bat ez da ezer lehenengo sektorerik gabe; hortaz, ahalegina egin behar dugu gizarte bezala hau ez galtzeko, herriek haien nortasuna ez galtzeko. Hala ere, beste jarduera ekonomikoak bultzatu behar dira; turismoa esaterako. Turismora bideratutako ekimenak ez dira egiten herrika, eskualdeka baizik.

Bingen eta Mihaela Taberna Zaharrean / Geuria

Nola burutzen dituzue zuen helburuak? Helburuak lortzeko ekimen ezberdinak garatzen ditugu Gorbeialdean. Landa-eremuetako herritarrak zein enpresak edo udalak diru-laguntza ezberdinen inguruan informatuta egoteko ahaleginak egiten ditugu. Formazioa eta lehiakortasuna bultzatzen dugu, uste dugulako norbanako edo enpresa bezala aurrera egiteko ezinbestekoa dela bi atal hauetan eguneratuta egotea. Hauek lehenengo sektorera daude bideraturik batez ere; hala ere, turismoa edo bestelako lan sektoreak lantzen dira. Horrez gain, produktu lokalen komertzializazioan laguntzen dugu, informazioa emanez edo azokak antolatuz, eta turismorako produktuak sortzen eta hauen marketinean laguntzen ditugu herritarrak. Honen guztiaren barruan egongo litzateke, adibidez, turistei harrera nola egin edo produktu baten alde onak nola komunikatu. Hortaz, laburbiltzeko, Gorbeialdean gure helburuak lortzeko lagundu, babestu, bultzatu eta informatu egiten dugu.

Zer ekintza dituzue martxan Zeberion? Taberna Zaharraren, bizikleta elektrikoen eta turistentzako ibilbideen ardura dugu Gorbeialdean. Horrez gain, Udalak aurrera eramandako proiektuen marketinean laguntzen dugu; hala nola, udal apartamentuak, errementari museoa edo karobi berriztatua. Gainera, beharrezkoak diren zerbitzuen artean zahar egoitza bat eta frontoia aurki daitezke. Azken hauen kasuan egin dezakegun bakarra babestu, lagundu eta informatzea da, gure ekintza esparruak turismoan baitauka fokua. Hiru zutabe jarraitzen ditugu turismoaren sustapenari dagokionez: produktu turistikoak sortzea, zer ikusi eta zer egin; lehiakortasuna lantzea zerbitzu on bat bermatze aldera; eta marketin lan on bat egitea turistak erakartzeko.

Lehen sektorea berriro indartzen ari da? Historikoki Zeberion lehen sektoreak garrantzia handia izan du, dena izan da, ez baita industriarik egon inoiz. Momentu batean herritik kanpo lan egiteko joera handitu eta bere tokia galdu zuen nolabait lehen sektoreak, herritarrek inguruko herrietako fabriketan lan egiten baitzuten. Nire ustez, azken urteotan garrantzia berreskuratu du aktibitate ekonomiko gisa. Historian zehar egon den beherakada honen adibiderik argiena herritarren emigrazioa izan da Ugao edo Bilbo bezalako lekuetara. Antzina baserriak aktibitate ekonomiko bat ziren; denborarekin gehienak etxebizitza bihurtu dira. Nire ustez hau izan da joera lehen sektoreari dagokionez.

Baina, uste dut indarra hartzen doala pixkanaka-pixkanaka. Geroz eta ustiategi gehiago daude herrian. Nik ez dut arazo ekonomiko larri bat ikusten, uste dut nahikoa diru-laguntza ematen dela. Nire ustez arazoa etorriko da etorkizunean jende berria beharko delako eta gazteak hona erakartzea ez delako erraza.

Egungo gizartea landa-eremuaren garrantziaz ahaztu da? Bai. Orokorrean ez dugu begiratzen gure herrietara, barrura. Normalean kanpora begiratzen dugu, eta alde batera uzten dugu gure landa-eremuko herriek gizarteari egiten dioten ekarpena. Hori bai, gero hirietatik erabakiak hartzen dira zer landatu behar den eta zer ez esanez. Azkenean, hirietan erabaki nahi dute zer gertatzen den herrietan, eta hori ezin da horrela izan; herriak berak erabaki behar du zer gertatzen den herrian.

Zer da Landa Garapena? Landa Garapena landa eremuetako herriak bizirik egotea da. Hau lege batzuen bitartez eramaten da aurrera. Gorbeialdea lege hauen ondorioz sortutako erakundea da, hauetan ezartzen dena betetzeko. Landa-herriak ez badira garatzen zerbitzu eta aktibitate ekonomikoen bitartez, neurri bateraino, noski, herriek haien bizitza osoa galduko lukete eta lo egiteko soilik erabiliko lituzke jendeak. Badakigu zerbitzu jakin batzuetarako kanpora jo beharko dutela herritarrek, Bilbora esaterako. Baina handiagoak diren herrietatik ere mugitu behar du jendeak zerbitzu hauek lortzeko. Beharrezkoa dena da oinarrizko zerbitzuak herrian izatea eta egitura ekonomiko bat sortzea herritik joan gabe bizitzeko aukera izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak