Auzotarren bilgune dira San Antolin jaiak Zeberion. Urtero ehunka herritar batzen dira egunean zehar egiten diren ekintzen bueltan. Aurten, osasun krisia dela medio, San Antolinak ezingo dira urterokoak izan, ezingo dira herritar multzo handiak batu eta ekintzak mugatu eta neurtu beharko dira. “Auzotarren bilgunea izaten jarraitzea nahi dugu, aurten ere, eta hori posible egiteko lanean ari gara”, diote udal ordezkariek: “Badakigu ezingo ditugula ekintza asko bere horretan egin, orain arte ezagutu ditugun jaiak egitea ezinezkoa dela, baina ekitaldi berrien eta eredu ezberdinen bila ari gara”.
ERMITABARRIKO JAIAK, ATZERATUTA. Ekainaren 12tik 14ra bitarteko asteburuan ospatzekoak ziren San Antonio Jaiak atzeratu egin ditu Ermitabarriko Jai Batzordeak. “Oraingoz, data berririk gabe, eta gure jaiez nola gozatu zain, atzeratzea besterik ez dugu. Udalarekin berba egin ondoren, lehentasuna osasun publikoa da, eta herritar guztiak babesteko gure esku dauden neurri guztiak hartu behar ditugu”, zehaztu dute antolatzaileek.
Horiek horrela, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du Jai Batzordeak, “egoerak onera egiten duenean, merezi dituzuen jaiak herritar guztiei eskaintzeko, baina une honetan ezin dugu ziurtatu gure egungo egoerak aurrera egiten badu urtean zehar gure jaiak ospatu ahal izango ditugunik. Erabaki hori ez dagokigu guri bakarrik, eta osasun erakundeen gomendioak jarraitu behar ditugu”.
