Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Nieves Barrenetxea Sáez: “Etengabeko borroka daukat pinturarekin”

Zeberioko emakumeak omendu ditu margolariak Maurizia Aldeiturriaga eta Leon Bilbaoren musika eta Zeberioganeko magia frontoiko horma erraldoian margotuz

|

Nieves Barrenetxea, Zeberioko aterpean // Geuria

Graduondoko lanaren emaitza da Barrenetxeak (Bilbo, 1974) eta beste lau gelakidek Zubialdeko frontoiaren horman margotu duten mural erraldoia. Zeberioko haraneko kolore berdeekin margotuta eta Maurizia Aldeiturriaga, Leon Bilbao eta Zeberioganeko Andra Mari ermita elementuekin jokatuz herriko emakumeak omendu nahi izan ditu, momentura arte zuria zen horma arruntari inoiz baino bizitza handiagoa eskainiz.

Barrenetxea, artelanaren aurrean // Geuria

Artea hurbiletik bizi izan baduzu ere, bete-betean hasi zara orain.
Artearen munduan murgildu baino lehen Bilboko moda denda baten eskaparatismo lanak egiten nituen. Urteek aurrera egin ahala komertzioa pikutara zihoala ikusi nuen. Horregatik arte ederrak ikasten hasi nintzen. Eskaparate lanak egin izanak ateak zabaldu zizkidan pintura-lanak egiteko. Hasierako asmoa karrera bukatzea eta umeentzako akademia bat irekitzea zen, eta bat-batean mundu mailako pandemia bat hasi zen. Garai hauetan akademia muntatzea ezinezkoa denez, pintura masterra egiten nabil momentu honetan, estatu mailako bakarra.

Danen Bilbao estudioa sortu zenuen.
Margotzen hasi nintzen garaian lotsa handia ematen zidan Nieves Barrenetxea bezala sinatzea eta ezizena asmatu nuen. Hasiera batean Danen Creativa izan zen, ‘Danen’ nire familia osatzen dugun hiru pertsonak izanik: nire bikotekidea eta nire alaba. Hasiera bateko Creativa hitza ordezkatu nuen, artearen munduan ‘kreatibo’ hitzak estigma duelako, zentzu negatibokoa. Horren ordez Bilbao jarri nuen, etxekoagoa. Baina lan akademikoak egiteko orduan Nieves Barrenetxea bezala sinatzen dut gaur egun, ni neu bezala.

Bitartean, Zeberioko aterpeko horman mural erraldoia margotu duzu.
Muralaren ideia karrerako laugarren mailako proiektu bezala prestatu nuen. Itxialdia dela eta proiektua airean gelditu zuen, baina edozein momentutan martxan jartzeko aukera zeukan, dena prest utzi nuelako. Pintura masterra hasi nuen eta proiektua Karlos Idirin alkateari eta unibertsitateari berari aurkeztu nion eta murala masterreko praktika izan da. Guk lana egin dugu bertan, eta Zeberioko Udalak muralak ekarri dituen gastuei aurre egin die.

Nieves Barrenetxea // Geuria

Mihise erraldoia praktiketarako.
Lagun batek esan ohi du mural bat egiten den bakoitzean diseinua etxetik eginda ekarri ohi dela eta margolariak margotu baino ez duela egin behar. Zeberioko muralaren kasuan, nik egin behar dudan lan hori barneratu behar izan dut; ezin dut makina bat banintz bezala funtzionatu. Erretratu bat egiten den bakoitzean, pertsona bera ezagutu behar da, interpretazio soila egiteko argazkilaritza badagoelako. Pintura ezer irudikatzea baino askoz gehiago da eta etengabeko borroka dago pintura eta ni artean: beti dago gure arteko elkarrizketa bat.

Murala batzuen artean landu duzue.
Masterreko lankideak izan dira: Jon Amorortu, Alex Martin Kasey, Fernando Couto eta Felipe Leal. Jon 30 urteko mutila da eta master bi dauzka; Fernando beste master bi dauzkan brasildar oso azkarra da; Alex ikuspegi piktoriko imaginario zoragarria duen artista da eta Daliren estiloa gogoratzen du, xehetasun ugarirekin; Felipe izugarria da brotxarekin eta Antonio Lópezen ikaslea izandakoa da. Boston artean egin dugu mural hau, margolan soila baino koadro bat balitz landuz: pintura eta espazioarekin etengabe negoziatuz. Bakoitzak modu propioan margotzen du eta pertsona oso ezberdinak gara baina hala eta guztiz ere elkarlanean aritu gara, kontsentsuz eta fusionatuta egongo bagina bezala margotuz.

Nolakoa izan da herriaren erantzuna murala ikustean?
Feedbacka oso aberasgarria izan da. Amama batek amantala kendu eta kalera joateko arropa jarri zuen horman egiten ari ginen hura ikusteko eta hori oso atsegina da. Esperientzia oso polita izan da, murala, koadroa eta herriaren esentzia batzen duen lana delako.

Nolakoa izan da hain mural handia margotzeak dakarren erronka?
Diseinuaren oztopo nagusia frontoiarekin konektatzen duen ezkerraldeko atea izan dugu. Horregatik, beronen gainean Leon Bilbaoren silueta margotzea erabaki genuen, berde koloreko tonu ilunetan. Margolanaren bestaldean Maurizia Aldeiturriaga dago, eta erdialdean, goiko aldean, Zeberioganeko Andra Mari ermita, beheko aldean futbol atea dagoelako. Murala margotzen ari ginela, herritarrak hurbildu zitzaizkigun ideiak emanez: arte ederretako ikasle gazte batek bere albokaren argazkiak bidali zizkigun Leonen siluetan integratzeko eta horrek diseinua aldatzea ekarri bazuen ere, zoragarri geratu da.

Prozesu berezirik murala sortzean?
Muralek orokorrean teknika bat dute eta pintore guztiok dugun helburu nagusia teknika hori menderatu eta estilo kreatibo propioa izatea da. Teknika horren kontrola eskuratuz, burutu nahi duzun horren kontrol teknikoa izango duzu. Muralek prozesu mekanikoak izan ohi dituzte baina Zeberioko mural honen kasuan ez da inolako teknikarik egon.

Baina bertan ageri diren elementuak definituta zenituen.
Proiektuaren ideia martxan jarri genuenean herriko emakumeen lana goraipatuko zuen mural bat egitea proposatu genuen. Mauriziak ez du aurkezpenik behar eta amama guztiak maite ditudan era berean asko miresten dudan erreferentzia da. Amamak memoriaren parte dira eta beraiek irakatsitakoak balio berezia dauka. Baserri baten ordez Zeberioganeko Andra Mari margotzea erabaki nuen, itxialdian bertako auzotar asko hurbildu direlako eta askotan bisitatu dudan lekua delako eta.

Nolako proiektutan hartu duzu parte?
Guztien artean, Iván Gómezen proiektu batean graduko kolaborazio-praktikak egin ditut, eta lana Bilboko Azkuna Zentroan egon da urtarrilaren hasiera arte. Iván bera unibertsitatera etorri eta bere proiektua aurkeztu zigun. Hasiera batean 15 pertsonek parte hartzeko asmoa izan genuen, baina konfinamenduaren eraginez zazpira jaitsi zen kopurua. Oso aberasgarria izan da, konfinamenduan murgilduta errutinatik irteteko eta lankideekin harremanetan egoteko aukera eman digulako.

Zein izan zen zure ekarpena Gómezen proiektuan?
Site Specific bat egin nuen: kubo zurian existitzen ez zen 2,60 metroko pilare bat eraiki nuen. Argi arrakala bat da, eta barrualdean aldez aurretik existitzen ez zen zutabe bat ageri da.

Zeberiogane ermitaren margolana // Geuria

Maria Rivero lagun minak Parentesiak diskoko proposamena ere egin zizun.
Berarekin egiten dudan bigarren kolaborazioa izan da; bion arteko harremana ezin hobea izan da betidanik. Azken disko hau oso berezia da Mariarentzat eta lan asko egin genuen bion artean, nik aurretik egindako lanak arakatuz eta proiektu honen norabidea erabakiz. Parentesiaken lanerako, unibertsitaterako margotu nuen koadro bat erreferentzia bezala hartu eta moldatu genuen, geruzen bidezko artelana sortu arte, gauzak erakutsiz eta ezkutatuz nolabait eta egotea, ez egotearekin batera sortzen den jokoa erakustaraziz.

Koronabirusak eraginik izan al du zure bizitzan eta ekoizpen lanean?
Gradu amaierako lanean harrapatu ninduen eta berau behar bezala garatzeko oztopo ugari izan nituen. Unibertsitatera joateari uzteak prozesu kreatiboaren desagerpena ekarri zidan eta blokeatu egin nintzen. Ez nintzen gai idazteko ez eta argi pentsatzeko ere. Horri guztiari etxetik irten gabe egotea gehitu behar zaio.

Eta itxialdian bertan ezin izan zenuen ezer sortu?
Itxialdia baino lehen erabat murgilduta nengoen ikus-entzunezkoen munduan, baina konfinamenduak pinturara bueltatzera behartu ninduen, eta erretratuak sortzen hasi nintzen. Baina beldurgarria izan zen, aurpegirik gabeko erretratuak zirelako, Buruzapietan oinarrituta. Momentu honetan isiltasunean murgilduta nago. Batzuetan gehiegi pentsatzen dut eta momentu honetan prozesu pertsonal batean murgilduta nago, pinturarekin etengabeko lehian. Oso pertsona urduria naiz, eta isiltasuna pintatzen hasi naiz bizitzen ari garen garai lasai honetan.

Maria Rivero: “Jendeak nor naizen uler dezan sortu dut ‘Parentesiak’ lana”

☉ Zeberio

Zeberioko Santa Kurtze ermitako lanak hilabete bukaeran amaituko dituzte

Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira. Horietatik 23.325,91 euro eliztarren ekarpenetatik lortu dituzte

|

Santa kurtze parrokiako arkupea, konponduta // Geuria

Santa kurtze auzoko ermitaren lanen azken ukituak ematen ari dira egun hauetan Zeberion. 2023ko abenduaren 6an, 19:00ak aldera, gidari gazte batek autoaren kontrola galdu, errepidetik irten eta Santakurtze elizako arkupearen aurka jo zuen. Errepidea bustita zegoen eta kolpeak, ikusgarria izan arren, ez zuen zauritu larririk utzi.

Kalteak materialak izan ziren beraz, arkupea ezagutezina geratu baitzen. Istripua gertatu eta egun gutxira, kalteak konpontzeko prozedura martxan ipini zuen Zeberioko parrokiak, eta GEURIAri azaldu lez aseguruak 12.105,50 euro ordaindu dizkio elizari konponketak egiteko.

Elizako ordezkarien arabera kopuru hori “txikiegia” da arkupea konpontzeko: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da eta aseguruak kalte jakin batzuk konponduko ditu emandako diruarekin”, azaldu dute. “Gure gurasoek eraiki zuten ermita hau bere fedea eta ahaleginari esker, orain gure esku dago konpondu eta mantentzea”, azaldu dute parrokiatik.

Horiek horrela eta istripua sortutako autoak “kalte izugarriak” izan zirela ikusita, parrokiak konponketa integrala egin du arkupean: “Falta zitzaigun dirua eliztarren ekarpenei esker lortzen ari gara”, gehitu dute parrokiako arduradunek. Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira.

Zeberioko Parrokia: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da”

Teknikarien lana, kudeaketa eta aholkularitza Bilboko Gotzaindegiko Kultura Gai eta Ondasunen Sailari egokitu zaio. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak, Zeberioko Santa Kurtze auzoaren laguntzarekin, eta eliztar eta boluntario anonimo gehiagok egin dute konponketa honen ahalegina.

Lanak bukatuko dituztenean inaugurazio ofiziala egingo dutela aurreratu diote GEURIAri.

Ondasun historikoa

Santa Kurtze ermita Gurutze Santuari eta honen aurkikuntzaren oroitzapenari dago eskainia. Gurutze Santua Constantino enperadorearen amak, Santa Elenak, aurkitu eban Jerusalemen, 326. urtean.

Tenplu honen jatorria ezezaguna da, baina 1678. urtean auzokide batzuek (Martin Petralanda, Rafael eta Tomas de Ibarrola eta Juan de Urabarrok) berreraiki zuten.

Egungo eraikina 1890ekoa da eta jatorriko eraikinaren antz handirik ez du. Casto de Zabalak proiektatu zuen eta azken berreraikitze honek 2.500 pezetako kostua izan zuen.

Ermitaren arkupean hilerri bat dago. Kareharri bloke bat da, trapezio-formaduna, apaindua eta XI.-XII. mendeen artean egindakoa.

Santa Kurtze eguna maiatzaren 3an da. Antxina, egun honek landaguneetan berebiziko garrantzia hartzen zuen, udaberriko bedeinkapenen egutegian egun nagusienetarikoa izaten baitzen.

Mezatan elorri zuri loredunez, zumez edo hurritzez egindako gurutzeak bedeinkatzen zituzten. Ostean, soroetan sartzen ebezan, ereindako ortuak bedeinkatzeko. Baserrietako leihoetan be ipinten zituzten, etxeak tximistetatik babesteko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok

Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute

|

Halterak, Ugaoko El Jaro kiroldegian // Geuria

Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.

Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:

17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia

Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Donibane Garaziko Arbaila eta Ibañeta mendikateetara abiatuko dira Zeberioko Austarriko mendizaleak, urrian

Urriaren 5 eta 6an egingo dute irteera eta bertan izena emateko azken eguna irailaren 27a izango da

|

Behorlegituturru // Mendikat

Urriaren 5 eta 6an asteburu osoko irteera egingo dute Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideek Donibane Garazira. Oraingo honetan Arbaila eta Ibañeta mendikateetara abiatuko dira.

Irteera urriaren 5an egingo dute 08:00etan eta itzulera urriaren 6an, 20:00ak inguruan. Gaua Donibane Garazin igaroko dute mendigoizaleek. Izena emateko azken eguna irailaren 27an izango da. Erreserbak  665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakien bidez edo austarrimenditaldea@gmail.com e-postaren bidez egin daitezke.

Tontorrez tontor

Behorlegituturru (1.265mt), Lauriñaga (1.279mt) eta Lindus (1.218) tontorretatik igaroko dira zeberioztarrak.

Behorlegituturru gailurra, Behorlegi izenez ezagunagoa, Arbaila mendiguneko gailurrik adierazgarriena eta nabarmenena da. Gailur hori Zizeko lautadatik (Donibane Garazi) ongi ikusten den haitz-hortz harritsuaren itxuran goratzen da. Haritxarte izeneko ertz harritsu indartsu bat gailurraren ipar-mendebaldean sortzen da, eta itxura errespetagarria ematen dio.

Auñamendi (1278 m) ere deitua, mendilerro baten gailurrik garaiena da eta hamabost bat kilometrotan zehar Aldude eta Luzaide haranak banatzen ditu, mugari jarraituz. Batetik, Aldude ibaia jaisten da, eta, bestetik, Luzaide deiturikoa. Biak Errobiko urak dira, Baionako uretatik isurtzen dira eta Kantauri itsasoari gehitzen zaizkio.

Erromesak, Done Jakue bidean, Ibañetan // CaminanteK

Mendigune honen alderdi garrantzitsuak asko dira. Luzaide harana (Luzaide) ezaguna da bertan gertatu zelako Orreagako gudua: bertan Nafarroako erresumako indarrek Roldan ospetsua garaitu zuten (788-08-15). Erromesek Santiago dute helmuga, eta Donibane-Garazitik (181 m) Ibañeta (1.057 m) Pirinioez haraindiko igarobidean mendikatea gainditu eta Orreagako edo Oreagako Errege Kolegiata famatura (952 m) jaisten dira. Lauriñagaren mendebaldean (1.278 m), Hairako amildegi sakona dago, pagadi ospetsu batek estalia: Hairako basoa.

Ibañetako mendatetik (1.057 m) abiatzen da mendi honetarainoko ibilbiderik xumeena. Eskuinetik, Girizu (1262 m) gailurra inguratzen duen gurdia hartu eta Gararbide (1.090 m) lepora iritsiko gara. Mendebalderantz igota, tontor bat eskuinetara utzi eta Lindus lepora (1166 m) heltzeko aukera dago, hiru mugaren elkargunea: Luzaide, Auritz, Aldude. Eskuinetik, Mixpiratxar atakara iristen da (1.135 m).

 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiok “berdintasun ekintzak” proposatzera gonbidatu die herritarrei 2025era begira

Udalak Google Forms plataformaren bidezko inkesta ireki eta anonimoa prestatu du. Horren bidez, herritarrek 2025erako berdintasun ekintzak proposa ditzakete

|

Zeberio // Geuria

Zeberioko Udaleko Berdintasun arloak 2025ean antolatu beharreko ekintzen inguruan galdetu die herritarrei: “Berdintasun arlotik, hurrengo urtean zehar garatzeko ekintzak antolatzen ari gara, eta honetarako, zuen parte hartzea behar dugu”, iragarri dute Udaletik. “Gustatuko litzaiguke jakitea zein ekintza garatzea gustatuko litzaizue 2025 urtean zehar, ahal dugun heinean, hauek prestatu ahal izateko”.

Hori dela eta, Google Forms plataformaren bidezko inkesta ireki eta anonimoa prestatu dute. Bertan, zeberioztarrek beren adin artea aukeratu eta horrekin batera datorren urtean Zeberion garatzea gustatuko litzaiekeen ekintza deskribatu behar dute, modu librean.

“Plataforman jasotako erantzunen bidez datorren urteko jarduerak antolatzen saihatuko gara, herritarren beharrak asetzeko”, azaldu du Nerea García Rebollo Zeberioko Berdintasun teknikariak.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko eskolako ikasleek zaintzaren inguruko tailer parte-hartzailea egingo dute gurasoekin

Berdintasuna ardatz nagusi izanik, protagonistak Zeberioko eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira

|

Zeberioko eskola // Geuria

Ikasturte berriaren hasierarekin proiektu berri bat ipiniko du martxan Zeberioko eskolak Udaleko Berdintasun sailarekin. Gaia zaintza izango da eta protagonistak Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira.

“Berezitasun modura, ikasleen gurasoek tailer honetan parte hartzera gonbidatuko ditugu”, azaldu du Nerea García Rebollo proiektuko bultzatzaileak. “Helburua zaintzaren inguruko sentsibilizazioa lantzea da”. Azken hiruhilekoan, ikasturtean zehar ateratako informazioa eta ondorioekin proiektuaren aurkezpena egingo dute ikasleek. Proiektua guztiz finkatuta ez badago ere, horiek dira eskolako zuzendaritzak Udalarekin elkarlanean sortutako ildo nagusiak.

Tailer parte-hartzaile hauek sortzearen ideia joan den ekainean sortu zen, proiektu hau sortzeko beharra sumatu zutenean: “Asmoa zaintzaren inguruko tailerra sortzea zen. Azken batean, gure ustez zaintza berdintasunaren oinarria da eta garrantzitsua iruditzen zaigu berdintasuna lantzeko; ez bakarrik martxoaren 8an edo azaroaren 25ean mobilizazioak antolatuz. Egunero landu behar den zerbait da”.

Hurrengo asteetan proiektuaren nondik norakoak eta datak zehaztuko dituzte, eskolako eta Udaleko ordezkariak elkartu ostean.

Osorik irakurri