→Zeberio

Diskriminazioen aurkako borroka, Zeberioko Berdintasunerako II. Planaren ardatz

Herriko eragileekin batera idazten ari da plan berria Berdintasun teknikaritza. Herritarrek ekarpenak jasotzeko online galdetegia prest dago zeberio.net atari digitalean

Aterpeko zutabeak ortzadarraren kolorez margoztuta / Geuria

2020-2024 Berdintasunerako II. Plana sortzen ari da Zeberio. Aurreko laurteko plana betetzat eman ondoren, plan berria idazten hasi da. Orain dela lau urtetik, berdintasunerako teknikari propioa izateko apustua egin zuen Udalak, bide honetan jarraikortasunez eragiteko asmoz. “Nahiko utzita zegoen arlo hau eta bultzatu behar zela erabaki zen Udalean. Gizarte-laguntzailea eta euskara teknikaria badauzkagu, eta berdintasun teknikaria kontratatzeko ahalegina egin genuen”, dio Karlos Idirin herriko alkateak. Udalarekin berdintasun teknikaritzatik bideratzen ari da planaren sorrera. Horretarako, herriko eragileekin lantzeko pausoak emango dituzte eta ahalik eta gizarte esparru zabalenera heltzea da helburua. Horrez gain, norbanakoen ekarpenak jasotzeko online galdetegia dago zeberio.net atari digitalean.

Plazako aterpeko zutabeak harrotasunaren kolorez margotu dituzte. Osasun krisiaren aurretik, aterpea eta frontoia banatzen dituen pareta zuriz margotu zuten, hormaren beheko zatian murala egiteko asmoz, alderik alde. Baina itxialdian eten dute proiektua eta orain, udan, berriro ekingo diote. Arte grafikoko bost ikaslek egingo dute murala, horietako bat zeberioztarra eta beste bat galdakoztarra.

Sexu-aniztasunagatik eta genero-identitateagatik eragindako diskriminazioaren aurkako borrokan sentsibilizatzeko eta jarduera aktiboak egiteko ekintza zehatzak planean txertatzeko konpromisoa hartu du Udalak. Halaber, jazarpen eta eraso LGTBIfobikoei erantzuteko eta arreta emateko protokoloak bultzatzea, eta haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak martxan jartzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak