☉ Zeberio
Nerea Romero: “Txernobyletik 50 kilometrotara bizi da Inna. Bi hilabetez bada ere, arnasgunea du Zeberion”
2014tik urtero etorri da Inna ukrainarra Zeberiora, Nerea eta Manuren etxera. “Urtero bi hilabetez bada ere, jaki osasungarriak jan eta aire garbia arnasten du hemen”, diote gurasoek.
33 urte dira Ukrainako Txernobyl hiria historia osoko hondamendi nuklearrik larrienaren lekuko izan zenetik. Urte dezente igaro direla pentsa daitekeen arren, hainbat ikerketek ondorioztatu dute gaur egun ere, eta luzaro, kutsatutako zonaldean bizi diren milioika pertsonek ondorio kaltegarriak jasango dituztela euren osasunean. Euskal Herriko Chernobil Elkartea ondorio horiek gutxitzeko ahaleginetan ibili da azken hiru hamarkadetan, hondamendi eremuko haurrak gurera ekarriz. Duela bost urtetik hona Nerea Romeroren (Zeberio, 1983) eta Manu Santo Tomasen (Bilbo, 1980) laguntza dute Zeberion. 2014an etorri zen lehen aldiz Inna gazte ukrainarra euren etxera, eta harrez geroztik urtero ekarri dute Zeberiora, udaran, Txernobyleko hondamendi eremutik 50 kilometrotara dagoen Ivankiv izeneko herritik urrun. “Innak haurtzaro osasungarriagoa izan dezan gure aletxoa jartzen saiatzen gara. Urtero bi hilabetez bada ere, elikagai osasungarriak jan eta aire garbia arnasten du hemen”, diote gurasoek.
Zelan ezagutu zenuten Chernobil Elkartearen umeen harrera proiektua?
Askotan entzun dugu prentsaren bitartez munduko zenbait tokian umeak laguntzeko premia dagoela, ez bakarrik Txernobylen, baita Saharan ere. Nire (Nerea) lehengusu batek Txernobyleko bi haur ekartzen zituen urtero, eta beraren bitartez Chernobil Elkartea ezagutu genuen. Elkarteko zenbait familiarekin hitz egin genuen eta polita iruditu zitzaigun proiektua. Haur bakarra geneukan orduan eta pentsatu genuen, zergatik ez lagundu? Ez du hainbesterako izan behar. Elkartean izena eman eta Inna etorri zen gurera, 2014an.
Zer zenekiten Txernobylen inguruan?
Telebistan eta dokumentaletan ikusitakoa, ezer gutxi gehiago.
Ivankiv herrikoa da Inna. Txernobyletik 50 kilometrotara dago.
Pentsa, Txernobyletik 30 kilometrotara hurbiltzea debekatuta dago, ‘Lurralde Hila’ deritzona da hortik aurrera. Eremu horretatik kanpo, bizilagunak dituen lehenengo herrietako bat da Ivankiv. Oso jende gutxi bizi da han, baliabide ekonomiko nahikoak zituztenak berehala alde egin baitzuten bertatik. Esaten dute toki segurua dela, baina ez da egia. Bertako herritarrek ortuetan landatutako elikagaiak eta ibaian arrantzatutakoa jaten dute, eta logikak dio elikagai horiek ezin direla oso osasungarriak izan. Bestalde, nahiko herri pobre eta deprimitua da. Alkoholismo eta droga dependentzia kasu ugari daude eta familia desegituratuak dira nagusi. Gurera etorri ahal izateko baldintzetako bat, hain zuzen ere, familia hauek bizitokiz aldatzeko baliabiderik ez izatea da.
Kutsatutako eremutik hain gertu bizitzeak eraginik al du bertako bizilagunen osasunean?
Erabatekoa. Euskal Herrira etortzen diren ume gehienak gaixorik datoz. Innak, adibidez, bronkitis kronikoa dauka. Lehen aldiz etorri zenean askoz gehiago igartzen zitzaion: arnasteko arazoak, zorabioak, sukarra… Gogoan dut lehendabiziko urtean hiru aldiz joan behar izan ginela ospitalera. Askoz hobeto ikusten dut orain: korrika, jolasean eta irribarretsu. Gurean pasatzen dituen egunak arnas gune itzela dira berarentzat. Kutsatutako eremutik irten eta sano jatea, ez du besterik behar. Urtean bi hilabete baino ez dira baina oso lagungarriak egiten zaizkio gainontzeko hilabeteetan zehar izan ditzakeen osasun arazoak murrizteko.
Innak bosgarren urtea du zuenean. Zer nolako garapena ikusi duzue?
Lehenengo urtea berezi xamarra izan zen, denok geunden apur bat galduta. 6 urte baino ez zituen berak, oso gaztea zen, eta milaka kilometrotara bizi zen familia berri batera zetorren. Arazorik nabarmenena komunikazioa izan zen. Negar piloa egiten zuen eta guk ez genuen ulertzen zergatik. Berak ere ezin zigun nahi bezala azaldu. Nahi eta ezin. Gogoan dut nirekin ondo konpontzen zela baina aita adibidez, ez zuen ikusi nahi. Ez zion aurpegira begiratzen. Etxean pozik egon zitekeen, jolasean, baina aita etorri eta izkina batean esertzen zen, ixilik, beldurtuta. Elkarteak jakinaren gainean jarri zigun, Ukrainako gizartea nahiko matxista dela eta aitaren rola oso autoritarioa izaten dela familia arteko harremanetan. Kosta zitzaigun elkarren arteko konfiantza hori sortzea baina etxekoak ezagutu ahala, konturatu zen gauzak ezberdinak zirela gurean. Janariarekin ere komeriak pasa genituen hasieran…
Zer ba?
Piloa jaten zuen, ikaragarri. Ez genekien oso ondo zer egin: jaten utzi, muga jarri… Han ez dute goserik pasatzen, baina kontatu digunagatik, patata eta sopa asko jaten dute egunerokoan. Hemen jaki berri piloa ikusi ditu lehen aldiz, eta asko gustatzen zaizkio: oilaskoa, kroketak, txokolatea… Lehenengo asteetan mahai gainean jartzen dugun den dena jan gura du. Egunak pasata, baretu egiten zaio gosea.
Euskaraz ederto hitz egiten du.
Zalantza izan genuen hasieran, euskaraz edo gaztelaniaz egin. Bata ala bestea aukeratu, zerotik hasi beharra zeukan. Gure etxeko hizkuntza, baina, euskara da, eta naturaltasunez aritzea erabaki genuen. Oso arin ikasi zuen. Lehendabiziko urtean gai zen jada gurekin euskaraz komunikatzeko. Eskas, baina kapaz ginen elkar ulertzeko. Hurrengo urteetan geroz eta gehiago ikasi du eta orain euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko erabat kapaza da. Normala denez, etortzen den bakoitzean kosta egiten zaio erritmoa hartzea baina egun batean topera ari da berriro.
Udarako plangintza berezirik egiten duzue Inna datorrelako?
Bizimodu normala egiten dugu. Azken finean, Inna familiaren parte da, eta beraz, naturaltasun osoz antolatzen ditugu egunak. Hiru urte daramatza herriko udalekuetan parte hartzen eta lagun piloa egin ditu herrian. Familiakoa da etxekoentzat eta baita herrikoentzat ere. Gure umeak beti ari dira galdezka ea Inna noiz datorren. Bestalde, Chernobil Elkarteak proposatzen dituen jardueretan ere parte hartzen dugu. Alde batetik, horietan Ukrainatik datozen beste umeekin egoteko aukera duelako berak, eta bestetik, guretzat ere oso aberasgarria delako gainontzeko familiekin izan ditugun esperientziak konpartitzea.
Chernobil Elkarteak zein baliabide jartzen ditu familien eskura?
Hasiberriak diren familiak urte dezenteko esperientzia duten familiekin harremanetan jartzen dituzte. Bataren esperientziak izugarri balio du bestearentzat, hasierako urteetan batez ere. Bestetik, Ukrainako 4 begirale ere etortzen dira udan zehar haurren jarraipena egiteko. Eta, esan bezala, elkarteak 15 aisialdi jarduera antolatzen ditu haur, harrera-familia eta begiraleen arteko topagune gisa.
Norbaitek pentsa dezake diru laguntzak jasotzen dituzuela harrera egiteagatik.
Ez dugu zentimorik kobratzen. Harrera familia guztiak boluntarioak gara, proiektuan sinisten dugu eta lagundu nahi dugulako egiten dugu. Are gehiago, guk ordaintzen ditugu Ukraina-Bilbo eta Bilbo-Ukraina hegazkin txartelak.
Zuek hiru seme-alaba dituzue, eta Innarekin lau.
Lehen aldiz etorri zenean seme bakarra geneukan, eta gerora, beste bi etorri dira. Nagusienak sei urte ditu, erdikoak lau eta gazteenak bat. Inna da nagusiena, 11 urterekin. Gure seme alabentzat arreba nagusia da Inna. Jendeak esaten digu: ‘Ez zarete estu ibiltzen lau umerekin?’. Guk gauza bera esaten dugu beti: bost garenean izugarri zoriontsu gara, eta sei garenean ere. Ez dago aldaketa handirik. Egia esan, Innak asko laguntzen digu arreba nagusi gisa, gainontzekoak asko entretenitzen dira berarekin.
Etxeko txikienek badakite Inna zergatik datorren?
Oso gazteak dira oraindik. Nagusienak zerbait ulertzen du, eskolan Txernobylen inguruko proiektua landu baitute. Gu saiatzen gara azaltzen, baina eurentzako zaila da egoera imajinatzea, ikusi ezin den errealitatea baita Txernobylekoa.
Hara joateko asmorik duzue?
Orain arte ezinezkoa suertatu zaigu, etxean ume txikiak baititugu, baina nahi izanez gero, Chernobil Elkarteak hara joateko aukera eskaintzen dizu. Umeak neguan eta udan etor daitezke gurera, eta familiak Aste Santuko oporretan joan daitezke hara. Gustatuko litzaiguke noizbait Innaren herria ezagutu ahal izatea.
Noiz arte izango da zuekin? Kontziente zarete egunen baten bukatuko dela?
Badakigu berandu baino lehen agurtzeko momentua iritsiko dela. Hasieran oso gogorra egiten zitzaigun hori onartzea, baina bagoaz ulertzen horrela dela, Innak aukera izan duela gurera etortzeko, hemen egon den bitartean zoriontsu izan garela guztiok, eta egunen baten helduko dela agur esateko unea. Han ere familia dauka eta ziur gaude ondo egongo dela. Hala ere, momentuz, luzerako egongo da gurekin. Nahi izanez gero, 18 urte bete arte etor daiteke gugana. Orain etortzen hasi direnak, ordea, 14 urte bete arte etorri ahal izango dira bakarrik. Elkarteak hartutako erabakia izan da, kontuan edukita Txernobyl inguruan etorri barik gelditzen diren ume asko daudela. Gurera etortzeko aukera ahalik eta ume-nerabe kopuru handienari eskaintzea da helburua, eta horregatik txikitu dute tartea.
Zer esango zenieke proiektuan parte hartu ala ez zalantzan dabiltzan familiei?
Jendeak esaten digu: ‘Nik ere pentsatu dut, baina ez dut ikusten, ez dakit kapazak izango garen…’. Horiei guztiei esango nieke: animatu. Zinez aberasgarria da guztiontzako. Laguntzeko egiten duzu hasieran, baina gero familiakoa da, lana ez da hainbesterako, hiru ume ditugu jada, ba apur bat gehiago.
☉ Zeberio
Gabonetako oporrak baino lehen bukatu nahi ditu Zeberioko Udalak frontoiko lanak
Udalak 65.000 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) hezetasunak konpondu, margoketa lanak egin, bentilazio sistema berri bat ipini eta LED sistema bidezko argiteria ezartzeko
Urriaren erdialdean hasiko dituzte Zeberioko Zubialde auzoko frontoiko lanak, ondo bidean. Urte hasieran Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri aurreratu zion herriko frontoi nagusian egin beharreko konponketak. Izan ere, Gotik azaldu lez, “hezetasunena ez da kontu berria” eta Udalaren asmoen baitan zegoen arazo horri aurre egitea.
Udako oporrak amaituta eta Gabonetarako hilabete eta erdi falta direlarik, tarte hori erabili nahi du Udalak egin beharreko obrak burutzeko. Ekainen aurreikuspenen arabera, gauzak behar bezala badoaz lanen iraupena hilabete bi baino txikiagokoa izan beharko litzateke, Gabonetarako prest egoteko.
Aurrekontua 65.000 eurokoa izango da, BEZa kanpo. “Frontoi barruan saneamendu lanak egingo dituzte, margoketa lanak eta bentilazio sistema berria ezarriko dugu bertan”, izan dira herriko alkatearen berbak. Gainera, LED sistemako argiteria ipiniko dutela gehitu du.
Entrenamenduak, Ermitabarrira
Obrek dirauten bitartean frontoia ezin izango dute erabili Mandoia Pelota Klubeko ikasleek eta behin behineko alternatiba moduan entrenamendu klaseak Ermitabarriko frontoian ematea izango da: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia bada ere entrenamenduetarako balioko du”. Asteburuko partidak Arrigorriagan jokatuko dituzte.
☉ Zeberio
Zeberioko Santa Kurtze ermitako lanak hilabete bukaeran amaituko dituzte
Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira. Horietatik 23.325,91 euro eliztarren ekarpenetatik lortu dituzte
Santa kurtze auzoko ermitaren lanen azken ukituak ematen ari dira egun hauetan Zeberion. 2023ko abenduaren 6an, 19:00ak aldera, gidari gazte batek autoaren kontrola galdu, errepidetik irten eta Santakurtze elizako arkupearen aurka jo zuen. Errepidea bustita zegoen eta kolpeak, ikusgarria izan arren, ez zuen zauritu larririk utzi.
Kalteak materialak izan ziren beraz, arkupea ezagutezina geratu baitzen. Istripua gertatu eta egun gutxira, kalteak konpontzeko prozedura martxan ipini zuen Zeberioko parrokiak, eta GEURIAri azaldu lez aseguruak 12.105,50 euro ordaindu dizkio elizari konponketak egiteko.
Elizako ordezkarien arabera kopuru hori “txikiegia” da arkupea konpontzeko: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da eta aseguruak kalte jakin batzuk konponduko ditu emandako diruarekin”, azaldu dute. “Gure gurasoek eraiki zuten ermita hau bere fedea eta ahaleginari esker, orain gure esku dago konpondu eta mantentzea”, azaldu dute parrokiatik.
Horiek horrela eta istripua sortutako autoak “kalte izugarriak” izan zirela ikusita, parrokiak konponketa integrala egin du arkupean: “Falta zitzaigun dirua eliztarren ekarpenei esker lortzen ari gara”, gehitu dute parrokiako arduradunek. Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira.
Zeberioko Parrokia: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da”
Teknikarien lana, kudeaketa eta aholkularitza Bilboko Gotzaindegiko Kultura Gai eta Ondasunen Sailari egokitu zaio. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak, Zeberioko Santa Kurtze auzoaren laguntzarekin, eta eliztar eta boluntario anonimo gehiagok egin dute konponketa honen ahalegina.
Lanak bukatuko dituztenean inaugurazio ofiziala egingo dutela aurreratu diote GEURIAri.
Ondasun historikoa
Santa Kurtze ermita Gurutze Santuari eta honen aurkikuntzaren oroitzapenari dago eskainia. Gurutze Santua Constantino enperadorearen amak, Santa Elenak, aurkitu eban Jerusalemen, 326. urtean.
Tenplu honen jatorria ezezaguna da, baina 1678. urtean auzokide batzuek (Martin Petralanda, Rafael eta Tomas de Ibarrola eta Juan de Urabarrok) berreraiki zuten.
Egungo eraikina 1890ekoa da eta jatorriko eraikinaren antz handirik ez du. Casto de Zabalak proiektatu zuen eta azken berreraikitze honek 2.500 pezetako kostua izan zuen.
Ermitaren arkupean hilerri bat dago. Kareharri bloke bat da, trapezio-formaduna, apaindua eta XI.-XII. mendeen artean egindakoa.
Santa Kurtze eguna maiatzaren 3an da. Antxina, egun honek landaguneetan berebiziko garrantzia hartzen zuen, udaberriko bedeinkapenen egutegian egun nagusienetarikoa izaten baitzen.
Mezatan elorri zuri loredunez, zumez edo hurritzez egindako gurutzeak bedeinkatzen zituzten. Ostean, soroetan sartzen ebezan, ereindako ortuak bedeinkatzeko. Baserrietako leihoetan be ipinten zituzten, etxeak tximistetatik babesteko.
☉ Zeberio
Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok
Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute
Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.
Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:
17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia
Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.
☉ Zeberio
Donibane Garaziko Arbaila eta Ibañeta mendikateetara abiatuko dira Zeberioko Austarriko mendizaleak, urrian
Urriaren 5 eta 6an egingo dute irteera eta bertan izena emateko azken eguna irailaren 27a izango da
Urriaren 5 eta 6an asteburu osoko irteera egingo dute Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideek Donibane Garazira. Oraingo honetan Arbaila eta Ibañeta mendikateetara abiatuko dira.
Irteera urriaren 5an egingo dute 08:00etan eta itzulera urriaren 6an, 20:00ak inguruan. Gaua Donibane Garazin igaroko dute mendigoizaleek. Izena emateko azken eguna irailaren 27an izango da. Erreserbak 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakien bidez edo austarrimenditaldea@gmail.com e-postaren bidez egin daitezke.
Tontorrez tontor
Behorlegituturru (1.265mt), Lauriñaga (1.279mt) eta Lindus (1.218) tontorretatik igaroko dira zeberioztarrak.
Behorlegituturru gailurra, Behorlegi izenez ezagunagoa, Arbaila mendiguneko gailurrik adierazgarriena eta nabarmenena da. Gailur hori Zizeko lautadatik (Donibane Garazi) ongi ikusten den haitz-hortz harritsuaren itxuran goratzen da. Haritxarte izeneko ertz harritsu indartsu bat gailurraren ipar-mendebaldean sortzen da, eta itxura errespetagarria ematen dio.
Auñamendi (1278 m) ere deitua, mendilerro baten gailurrik garaiena da eta hamabost bat kilometrotan zehar Aldude eta Luzaide haranak banatzen ditu, mugari jarraituz. Batetik, Aldude ibaia jaisten da, eta, bestetik, Luzaide deiturikoa. Biak Errobiko urak dira, Baionako uretatik isurtzen dira eta Kantauri itsasoari gehitzen zaizkio.
Mendigune honen alderdi garrantzitsuak asko dira. Luzaide harana (Luzaide) ezaguna da bertan gertatu zelako Orreagako gudua: bertan Nafarroako erresumako indarrek Roldan ospetsua garaitu zuten (788-08-15). Erromesek Santiago dute helmuga, eta Donibane-Garazitik (181 m) Ibañeta (1.057 m) Pirinioez haraindiko igarobidean mendikatea gainditu eta Orreagako edo Oreagako Errege Kolegiata famatura (952 m) jaisten dira. Lauriñagaren mendebaldean (1.278 m), Hairako amildegi sakona dago, pagadi ospetsu batek estalia: Hairako basoa.
Ibañetako mendatetik (1.057 m) abiatzen da mendi honetarainoko ibilbiderik xumeena. Eskuinetik, Girizu (1262 m) gailurra inguratzen duen gurdia hartu eta Gararbide (1.090 m) lepora iritsiko gara. Mendebalderantz igota, tontor bat eskuinetara utzi eta Lindus lepora (1166 m) heltzeko aukera dago, hiru mugaren elkargunea: Luzaide, Auritz, Aldude. Eskuinetik, Mixpiratxar atakara iristen da (1.135 m).
☉ Zeberio
Zeberiok “berdintasun ekintzak” proposatzera gonbidatu die herritarrei 2025era begira
Udalak Google Forms plataformaren bidezko inkesta ireki eta anonimoa prestatu du. Horren bidez, herritarrek 2025erako berdintasun ekintzak proposa ditzakete
Zeberioko Udaleko Berdintasun arloak 2025ean antolatu beharreko ekintzen inguruan galdetu die herritarrei: “Berdintasun arlotik, hurrengo urtean zehar garatzeko ekintzak antolatzen ari gara, eta honetarako, zuen parte hartzea behar dugu”, iragarri dute Udaletik. “Gustatuko litzaiguke jakitea zein ekintza garatzea gustatuko litzaizue 2025 urtean zehar, ahal dugun heinean, hauek prestatu ahal izateko”.
Hori dela eta, Google Forms plataformaren bidezko inkesta ireki eta anonimoa prestatu dute. Bertan, zeberioztarrek beren adin artea aukeratu eta horrekin batera datorren urtean Zeberion garatzea gustatuko litzaiekeen ekintza deskribatu behar dute, modu librean.
“Plataforman jasotako erantzunen bidez datorren urteko jarduerak antolatzen saihatuko gara, herritarren beharrak asetzeko”, azaldu du Nerea García Rebollo Zeberioko Berdintasun teknikariak.